Berria.infoko blog komunitatea

Login

Eskuorri galdua

Oier Guillan

Atala: Sormen apunteak

2014-01-02

Permalink Sormen apunteak, 406 hitz  

Izkiriaturik aurkitu ditudan ene elkarrizketak

Aizu aldizkariaren azaroko alean irakurri nizkion Ainara Gurrutxaga sortzaile eta bidaideari askok sinatuko genituzkeen hitz hauek:

"Kultur politikek bultzatuta, orain antzerki konpainia batek bi aukera ditu: edo enpresa bihurtzen da (diru-laguntzak eskatzeko eta abar) edo amateurra da. Ez dago tarteko biderik, baina gu ez gara eroso sentitzen ez eredu batean, ez bestean. Biziraun nahi dugu, baina merkatuaren arau basatien mende egon gabe, arau horiek irudimena guztiz txikitu eta konpainiak oso egoera larrian utz ditzaketelako. Beti gabiltza lana nola antolatu pentsatzen, oso laborategia gara, etengabeko aldaketan, ez gara forma zurrunetan sartzen".

Gogoeta batzuek kolpatu egiten zaituzte, pauso bakoitzean norbere bailiran txertatzeraino. Gurrutxagaren hitzek atzera eraman ninduten, amateurtasunaren inguruko beste berba batzuetara, Antton Lukurenak kasu honetan. Aspaldikoak (Berria, 2005-IV-18) baina gaurkotasun bizikoak:

“Batere maite ez dudan dikotomia batera biltzen da usaian: amateurra, profesionala, antzerki jasoa edo herrikoia, ahozkoa eta idatzia... gauza horiek ez dute deus erran nahi niretako. Badira zerbait erraten duten antzerkiak eta besteak. Funtzionatzen du ala ez. Eta hori ez da nire teoria, aski da antzerkigile handiak leitzea. Peter Brook da horretan nire maisua”.

Garai bertsuan argitaratu zen erdaraz “Conversaciones con Peter Brook” elkarrizketa liburua, Margaret Croyden kazetariak apailatua. Bertan topa daitezkeen gogoeta ugarien artean honakoa:

“Talde batekin egiten duzunean lan, guztia da ezberdina. Taldearen batasuna da garrantzitsuena. Norberak horrelakoetan bilatzen duena interpretaziorik gardenena da: beste modu batean esanda, birtuosismoaren kontrakoa aktuatzeko orduan. Interpretazio mota bat da zeinean, azkenean, dagoeneko ez zauden ziur pertsona hori aktuatzen ari den ala ez”.

Brook-ek dramaturgia garaikide askotan gakoa den kontu bat azaleratzen du hor: benetako komunikazioa eman dadin eta ez entretenimendu hutsa, aktuatzerakoan gardentasun baten, “benekotasun” baten bilaketa. Teatroan gauza gutxi izango dira zailagoak. Maialen Lujanbiori irakurri nizkion gomuta eszenikorako baliagarri zaizkidan hitz hauek, aurtengo txapelketaren atarian Berriak egin zion elkarrizketan:

“Bertsogintzak baditu garaiotara ongi egokitzen diren ezaugarri batzuk?

Uste dut bertsolaritzak badituela ezaugarri batzuk jendearentzat erakargarriak direnak. Dialektikatik beretik hasita, elkar entzutearen eredu txiki bat izan liteke gizarte honentzat. Arrazoiketan oinarritzea ere izan liteke beste bat. Ikuskizun bezala ere oso-oso soila da: ez dauka parafernaliarik, ez dauka ezer faltsurik. Momentuan eta egun horretan gertatzen da, eta egia da horrek ematen diola sinesgarritasun edo benetakotasun bat. Askotan bertsoaren inperfekzio guztiak ematen dio benetakotasun bat. Ez dauka tranparik. Egin ahal da, egin ahal dena. Oso jardun hurbila ere bada, oso eskuragarria edozeinentzat. Oso testuinguru desberdinetan gertatzen da, eta horrek ere ematen dio lotura bat jendearekin, lotura bereziki hurbila”.

