Berria.infoko blog komunitatea

Login

Eskuorri galdua

Oier Guillan

Atala: ahanzturaren kronika

2011-09-30

Permalink ahanzturaren kronika, 119 hitz  

Dantza hirian, kaleari kale egin gabe

Ez da astebete pasa Dantza Hirian ekimena Errenteria/Oreretan izan zenetik. Lau pieza ikusi ahal izan ziren herriko gune ezberdinetan.

Horrelako ekimenek erraz uzten dute zapore gozo bat: kalea okupatu kultur adierazpenekin, egokitu komunikazioa kaleko kodeetara, jendearen bila joan haren zain egon gabe. Kaleak badu indar misteriotsu hori, erraza da edozein proposamenekin jendearen berehalako atentzioa harrapatzea. Hortik aurrera doa jokalarien erronka, zelan mantendu eta asetu jendearen berehalako erantzun hori.

Plazer handia izan zen beraz dantza kalean ikusi ahal izatea. Ikusitako piezen artean zen Kukairen ‘Aupa mutil!!’, Iker Gomezekin batera sortutako lana. Bilakaera nabarmena suma liteke Kukairen ibilbidean, pieza honekin dantza tradizionalari loturiko esperimentazio-oinarria mantentzen dute teatro fisikoaren kodeetara gerturatuz, umore dosi handiekin.

Bada umorerako gaitasuna baino heldutasun adierazpide argiagorik?


2011-05-03

Permalink ahanzturaren kronika, 210 hitz  

Bideak

ADEL

ADEL

Ez da egia beti kexaka gabiltzanik. Entzun nahi ez dutenek jarri diguten etiketa da hori. Kexua sarri ez delako kexua, aldarria baizik; gogoetarako nahia, gauzak beste era batera egiteko gogoaren isla. Eta garrantzitsuena dena: ez kexuak ez aldarriak ez dute zertan geldirik egoteko aitzakia izan behar, kontrakoa baizik.

Artedramak Aulestin antolatutako ADELen eman ditut egun batzuk, eta beste behin ere animatua bueltatu naiz. ADELek badu formaziotik, badu erakusleihotik, baina batez ere eta oinarrian badu topalditik. Hitzordutik hitzordura, emanalditik emanaldira arnas hartzeko geratzen diren zirrikitu bakanetan ematen diren hizketaldiak, galderak, erantzunak, horren lekuko dira.

Antzerkia funtsean talde-sorkuntza da. Hori da batzuetan madarikatzen dugun ezaugarria, besteetan aurrera egiteko elikatzen gaituen zera. Proiektuak aurrera ateratzea eta antzerkia egitea bezain zirraragarria zaigu besteen lana ikusi ahal izatea, haren berri zuzenean jasotzea, izan lantegi fisikoen ala emanaldi sortaren modura.

Aulestiko kasuan eredugarria bezain ez ohikoa da udalaren inplikazioa ekimenean, eta batez ere herriko jendeak antzezlanei eskaintzen dien harrera paregabea. Horregatik bakarrik altxorra den plaza da antzerkia egiten dugunontzat.

‘Bidean harriak topatzen ahal dira, baina ez gara harri izateko jaioak’, horixe esango dio Gure bide galduaken Kattalini langile mugimenduan murgildurik dabilen osabak. Ez gara harri izateko jaioak. Bidea ibiltzeak berak ekartzen digu gogora, hain zuzen ere, zein den bidea. Gehienetan bidearen ertzean nahi bagaituzte ere.

2011-03-16

Permalink ahanzturaren kronika, 223 hitz  

'La Zaranda' atzo Eibarren

La Zaranda

La Zaranda taldearen Nadie lo quiere creer azken lana ikusi ahal izan genuen atzo Eibarren, antzerki jardunaldien egitarauaren barruan.

