Berria.infoko blog komunitatea

Login

Hitz beste

Anjel Lertxundi Esnal

2008-04-29

Permalink Politika, Gizartea, 150 hitz  

Begi-ziztakoak

Segidan datozen adierazpideak orain hogei bat egun eginak dira, baina atzo irakurri nituen Orioko Karkara aldizkarian: “Orioko hondartza inguruan egin denarekin inor kritikoa izan bada, hori neu naiz. Orion eraikitakoa ez zen sekula egin behar”. Esther Larrañaga EAEko Ingurumen sailburuaren hitzotan politikari gehienek halako gaien aurrean erakusten ez duten irmotasuna ikusten da.

Hormigoizko murru harro kankailua; Apocalypse now pelikulako helikoptero guztiak eta gehiago ere batera lurreratzeko adinako hormigoizko lautadak; itsasoa itsutzen duten eraikuntza trinkoak. Autopistako zubi tzarrak inauguratu zuen hondamendiak segida frankotan hobea hartu du Oria ibaiaren ezker-eskuin Auskalo jaunaren eskutik.

Ez, ez zen sekula jaso behar hormigoiaren gorazarre hori, baina ez da euskal itsasertzeko kasu bakarra: denon begi-bistan daude inoren erantzukizunik gabeko begi-ziztakoak.

OHARRAK (Post scriptum)

—Orain bi urte t´erdi Barbaroak izeneko beste artikulu bat idatzi nuen gai berberarekin. Bi piezek bat egiten dute. Irakurleak blog honetan aurki dezake. begi-bistakoak begi-ziztakoak eragiten ditueneko amorrazioa ageri da bietan.

2006-02-07

Autokontrola

Petrolioa, arazo. Energia, arazo. Mendebaleko bizitza-eredua, arazo. Alarma-deiak entzuten ari gara nonahi: ahal den guztietan autoa etxean uztea omen da irtenbidea, horixe aholkatzen zigun orain egun batzuk Esther Larrañaga ingurumen sailburuak ere. Nire lagun batek, guztiz esanekoa baita eta ez baitzaio gidatzea gustatzen, sailburuari amen-amen egin eta autoa saldu zion txatar-biltzaile bati. Egun hartan bertan trena hartu zuen —edo autobusa, ez dakigu ondo— Zarauztik Gasteiza joateko —edo Bilbora, jakizu—. Nire lagunarekin bilera zutenak zain omen daude oraindik; etxekoak, berriz, konbentzituta daude kearena egin duela, ez baita etxera itzuli.

Haren senide saminduek laguna bilatzeko eskatu didate. Oso eskuzabala banaiz ere, ezezkoa esan diet: autoa saldu nuen neuk ere, eta esan didate Gasteiz edo Bilbo Kamerun bezain urruti daudela trenez edo autobusez joateko…

Hitz beste

Ispilu aurrera joan nintzen. Ez nengoen han

Urria 2019
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
  1 2 3 4 5 6
7 8 9 10 11 12 13
14 15 16 17 18 19 20
21 22 23 24 25 26 27
28 29 30 31      

Bilaketa

Atalak

Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!