Berria.infoko blog komunitatea

Login

Noraezean ibiltari

Fernando Rojo

Atala: Guztiak

2007-11-29

Permalink Guztiak, 358 hitz  

Arazoaren bi aurpegiak, bi arimak

Lehengo batean, oraindik Zimbawen nengoela, Costa Manyengwa izeneko gizon bat eseri zen autobus batean nire alboan. Ikatza baino beltzagoa zen bera. Freedom Fighter bat (askatasunaren aldeko borrokalaria) izan zela esan zidan harro. Gerrako beteranoa izanik gobernutik dirua kobratzen egongo dela suposatzen det eta egoeraren balorazio positibo bat egin zidan, "begira lur hauek, lehen denak zurien esku zeuden eta orain beltzen artean banatuta daude". Lur erreformaren inguruan hitz egiten aritu ginen. "Gaur Zimbawen ezberdintasun ekonomiko batzuk badaude, baina egoera lasai dago -jarraitu zuen- soilik kanpoko inbertsioak falta zaizkigu.

Niri proposatu zidan dirua urre meategietan inbertitzea. "Zimbawe oso aberatsa da, urrea dago, ni meatzaria naiz". Bradstar Gold Mine izenekoan egiten omen du lan. Hurrengo aldian etortzean, inbertitzea etortzeko, berak pertsona egokiak ezagutzen zituela eta aurkeztuko zizkidala. Helbideak elkartrukatuz agurtu genuen, ni baino bi geltoki lehenago jaitsi baitzen, "ez harritu abenduan eskutitz bat jasotzen baduzu etxean", esanez agurtu zidan. Ez nion ezer esan baina ni bisitari bezala gustura nabil munduan zehar, ez inon inbertitzeko asmoz.

Handik egun gutxira, baina Zimbawetik kanpo, Mozambikeko Chimoio herrian hain zuzen ere, beste zimbawear bat ezagutu det. Arazoaren beste aurpegi eta arima. Esnea bezain zuria da 60 urte inguru dituen gizon bizarzuri eta lodikote hau. Zazpi urte dira Mugaberen lur erreformaren ondorioz bere lurrak okupatu zituztela. Herriko polizi-buruaren ahotik heriotz mehatxuak jaso zituenean ihes egin beharrean aurkitu zen. "Orain backapacker honetan bizi naiz, nagusia nire laguna da eta txoko bat utzi zidan", esan dit ingeles ulergaitz batean, kokakola bat hartzen duen bitartean, ahots eta begirada tristez. "20.000 hektarea, 1000 azienda buru eta 56 langile -beren familiekin 600 pertsona inguruko multzoa osatzen zutena- nituen. Zimbawe lurralde ederra zen bizitzeko, aurrera zihoan, orain Mugabek dena pikutara bidali du, eta urte gutxiren buruan kolapsatu egingo da egoera, jendea goseak dago eta".

Hizketan jarraitu du, "beste garai batean lur aberatsak ziren horiek gaur belar eta sasia besterik ez da, ez ditu inork lantzen, ezta zaintzen ere". Etsikor dago gizona. Bizitza bera gogorik gabe bizitzea derrigortuta balego bezala. Orain negozio txiki bat sortu du Mozambiken bertan, bizirauteko. "Okerrena da, martxoan hauteskundeak daudela eta berriro irabaziko duela Mugabek, mota guztietako azpijokoak erabiliz, ez dago oposizio serio eta indartsu bat, ez du merezi bozkatzea ere", amaitu du pentsakor.

2007-11-26

Permalink Guztiak, 563 hitz  

Neu eta Zimbaweko Poliziaren tragikomedia

Gauza jakina da poliziarekin ez dela komeni inongo arazorik izatea. Inongo poliziarekin, oro har, baina are gutxiago Afrikakoekin, non ustelkeria eguneroko ogia den. Zehazki Zimbawekoa ekiditeko bi aspektu izan behar dira kontuan. Bata, Robert Mugabe presidentea eta bere politikaren inguruan gaizki esaka ez ibiltzea (eta kontu handiz ibili, paretek ere entzun dezakete eta). Bestea, dirua kalean ez aldatzea. Eta “derrigor” merkatu beltzean aldatu behar denez, non eta norekin egiten den tentu handiz egitea. Bada, ordea, hirugarren bat inork ohartarazi ez zidana.

