Berria.infoko blog komunitatea

Login

Hitz beste

Anjel Lertxundi Esnal

Mezua: Ordularia

2014-03-11

Permalink Politika, fikzioa, Gizartea, 120 hitz  

Ordularia

Eguzkia bera ere lehertu balitz bezalako oroitzapenak berritzen ditu gaurko egunak. Gaurko egunak eta baita Atotxako geltokira eramaten gaituen aldian behingo bidaiaren batek ere. Giza abaraska, atzera eta aurrera. Ordulariak markatzen duena bat dator trenetara doan, trenetatik irteten den jendearen erritmoarekin —errealitateak uneoro hartzen duen noranahiko norabideen zorabioarekin—. Nire trenaren nasara iritsi naiz. Daramadan maletatxoa lurrean utzi, bi hanken artean estutu, eta begiak itxi ditut. Nire baitako ordularia beste ordu bat markatzen hasi da, tik eta tak, oroitzapenak errebobinatzeko eginak balitu bezala geziak. Zer izan zen, zer pasatu zitzaidan burutik, nola errakzionatu zuten nire erraiek. Atentatuaren sekulakoa, manipulazioaren handia, nire baitako korromioaren garratza.

Hartan, dardara hanketan. Nasan sartu da espero nuen trena, ni sartu naiz bertan, laster aterako nau handik.

Erantzunak:

