Berria.infoko blog komunitatea

Login

Eskuorri galdua

Oier Guillan

Atala: Testuak

2011-09-26

Permalink Testuak, 42 hitz  

Desfinizioak

Antzerkia:
Antzerkia norbaitek asmatutako errealitate uneak dira.

Oraina:

Gertatzen den fikzioa
eta gertatzen ez den errealitatearen arteko
desoreka hautatua.

Aktorea:
Fikzioa izan
errealitatea nahikoa ez denean.
Errealitatean aktore izan
fikzioa nahikoa ez denean.
Erabaki zer den errealitatea.

Profesionalizazioa:

Teatroa ofikzio bat da.

2010-04-04

Permalink Testuak, 386 hitz  

ZALE BAT ZER DEN

Munduak entretenitu dezaten nahi du
baina aztoratu beharra dago
aztoratu aztoratu

(…)
Thomas Bernhard, Minetti

Askotan, noizean behin, gutxien espero izan dudanean entzun diot irakurle amorraturen bati dardarka jarri nauen aitortza: nik ere idazten dut, baina niretzat, ez diot inoiz inori erakutsi. Testuak erakutsi agian ez, baina bai hitzaren lilurak sortzen duen grina.

Argi ikusi izan dut –zale horren aitzin dagoenaren perfila. Musikazale zer den ezagutu nuen lehenik agian, literaturzalea izan nintzen ostean eta horrek nire modukoak ezagutzeko bideak eman zizkidan (klubak, taldeak, fantzineak, errezitaldiak…); bertsozale entzuteak kontzeptua zabaldu eta praktikara joan nahi duten gogoetekin bete zuen orain dela ez asko.

–zale horren gerizpean modu hotzean ‘hartzailea’ deitu izan duguna dago. Azken hamarkadetan kulturari loturiko merkatuaren adiera mugatu baten eraginez nagusitu den sorkuntzaren zabalkuntza mota iraultzeko prest dagoen kontzeptua: zalea ez da hartzaile pasiboa, maite duen horrekin duen harremana hainbat modutan bizitzeko prest dago, harremanen eta ekitaldien sareak osatuz askotan, egilea bezain funtsezkoa (eta sortzailea) da elkartu dituen komunikazio prozesuan.

Antzerkiaren kasuan merkatuaren adiera pobre horrek programatzaileak behar ditu, erabilera mugatuko kultur etxeak, antzerki talde edo konpainiak baino gehiago antzerki enpresak, errentagarriak izango diren proiektuak, kontsumitzaileak baina ez zaleak. Horrek ez du beti zerikusirik maitasunarekin, ezein arlotako zaleen sareen sorrerak kultura ulertzeko modu triste horren aurreko erreakzio bat suposatu dezake askotan.

Antzerkiaren kasuan oraindik ez dut argi zein den teatro-zalearen perfila, eta nola aktibatu daitekeen. Antzerkilari askok bai, piztu du barruko zalearen gosea, hasiak dira sortzen lagun batek ‘sasi-sareak’ deitu dituenak. Antzerki talde amateurretan egon daiteke funtsa horren beste izpi bat.

Thomas Bernharden ‘Minetti’ antzezlan ederra irakurri dut berriki (Hiru argitaletxeak kaleratutako bertsioa). Bertan Minetti aktoreak kontatzen du nola bidali zuten erbeste artistikora, klasikoak antzeztu nahi ez zituelako. Lear zen salbuespen bakarra. Horregatik eman zuen urte mordoa egunero ispiluaren aurrean Lear zatika antzezten, hilean behin osorik.

Zer da teatro zale bat? Ez dakit, baina bat batean ehunka pertsona imajinatu ditut egunero gauza bera egiten, sekretuan kasik, ispiluaren aurrean: Rodrigo Garcia batek, Lukuren antzezlan zaharrak besteak, Otamendiren poemak bakarrizketa eginik… eta ederra izan da.