Tragedia: Chikato Police station
Masvingoko geltokian nengoen Mutare izeneko herrira eramango ninduen autobusaren zain ezerezetik, bat-batean, lau poliziak inguratu nindutenean, “gurekin etorri behar duzu, galdera batzuk egin behar dizkizugu eta“, esanez. Egoerak aginduta oso urduri jarri nintzen. Baina egoskor jarri nintzen ezezkoan, bertan galdetzeko, ez nuela ezer ezkutatzeko eta. Pixka bat aldendu ziren azpijoko bat pentsatzen egongo bailiran. Nik banekien niregandik lortu nahi zutena dirua zela. Hamar bat minutu eta gero egoera bera bitan errepikatu zen. Nik, berriro, ezetz eta ezetz, ez niela polizi-etxera lagunduko. “Mutare“ jartzen zuen autobusa heldu zenean –ni oraindik oso urduri- barrura egin nuen, lehenbailehen handik ihes egitearren. Alferrik, ordea, ezen autobusa handik 500 metrora CHIKATO POLICE STATION jartzen zuen eraikin baten aurrean gelditu baitzen. Jaistera behartu ninduten eta barnean eduki gaizkile bat izango banintz bezala, ni umilatu xedez. Niretzat askoz luzeagoak izan ziren 30 minutu eta gero, janzkera zibila zuten bi gizonezkok, Mugaberen polizia gaiztoaren paperean, auto batean sarrarazi eta hiriko CENTRAL POLICE STATION izenekora eraman ninduten. Norbaiten salakeria medio, ordurako, bilatu zuten aitzakia eta han azalduko zidaten akusazioa: autobus geltokian argazkiak ateratzea. Mundiala!

Komedia: Law and order unit
Bertan, “Law and order” (legea eta ordena) jartzen zuen gela batean sartu ninduten. Komisaldegi honetan beste aurpegia ezagutu nuen, polizia zintzoarena. Adierazi nion kamara digitala zela, argazkiak ikus eta ezaba zitezkeela. Baina bateriarik gabe nengoen. Bertan jarri genituen kargatzen ohiko galdeketa egiten zidaten bitartean. Bere kezka nagusienak kazetaria al nintzen eta zein helbururekin ateratzen nituen argazkiak. Argazkigintza nire zaletasun bat zela azpimarratu nion behin eta berriro, irakaslea nintzela. Nire lanbidea froga ote nezakeen, berak bere polizi-ageria erakusten zidan heinean. Kanpoko jendeari asko gustatzen zaio gure inguruko gauzak jakitea eta oso gustoko dute argazkiak ikustea, horregatik beti eramaten ditut bidaietara argazki batzuk nirekin. Horien artean ikasleenak. Komikoa: argazkiak erakusten hasi nintzen. Ikastolakoak eta, bide batez, haiek eskatuta familiarenak, lagunenak –Tolosako inauterietan-, etab... Itxuraz, sinetsi zidaten nire lanbidearena. Denbora pasa ahala, bateriak ez zirela kargatzen ikusita, baimena eman zidaten kalera joateko bi pila erostera. Nire beldurra orain beste bat zen. Argazkien artean baziren konprometituagoak ziren beste argazki batzuk: supermerkatuko apal hutsak, gasolindegi hutsak, itxitako dendak, telefonorik gabeko telefono kabinak... Kaletik bueltatzean une batez bakarrik utzi ninduten eta idazten ari ziren txostena ikusi nuen. “Fernando Rojo, passport number AC94520 was arrested afte....”. Tira, atxilotuta nengoen. Tragikomediaren amaiera, ordea, absurdua izan zen. Ezabarazi zizkidaten autobus bat agertzen zen argazki bakoitza –nolabait justifikatu behar zuten atxiloketa-, umeak agertzen zirenak, eta bere gogokoak ez zirenak... Apal hutsarenak ere bai, baina benetan Zimbaweko egoera salatu dezaketen besteak, ez. “Now you are a free man!”, esanez utzi zidaten joaten. Zinbawetik alde egin dudan arte ez naiz lasaitu. 1984. urtea zen, Laskorain ikastolako ikasle nintzela irakurrarazi ziguten gazteleraz George Orwellen 1984 maisulana: “EL GRAN HERMANO TE VIGILA”. Hainbesteko arrazoia zuen idazle britainiarrak.

