Berria.infoko blog komunitatea

Login

Hitz beste

Anjel Lertxundi Esnal

Mezua: Blog, blog!

2005-11-23

Blog, blog!

Blogari atipikoa naiz, hemen agertzen diren nire testu gehienak prentsan agertzen baitira lehendabizi. Idazteko prozedura ere, halabeharrez, prentsa idatziaren eskakizunei lotua dago, eta ez blogak berezkoa duen apetazko jardunari. Baina aspalditik ari naiz euskal blogei begiratzen eta, agerpen arin batez bada ere, blog formatuari ikusten dizkiodan hainbat abantaila ekarri nahi nituzke hona eta baita blogek euskal kulturari egin diezaioketen —egiten ari diren— ekarriaz hausnartu ere. SMS gisa doaz apunteok (telegrama gisa idatzi dut hasieran, baina non gelditu zaizkigu telegramak?); burura etorri ahala eta garrantziaren araberako sailkapenik egin gabe; gaia agortzeko baino gehiago, gaiaren inguruko puntu gutxi batzuk debateari eskaintzeko. Eztabaidagarriak dira denak. Beren ifrentzua dute guztiek. Neuk ere ez dakit oso ados nagoen aipatzen ditudan puntu batzuekin. Baina kezken eta ideien plazaratzeak ez baitio inori kalterik egiten, hor doaz arrapaladan:

—Egunero hainbat artikulu pertsonal (ehun, berrehun…?) ageri dira euskaraz sarean.

—Hedabideetan agertzen ez diren gai asko jorratzen dituzte blogek. Barnekoienetatik hasi, eta sozialenetaraino. Hedabideak eta beste eratako sostenguak iristen ez diren giza bazter egunerokoetara eramaten gaituzte blogek.

—Gaiak, estiloak, tratamenduak ugariak dira. Euskararen erabilera ere ugaria da: aspaldian sufritzen ari garen euskara estandar askotan nekatua baino harago (edo honantzago) sortzen diren saio libreagoak ditugu.

—Horren guztiaren haritik, hedabide tradizionaletan baino askatasun gehiago antzematen da gaiei heltzerakoan, estiloan, idazkuntzan, debatean…

—Irakurlearena da hiztun baten status normalena (irakurtzen duen kasuan, jakina). Blogek idaztearen ekintza eta idatzitakoa ezagutaraztea errazten dute.

—Aintzat hartzekoa da eusgarriaren erosotasuna, prezioa (hutsaren hurrena) eta malgutasuna.

—Bukatu ez badira, laster hartuko dute azken arnasa cuché paperean argitaratzen ziren aldizkari literario panpoxo garesti haiek. Volgako batelariak bloga diodanaren lekuko.

—Reno eta Zarautz, Larrabetzu eta Erroma, Eskozia eta Eibar hurbilago daude behin baino gehiagotan gure zortzigarren probintzia deitu diodan eremu horretan. Nago gaur Xenpelarrek Gu gara zortzi probintzi kantatuko lukeela.

—Iturri tradizionaletatik nekez ezagutuko genituzkeen munduak, ikuskerak, ahotsak (batez ere ahotsak!) jasotzen ditugu.

—Euskarriak posible egiten duen feed-backetarako aukera aparta da, nola ez, blogariaren auto-estimua gizentzeko. Baina feed-backek auto-estimua gizentzea bezain ereinotz garrantzitsua —edo garrantzitsuagoa— ere ematen dute: mezu jakin batek jasotzen dituen erantzunek pista asko ematen dizkit jende artean dabilen iritzi-mugimenduei buruz.

Stablishment kultural tradizionalak (argitaletxeek, hedabideek…) ezin die mikroa eta bozgarailua eman ahots guztiei. Blogei esker, aukeren berdintasuna posibleagoa da.

—Batasunarekin eta batasunak ekarri duen zuzentasun sindromearekin, jende askok errespetu gehiegi hartu dio idazteari, eta horren kalte-ordain gehiegi ikusi dugu azken urteotan euskalgintzaren zangetan. Blogei esker, indarra galtzen ari da izu eszenikoaren itzala.

—Kontuan dut, jakina, Anaia Nagusiaren kontrola, eta ez naiz esaten hasiko ez diodala beldurrik: bideo-kamera bat baino periskopio espiago bat sartzen zaigu etxean Interneten nabigatzen dugun aldiro. Bai, kontrolatuta gaude! Baina denok gaude kontrolatuta: sarean eta saretik pasatu gabe. Hargatik, uste dut Anaia nagusia salatzeko —eta geure buruak defendatzerakoan, geure kultura defendatzeko— modu eraginkorra bihur dezakegula tresna. Etsaiaren armak baliatzea eta hori guztia, gogoratzen?