La Zarandaren lana ezagutzen dutenek bere ohiko poetika topatuko dute lan berrian ere: elementu gutxirekin paisaia eszeniko ugari sortzeko gaitasuna, testuaren karga lan fisiko eskergarekin janzteko joera, umorea eta absurdua, gainbeheraren hatsa. Tadeusz Kantorren hainbat elementu etortzen ahal zaizkio gogora zaleari: objektuen presentzia, egurra, heriotza, manikien eta panpinen erabilera gizakion ispilu moduan, oroimena eta haren mamuak…

‘La Zaranda: teatro Inestable de Andalucía la Baja’ da konpainia definitzen duen izen osoa, orain hogeita hamahiru abiatu zirenetik nazioartean oihartzun zabala lortu duen taldea, Andaluziako sakoneko nortasun ezaugarrietatik abiatuta lengoaia propioa lortu duen proiektua.

La Zarandaren lanak askotan ikusi dituztenek diote, agian errepikakor suertatzen direla lan berriak, harridura sortzeko gaitasuna gero eta urriagoa dela. Hala izanik ere, lan gozagarria da Nadie lo puede creer, ederra bere ilunean, aktore bakoitzaren dardara fisikotik ikuslea harrapatzeko gaitasuna dute, testua bikain lotua dago… ederra litzateke astero horrelako bat ikusi ahal izatea.

Eusebio Calongek sortu du testua beste behin ere, aurreko lanean (Futuros difuntos) baino narratiboago agian, sinpleago eta zuzenago. Hiru argitaletxeak eman izan digu Calonge eta La Zarandaren testuak paperean irakurtzeko aukera. Zaila da paperean oholtza gaineko indarra eta magia harrapatzea, hala ere sakontasun propioa atzematen zaie Calongeren testuei.

La Zarandaren estetikan sakontzeko interesgarria da Rastros de olvido argazki liburua ere.


2011-03-14

Permalink ahanzturaren kronika, 182 hitz  

Gure bide galduak

Larunbatean Dejabu taldeak Gure bide galduak antzezlanaren aurrestreinaldia eskaini zuen Itsasuko Sanoki gelan, Harri Xuri eta Korrika Kulturalaren ekimenez.

Publiko gisa plazer handi bat da prozesuan den lan bat egileekin konpartitu ahal izatea, Dejabukoek azaldu zutenez oraindik lantzen eta zehazten dabiltzan sorkuntza baita Gure bide galduak. Dejabukoen lana oso aurreratua zegoen nolanahi ere, aretoa lepo bete genuenok haien teatro proposamenaz gozatu ahal izan genuen: objektuetan oinarritutako teatro fisikoa, poesiaren eragina, nolabaiteko errealismo magikoa, aktoralki egindako lan handia istorio zehatz bat kontatzeko nahiari atxikia.

Franco diktadorea hil eta gutxira kokatu dute istorioa Dejabukoek, ilusioz beterik zegoen Euskal Herrian, eta hortik abiatu dute hain zuzen pertsonaien bidezko gogoeta: utopia eta desenkantua, amesten jarraitzeko beharra. Gaurkotasun handiko gaia, ziur aski.

Dejabuko kideak diren Ainara Gurrutxaga eta Urko Redondo Errautsak antzezlanean ikusi ditugu azkenaldian. Gure bide galduaken kasuan Iñigo Aranbarri, Maria Alonso eta Miren Alkalarekin igo dira Dejabukoek eskuz fabrikatutako oholtzara, aktore talde indartsua osatuz. Arantxa Vicedo izan dute zuzeneko musikarekin bidelagun.

Artedramak antolatutako ADEL jardunaldietan emango dute beste urrats bat apirilaren bukaeran eta maiatzaren 13an estreinatuko dute ofizialki antzezlana Oreretako Niessenen. Agendan apuntatzeko moduko data.

2010-03-21

Permalink ahanzturaren kronika, 345 hitz  

PIZTIA POETIKOA

Ostiralean Ximun Fuchsek Juglarea puta eta eroa antzezlana eskaini zuen Zarautzen, Putzuzulo amets frabrikak antolatutako Braimstorming hitzorduaren barruan.

