Berria.infoko blog komunitatea

Login

Hitz beste

Anjel Lertxundi Esnal

Atala: Artea

2015-06-11

Permalink Gizartea, Artea, Kultura, 127 hitz  

Anestesia

Ez dizu ezer esaten. Zehatzago: ikusten diozun apurra ez zaizu interesatzen. Kulpa zurea izan daiteke (zurea da) ez ulertzeagatik Guggenheimera ekarri berri duten obra eta obraren dimentsioa —puztua, zure ustez—. Onartzeko prest zaude gaur-gaurko materialak erabili izanaren balioa —garai bateko harria edo egurra bezalako material nobleen tokian—. Onar zenezake arte klasikoaren eta poparen arteko uztarketa batzuk asmotsuak zaizkizula, baina asmotsuak baino ez. Artea bainoago, dirua egiteko makina bat ikusten ari zara artistaren atzean eta haren obren bihotzean.

“Nire arteak —entzun diozu Jeff Koonsi— pertsonen bizitza aldatzen laguntzen du, beren baitatik irten, kulparen zentzua baztertu, izatearen maila gorenak lortu eta hurkoa den bezala onar dezaten”.

Begira segitzen duzu. Ez zara izatearen maila gorenean sentitzen. Kulpa ezabatzeari dagokionez, zuk uste zenuen gizakia larritzea zela —eta ez anestesiatzea— artearen egitekoa.

2015-03-10

Permalink Euskara, hizkuntzak, Artea, Kultura, 120 hitz  

Suntsiketa

Mosuleko eskulturen suntsiketak eta Niniveko Atearenak mundu zibilizatua eskandalizatu du: barbaroek ez omen dute iragana ezabatu arteko onik, beren gaurko pentsakerarekin bat ez datorren oro abolitu nahi omen dute. Dotore. Baina ez dira baldar astapotro bakarrak. Badira iraganaren ehunki eder askoak zirtzildu nahi dituztenak, baina suntsiketa-forma sibilinoagoak erabiliz. Zibilizatuagoak.

Hizkuntzak omen giza irudimenak eman dituen sorkuntza-lan behinenak, harrizko obra ederrenak baino are harrigarriagoak. Obra kolektiboak eta anonimoak dira; herri baten jenioak sortuak, mendez mende gordeak, herri horren ispiluak; mundua hitzen bidez irudikatzeko hitzezko mundu oso bat eraiki duten maisu-lan sekulakoak. Halako zenbat isilarazi da historian zehar, eta, bihurria behar du, progresoaren izenean? Urrutira joan gabe: gure maparen goiti-behetiko mundu zibilizatua deituak zenbat halako obra goren mututu nahian dabil oraindik ere?

2015-01-31

Tronuan

Bi aktore beren ofizioaren gorabehera eta nekeez ari dira Richard Quineren Urre trinkoko Cadillaca filmean. Arian eta harian, Shakespeare ekartzen dute solasera, eta idazle handiaren dohainez hasten direlarik, bietako batek bere frustraziotxoa agertzen du: irakurriak ditu Shakespeareren obra nagusiak, buruz ikasiak ditu obra bateko eta besteko pasarte goratsu asko, baina inoiz ez diote haren obren bat antzesteko aukerarik eman. Lagunak jarioa eteten dio: “Shakespeareren obraren bat eskaintzen badizute, egidazu kasu, ez onartu. Nekagarria da: ez duzu esertzeko aukerarik, ez bada erregearena eginez”.

Juan Garziak aspaldi hartu zuen bere gain Shakespeareren soneto guztiak euskaratzeko lan zaila. Atzo aurkeztu zuen emaitza, eta ni filmeko pasadizoarekin gogoratu nintzen nire kabutako pozaren erdian: itzultzailea ikusi nuen erregearena egiten, merezimendu osoz irabazitako tronuan atseden hartuta.

2015-01-25

Permalink Politika, Gizartea, Artea, Kultura, 121 hitz  

Enigma

Hasieratik bukaerara harrapatzen zaituen nobela bat idatz dezake John Le Carrék. Costa Gravasek, aldiz, film bat errodatu, hain ondo kontrolatzen duen genero politikoaren bidetik. Bi-biek atzean utzia dute adinaren gordinena (laurogeitik gorako bidean doaz), eta aukera aparta dute the end distiratsua emateko nork bere karrera artistiko ezin distiratsuagoari. Irakurleak dagoeneko asmatu du Nismanen heriotzaz ari naizela, fiskal argentinarraren kasuak maisu-lan bat burutzeko adina osagarri baitauzka: boterearen erotika; interes ekonomikoen eskrupulu falta gupidagabea; justiziaren ausentzia eta prentsaren hipokresia; biktima inozoegi baten bakardade tragikoa; enigma on baten misterio eta bihurguneak, gaztelu gotiko batean bezalako pasadizo, ate eta giltza sekretuak barne…

Bide batez, beste zerbitzu eder bat ere egin diezaiokete munduari, enigmarik enigmena argituz: biziak artea imitatzen du ala artea da biziaren imitatzaile?

2014-12-28

Permalink Gizartea, Artea, Kultura, 110 hitz  

Bravo!

Zutik jarririk, txalo-zartaka ari dira piano-joleari. Bravo!, bravo!. Lustre distiranteko kontzertu bat izan da, Gabonetan crème krematistikoarentzat programatzen dituzten horietakoa. Bravo!, bravo!. Publiko suhartsuari begira nago ni etxeko telebistatik, erabaki ezinik haserretu egin beharko nukeen edo algaraka hasi.

Neoliberalismoak mespretxu itsua dio humanismoari, humanitateak deitzen dugun jakintza-esparruak ez dio sosik balio txaloka ari den publikoari. Letrak gutxiesten dituzte, jendilajetzat dute artista jendea. Kulturari onartzen dioten bakarra, apaindura soziala: pintore famatuen kuadro garestiak etxean, kontzertu bat —klasikoa beti— aldian behin… Gaitasun teknologikoa eta ezaguera ekonomikoa dituzte formazio intelektualaren gailurrak.

Pianojolea txalotzen segitzen dute, bravo!, bravo!, humanitateak eskolatik desterratu zituzten horiexek. Erotuta ere beren semea edo alaba kontserbatoriora bidaliko ez luketenek…

:: Hurrengo orrialdea >>

Hitz beste

Ispilu aurrera joan nintzen. Ez nengoen han

| Hurrengoak >

Otsaila 2019
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
        1 2 3
4 5 6 7 8 9 10
11 12 13 14 15 16 17
18 19 20 21 22 23 24
25 26 27 28      

Bilaketa

Atalak

Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!