Badira zerbait erraten duten sormen lanak eta besteak. Funtzionatzen du ala ez.

2012-02-28

Permalink Sormen apunteak, 951 hitz  

eRRonkak, aRRiskuak, haRRiak

Behinola ezintasunari jaurtitzeko bildu genituen harriekin bete dugu lubakia. Harri horiek lurrean marraztutako bidea dugu orain-oraingoz oinen azpian.

Erronkak

Duela urte batzuk urrunagatik irudikaezina zen azken boladan kultur arloan (eta oro har) arnas daitekeen gogoeta giroa. Urte luzez geure jarduna, ezintasunaren ondorioz sarri, nolabaiteko erresistentzian kokatu dugunontzat sekulako erronka da: krisiak berkokatzera behartzen ditu hala instituzioak eta programatzaileak nola sortzaile eta oro har eragileak, leku askotan instituzioekiko amildegia txikiagoa egin da, kultur ereduen inguruko eztabaida suma daiteke han-hemen. Eta horra erronka: behinola leloak zirenak edukiz eta batez ere zehaztasunez betetzearen zirrara eta zailtasuna bizi dugu orain.

Arriskuak

Zirrararekin batera arriskuak ez dira gutxi, ez gaitezen engaina: kezkagarria da urteetan lan handiz erdietsitako proiektuen desagerpenaren aurrean krisiak ematen duen koartada. Dirua kudeatzeko moduak eta moduak dauden bezala, krisiak kudeatzeko moduak eta moduak daude. Sautrelaren kasua datorkit gogora, Nabarrarena, egun kinka larrian dauden hamaika komunikabide eta proiekturena. Kasu, nire ustez euskal teatroak behar du ADEL bezalako ekimen bat: segurtatua du etorkizuna? Eta EHAZEk? Konformatuko gara gure jardunean garrantzitsuak izan diren erreferentziak desagertzen ikusten, krisiaren aitzaki edo arrazoiz? Nabarmentzekoa da proiektu berriak sortzeko inguru hauetan dugun gaitasuna, ez dezagun ahantzi daudenak babestekoa.

Sormena ez dago krisian, hori entzun diogu azkenaldian askori, eta ados nago. Krisi egoeran bizi izan gara sortzaileak beti, orain gehiago, baina sormena ez dago krisian. Antzerkiaren arloan bada nolabaiteko berpizte bati buruz mintzo denik, eta ez dakit hori benetakoa den: aldatzen ari dena ez ote da hura azaleratzeko, ikusarazteko eta baloratzeko dugun modua? Kutsakorra den modua, azken batean.

Etiketa ustelak

Oholtzara ateratzen denak badaki -edo jakin behar luke- antzerkian edo errezitaldirik xumeenean dena dela garrantzitsua, guztiak ematen duela informazioa: komunikatzeko jarrerak noski, baina baita ere argiak, arropak, trantsizioek, aukeratutako musikak, mikrofonoa eusteko moduak, ezer egin gabe oholtzan egoteko moduak, eta abar luze batek.

Apur bat harago joanez gero, sormenari loturiko proiektuetan oro har ezer ez da kasualitatea, dena da garrantzitsua: nola definitzen duen talde batek bere burua, nola plazaratzen den, afixa batek duen estetika, hizkuntzarena hautu naturala den eta ez subentzioek behartutakoa, antzezlanaren sormen prozesua bera ze hizkuntzan eman den…

Urte askoan euskaraz mintzo diren talde askok ‘profesionaltasuna’ hartu behar izan dute aldarri, ez soilik zentzugabeko merkatu sistema batek hala eskatuta, ez soilik antzezlan baten alderdi guztiak (teknikoak esaterako) asetzeko gai direla frogatzeko modua bilatuta, baita ere existitzeko eskubidea dutela aldarrikatzeko xedez. Euskaraz egiteari sarri lotu izan zaiolako amateurtasuna, horregatik beragatik, hizkuntza hautuagatik (edo horri atxikirik, publiko faltaren aitzakiagatik eta bestelako gurpil zoro batzuengatik). Eta noski, antzerkia hori baino askoz gehiago da: galde diezaiotela bestela (adibidez) Antton Lukuri, edo haren antzezlanak ikusi eta bizi izan dituztenei. Profesionala, amateurra… ‘profamateurra’ esan izan dugu, errespetu bila beti, maila horretan hitz oro ustela eta zentzugabea dela jakinik ere.

