Anjel Lertxundi Esnal
2013-10-29
Sufritzen ez duenarentzat zaila bada bihotz oparo izatea, zer esanik ez sufritzen ari denarentzat. Zer kulpa dut nik?, galdetzen du. Zergatik tokatu zait niri?, galdetzen du. Eta zerura —edo infernu-trazako zeruaren aldagairen batera— jasotzen ditu begiak. Baina sufritzen ari denaren oinazea ez baldin bada halabeharrak eragina, baizik bihotza organu nagusi duen batek sortua? Ulergarri da halako baten biktimaren mina mendeku gose bilakatzea, errebantxarako gogo, leize beltzenetik irtendako gorroto.
Leungarri bakarra —zaila bezain beharrezkoa— sufritzen ari denaren bihotzean ukendua banatzea eta ez ozpina: zaurian gorrotoa isurtzen duenak nekez du zaurituaren onura bilatzen. Atzo bezala gaur. Minari mina eransten dion bilaukeria da inoren mina bilatzea, inoren mina baliatzea. Atzo eta gaur.
Odolaren gorriak, minaren sorrak biktima guztiak ditu berdintzen. Minaren errentak desberdintzen.
OHARRAK (Post scriptum)
“Balirudike minak, agian konpentsazio legeagatik, eskubideak ematen dizkigula. Minaren eskutik, adibidez, gaixo larria edo terminala tirano triste patetiko bat bihur daiteke (…) Danielen heriotzak egun batzuetarako inpunitate zirkulu batez inguratu banindu bezala da. Baina botere hori irrigarria da, faltsua da, alferrikakoa da. Hori izateko, garestiegi ordaindu behar izan dut”.
Piedad Bonnett idazle kolonbiarraren hitzak dira bere Lo que no tiene nombre nobelan (Alfaguara argitaletxean). Seme baten suizidiora bitarteko samina eta semearen suizidioak ingurukoengan eragindako samina kontatzen du bertan.
Hitz beste
Ispilu aurrera joan nintzen. Ez nengoen han
Ast | Ast | Ast | Ost | Ost | Lar | Iga |
---|---|---|---|---|---|---|
<< < | > >> | |||||
1 | 2 | 3 | ||||
4 | 5 | 6 | 7 | 8 | 9 | 10 |
11 | 12 | 13 | 14 | 15 | 16 | 17 |
18 | 19 | 20 | 21 | 22 | 23 | 24 |
25 | 26 | 27 | 28 |
Bilaketa
Atalak
Blog hau sindikatu