Hogeita hamar urtez
egunero egunsentiarekin
Learren maskara jarri dut
ispiluaren aurrean,
hogeita hamar urtez egunero Lear, unetxo batzuk,
Dinkelsbülen
(…)

Nire arrebaren ganbaran Dinkelsbülen
hilak hamahiru zituenean beti
Lear antzezten nuen ispiluaren aurrean
gaueko zortzietan, hutsik egin gabe
Ensorren maskararekin, maite,
praktika ez galtzeko.
(…)

Horiek ahaleginak,
Dinkelsbülen nire arrebaren ganbaran
artista izatea
(…)

Thomas Bernhard, Minetti

2009-11-04

Permalink Testuak, 117 hitz  

Hiru La Zaranda

Hiru argitaletxeak La Zaranda taldearen azken hiru obren testuak bildu eta argitaratu ditu liburu bakarrean: Homenaje a los malditos/Los que ríen los últimos/Futuros difuntos.

La Zaranda ezinbesteko erreferentzia da askorentzat. Testu hauek irakurrita zaila izango da (tankera honetako taldeekin gero eta gehiagotan gertatzen ahal dena) haien estetika, hizkera eta tonuen sakontasuna atzematea, baina dokumentu gisa oso baliagarria da.

Zoragarria litzateke inoiz nazioarteko egile garaikideen itzulpenak edukitzea euskaraz, bestalde: La Zarandako Eusebio Calongerekin batera, aipatu izan ditugu txoko honetan Rodrigo Garcia, Angelica Liddell…

Haien lanak ikusi ostean hartuko dute testuek beste oihartzun bat agian. Gasteizen izan dira berriki, ea hurrengo aukera laster sortzen den.

http://www.hiru-ed.com/COLECCIONES/SKENE/Teatro-de-la-Zaranda.htm

http://www.lazaranda.net/

2009-09-23

Permalink Testuak, 277 hitz  

RODRIGO GARCIAREN ERRAUTSAK

La uña rota argitaletxeak “Cenizas escogidas. Obras 1986-2009” liburua kaleratu du berriki, Rodrigo Garcíaren teatro testuak biltzen dituen bilduma.

Egileak berak honako hau dio liburuaren hasierako oharrean:

“Liburu honetako hitzak hondakinak dira; bere egunean teatro-muntaia bakoitzean proposatutako unibertsoari erreparatuz gero uler daitezke soilik, bestela testuingururik gabe daude, egitura dramatikorik gabe, eta ohiko irakurketa egiteko ere dorpeak suerta litezke”.

Teatroak maitasun-gorroto harremana du aspalditik hitzarekin, XX. mendeko ikerketa eta abangoardien eragin erabakigarriaren eraginez batik bat: teatroa literatura da? hitzak antzezlanaren elementu bat gehiago izan behar luke soilik? egun posiblea da etxean lan egiten duen teatro-idazlearen figura? dramaturgia bat gehiago izanik ere, nola zaindu behar litzateke hitza?

Rodrigo Garcíaren testuak ezin dira eztabaida hortik at ulertu, hankamotz eta ahul daudelako paperaren bakardadean. Baina era berean teatroan hitzak izan dezakeen balioa duintzen dute: edukien gaurkotasuna erabatekoa da, kontraesana irudi lezakeen arren estilo aldetik gordintasunak eta kritikotasunak gertukoak egiten dute esandako oro, karga poetikoa handia da, eta era berean akotazioak eta pertsonaien karakterizazioa minimora ekartzeak aktoreen lanari ateak zabaltzen dizkio, mugak jarri beharrean.

Interesgarria litzateke García bezalako egile baten lanak euskaraz irakurri (eta taularatu) ahal izatea. Hau da, egile garaikideen lanak itzultzeak praktikotasun erantsia emango lioke material gisa, sarritan testuen bila ibilita gaiei eta estiloei erreparatzean hutsuneak bizi dituztenentzat (eskola lantegiak eta talde hasi berriak, bereziki).

