Berria.infoko blog komunitatea

Login

Hitz beste

Anjel Lertxundi Esnal

Artxiboak: Iraila 2006, 10

2006-09-10

Permalink Gizartea, 278 hitz  

Estropadak

Iparraldean istripuari deitzen diote estropua eta ez arrauna toletean lotzeko erabiltzen den sokari. Orain hasi gara ulertzen: estropada hitzak ez zuen guk uste genuena esan nahi, istripuen eta liskar-saltsen bilduma baizik. Estropaden historia: urtez urte gertatutako estropuen bilduma erraldoi bat.

Bukatu gabeko bilduma bat da, ordea, eta aldian-aldian bixigarri berri bat eransten diote estropuen saltsari. Eskertzekoa da. Aurten ere, aurreko saltsa guztiek baino zapore gehiago du estropaden zikili-zuku beroak, eta oraindik guztiz gozatu gabe badago ere (gaurko saio nagusia eta ondorengo beste bizpahiru garrantzitsu falta dira), benetan drogoso liskartsua gertatzen ari da.

Ikusiko dugu osagai guztiak, ezagunak eta ezkutuan gordeak, eltzera botatakoan! Emaitzari ez zaio drogarik faltatuko, hori seguru, estropuz estropu dabilen edozein estropada zalek badaki hainbeste, no?

OHARRAK (Post scriptum)

—Estropadek etxetik urruti harrapatu naute. Etxera bueltan, Castro Urdiales-etik pasatzereakoan, estropadak irratian. RNI1en. Bertan, gonbidatuen artean, Revilla jauna, Cantabriako presidentea. Antologikoa kazetarien lana, antologikoa Revillaren jarduna. Auzo lotsak etxeko lotsaren perla asko ekarri dizkit burura. Kirol informazioa zergatik da hain chauvinista, han eta hemen?

—Hiru lehenak, Kantabriakoak. Hondarribia, eman zezakeena erakusteko aukerarik gabe. Zarautz Orioren aurretik (lagun batek tienes el corazón partíokantatu zidan telefonoz). Txikitako oroitzapenak, etxeko irrati handiaren aurrean egoten ginenekoak. Eta gero alirona herriko plazan… Nostalgiaren estropadetan, txapeldun sentitzen naiz.

Ekarpen lexikoa

Ekarpena baino gehiago, zalantza. Kontu jakina da Kortak zenbat erabiltzen duen no? famatua. Baina, horik jauzi bat egin, eta senak euskaraz hainbatetan erabiltzen dugun ez sí eta ez no espresiora eraman baitit burua, kabutan hasi naiz: eta eskema horren atzean ez to eta ez no balego?
'Ataka hartan, ez to eta ez no egin, eta erabaki ausarta hartu zuen'. Funtzionatzen du, oso ondo funtzionatu ere. Eskertuko nituzke iritzi eta iradokizunak.

Permalink Gizartea, 125 hitz  

1001

Mila komeri pasatu eta gero, berripaper honek milagarren alea eskaini zigun atzo. Mila arraio eta mila deabru!, harritu ginen gure zaharrak harritzen ziren moduan. Izan dadila milatan eta milatan!, egin genuen topa, hori ere gure zaharren hitzekin adierazia.

Azkueren Ardi galdua liburuko bederatzigarren eskutitzean, pertsonaietako batek dio bere ondoren halako ordezkoa baletor, pozik hilko litzatekeela. Eta beste batek erantzuten dio, hil hitzaren oihartzuna eginez:

—Ze il ta mil?

Zer hil eta zer mil! Gaurkoa ez da ba jada mila eta batgarren alea? Mila eta batgarren egunsentian, Sherezadek lepoa salbatu zuen bere ipuin kontatzeko abildadeagatik.
Atzo, egunsentiarekin, mila eta batgarren alea jaso nuen etxeko ezkaratzean. Ez baitziren topa egiteko orduak, esan nuen neure gordean: iraun dezala luzaz informazio on orekatuaz ahalik eta euskaldun gehien erakartzeko abildadeagatik.

Hitz beste

Ispilu aurrera joan nintzen. Ez nengoen han

Iraila 2006
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
        1 2 3
4 5 6 7 8 9 10
11 12 13 14 15 16 17
18 19 20 21 22 23 24
25 26 27 28 29 30  

Bilaketa

Atalak

Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!