Berria.infoko blog komunitatea

Login

Hitz beste

Anjel Lertxundi Esnal

2015-06-23

Permalink Gizartea, 129 hitz  

Isiltasuna aberats

Bagenekiena berretsi dute azken datuek: krisi garaian nabarmen igo da aberatsen kopurua. Isilik bilatu eta baliatu egokierak, batere zaratarik gabe egin dute dirua, diskrezioa dute maite. Ez dira publikoan agertu zale, nekez ikusiko dituzu egunkarietan (garai bateko aberats britishen araua zen heriotz-eskela arte inoiz ez agertzea hedabideetan), Zara dendak mundu guztiko jende askorekin betetzen hasi eta gerora izan genuen Amancio Ortegaren berri, baina berari buruz egun dakiguna ere hutsaren hotsa da. Aberatsek nola egiten dute dirua, zer pentsatzen beren dirua egiteko makinaz, zer esaten diote ispiluari, nola egiten dute lo jakinda berek daukaten diruak milioka goseti aseko lukeela hainbeste denboran? Aberatsak, isilik, esaera katalan baten bidetik: “diruak ez du zarata maite”.

Txiripa soil bat bainoago logika arrakalarik gabea ematen du aberatsek ere, lapurrek bezala, isiltasuna behar izatea dirua egiteko.

2015-04-29

Permalink Gizartea, Kultura, 119 hitz  

Heriori izkin

Lurrikara sekulako bat Nepalen, baina bi eratako biktimak telebistako irudi bortitz ziragarrietan. Batetik, Nepaldarren tragediak gaitu lekuko, bertan geratuko direnena hilda zein bizirik: biziak hondamendiari nola aurre egin asmatu ezinik geldituko dira bertan; hil direnak, berriz, hondakinak dituztela hobi. Mendebaldarren irudiak ditugu nepaldarrenen kontrapuntu: hegazkin bat lortzea beste ametsik ez dutenen irudiak dira gehienak edo hegazkinen bat lortu dutenenak garaipenezko irribarreak eta guzti; bertan hil diren gehienak ere ez dira bertan geratuko hondamendia dutela hobi, dagoeneko bidean dira-eta hori lortzeko bitartekoak

Tragedia bakar bat baina bi egoera, bi mundu, munduan bizitzeko eta hondamendiaren biktimak izateko bi modu arras diferenteak. Herioren iheslariak gara, Bagdadeko morroiaren kasta berekoak teorian, baina batzuek hegazkin bat eta dirua dute heriori izkin egiteko, horixe aldea.

2015-01-30

Zaharrak berri

Ismenek ahizpari: “emakume gaitun, ez dinagu gizonezkoen kontra egiteko ahalmenik”. Antigonak, gogor: “Nirekin hagoala esaten badidan ere, ez dinat laguntzarik eskatuko!”. Antigonak erregeak agintzen dionaren gainetik dauka kontzientzia: bakarrik dago boterearen aurka eta bakarrik lurperatuko du neba hil berria, jakinik ere heriotza izango duela zigor.

Gizonezkoen munduan bizi dira bi ahizpak, Kreonte erregeak bere solasetan zehatz marrazten duen ordenamendu pitzadurarik gabean: “Bizi naizen artean ez dit emakume bakar batek aginduko […] Emakumeak lotuta daude ondo eta ez libre […]”. Eta Hemon semea Antigonarekin maitemindu baita, Kreontek diotso: “Seme, arren, ez galdu bururik emakume batek emandako plazeraren kulpaz, ez bihurtu emakume baten jostailu […]”,

Zaharrak berri orain hogeita bost mendeko testu batean bezala gaurko munduan, Sofoklerengana eraman nauen Greziako Gobernu berri emakumerik gabean barne.

2015-01-25

Permalink Politika, Gizartea, Artea, Kultura, 121 hitz  

Enigma

Hasieratik bukaerara harrapatzen zaituen nobela bat idatz dezake John Le Carrék. Costa Gravasek, aldiz, film bat errodatu, hain ondo kontrolatzen duen genero politikoaren bidetik. Bi-biek atzean utzia dute adinaren gordinena (laurogeitik gorako bidean doaz), eta aukera aparta dute the end distiratsua emateko nork bere karrera artistiko ezin distiratsuagoari. Irakurleak dagoeneko asmatu du Nismanen heriotzaz ari naizela, fiskal argentinarraren kasuak maisu-lan bat burutzeko adina osagarri baitauzka: boterearen erotika; interes ekonomikoen eskrupulu falta gupidagabea; justiziaren ausentzia eta prentsaren hipokresia; biktima inozoegi baten bakardade tragikoa; enigma on baten misterio eta bihurguneak, gaztelu gotiko batean bezalako pasadizo, ate eta giltza sekretuak barne…

Bide batez, beste zerbitzu eder bat ere egin diezaiokete munduari, enigmarik enigmena argituz: biziak artea imitatzen du ala artea da biziaren imitatzaile?

2014-11-22

Kitsch, kitsch, kitsch

Bost urte zituenetik, Donostian pasatzen zituen, gerrakoak eta beste gutxi batzuk kenduta, udako opor luzeak. Ahaztu nondik zetorren, ahaztu bostehun urteko historia, eta txalotu gogotik zer nolako txera hunkigarria zion Donostiari. Gernikako arbola txirriki-txarraka kantatzerainokoa. Ikasi zuen, emakumearen balentria!, Inazio, gure patroi handia ere, akaso Jesus Aguirrek irakatsita. Azken hori nik diot, ez dakit. Larrutik dakidana da asuntoari darion mirabekeria txit otzana. Baita gurean ere. Baita sorreran halako ilusioa piztu zigun telebistatik ere. Lekukoak izan gara haren heriotzari eman zaion trataera akritiko eta batere ez periodistikoarena, kazetaritzaren minimoak ere laidotzerainokoa. Labur esanda: latifundioaren historia odoltsutik eta bostehun urteko errenta behin eta berriro ondo kobratutik zetorren; minifundistak ere ez garen maizter mentalon erreberentziak jasota joan da.

Kitsch, kitsch, kitsch, my God!

:: Hurrengo orrialdea >>

Hitz beste

Ispilu aurrera joan nintzen. Ez nengoen han

| Hurrengoak >

Abendua 2019
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
            1
2 3 4 5 6 7 8
9 10 11 12 13 14 15
16 17 18 19 20 21 22
23 24 25 26 27 28 29
30 31          

Bilaketa

Atalak

Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!