Zer behar du Euskal Herriko eszena-errealitateak, urteetan sortutako espazioen sarea neurri handi batean hutsik dagoenean? Nola sortu hartu-emana hitz usteletatik harago egon badagoen eta erreala den sortzaileen multzo handiarekin? Egungo egoerak agerian jartzen ditu urteetan diruak estalitako sistemaren gabeziak. Nola egin aurrera? Zer proposamen egin dezake sortzaile, eragile, zale bakoitzak? Zer gogoeta egingo dute programazioan esperientzia handia izanik, egoeraz kontziente izan eta gauzak beste modu batean egiteko prest daudenek? Zer pauso emango dute eta dugu?

Dena da hautu bat

Ezer ez da kasualitatea. Idazlea irakurri nahi lituzkeen liburuak idazten saiatzen da, eta antzerkigilea oholtzan ikusi nahi lituzkeen antzezlanak egiten. Ez da kasualitatea euskaraz izatea, ez da kasualitatea antzerki fisikora jotzea, ez da kasualitatea dizplina artistiko ezberdinen arteko uztarketa bultzatzea, ez da kasualitatea dantzaren arloan teatrorako jauziak gertatzea, ez da kasualitatea halako edo holako erreferentziak erabiltzea… eta kasualitatea denean ‘cooltura’ da.

Ez gara nekatuko esaten: publiko aktiboa gara, ‘zalea’ hala nahi baduzue, gustukoak izango ditugun eta batez ere gustukoak izango ez ditugun lanak ikusi nahi ditugu. Publikoak berak dio zer nahi duen, aukera ematen zaionean. Sormenean dabiltzanentzat ere gustuko gauzak ikustea bezain garrantzitsua da gustukoak izango ez dituzten gauzak ikusi ahal izatea. Baina hori, ahal izatea.

Erradikalak

Ezin gara garai hobeagoen zain geratu: aukera hau baliatu behar da gogoeta sakon egiteko, une honetan hartzen diren norabideek baldintzatuko dutelako ziur aski etorkizun gertu-luzea. Gogoeta giro horren testuinguruan, ia ustekabean, espero ez genuen eta espero ez gintuen jende askorekin jarri gara harremanetan, atzo urrun genituen hurkoekin goaz batzarretara.

Eta agian bai, ‘tolerante’ izateko (alegia, ‘bestea’ entzuteko) garaietan gaude; baina horrek ez du ezertarako balioko urteetan ikasitakoak eta pentsatutakoak lausotzen badira. Inoiz baino gehiago entzun behar dugu ‘bestea’, baina inoiz baino 'erradikalagoa'k izanik aldi berean: soilik ideiak, esperientziak, bakoitzak bere aldetik ikasitakoak eta iritziak sendo, mamitsu, ikuspegi kritikoarekin eta lotsa eta konplexurik gabe azaleratuta sortuko dira ‘beste’ horrekin talka interesgarriak.

Kulturaren krisi-behatokia

Kulturaren krisi-behatoki bat behar genuke agian: ez daitezela gure oinarrizko kultur eskubideak krisiaren aitzakian urratu. Egun inoiz baino aukera gutxiago dugu euskaraz idazten duen idazle baten elkarrizketa irakurtzeko edo ikusteko edo entzuteko, proiektu ugari dago akitzear bakarmortuan. Internetek salbatzen du antolatzen den ekitaldi asko eta askoren zabalkundea, hemerotekak gaindituta egun sarean baitago neurri oso handi batean transmisiorako eta komunikaziorako bidea.

