Berria.infoko blog komunitatea

Login

Eskuorri galdua

Oier Guillan

Atala: Ttor-ttor

2007-09-07

Permalink Ttor-ttor, 715 hitz  

...eta hamaika: HAUTSIEN ERAUNTSIA

Azkenaldian "hautsia" hitza behin baino gehiagotan topatu dut ene bidean.

Ttor-ttorek tarteka antzerkiaren munduan lanean dabiltzan lagunekin afaltzeko ohitura du. Txandaka, etxez etxe, tortilla patata eta ardoa irentsiz. Irentsiz. Elkarri jaurtitako ametsen amuak, halaber, irentsiz.

Orain gutxi hitzordu horietako baten afalostean, topa egiten saiatu ziren, beste behin, egunerokotasunari aurre egiteko asmoz edo, elkarri adorea ematearren edo. Hauxe duzue brindis horren kronika ttipia:

A: Hutsik dagoena bete, eta altxa ditzagun besoak! Topa egin dezagun euskal antzerkiaren egoera oparoarengatik!

(Isilune laburra, besteen nahasmena).

B: Oparoa? Oparoa esan duzu? Tira, oparoa-oparoa... paroa bai, galanta baina... Itxoin! Nik proposatuko dut bat:
Hutsik dagoena bete, eta altxa ditzagun besoak. Topa egin dezagun diru laguntzak eta programatzaileen lanagarentik!

(Isilune laburra, besteen nahasmena).

C: Ziur zaude? Zuk zenbat programatzaile ezagutzen dituzu, zenbat diru laguntza jaso dituzu?
B: Brsbrsbrs... batzuk bai.
C: Nik egia esan gehien ezagutzen ditudanak tabernetako eta gaztetxeetako “programatzaileak” dira. Eta subentzioak... antzezteagatik jasotako bokadiloek balio dute? Itxoin! Nik proposatuko dut bat:
Hutsik dagoena bete, eta altxa ditzagun besoak! Topa egin dezagun taularatzen gatzaizkizun euskaraz lanengatik!

(Isilune laburra, besteen nahasmena).

D: Esaldi hori zurea da?
C: Ez, gazteleratik itzuli dut, instituzio baten memoria batetik.
D: Ba ez du balio, ez dago euskaraz pentsatuta, ez sentituta. Itxoin! Nik proposatuko dut bat:
Hutsik dagoena bete, eta altxa ditzagun besoak! Topa egin dezagun euskal sortzaileen formazioarengatik!

(Isilune laburra, besteen nahasmena).

E: Formazioa? Formazioa esan duzu? Formazioa baino, farmazia esango nuke nik, kanpora joateak ekartzen dizkigun buru hausteak ikusita. Itxoin! Nik proposatuko dut bat!
Hutsik dagoena bete eta altxa ditzagun besoak! Topa egin dezagun euskal antzerkiaren esperimentazioa eta ikerketagatik!

(Isilune laburra, besteen nahasmena).

F: Tira, esperimentazioagatik topa egiteko lehenbizi esperimentazioa nonbait topatu behar duzu.
E: Ei txo, zeozer-zeozer, egon badago.
F: Zeozer... bai, guk topatu dugu zeozer baina... Itxoin! Nik proposatuko dut bat:
Hutsik dagoena bete eta altxa ditzagun besoak! Topa egin dezagun euskal teatroak bere amets eta utopia propioak gauzatzeko duen gaitasunagatik!

(Isilune laburra, besteen nahasmena).

TTOR-TTOR: Oso polita, kristona! Hori bai ederra! Eta zeintzuk dira amets eta utopia horiek?
F: Ba horiek dira... dira... ba... ez dakit... tira, azken urteotako estreinaldi gehienak hartzen badituzu ba... berez bertako ideia originalak... bertako testuak... nortasun propioa dutenak, ba... (Larrituta) Beno aizu, agian euskal teatroa oso unibertsala da eta edozein gauza erabili daiteke...!