—Eguneroko bizitzan osatu (osatzen) dugun anaia txikien sareko zentsura hertsiari (Euskal Herrian hain trinkotua dugunari) ihes egiteko modu bat ere izan daiteke blogetako askatasuna.

—Interneteko interaktibitatearen eraginez, idazkuntza eta testuen antolakuntza aldatzen ari dira. ‘Coetzeek esaten du…’ esaldian, aski da Coetzee hitzarekin idazleari buruzko informazioa dakarren esteka bat egitea. Coetzee ezagutzen duenak ez du estekaren premiarik. Ezagutzen ez duenari ondo etor dakioke esteka. Edozein modutan, testua astunduko luketen aposizio, tarteki eta antzeko agerpen eta esplikazioak saihestu ditugu, testuaren ekonomiaren mesedetan. Ez da adibide bat besterik.

—Azken apuntea: Aurkik, idazleak eta blogariak bereizterakoan, liburu formatuko testuak idatzi dituztenei deitzen die idazle. Uste dut laster bukatuko dela hori: Joxe Aranzabal ez al zen idazle bere blogean idatzi zituenak liburu batean bildu arte?

Hasieran esan dudan bezala, aipatutako puntu gehienek —seguru asko, guztiek— beren ifrentzua dute, alde negatiboa. Baina ifrentzua baldin badute ere, nire ustez aurkia dute lehenik eta behin nagusi: alde positiboa.

Erantzunak:

Bidaltzailea: Julen [Bisitaria] · http://barnemuinetan.eu.hn.org

Hauekin geratzen naiz:
— Gaien ugaritasuna eta askatasuna hauek tratatzean. Ikuspuntu pertsonal eta humanoagoak. Gertutasuna.
— Komunikazio bilaterala, feedbacketarako aukera.
— Jendeak euskaraz idazteari izua galtzea.


Egiten duzun azken apuntearen inguruan: “Aurkik, (...) liburu formatuko testuak idatzi dituztenei deitzen die idazle”.
Nik uste idazle batzuk agian nerbioso jartzen direla... Ezinikutu (ezinikusia denik ezin esan) moduko bat blogei?

Permalink-a 2005-11-24 @ 09:24
Bidaltzailea: Joxe Aranzabal [Bisitaria]
Joe, Andu, lehen esaten nuen zu zinela euskal blogarion aitapontekoa, blogik ez zeneukanean. Gero blogari bihurtu zinen, eta ez nolanahikoa, eta orain sekulako ikasgaia eman diguzu blogintzaren inguruan. Ados nago zure apunteekin, eta datorren astelehenean komentatuko ditugu gure ikasleekin. Eskerrik asko ekarpenagatik. Besarkada bat.
Permalink-a 2005-11-24 @ 10:47
Bidaltzailea: Luistxo [Bisitaria] · http://www.eibar.org
Aitapontekoa barik, Erreformaren bultzatzailea dugu orain Andu. Hona, artikulu honetako zertzeladetan, Wittenbergeko elizako atarian itsatsiako Martin Luteroren tesi berriak.
Permalink-a 2005-11-24 @ 11:56
Bidaltzailea: satortzulo [Bisitaria]
- bakoitzak bere erreferentziez osaturiko mundua sor dezake eta hauen berri izan soilik (egunero egunkari eta telebista bera irakurri/ikusten dituenaren moduan)
Permalink-a 2005-11-24 @ 14:00
Bidaltzailea: Jozulin [Bisitaria] · http://jokotoki.blogspot.com
Hona nire begitantziño merkeak:

-Hauxe (ere) du ederra blogintzak: Norekin eta Andu Lertxundirekin iritziak trukatu.
- Idazleak ote gara? Nondik begiratzen den. Izango da, igual, IDAZLE hitza euskaraz letra larriz, "bold", eta azpimarratuta idazten delako. Edozein kasutan neuk idatzi, neuk editatu eta neuk publikatzen dut (batzuetan irakurri ere neuk bakarrik egiten dudala uste dut baina hori beste pelikula bat da).
- Ez gara "elitea", eta bagara: Arduratzen gara, iritzia ematen dugu, teknologiaz baliatzen gara...
Ez gara hori egiten duten bakarrak, ordea.
- Eta batez ere blogariak gara nahi dugulako, gogoak hala eman digulako.
Permalink-a 2005-11-24 @ 14:26
Bidaltzailea: Jozulin [Bisitaria] · http://jokotoki.blogspot.com
Aipatzea ahaztu dudan arazo batek kezkatzen nau, ordea: Ez ote da endogamikoegia blogen mundutxo hau?
Permalink-a 2005-11-24 @ 14:28
Bidaltzailea: Maite [Bisitaria] · http://euskaljakintza.blogosme.com
Azken apuntetxo bat besterik ez, Andu. Aipatutako guztiaz gain, irakaskuntzarako tresna ezinhobea dela esango nuke. Udan blog bat sortu nuen, ikasturte honi begira, ikasleekin DBHO 2ko Euskara gaia jorratzeko asmoz (betiko testu liburua ordezkatuz). Luze jardun ninteke ekarri dizkigun onurei buruz eta oso motz, aldiz, eragozpenen inguruan. Orain arte, balantzea erabat baikorra dela aitortu beharrean nago. Ikasleak guztiz motibatuta daude (artikulu bat publikatu orduko, hurrengoan zeri buruz arituko diren pentsatzen dauzkat!!). Bestalde, harremanak estutzeko ere tresna egokia bada. A zer nolako poza ikustean, ikasleak gure blogaren azken mugimenduak ikustera etxetik sartzeaz gain, elkarri erantzuten diotela...
Permalink-a 2005-11-24 @ 14:43
Bidaltzailea: xme [Bisitaria]
Oraintxe ari nintzen Jakin-erako idazten urteko balantzea kulturaren arloan, horren barruan blogek ekarritako berrikuntzek hartu behar zuten atal bat, baina askoz egokiago eta biribilago adierazita aurkitu dut hemen. Zorionak.
Permalink-a 2005-11-24 @ 16:32
Bidaltzailea: Kepa Diegez [Bisitaria] · http://etnomet.blogspot.com
...eta sarritan aipatzen da internetek bakartzen gaituelako kontua, haren baitara biltzen garela, kar, kar... Niri neuri, behintzat, harremanak zabaltzeko balio izan dit, beraz, Blogek HARREMAN ARTEKOTASUNA bultzatzen dute.Beste aro batean gaude, inondik ere.
Permalink-a 2005-11-24 @ 17:40
Bidaltzailea: gorka [Bisitaria] · http://www.eremulauak.com
Nik gauza bat azpimarratuko nuke kontu honetan: egun bakarrean kontsumitu dezakedan euskarazko informazio kopurua baino askoz ere handiagoa sortzen ari gara gaur egun blogei esker (aurki.com-eko iturri guztiak begiratzea besterik ez dago horretarako). Ez gara ba hain gutxi, ze demontre! Euskaldunak beti berandu ibili gara bestelako hedabideetara iristeko (prentsa, irratia, telebista) eta orain badirudi ez gabiltzala hain gaizki.
Permalink-a 2005-11-25 @ 00:01
Bidaltzailea: xabi rodriguez [Bisitaria]
"Eguneroko bizitzan osatu (osatzen) dugun anaia txikien sareko zentsura hertsiari (Euskal Herrian hain trinkotua dugunari) ihes egiteko modu bat ere izan daiteke blogetako askatasuna"

Anai txikien buruz aipatzen duzunarekin gelditzen naiz.

Ba, hori, askatasuna ematen digu.
Permalink-a 2005-11-26 @ 00:59

Erantzun:

Zure eposta ez da orrialdean erakutsiko.
Zure URL-a erakutsiko da.
Onartutako XHTML etiketak: <p, ul, ol, li, dl, dt, dd, address, blockquote, ins, del, a, span, bdo, br, em, strong, dfn, code, samp, kdb, var, cite, abbr, acronym, q, sub, sup, tt, i, b, big, small>
URLs, email, AIM and ICQs will be converted automatically.
Aukerak:
 
(Lerro saltoak <br /> bihurtzen dira)
(Izena, eposta & url-arentzako cookiak finkatu)
authimage
Erantzuna bidaltzeko idatz ezazu goiko eremuan egiaztapen kodea; goiko aldean ageri den zenbakia, alegia. OHARRA: Zure erantzuna onartzen ez bada, orrialdea berriro kargatu eta kode berria sortu beharko duzu erantzuna bidali aurretik!

Hitz beste

Ispilu aurrera joan nintzen. Ez nengoen han

Urria 2018
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
1 2 3 4 5 6 7
8 9 10 11 12 13 14
15 16 17 18 19 20 21
22 23 24 25 26 27 28
29 30 31        

Bilaketa

Atalak

Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!