Sareak

Gai izango gara Interneten ere eztabaida mamitsuak bideratzeko? Ez dadila bilakatu telebistako edozein txutxumutxu saioren luzapena, sare sozialek ekarri dutena islatu dadila gizarte eta kultur mugimenduetan; orain arte bezala, baina gehiago. Izan ere, kultur elkarte handi, burokratiko eta ustez egonkorren, teatro konpainia handien, era guztietako botere guneen garaia baino, sareen garaian gaudelakoan bainago. Aipatutakoei egin duten eta oraindik egin dezaketen lanari ezer kendu gabe, harreman eta komunikazio sare aktiboen garaia delakoan nago, ekintzak eta proiektuak gauzatzeko moduko dinamikak sortzeko gai diren sareen garaia. Transmisio eta komunikaziorako sareak, ondorioz ekintzarako ere badirenak. Proiektu jakin bat amaitzearekin batera sareaz beste egiteko beldurrik gabe abiatzen direnak, edo denboran irauten dutenak dinamika errealak horretara eramaten dituelako.

Ez da kasualitatea azken urteetan, literatura eta teatroaren arloetan bederen, ‘sasisareen’ eskutik etorri izana proposamen interesgarri asko.

Gogoeta mahai gainean dago. Igo gaitezen mahai gainera.

2011-01-10

Permalink Sormen apunteak, 190 hitz  

Amildegia

Amildegi ertzeko jokoa

Antzerkia amildegia da. Antzerkiak, amildegia behar du izan?

Taldeko sormen prozesu batetik abiatzean hori da lehenik eta behin sentitzen dena.

Idazteko ohitura (edo mania) dugunok antzerkia egiterakoan agian zorrotzago bizi dugu amildegi hori, bakarkako lanean seguruago sentitzen garelako.

Baina zer da sormena arriskurik gabe? Sormena barru-kanpotik mugimenduan egotea bada, mugimendua bera arriskatzea da. Pauso bat ematen dugun bakoitzean dago oreka galtzeko aukera, arriskuari esker existitzen da oreka. Ezinbesteko filosofia merkea.

Kultura sormena bada, kulturak mugimendua behar du izan, arriskua. Hortik askok hainbestetan errepikatzen dugun leloa, sarritan instituzioei eta (noski!) sobera instituzionalizatutako herri mugimenduei loturiko ekimenak hilik jaiotzen direla; ez naiz errazkerian jauziko (horra beste amildegi bat) ekimen horietan intentzio ona dagoenean ere zaila da burokraziaren erritmo geldoan arriskuak hartzea, mugimendua sumatzea. Kulturak beste dinamika bat behar du derrigor.

Eta hor dago, beraz, antzerkiaren amildegia. Idazleak bakarka egingo dio aurre paper zuriaren ertzeko zorabioari, baina taldean nola egiten zaio aurre amildegiari? Nola topatu norberarekin batera zorabiatzeko prest dagoen inor?

ERTZEAREN ERTZEKO MEGAERTZ OSTEKOA:

Gaurko titular nagusiaren lerro arteko oihartzuna ez al da ba, hori bera? Mugimendua sortzea arriskatzea da, eta arriskatzea mugitzea… geldirik dagoenak sentitzen du agian, batez ere, amildegiaren presentzia.

2010-12-26

Permalink Sormen apunteak, 212 hitz  

Buru bazterreko hatsa

Inspirazioa hitz itsusia da. Ahora ekartzen dudan aldiro ez dakit oso ondo zer egin harekin. Irentsi? Ttu egin? Nola izendatu bestela, taldeko lan prozesu batean murgilduta gaudelarik, egin edo erabili edo bilatu egiten dugun hori?

Nola sortu ideia bat, inprobisazioetan lantzeko proposatu daitekeen irudi bat, esaldi bat. Nola harrapatu EZUSTEAN buru bazterreko HATSA, atzeko leihotik edo balizko sute eskaileretatik ihes egin ez dezan.

Nik gero eta argiago daukat: ez pentsatzea da pentsatzeko modurik eraginkorrena. Ideia bat behar dudanean ihes egiten diot ahaleginari, ez ikusiarena eginez etxeko lanak aletzen ditut buru-esku-belarri (komuna garbitzea estrategia bereziki eraginkorra dela esango nuke, 'artixtari' bere neurria gogora ekartzen diolako). Azkenean berak egiten dit bisita, ideiak, berak lapurtzen dit arreta.