TTOR-TTOR: Itxoin! Nik proposatuko dut bat!
Hutsik dagoena bete, eta altxa ditzagun besoak! Topa egin dezagun elkarrekin topo egin dezagun, elkarrekin hutsik dagoena betetzen has gaitezen, edo beteegia dagoena husten! Hautsia dagoenaren piezak bildu eta zeozer berria sor dezagun! Hautsien erauntsia! Gaur bertan! Emaitza deformatua, edo forma anitzekoa, edo arraroa izan arren, gurea izan dadin!
Gora besoak, gora biyotzak, gora hautsien erauntsia!

(Oraingoan bai, lortzen dute topa egitea).

Biharamunean Ttor-ttorrek burua borborka zuela esnatu zen, eta ez ardoagatik bakarrik. Bart gaueko lagunen gogoetak zituen oraindik azalean bueltaka, oihartzuna laga dion fereka krudel baten moduan.

Lagunen gogoetek ikuspegi posible bat eskaintzen zioten, kezkak sentitzeko modu bat, ez bakarra. Hala ere, barneak eta sormenarekiko maitasunak bultzaturik, manifestu txiki bat idatzi zuen, lagunei bidaltzeko asmoz:

SORMEN HAUTSIAREN DRAMATURGIA

Hautsia dagoen sormen eredu batetik gatoz, eta bertan egiten dugu bidea: pieza hautsiak berreskuratuz, zaborretik jasotako zati solteekin gure mundu propioak sortuz.

Desegina dagoen sormen arlo batetik gatoz, eta goaz. Etorkizunik ez duen sormen arlo batera, orainak pisu handiegia duelako.

Puzzle hautsi batekin jolasten gara, piezen erdia aurrez galdua dagoela jakinik.

Hautsia dagoen horrekin jabetzen gara, hautsia dagoena ere existitzen baita. Sormen hautsiaren nortasuna aldarrikatzen dugu halaber.

Hautsia hizkuntzaren erabilera hautsia dagoelako, hautsia antzerkiaren arloa desegituratua dagoelako, hautsia esperimentazioaren bidez kultura aberasteko balorea hautsia dagoelako, hautsia utopiaren bidea hautsia dagoelako.

Hautsiak gorputzak, ideiak, ametsak, antzokiak, zirkuituak, poesiak, teknikak, ironiak... Hautsiak. Etengabe hutsetik hastera kondenatua dagoen sormen hautsia.

Bide zatiak besterik ez zaizkigu gelditzen, komertzialtasun mugatuaren ikuspegitik hautsiak direlako esperimentatzeko grinak bizi dituen uneak. Bide zati hautsiak, sakabanatuak han-hemenka, sakabanatuak denboran, sakabanatuak espazioan.

Bide zati hautsi eta galduekin osatzen dugu gure bidea. Bide forma anitzekoa, eraldagarria, zaborraren ahaide, gogorra, zaila, zintzoa... ezerosoa. Ez delako erosoa, ez, bide zatiekin egitea bidea. Baina hori da gure aukera, iraun artean.

Ahalegin hautsien fereka da gurea. Behin eta berriz hasten den ahalegin hautsiarekiko maitasun itsua. Somenarekiko maitasuna, antzerkiarekiko maitasuna.

Eta jada hautsia dagoena hautsi nahi dugu berriz, hautsien gudaroste bat osatzeraino, hautsien erauntsi bat. Modu hautsian lan egin, hautsiaren, deformatuaren, gizartetik egotzia eta baztertua dagoenaren edertasuna aldarrikatuz. Hautsien osotasuna osatzeraino.

Horra gure utopia.

2007-07-10

Permalink Ttor-ttor, 58 hitz  

Hamar: Egoa

TTOR TTORREK IDATZIA paperezko aho-zapi batean, txalapartari batekin arteari, sortzaileei eta sortzeko beharrari buruz mintzatzen egon ostean:

EGOA

I.

Zenbaitetan
amets batera gerturatzeko
modu bakarra
amets horretatik
urruntzea da

II.