Bidaltzailea: jaime [Bisitaria]
Ikaragarria izan zen Atotxan gertatutako atentatua. Lan postuan arrapatu gintuen gertakariak eta, irratiak ematen zuen biktimen kopuruaren igoera bara-ezinak estutzen zigun entzuleon bihotza. Madriletik ez zegoen dudarik ETAren ekintza zela, baina hilen kopurua 94ra heldu zenean argi eta garbi konturatu ginen ez zela Erakunde Armatuaren atentatua.
Hala ere, Españako barne ministeriotik ez zuten inolako zalantzarik izan ETAren egiletasunaz. Jakina, hiru egun falta zen hauteskunde orokorrak buru zitezen eta behar beharrezko zitzaien Aznar eta enparauei horrelako atentatu erraldoia euren besaulkietan jarraitzeko.
Izan ere, krudel izan zen Atotxarena – beste atentatu guztien bezala – baina krudelago haren arrimuan ezkutuzko interes politikoen ustiapena.
Bukatzeko, galdera bat: zergatik ETAren atentatuak sufritu dituztenak dira “biktimak” eta Al-Kaedarenak, aldiz, hunkituak (afectados) ??
Permalink-a 2014-03-11 @ 14:59
Bidaltzailea: Txantrea [Bisitaria]
Haurdunak gau txarra eman dik. Sukarrak jota zegok, okaka, zintzurra arras errerik barneko guztia hamaikatan hustu ondotik. Zazpi orenak dituk, lantegirat joaiten hasteko unea. Senarra lehenago joan duk, gaur Galiziarat zihoan. Beribilez. Kotxe tipi hura erosi banu, berantago joaten ahalko nikek lanerat—ziok bere baitan haurdun emakumeak. Dena den, ongi egoitekotan, erosoagoa duk trena. Gaur, aldiz, ezinean zebilek, barnean daukan mutikogaiak ez ziok bakerik ez atsedekin emaiten; etxetik geltokiraino dituen berrehun metro exkax horiek kilometro bilakatuko zaizkiolakoan etxean geratzea xedatu dik. Gero, hoberat egiterat, hurrengo trena har lezakek.
Erabaki eta burutu. Lantegikoei hots egin ziek jakinarazteko ez dela joanen. Komunerat sartu behar izan dik ok egiterat. Goitinahi hutsak zituen, ordea. Urdailean ez zaukak fitsik ere. Dena bota dik komuneratu den aitzinekoetan. Jota, net abaildua eta buruko minak, egongelako besaulkian (txeislongean) etzatea pentsatu dik. Telebista piztu egin dik, gutitan huts egiten duen lo-eragilea zaiok. Piztea eta lotan geratzea bat izaiten ohi dituk. Goizeko ordu txikiak handitzen hasten diren une horretan aditu duenak, berriz, ez ziok lo eragin. Tren geltokitik kazetariak ekurugaitz, artega oso, gorpuzkinez beteriko iduriak iruzkintzen ziharduk. Ahots urduria zaukak, nekez buka zitzakek esaldiak negarrari ezin eutsi diezaiokeelako. Sarraskia suertatu omen duk hirian. Hagitz ezagun egiten zaion tokian gertatu duk eztanda. Hagitz ezagun egiten zaion orduan. Hagitz ezagun egiten zaion trenean.
Haurdun emakumea komunerat joan duk berriz, belauniko jarririk ez daukan janaria botatzen saiatu duk. Telefonoa aditu dik, komuneko paperez ahal izan duen bezala ahoa garbitu dik eta ihardesterat abiatu duk. Telefonoa hartu dik. Bai, ongi negok—ziotsok hariaz haraindian dagoenari—senarraren ahotsa aditu dik berriz. Ahotsa eta negar zotina. Eta barre urduria. Eta berriz negarra. Eta haren oihuak, eta algara kontrola-kontsolagaitza. Eta haren galdera sorta laster bezain urdurigarria. Eta haren lasaitzeko aholkuak. Eta haren premia Galiziatik hirirat itzultzeko. Haurdun emaztekiaren saioak senarra lasaitzeko ere entzun dituk elkarrizketa hartan.
Hondarrean, gauean elkar ikusten dutelarik mintzatuko direla adostu ondotik, komunikazioa eten ditek. Haurdun emaztekiak bere sabelari so egin ziok. Xorrotoa ferekatzen hasi duk, haurdun ororen antzerat, emeki-emeki. Oraingoan semeak zaindu dik ama—ziok bere artean—hire gau txarrarengatik izan ez balitz, tren hura hartuko nikean eta harekin baterat lehertuko. Maitte yaut xemeño. Hi guri esker sortuko haiz eta ni hiri esker birsortu nauk.
Hau ez duk nik asmaturiko istorioa, nahi nikek, bai. Adiskide bati halaxe gertatu zitzaioan. Bizitza salbatu zion semeak sarri beteko ditik hamar urte.
Egunotan, azken hamar urteetan bezala, hagitz mintzatu duk Pilar Manjón: Atentatua orduko agintariek nahi zutenek egin balute, lehen mailako biktimak izanen zituzkean egun hartan hildakoak. Argi eta garbi erran dik. Historiak bakoitza dagokion lekuan utziko dik, baina erakutsi duten jarrera zinez deitoragarria duk.
Egon bizkor.
Permalink-a 2014-03-11 @ 23:35

Erantzun:

Zure eposta ez da orrialdean erakutsiko.
Zure URL-a erakutsiko da.
Onartutako XHTML etiketak: <p, ul, ol, li, dl, dt, dd, address, blockquote, ins, del, a, span, bdo, br, em, strong, dfn, code, samp, kdb, var, cite, abbr, acronym, q, sub, sup, tt, i, b, big, small>
URLs, email, AIM and ICQs will be converted automatically.
Aukerak:
 
(Lerro saltoak <br /> bihurtzen dira)
(Izena, eposta & url-arentzako cookiak finkatu)
authimage
Erantzuna bidaltzeko idatz ezazu goiko eremuan egiaztapen kodea; goiko aldean ageri den zenbakia, alegia. OHARRA: Zure erantzuna onartzen ez bada, orrialdea berriro kargatu eta kode berria sortu beharko duzu erantzuna bidali aurretik!

Hitz beste

Ispilu aurrera joan nintzen. Ez nengoen han

Martxoa 2019
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
        1 2 3
4 5 6 7 8 9 10
11 12 13 14 15 16 17
18 19 20 21 22 23 24
25 26 27 28 29 30 31

Bilaketa

Atalak

Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!