Berria.infoko blog komunitatea

Login

Hitz beste

Anjel Lertxundi Esnal

Mezua: Etxe zuria

2006-02-17

Permalink Politika, Gizartea, 239 hitz  

Etxe zuria

Herenegun, tortura zaharraren irudi berriak ostera Abu Graiben. Espero zitekeen bezala, Etxe Zuriak ohiko jarrera hartu du: mezulariari eman dio kulpa (‘irudien argitalpenak iritzi publikoa sutzeko soilik balioko du’), eta ez Etxe Zuriak berak han eta hemen atzo eta gaur babesten duen torturatzaileari, ez baita bere burua zigortzen hasiko. ‘Gardentasunez jokatzen dugu’ ere esan du Etxe Zuriko bozeramaileak eta gardentasunari esker, estatubatuarrek ez dituzte irudiok ikusiko. Esaera zahar asmatu berriak zuzen dio: Etxe Zurian ziegak beltz.

Herenegun berean, irudi zitalak amorrazioaren ninietan nituela, beste zerbaiten bila hasi behar izan nuen hiztegian. Kasualitateak hala nahita, asuntoaren giltza izan litekeena aurkitu nuen Justo Garateren kontribuzio lexiko batean: etxe zuria: lenocinio en Eibar. Alegia, etxe zuria putetxea omen dela Eibarren.

Eta Washingtonen?

Oharrak (post scriptum)

—Orain arte argitaratu ditudan ohar apurrak erantzunen sailean sartu izan ditut. Gaurtik aurrerakoak hemen joango dira, artikuluaren azpian, sarelariarentzat erosoago gerta dadin. (Sarelaria atera zait internautaren ordainetan. Eta zergatik ez?)

—Etxe zuria putetxea ere bazela aurkitu nuenean, Zakilixut-ekin gogoratu nintzen. Eta egun berean —atzo— Olagariarekin topo egin nuen Ibon Sarasolaren Zehazki hiztegiari buruzko ekitaldian. Aurkikundearen berri eman nion. Uste dut laster ikusiko dugula Zakilixut Etxe Zuriren batean beheko herdoilak kentzen…

—Putetxe esateko etxe zuria Eibarren. Noizkoa ote da espresioa? Donostiako Etxe Maite famatuaren parekoa al da Justo Garateren kontribuzioa? Eibar aldean egon ote zen Etxe Zuri izeneko putetxerik?

—Onkeriazko ohartxoa: 'Hau putetxe bat da!' esaten dugunean, badirudi mespretxua putengana bideratzen dugula. Etxea, ordea, ez da sekula putena

Erantzunak:

Bidaltzailea: Asier [Bisitaria] · http://www.eibar.org/blogak/sarasua
Eibartarra izan arren, ez neban ezagutzen "etxe zuri" horren kontua. Toribio Etxebarriaren hiztegixan be ez dator, eta putetxe historiko ezagunena Eibarren, "Petra eta Marixanekua" zan, zezenplaza onduan; gerra aurrian eta gerra ostian.

Etxe zurixen erreferentziarik, ez, horretara, gurian.

Justo Garaten erreferentzia hori jakitzerik bai? Nun agertzen da lenocinio zoragarri hori?

Permalink-a 2006-02-17 @ 11:09
Bidaltzailea: Anjel Lertxundi [Kidea]
Nik erreferentzia bakarra daukat horretaz, Orotariko Hiztegian ageri dena. Eta Orotariko hiztegiak BAP aldizkaritik (Boletín de Amigos del País) jaso zuen. Justo Garatek egin zituen kontribuzio lexikoen zazpigarren emaitza da.
Bide batez, esan dezadan Garaten kontribuzio lexikoetan perla politak aurkizten direla, adibidez Mexikon 'armaburruka' deitzen diotela gerrari edo liskar handi bati. Soraluzetik eramandako kanoiak erabili omen zituzten Mexikoko independentziaren gerran, eta hortik, agi denez, espresioa.
Permalink-a 2006-02-17 @ 14:40

Erantzun:

Zure eposta ez da orrialdean erakutsiko.
Zure URL-a erakutsiko da.
Onartutako XHTML etiketak: <p, ul, ol, li, dl, dt, dd, address, blockquote, ins, del, a, span, bdo, br, em, strong, dfn, code, samp, kdb, var, cite, abbr, acronym, q, sub, sup, tt, i, b, big, small>
URLs, email, AIM and ICQs will be converted automatically.
Aukerak:
 
(Lerro saltoak <br /> bihurtzen dira)
(Izena, eposta & url-arentzako cookiak finkatu)
authimage
Erantzuna bidaltzeko idatz ezazu goiko eremuan egiaztapen kodea; goiko aldean ageri den zenbakia, alegia. OHARRA: Zure erantzuna onartzen ez bada, orrialdea berriro kargatu eta kode berria sortu beharko duzu erantzuna bidali aurretik!

Hitz beste

Ispilu aurrera joan nintzen. Ez nengoen han

Urria 2018
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
1 2 3 4 5 6 7
8 9 10 11 12 13 14
15 16 17 18 19 20 21
22 23 24 25 26 27 28
29 30 31        

Bilaketa

Atalak

Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!