Inork ez du egorik ez duela
dioenak baino ego handiagorik

III.

Zailena ez da
besteek egiten ez dakiten zerbait egitea

zailena
norberak egiten ez dakien zerbait
egitea da

2007-07-04

Permalink Ttor-ttor, 346 hitz  

Internet eta heriotza

GOGOETA GALDUAK

Patxi Landari eskainia

Sarritan mintzatzen gara teknologia berrien izaeraz, funtzioaz, erabiltzeko maneraz, gizartean izaten ahal duen eraginaz...

Gaurkoan gogoeta horietatik guztietatik landa erabilpen posible bat etorri zait burura: hiltzen den pertsona bakoitzeko webgune bat egon behar litzateke, internet hiltzen diren guztien artxibategi erraldoia izan behar luke, eta ez soilik hildako ospetsuena, hildako politikoena, hildako morbosoena... guztiena baizik, doakoa, gizakiok horren hankamotz dugun memoriari astindu bat eman horren bidez, memorimotzak gu. Morbotik ihesi beti, pertsona bakoitzaren gogoetak, aipuak, betetako ametsak, bete gabekoak, jasoko dituen gunea.

Amets bat hau ere, beste utopia bat, heriotzari guda irabazi ez baina borrokaren bat behintzat irabazi nahi dionaren desioa. Eguneroko ameslari, idazle, borrokalari apal eta ezezagunei omenaldi bat egiteko desioa.

Eta horrelako gogoetak lerro hauetan taularatuz Saramago datorkit gogora, “Todos os nomes” eleberriko protagonistaren lanbidea, eta Paul Auster datorkit gogora, “Brooklyngo erokeriak” liburuaren amaiera aldean protagonistak egiten duen gogoeta:

“Ez zen gure gainean libururik idatziko. Hori ahaltsuentzat eta ospetsuentzat gordetako ohorea da, dohain bereziak dituztenentzat, baina nor arduratuko da bada arrunten, ahaztuen, ia ohartu ere egiten ez garela egunero kalean gure ondotik igarotzen direnen gaineko biografiak idazteaz?”.

Internet izan liteke horretarako tresna agian? Edo ahanzturak ez du erremediorik? Geure burua ahazteraino hiltzen gara? Gure oroitzapenen parte bat hilobira eramaten dituzten (lagun) minekin al goaz apurka gu ere lur azpira, hautsontzietako zigarrokinen modura?

Nire Ttor-ttor adiskidearen hitzak datozkit halaber gogora, amateurtasuna profesionalizatu eta profesionaltasuna amateur bilakatu nahi duen adiskide horren hitzak:

“Poesia batzuetan historia liburuek jasotzen ez dutena jasotzen saiatzen delakoan nago (poesiaren barruan sartzen dut sarri literatura, eta ez alderantziz), sentimendu, amets eta utopien Historia, letra larriz. Arte plastikoek Historia hori bera, poesia hori bera iruditan jasotzen saiatzen direlakoan nago, poesiak egin nahi duen hori bezain xede ezinezkoa. Eta antzerkiak guztien ahaleginak biltzeko gaitasuna du, poesia, arte plastikoak, gorputza, musika, irudia... eta elkartzearen muinean sarri egoten ohi den iraultzaren nahia bereganatzen du, bereganatzen ahal du. Utopiarik xumeenen bidean urrats bat eman, jaso beharrean ekin, hori da bere xedea”.

Heriotzak irabaziko du gerra oro. Errealitate horren aurrean, nire kasuan behintzat, artea dut helduleku bakarra.

Eta non esan hau, ez bada interneten?

2006-06-08

Permalink Ttor-ttor, 400 hitz  

Publikoa xagu bat da

PUBLIKOA XAGU BAT DA

Pertsonaia: Ttor ttor, idealismoa gaixotasun bat dela pentsatzeari uko egiten dion aktore amateurra.

