Berria.infoko blog komunitatea

Login

Eskuorri galdua

Oier Guillan

Mezua: Petit Theatre de Pain-en "Aulki hutsa"

2008-02-10

Permalink ahanzturaren kronika, 534 hitz  

Petit Theatre de Pain-en "Aulki hutsa"

Atzo, aspaldiko partez, euskal teatroa ikusi nuen.

Euskal teatroa zer den ez dakit, ez zer izan daitekeen. Nik zer nahi nukeen izatea dakit soilik. Hala ere ez dut burua hautsiko lerro hauetan. Atzo, aspaldiko partez, euskal teatroa ikusi nuela iruditu zitzaidan.

“Aulki hutsa” antzeztu zuen Petit Theatre de Pain taldeak Donaixtiko Gaztetxean. Manex Funch aktore, Battit Elizalde oholtza gaineko lagun, Ander Lipus zuzendari.

Hau ez da kritika bat. Ez naiz objektiboa, eta ez dut izan nahi ere.

Aretoa lepo. Giro ederra. Ikusmira. Ezustea. Kalitatezko teatroa. Gozamena.

Joseba Sarrionandiaren olerkiak aukeratu ditu Manex Funchek “Aulki hutsa” josteko. Estetika, energia eta zenbait sorpresa atseginetan Lipusen eskua sumatzen zen. Atzo, aspaldiko partez, euskal teatroa ikusi nuelakoan nago.

Zergatik?

Aspaldiko partez euskaraz sortutako antzezlan bat ikusi dudalako, erdaratik itzuli gabekoa alegia. Tontotzat hartzen ez nauen antzezlan bat. Formatu txikikoa, egia da, agian ez delako posible egun horrelako lan bat kausitzea antzoki handitan, edo merkatu handitan esan behar nuke.

Eskenaratzea xumea, baina xehetasun bakoitzean zaindua. Dela argia, dela musika, dela oholtza gaineko elementuen erabilera. Eta interpretazioa, nola ez; oso elementu gutxirekin sortzen diren une piktoriko ederrak. Eta energia. Eta poesia.

Poesia batik bat. Interesgarria iruditu zitzaidan oso, testuen erabilera. Poesia antzerki bilakaturik. Noren eta Sarriren poesia. Ez zen erronka makala, eta emaitza aintzat hartzekoa. Ahaztu egiten du entzuleak poesia errezitaldiek, errezitaldien topikoek izaten ahal duten karga, pisua. Ahaztu egiten du ikus-entzuleak poesia dagoenik batik bat antzezlanaren oinarrian, baina garrantzitsuena dena, poesiari zukua atereaz, hitzetan errespetu osoz sakonduz, poetikotasuna gorputzaren xehetasunetara, ahotsera, mugimenduetara ekarriaz.

Beti iruditu zait interesgarria poesiak eta antzerkiak elkarri egin diezaioketen ekarpena, interesgarria eta zaila. Atzokoan “Fitola balba, karpuki tui” liburuan oinarritutako muntaia izan nuen gogoan, eta publiko gisa gozatu egin nuen, beste harekin gozatu nuen bezala.

Beti egon daitezke gauzak hobetzeko, noski. Ondoan nuen lagun batek adierazi zidan moduan, adibidez, tarteka aktorearen gorputzari kosta egiten zitzaion ahotsak adierazten zuen energiari jarraitzea. Baina antzezlanaren bigarren emanaldia zela aintzat hartuta, ez da denborak, oholtzak zeharkatzearen poderioz, konpondu ezin duen ezer.

Azkenik, edukien aukeraketaren aipamena: Sarriren eskutik, gertuko gaiak, politikoak hitzaren zentzurik zabalenean, panfletotik urrun, poesiaren errealitatetik, errealitatearen poesiatik, eskergarria zinez. Modu ederrean josiak. Arestian aipatu bezala, publikoko kideak agian tontoak gara, baina ez dugu tontotzat har gaitzaten nahi, eta nik behintzat behar ditut horrelako sormen lanak (ere).

Atzo, hori guzti hori. Poesia… eta tortura, eta zentsuratutako komunikabideak gogoan, eta askatasunaren definizioak.

Ez naiz ezer, inor, idealizatzearen aldekoa, saiatzen naiz behintzat ez idealizatzen. Ez dut iparraldea idealizatu nahi. Baina egia esan, hori da iparraldeko herrietan azkenaldi luzean topatzen dudana behin eta berriz, idealismo aktiboa. Bere muga guztiekin noski, baina hegoaldean galdu dugun hatsa dute zenbait ekimenek. Teatroari dagokionez: egunotako adibideak, “Aulki hutsa”z gain “Tartean” eta “Juglarea, puta eta eroa” antzezlanak Petit Theatre de Pain taldearen eskutik, Theatre du Rivageren zenbait gauza, Maskaradak, Kaukasiar klerazko borobila, Antton Luku, Maiatz aldizkarian han-hemenka topatutako antzerki-altxorrak…

Bien artean Zapatero Donostian, bere “progre”-soa saltzen, eta guretzat Donaixtitik itzulera bide luzea. Eta bidean, nola ez, kontrolak. Donaixtitik ironia eraman dugu behintzat opari, ironia poetikoa, itxaropena izateko arma bat. Eta kontrolak pasa ditugu, frantsesak, espainolak, eta mugarik gabe bizi dugun gau ederra ezin mugatu: joango ote dira, abiadura handiz, hemendik A(H)T?

“Aulki hutsa”. Gaur 17:00etan Donibane Garaziko Kalaka ostatuan, apirila aldera Donostian.

Erantzunak:

Bidaltzailea: Jakes Larre [Bisitaria] · http://www.ptdp.eke.org
Artikulu honekin esteka zuzena sortu dugu Petit Théâtre de Pain taldearen bitakoran. Hiru sorkuntzak aurkeztuak daude bertan baitan ondoko emanaldien egutegia ere.

http://www.ptdp.eke.org
Permalink-a 2008-02-13 @ 08:55

Erantzun:

Zure eposta ez da orrialdean erakutsiko.
Zure URL-a erakutsiko da.
Onartutako XHTML etiketak: <p, ul, ol, li, dl, dt, dd, address, blockquote, ins, del, a, span, bdo, br, em, strong, dfn, code, samp, kdb, var, cite, abbr, acronym, q, sub, sup, tt, i, b, big, small>
URLs, email, AIM and ICQs will be converted automatically.
Aukerak:
 
(Lerro saltoak <br /> bihurtzen dira)
(Izena, eposta & url-arentzako cookiak finkatu)
authimage
Erantzuna bidaltzeko idatz ezazu goiko eremuan egiaztapen kodea; goiko aldean ageri den zenbakia, alegia. OHARRA: Zure erantzuna onartzen ez bada, orrialdea berriro kargatu eta kode berria sortu beharko duzu erantzuna bidali aurretik!

Eskuorri galdua

Poesia uneak, teatro momentuak, publikoon begietako artxibategia eguneratzeko ahalegina... Ezertarako balio ez duten gauzak dira beharrezkoenak.

Urtarrila 2019
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
  1 2 3 4 5 6
7 8 9 10 11 12 13
14 15 16 17 18 19 20
21 22 23 24 25 26 27
28 29 30 31      

Bilaketa

Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!