Rodrigo Garcíaren testuek sortzen didaten antzeko zirrara (“Notas de cocina” edo “Haberos quedado en casa, capullos” kasu) sentitu izan dut Angelica Liddellekin, edo gertuago Bilboko Trashumantes konpainiako testuak idazten dituen Pasos ezizeneko egilearekin (Miren Gaztañagak antzeztutako “Crónica de la noche abierta”) eta J.B. Pedradasen “Pepino ustelak (hozkailuan)” lanarekin.

Informazio gehiago:

http://www.rodrigogarcia.es/
http://www.larota.es

2008-08-13

Permalink Testuak, 284 hitz  

(g)uneak XII. Belgrado.

(g)uneak XII. Belgrado.

Antzezlana liburu baten barruan. Angelica Liddellen “Belgrado. Canta lengua el misterio del cuerpo glorioso” izenekoa. Artezblai argitaletxeak kaleratu berri du.

Ez dakit udarako irakurgairik aproposena ote den. Ni behintzat izugarri ari naiz gozatzen (horrelako gai batekin “gozatzen” ahal bada), oso lan interesgarria iruditzen zait. Nola egiten duen jolas pertsonaien ahotsekin, ohiko elkarrizketen tempoa eta banaketa apurtuz tarteka, testuaren karga poetikoa, krudeltasunaren erabilera, Jugoslavia ohiko erraietara eginiko ikerketa-bidaia…

Ez dakit zer harremana duen Liddellek Bosniarekin, gertutik ezagutu ote duen han gertatutakoa, baina oso interesgarria da eskaintzen duen ikuspegia, gerra bati loturiko zikinkeria sakonean murgiltzeko beldurrik ez duena. Eskertzekoa da gerra pairatu ondoren titularretatik erori ahala ahanzturara kondenatzen ditugun herriak (eta herriak osatzen dituzten pertsonak) aintzat hartzea.

Orain gutxi nire lagun bat izan da Gorazden (Bosnia i Herzegovinako federazio kroaziar-musulmanaren mugan gelditu den herria), gerra amaitu zenetik urtero bezala hango adiskideak bisitatzen. Memoriaren bidea, oroitzapenek elkarbizitzarako duten erronka. Karadzicen atxiloketaren berria jaso zuten afari batean zeudela; luzez (ustez) ezkutatua egon eta gero atxilotu dute, estatu interes ezkutuak medio. Gorazdeko adiskideak kalera irten ziren hala ere, berria ospatzera. Hurrengo batean Mladic atxilotzeko unea iristen denean utziko dio Drina ibaiak odolez kutsatua egoteari; orduan hasiko da garbitzen, agian, pixkanaka, horrenbeste hildakoren mina eraman duen ibaia. Orduan hasiko dira Srebenicako emakumeak lasaiago lo egiten. Agian. Apur bat bada ere.

Egunotan Osetiako berriak heldu zaizkigu, Georgia eta Errusiaren eraso militarrak, argazkiak, titularrak. Ez da Liddellen “Belgrado” udarako irakurgairik erosoena, mundua ere ez delako erosoa. Baina ahaztea eta begiak ixtea erosoagoa dela pentsatzea ere…

“Hemen askatasuna zu bezalakoa ez dena laidotu ahal izatea da. Gerran zehar denek zuten ezberdinak zirenak umiliatzeko askatasuna. Norberak askatasun mota hori sentitu duenean, oso zaila da erabiltzen jarraitzeari uko egitea.”

Angelica Liddell

:: Hurrengo orrialdea >>

Eskuorri galdua

Poesia uneak, teatro momentuak, publikoon begietako artxibategia eguneratzeko ahalegina... Ezertarako balio ez duten gauzak dira beharrezkoenak.

| Hurrengoak >

Otsaila 2019
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
        1 2 3
4 5 6 7 8 9 10
11 12 13 14 15 16 17
18 19 20 21 22 23 24
25 26 27 28      

Bilaketa

Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!