(Ttor ttor bere gelan dago, koadernoaren aurrean. Te bero bat prestatu du; lanpara txiki bat piztu pnndoren zigarroa eramaten du ahora. Idazten hasten da. Bere ahotsa entzuten da OFFean).

TTOR TTOR: Gizpuzkoako herri txiki batean eskaini behar genuen emanaldia, malda gora malda behera bizi ziren mila biztanle inguruko herri txiki batean. Gazteek Udalarekin akordio baten bidez aspaldi lortutako lokal batean prestatu zuten eskenatokia... hala deitzerik baldin bazegoen bederen. Gazteak sutsuki ari ziren lanean gu iristerako. Azaldu zigutenez urteetan ez zuten lurra fregatu ere egin, eta emanaldia zela eta horretan zebiltzan, zigarro eta garagardo artean.
Kotxea hustu eta lanari ekin genion, zorionez edo zoriotxarrez ohituta baikaude tankera guztietako espazioetan eskaintzen gure emanaldia.
Emanaldia hastear zela, betiko kezka: publikorik agertuko al zen. Horretan, izan hiria ala herri txikia, ez dago asmatzerik. Egun horretan behintzat bai, berrogei pertsona inguru bildu ziren bertan, herrikoak denak, adin eta belaunaldi ezberdinekoak. Lehenengo kezkaren ostean bigarrena: horrelako publiko anitzetik zenbatek ez zuten ihes egingo emanaldia hasi eta gutxira? Izan ere, antzezlana ez baitzen batere erraza, umoretsua izan arren esistentzialista samarra suerta zitekeen ostiral gau baterako.
Beti bezala indarrak hartu eta izerdia hitzekin bustitzeari ekin genion taldekideok. Publikoaren artean bazegoen baten bat aharrausika, baina oro har arreta jartzen zutela zirudien.
Batzuetan gure txisteak ere “batuegiak” ez ote diren sumatu izan dugu batez ere herri txikietan, hor ere izan ohi da komunikatzeko oztopo bat. Bada gure antzezlanean une bat zeinean kontatzen denaren inguruko ironia harrapatzea gakoa den. Beldurrez iritsi ohi naiz beti une horretara. Egun hartan baina, nire ustekaberako, sekulako barreak bota zituen jendeak. Arraioa! Ze poztasuna nirea, ze harrotasuna! Emanaldia bukatu eta pentsatzen hasia ez ote nengoen ba, sormenak muga guztiak hautsi ditzakeela, hizkuntzaren baitan ere lortu daitekeela uste baino muga handiagoak zeharkatzea... Iritzi artikulu edo manifestu baterako ideia bueltaka hasi zitzaidan buruan argien kableak biltzen nituen neurrian., eta taldekideekin komentatu nuen.
Baietz nire ustezko lagunek orduan botatako barreak publikoarenak ganditu! Xagu bat omen zebilen nire aktore karreraren une gogoaingarri horretan gure hanketan zehar galduta, eta ni konturatu ez! Horregatik barreak! Akabo nire super-ironia-gako antzezlanaulertzekoezinbestekoa! Zein tontoa sentitu nintzen une horretan!
Publikoa ere xagu baten modukoa izan liteke. Zaila da jakitea zer pasatzen den bere burutik, eta oso iheskorra suertatzen ahal da. Hori bai, guzti honek ideia bat eman dit: katu bat hartuko dut aurki etxerako, eta “Ego” izena jarriko diot.

2006-06-01

Permalink Ttor-ttor, 791 hitz  

Blogkeorik ez!!

Izenburua: Blogkeorik ez!!

Pertsonaiak:
Blogier: BERRIAren webgunean blog bat idazten duen pertsonaia.
Ttor-ttor: aktorea, hamar urtez lanean jardun duen euskal antzerki talde amateur bateko kidea.
Heldu berria: blogeko irakurlea.
Terrazako jendea: bigarren mailako pertsonaiak

(Euskal Herriko herri bateko zumardia. Terraza batean Blogier izeneko pertsonaia dago gosaltzen, BERRIA irakurtzen, kafesne bat du alboan. Ttor-ttor sartzen da atzetik, logalez, esku batean kroasana eta bestean kafesnea dituela. Blogier ikusi eta lotsik gerturatzen da).