Juglarea… Donostiako Antzoki Zaharrean ikusi nuen estrainekoz. Orduko hartan aspaldian ikusitako antzezlanik osoena zela iruditu zitzaidan, batez ere aktore lanaren eta zuzendaritzaren aldetik: ez duzue topatuko soberako artifiziorik bertan, ez argi eta soinu joko ikusgarririk. Bai ordea bere lanari osoki emandako aktore baten energia itzela, teknika zehatza, ahots dramatikoaren poetika, komunikatzeko eta transmititzeko gaitasuna biluzten duen oholtzako piztia.

Aurretik ikusia banuen ere ostiralean astindu egin ninduen barrutik, eta hunkitu. Antzokian ez bezala, komunikazioa osoagoa egin zitzaidan gaztetxearen areto txikian: aktorearekin aurrez aurre geunden, haren lanaren xehetasunekin, gorputzaren zehaztasunarekin, euskararen koloreekin. Ikusi nuen lehen aldian bufoia eta eroaren bakarrizketekin gozatu egin nuen, bigarrenarekin apur bat sufritu, tonu aldaketa handia izanik aurreneko bakarrizketako zipriztinak gordinkeriaren zirrikituetatik iragazten zirelakoan. Ostiralean berriz bidea egin duen lanaren heldutasuna topatu nuen.

Emanaldia hasi aurretik ere ikusi genuen Ximun Fuchs lanean. Eskenatokia goizetik atondu eta arratsaldea xehetasunei beha pasa zuen, beroketak egiten, indarrak neurtzen. Oholtzatik at gertuko pertsona izan daitekeen arren errespetua ematen zuen familiagatik, proiektuengatik galdetzea, hain zegoen berean murgilduta. Emanaldia eskaini behar duen lekura iristen den unetik bere lanari emana sumatuko duzun profesionala da, egiten duen hori ogibide ez ezik bizi-bide ere baduelako.

Eta bizi-bide duelako hain zuzen ere topatuko duzu antzezlan hau berdin Viktoria Eugenian edo zure herriko gaztetxean: kalitatea ez delako sariekin neurtzen, areto garestiekin, titular handiekin. Kalitatea eta profesionaltasuna sortzailea eta publikoaren arteko harreman intimoan gauzatzen da, eta horretarako ez dago oholtzen arteko klase borrokarik. Antzoki batean gozatu ostean ostiralean estimatu egin nuen kalera etortzeko, jaisteko borondatea. Publikoa batzuetan pertsonak direlako, eta ez soilik eurotan kontatzen den masa abstraktua. Baztertuak diren antzezlaneko pertsonaiei erreparatuta kontraesana litzateke bestela.

Badira ene gogoa zeharo harrapatzearekin batera, transmititzen duten guztiagatik sortzeko gogoa pizten didaten filmak, kantak, liburuak, antzezlanak. Ostiralekoa izan zen haietako bat.

Ikusleok opari baten moduan jaso genuen: eskerrik asko, Ximun. Eskerrik asko, Braimstorming.

OHARRA oraino ikusi ez duenak (edo errepikatu nahi duenak) aukera berria ukanen du apirilaren 11an Donostiako Doka kafe antzokian, eta maiatzaren 15ean Lekunberrin.

PTDP:

http://www.lepetittheatredepain.com/

:: Hurrengo orrialdea >>

Eskuorri galdua

Poesia uneak, teatro momentuak, publikoon begietako artxibategia eguneratzeko ahalegina... Ezertarako balio ez duten gauzak dira beharrezkoenak.

| Hurrengoak >

Otsaila 2019
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
        1 2 3
4 5 6 7 8 9 10
11 12 13 14 15 16 17
18 19 20 21 22 23 24
25 26 27 28      

Bilaketa

Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!