* hau gertatu eta zenbait egunera bi pertsonek baieztatu dizkidate nire susmoak. Alegia, ziuraski hasieran etorritako poliziek diru bila zebiltzala eta ezer lortzen ez zutela ikusirik argazkien aitzakia aurkitu zutela.

2007-11-19

Permalink Guztiak, 163 hitz  

Zambi, Zimba eta Zambe (II)

Zambeze: Nilo, Niger eta Kongorekin batera Afrikako ibaien pokerra osatzen du. Zambia eta Zimbawe bereizten ditu naturaren paradisu den honek. Mosi-oa-tunya edo Victoria urjauziak bezalako mirariak sortarazi ditu. Bere urek turismoa erakartzeko balio dute eta diru iturri garrantzitsua da Zambia zein Zimbawerentzat: rafting, kayaking, bugie-jumping, safari-canoeing… eta beste “ing” asko praktika daitezke etxeko sofing eta zappingetik urrun. Gainera horien kontura gauetan backapackeretan (motxilaz bidaiatzen dutenenetzako ostatuetan, alegia) beer-drinking jaiak izaten dira. Nahiko zaratatsuak eta gogaikarriak lo egin nahi dugunontzat. Horretara etortzen diren gehientsuenak “overland truck” izena duen eta 25 pertsonenetzako prestatuta dauden kamioietan egiten dute. Egunero 140 $ US ordainduta Afrikaren hegoaldea korritzen dute.

Aukera ezberdinak daude: Nairobi-Vic Falls, Cape Town-Nairobi… Namibiatik, Botswanatik edo Malawitik barrena. Aukera zabala da. Behar den gauza bakarra dirua eta xahutzeko gogoa. Atzo bikote australiar batek aitortu zidan hiru astetan bakoitzak 3.000-4.000 $ US inguru gastatu dituztela. Diru kopuru horrekin ni askoz haratago joan naiteke bai denboran, baita distantzian ere. Eta ia denak ingelesak, australiarrak, estatubatuarrak edo hegoafrikar zuriak dira. Anglosajoiak, alegia. Bejondeiela.

Permalink Guztiak, 288 hitz  

Zambi, Zimba eta Zambe (I)

Zambia: Independentzia garaia arte Iparraldeko Rhodesia izan zen, Cecil B. Rhodes kolonizatzaile britainarriaren omenez. Kenya eta Tanzania edo gerturago dituen Namibia eta Botswanaren bidea jarraituz, safariei heldu die herrialdeak turismoa erakartzeko. Horra hor azken urteotako gorakada (baita prezioetan ere). Badu, ordea, beste erakarpen berezi bat, ni ere erakarri nauena: Mosi-oa-tunya (trumoi hotsa sortzen duen kea), Victoria urjauziak bezala ezagutzen direnak. Ikuskizun polita bada ere, garai honetan ez dakar ur gehiegi eta triste xamar ikusten dira. Badakit Zimbawe aldetik ikusita askoz ere ikusgarriagoak direla eta hara hurbildu naiz.

Zimbawe: Hegoaldeko Rhodesia zena. Aurrean duten egoera ikusita ez dute irrifarra galtzen zimbawearrak, eta haurrek eskua altxatzen dute agurtzeko, ez dirua eskatzeko beste toki batzuetan bezala (irakur Kenya, Tanzania edo Etiopia). Gaur egun honela dago moneta-aldaketa: Estatu Batuetako dolar bat Zimbaweko 30.000 dolar dira, kanbio ofizialean, beti ere. Eta merkatu paraleloan 900.000 Z$. Beraz, kafe bat hartzera joanez gero, eta kreditu txartelarekin ordainduz gero, kafe hori 30 $ US kosta daiteke (edo gehiago). Beste adibide bat, gaur egun pizza bat kostatzen denarekin orain hamar urte etxe bat erostea posible zen. Hiperinflazioa deitzen diote. Hitz potoloak ekonomian adituak ez garenontzat. Giroan dasta daiteke jendea ez dagoela pozik gobernu eta presidente honekin, baina… Lehengoan safariak saltzen dituen agente batek zera esan zidan: “zuei behintzat diktadorea hil zitzaizuen gureak hor darrai…”. Martxoan dituzte hauteskundeak, eta ea ipurdia mugitzen duten. Kalean dendak hutsak daude. Jan aukera zabalik ez dago, ur mineralik ez dago, kokakola kostata eta garesti, garagardoa noizean behin… gasolina merkatu beltzean erosten dute, Botswana edo Hego Afrikatik ekarrita. Mozanbikek askotan argi-indarra mozten dio, ez ordaintzeagatik… eta abar luze-luze bat. Duela hamar urte hasi ziren zulo honetan sartzen, gobernuaren politikaren ondorioz, baina 2007an lurra jo dute. Hala eta guztiz ere, nola diren gauzak, zimbawearrek ez dute irrifarra galtzen.