TTOR-TTOR: Egunon, txo.

BLOgIER: Egun on.

TTOR-TTOR: Eseri naiteke zurekin?

BLOgIER: Noski. (Egunkaria tolestu eta lekua uzten dio mahaian).

TTOR-TTOR: Zertan zabiltza? (Kroasanaren zati bat gerturatzen du ahora).

BLOgIER: Ezertan... beno irakurtzen... beno ez dakit...

(Ttor-ttorrek galdera aurpegia jartzen du, kroasana ahorako erdibidean izoztuz).

BLOgIER: Tira, egia esan blogkeatuta nago. Hori da gertatzen zaidana.

TTOR-TTOR: Blogkeatuta?

BLOgIER: bai, blogkeatuta. BERRIAn arte eszenikoen inguruko blog bat egiteko konpromezua hartu nuen eta...

TTOR-TTOR: Tira, ez zaizu hain zaila egingo, ezta? orainarte arte eszenikoei buruz idazten jardun duzu...

BLOgIER: Horra koxka, idazteari utzi diodanetik zailagoa egiten zait agendaren barrutik, nobedadeen barrutik mintzatzea. Zer eskaintzen ahal diot nik blogera jotzen duenari? Blog bat zer den ere ez dut oso argi oraindik. Azkenaldian irakurri ditut bloga izan behar lukeenari buruzko iritziak, baina... beldur itzela diot doako exibizionismoari, batez ere zer esanik ez izatearen ondorioa denean.

TTOR-TTOR: (Kroasanaren zatiak ahoan zeharka dituela hitz egiten du, kroasanari Blogierri baino kasu gehiago eginez) Kontxo, hi. Moda intelektualak nolakoak diren. Blogak ez al dira ba intelektualentzako mini realiti txou moduko batzu? Artista hostia hauek, nolakoak zareten...

BLOgIER: Zu aktorea zara ba!

TTOR-TTOR: Ssssshhh! Ez zaitzatela entzun (Ingurura begiratzen du) gaur egun hitz horiek aipatzea arriskutsua da eta. (Barre egiten du) Teatreroa bai, aktorea ez dakit. Sarritan iruditzen zait artistak orokorrean ezkutatzeko biluzten direla publiko aurrean. Nola jakin aktore baten benetazko aurpegia zein den?

BLOgIER: Hara, zer edo zer idazteko ideia izan liteke hori. Lapurtu diezazuket?

TTOR-TTOR: Tira, iturriak aipatzen badituzu... Filosofatzen hasiko zara hortaz blogean?

BLOgIER: Ez dakit, ez dakit...

TTOR-TTOR: Hitz egin ezazu ba dakizunaz. Badira kultura orrietara iristen ez diren proposamenak, kulturaren parte bizia diren arren. Euskal teatroaren egoeraz hitz egiten denean zenbakietaz hitz egiten da, estreinaldietaz, portzentaietaz, Sareataz...

BLOgIER: Hori da ba, dagoena.

TTOR-TTOR: Bai, baina ez da bakarra. Amorrua ematen dit neurri batean guzti horri erreparatzeak. Adibidez: euskaraz estreinatzen den horretatik zenbat lanek egin dute sortze prozesua euskaraz? Estreinatzen diren zenbat lan daude pentsatuta euskaraz sentitzeko, euskaraz komunikatzeko? Portzentaiak hankaz gora jartzen ditu horrek, edo hankaz behera. Zer da gaur egun amateurra? Amateurraren barruan zenbat dira erdi-profesionalak? Ze kasu egiten diegu? Estreinatzen diren lanen euskarazko bertsioa militanteki ikustera noan bakoitzean, gero eta gehiago kostata joaten naiz. Salbuesapenak zorionez badira, noski. Hala ere administrazioko paperak betetzean gertatzen den bezala, jende askok azkenean erdarazko bertsiora jotzen du zuzenean, hain da euskarazkoa artifiziala.

