Berria.infoko blog komunitatea

Login

Hitz beste

Anjel Lertxundi Esnal

Atala: hizkuntzak

2015-06-19

Haizeak eramana

Atzo arte, kaka ere zikinduko luketen zirin baldarrak ahoz obratzen genituen, konpainia ez agian oso noblean baina bai seguruan. Baldarkeriok inon idaztekotan, pareten bateko pintada anonimoan. Baina sare sozialetako konpai arteko giroak konfidantza eman zigunetik idatzizko jardunean, ai!, klasikoen abisua ahaztu genuen: scripta manent, verba volant (idatziak gelditu egiten dira [memorian], hitzek hegan egiten dute). Zapata Madrileko zinegotziak larrutik ikasiko ahal zuen.
A
hozkoa haizeak eramaten du. Hasiera batean, ordea, latinezko ditxo ezagunak justu kontrakoa esan nahi omen zuen: hitzek hegan egiten dute, alegia, zabaldu egiten dira eta denon belarrietara iristen; idatziak, aldiz, tinko gelditzen dira lapa batzuen gisa liburuetan. Baina sare sozialek irauli egin dutenez bai klasikoek esaldiari hasieran ematen omen zioten adiera eta baita gaur ematen dioguna ere, hobe dugu scripta volant, verba manent esaten hastea.

Lanean

Bidaiatu, bidaiatzen du, udako oporretan eta aste santukoetan bederen bai. Europako hiri entzutetsuenak ezagutzen ditu, munduko bazter ezohiko exotiko batzuetan egona da. Baina, adinean aurrera, gero eta nagi handiagoa eragiten dio oporrak antolatzen hasteak, nora joango diren erabaki arteko labirintoak, Googlen sartu eta hogei bat eguneko ibilaldia planifikatzeak, ordenagailu aurrean hegaldi eta ostatu merke eta egokiak kontratatzen pasatutako betazal-erretze gautiarrak, hautatutako lekuen eta ibileren araberako arropen eta trepeten prestaketak, motxilen eta bidaiarako pusken antolamenduak… Zenbat lan bidaia hasterako! Estreinako opor eguna baino askoz ere lehenagotik nekatu du zer datorkien imajinatze hutsak. Bidaiarako erretserbatu dituen hiruzpalau liburuak ditu kontsolamendu, tartean Bruce Chatwin idazle eta bidaiariarena. Laster irakurriko dio ingelesezko Travel (bidaiatu) eta Travail/Trabajo (lana) erro beretik datozela.

2015-06-07

Permalink Euskara, hizkuntzak, 117 hitz  

Koska

Gure txikian ere besteen handian gertatzen den bera ikusten diogu euskara batuari sortu, zabaldu eta sendotu genuenetik: kultur hizkuntza izateaz gainera, gero eta gehiago da, astiroegi bada ere, diruarena, politikarena, ikerketena, kirolarena, nongotasunaren sentipenarena. Hizkera gramatikalki finkatu batek, kulturalki errotuak, sozialki onartuak lortu du. Hizkera erregulatu batek: hau ondo dago, beste hori gaizki.

Euskalkien kaleetan, ordea, hiztuna libreago sentitzen da, ez du arauaren itzal luzerik, eroso sentitzen da irrirako, solaserako, aisiarako, burura datorkiona datorkion moduan —zuzentasunaren aingeru goardakorik gabe— esateko. Agian uste duguna baino distantzia handiagoa dago —euskaraz eskolatuentzat behintzat— batuan eta euskalkian jarduteko dauzkaten jarrera psikologikoen artean. Ez naiz aditua, baina uste dut gazteen jergez-eta ari direnek, diagnostiko zuzenak egiteko, erreparatu behar lioketela koska horri ere...

2015-06-01

Permalink Literatura, Euskara, hizkuntzak, 109 hitz  

Beroarena kendu

Hizkera bizitu, bizkortu, koloreztatu. Haren hautsak, goroldioak, herdoilak, orbela kendu. Hizkuntzara ekarri ditugun izurriteak —asperdura, abstrakzio alferrikakoak, anbiguotasunak, eufemismoak— herra osoz pertsekitu eta gure erantzukizunak zurruntasun osoz aztertu. Hizkuntzarekin paseatu, dantza egin, eta baita mendiak eskalatu ere, e
skalatzaileen pasioz, ordea. Hizkuntzaren plazera bilatu pasio erotikoz, berarekin oheratu eta zorte on!
Ederki, ez nadin pasa beroan. Baina mundua aldatu nahi omen dugu: hizkuntza aldatu gabe, nekez. Hizkera herdoildu batek errealitatea herdoiltzen du, hizkeraren grisak mundua grisagoa bihurtzen, eufemismoek gezurrez gainezkatzen, hizkera baldar bidegabe batek bidegabekeria barreiatzen.

Aurrerakoitzat dauzkagu gure buruak, baina erreparatu ondo han-hemen daralbigun hizkerari, aztertu ez ote den grisa, kakademiko burokratikoa, errutinaren obramendua, lapa-zorriak ere loarazteko modukoa…

2015-05-21

Baldin geroa (eta II)

Eten puntuek itxi zuten atzoko nirea: “aurrera egingo duten espezieek bezala, gaurko hiztunok ere trebetasun ebolutiboa erakutsiko beharko dugu, baldin geroa…”. Irakurleak aise asmatuko zuen sekuentzia osoa: baldin geroa… gurea izango bada.

Nola lortu litekeen hori inork ez daki, zeintzuk liratekeen estrategia egokienak ere ez. Baina bat baldin bagatoz euskarak erakutsitako trebetasun ebolutibo nagusia malgutasuna izan dela, badirudi malguak izaten segitu beharko dugula. Malguak euskararen errealitate sozialari dagokionez eta malguak, halaber, euskararen arkitekturari berari dagozkion egokipen eta moldaketetan ere.

Liburu-dendetan jaso berri dute Kepa Altonagaren Leizarraga bisitatzeko gonbidapena (Back to Leizarraga). Arestiren testu bat du abiapuntu: “Etorkizuneko jenerazioek derrigor itzuli beharko dute back to Leizarraga”. Gozatu liburua, mamurtu ideiak eta on egin. Debateak merezi du, baldin geroa…

:: Hurrengo orrialdea >>

Hitz beste

Ispilu aurrera joan nintzen. Ez nengoen han

| Hurrengoak >

Otsaila 2019
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
        1 2 3
4 5 6 7 8 9 10
11 12 13 14 15 16 17
18 19 20 21 22 23 24
25 26 27 28      

Bilaketa

Atalak

Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!