2007-11-12

Permalink Guztiak, 296 hitz  

Malawi lakua eta Ilala itsasontzia

Ilala lurrunezko ontzi zahar bat da, 60 urte beteko ditu hemendik gutxira Malawi lakuko uretan. Eskozian egin eta pusketetan ekarri eta gero hemen osatu zuten. Aukera paregabea da atseden modura bi egunetan Malawi iparretik hegora zeharkatzeko, sekulako eszenografia baten laguntzarekin: ur garden-gardenak, karibear usaina duten hondartzak, txalupa eta kanoa tradizionalen joanetorri koloretsua, arrantzaleak… Dena marko idiliko batean sartua.

Eta gainera hondartzetan bertan dauden baobab zuhaitz erraldoi batzuen babesean. Apartekoa. Afrikarako beste bidaia batean kontatu zidaten, jainkoek, herriarekin haserreturik zerutik bota ziela zigor moduan zuhaitz bat eta lurrera iritsi zen bezala sartu zela, aldrebesean sustraiak gora zituela. Horra hor baobabek duten itxura. Mitoak mito eta legendak legenda ezin ukatu zuhaitzok asko edertzen dutela Afrikako paisaia.

Ilala ontzian bestelako ikuspegi bat dut, ordea. Lemazain edo gidaria ez da bertakoa, zuria da. Honek denbora gehiago igaroten du tabernako barran finkatuta berari dagokionari eutsita baino, lemari alegia. Hori bai, ezin uka, zerbeza eta zerbeza artean bisita bat egiten diela mandoei. Nairobiko hotelean kafearekin itsututa zegoen bat ezagutu banuen, orain arrainekin dagoena ezagutu dut. Belgikakoa da eta bostgarren aldia du Malawin –“oraingoz”, esan dit-, beti ere, arrainak ikustera etorrita, munduko beste bazterretan arrainik egongo ez balitz bezala. Luxenburgoko banku batean lan egiten duen gizon lodikote honek ez du arraina edo aquariuma ez den besterik bere berbetan. Badut beste “bidailagun” bat hain atsegina ez dena, ordea. Eskoziarra da eta futbolarekin obsesionatuta dago. “Gaur Ranger-Barca”, esan dit, eta nik gehiegi ez zaidala axola erantzun diodanean, zera erantzun dit: “futbola gogoko ez duen jendearengan ez dut uste onik”. Txalo bat, Mc Scottish jauna. Mintzagaia aldatuta eta gure bidaien inguruan ari ginela, ni Istanbuletik abiatu nintzela esan diot, “ni ere bai”, erantzun du berak, “Galatasaray taldearen partidu bat ikustera joan nintzen”. Eskerrak gure hizketaldia hortxe amaitu den. Ohartu naizenez, oraingoz jatorrenak, edo naturalenak behintzat, malawiarrak dira.

:: Hurrengo orrialdea >>

Noraezean ibiltari

Haize batek bultzatu nau etxe ataritik irten eta noraezean ibiltzera. Bizipen berriak izatera. Enperadore, Sultan, Errege, heroi eta pertsonaia garrantzitsuen biografia osoak ditugu gure apaletan. Baina kaleko jende xehea nola bizi den jakin nahi dut. Ikusiz ikasi. Istanbuletik hasi, derrigorrezko atea delako, Ekialde Hurbilean antzinako merkataritza bideak jarraitu, gaurko errepideetatik noski, eta Afrika beltzaren ekialdean barneratu hegoaldera, bidexkek eramaten nauten lekuraino. Nire denboraren orratzak gelditu egin dira. Errutinak joko du berriro nire atera urte berriarekin. Bitartean ibili eta amestu.

| Hurrengoak >

Martxoa 2019
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
        1 2 3
4 5 6 7 8 9 10
11 12 13 14 15 16 17
18 19 20 21 22 23 24
25 26 27 28 29 30 31

Bilaketa

Atalak


Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!