BLOgIER: To! Azkarregi zoaz! Hor badago bai, mamia, baina lasai aztertzekoa. Nor naiz ni horren inguruan ezer esateko?

TTOR-TTOR: Noizbait norbaitek erreparatu beharko dio ba maila txiki eta ertainean egiten denari. Euskaraz sortu eta batez ere sentitutako lan asko ari zaizkigu galtzen bidean. Testuak besteak beste.

BLOgIER: Hori beka bat sortzeko proposamena izan liteke.

TTOR-TTOR: Bekatari koittaduak!

BLOgIER: Hala ere manifestu ibiltari bat egina zaude.

TTOR-TTOR: Egoera edozein izanik ere, sinesten dut oraindik antzerkiak duen liluratzeko gaitasunean, pertsonengan eragiteko gaitasunean. (Irribarre batez) Dei nazazu idealista nahi baduzu, ez dut zeozer txarra bezala hartuko!

BLOgIER: Tira ba, underground izatera heldu gabe ere, bada arte eszenikoetan sormenezko azpi-mundu bat.

TTOR-TTOR: Inperfektoa hori ere, noski. Baina bada.

BLOgIER: Kafesnea hoztu zaizu, baina kazkezurra ederki berotu didazu niri.

(Ttor-ttor elkarrizketarekin emozionatu, zutik jarri eta errezitatzen hasten da. Inguruko jendeak aurpegi txarrez begiratzen du zeharka, haien aurpegian “artista intelektual jasanezin hauek, hobe lukete Afinsan inbertitu zer edo zer praktikoa egiteko” irakurri daiteke, edo “no aguanto a los artistas, sobre todo si no entiendo lo que dicen. Viva Bob Dylan! Por cierto, cómo se dice viva en español...?”).

TTOR-TTOR: “Gora gorespen goretsien beherakada beee hartua!”

BLOgIER: Zer da hori?

TTOR-TTOR: Antzerki taldean lantzen ari garen gidoi post surrealista post absurdu post abangoardistaren lerro bat.

BLOgIER: Zein da titulua?

TTOR-TTOR: “Nola izan zu ni izan gabe”.

BLOgIER: Oso aproposa. Uste dut badakidala zertaz idatziko dudan aste honetan blogean.

TTOR-TTOR: Ez zara hasiko Alfonso Sastre eta bere itzalaren artekoa imitatzen ezta?

BLOgIER: Ez nuke maila emango.

TTOR-TTOR: Zuk ekiozu. Agian pixkanaka jendeak bloga erabili lezake. Kulturako lehen orrietatik at gelditzen diren proposamenen berri emateko sikiera.

BLOgIER: Edo estreinaldi handiak ere aintzat hartzeko. Ttor-ttor, ez dakit nola lortzen duzun XXI. mendean ideiak hain sutsuki defendatzea. Batzuetan orain berrogei urte bizi behar zinela pentsatzen dut.

TTOR-TTOR: (Irribarrez) Agian zuk uste duzuna baino zaharragoa naiz...

BLOgIER: Hara nor datorren!

(Pertsonaia berri bat gerturatzen da ordenagailuaren pantailara. Teklatua sakatzen hasi orduko, BLOgIER eta Ttor-ttorren artean eserita ikusten du bere burua).

TTOR-TTOR: Kaixo!

BLOgIER: Aspaldiko!

HELDU BERRIA:

Eskuorri galdua

Poesia uneak, teatro momentuak, publikoon begietako artxibategia eguneratzeko ahalegina... Ezertarako balio ez duten gauzak dira beharrezkoenak.

Otsaila 2019
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
        1 2 3
4 5 6 7 8 9 10
11 12 13 14 15 16 17
18 19 20 21 22 23 24
25 26 27 28      

Bilaketa

Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!