Tontokeria galanta? Agian, funtzionatu dezakeena baina.

Bihar entsegua dugu. Taldekide bakoitzak proposamen bat eraman behar du, inprobisazio ariketa bat egiteko. Musika entzuten pasa dut eguna, pentsatzeko tentazioari kantoi eginez: Tom Waitsen Alice (ofiziala eta batez ere behinola lagun batek oparitutako pirata, ‘demo’ena), Ornitorrinkus, Txinaurriak, Don Inorrez. Kantari ibili naiz, komun zuloa arakatu bitartean; soinu-keinuka, solasean bakardadearekin, egun hauetako demasiak orekatzeko arroza prestatu artean; astean zeharreko ‘guay’tasun intelektuala ezbaian jartzeko moduko film zabarrak ikusi ditut, txokolatearen txokoetan. Ideiek egongelatik at bultzaka astindu nauten arte.

Sena hezi daitekeen lanerako tresna da.

Ilargia erditzeko prest abiatu naiz orri zurian.

2010-03-02

Permalink Sormen apunteak, 247 hitz  

SOKA LUZEKO GALDERA

Ez dakit noiz ordezkatu zuen zirkuaren munduan oihalaren malgutasunak sokaren garraztasuna. Ni neu orain hamabost bat urte jabetu nintzen zirku-telaren artearekin, Cirque du Soleil-en Quidam ikuskizunean. Txundigarria iruditu zitzaidan Soleil-en estetika, nahiz eta denborarekin zirkuko Tele Pizza edo MacDonaldsen antza hartu izan diodan. Cirque du Soleilen alde esango dut zirkuaren kontzeptua zabaltzen lagundu zuela, animaliak eta zenbait konpainia txikietako umore kasik umiliagarria baztertuz. Gainbeheran dagoen zirkuaren irudi erromantikoa da agian bidean gelditu dena.

Zirku-telaren erabilerak sasoi eta entrenamendu fisiko handia eskatzen du, trapezioak edo funanbulismoak bezala, baina sokaren munduari gutxitan ikusten diodan zerbait topatu izan diot oihalarenari: poetikaren presentzia nabarmena.

Entrenamendu fisikoa eta konposizio/metafora bisualen arteko orekaren lekuko izan nintzen Rouge Eleako Corine Cellaren "Hiruko airean" emanaldian, pasa den otsailaren 12an oholtza partekatu genuenean. Cellaren ezusteko mugimendu bakoitzarekin publikook arnas hartzeko modu berri bat ikasi behar izan genuen, telaz baliatuta pertsona bat bertikalki ibiltzen ikustearen edertasunarekin batera(kasu). Cellak ikastaroa eskaini du berriki Donostiako Guardetxean. Nik dakidala Euskal Herriko hainbat txokotan ere eskaini izan dira antzeko ikastaroak azkenaldian, eta orain urte batzuk sortu zen horrelako tekniketan espezializaturiko talde interesgarri bat ere: Azulkillas.

Fisikotasun malgua eskatzen du oihalak, eta poetikari loturiko iruditeria, sormen itzela kolore bakarreko bufanda erraldoiaren eta gorputzaren arteko konposizioetan. Sokatik zirku-telara pasatzeko bide horretan eragina izan ote du publikoon begiradaren bilakaerak, animaliekiko errespetuaren kasuan gertatu ahal izan deen moduan? Pentsatu nahi nuke baietz, publikook gai garela malgutasuna, poesia, oreka bilatzeko begiratzen dugun horretan. Pentsatu nahi nuke.

http://www.azulkillas.com/
http://www.rougeelea.com/

:: Hurrengo orrialdea >>

Eskuorri galdua

Poesia uneak, teatro momentuak, publikoon begietako artxibategia eguneratzeko ahalegina... Ezertarako balio ez duten gauzak dira beharrezkoenak.

| Hurrengoak >

Otsaila 2019
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
        1 2 3
4 5 6 7 8 9 10
11 12 13 14 15 16 17
18 19 20 21 22 23 24
25 26 27 28      

Bilaketa

Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!