Berria.infoko blog komunitatea

Login

Eskuorri galdua

Oier Guillan

Atala: Guztiak

2008-12-02

Permalink Guztiak, 271 hitz  

Gure oroitzapenak

GURE OROITZAPENAK

Bosniako lagunak izan ditugu berriki bisitan, Gorazdera itzuli direnetik ez da astebete pasa. Egonaldia ez da erraza izan, Dzerminarentzat ez behintzat, berak bete baitu itzultzaile rola. Gerran bortxatuak izan diren emakumeen hitzaldian kasu, hamarnaka aldiz bortxatuak izan diren emakumeak... infinituraino bortxatuak, gertutakoa salatzearren kontatzea deliberatu duten heinean.

Dzermina lur jota dago, nekaturik, afaltzera joan gara Donostiako alde zaharreko taberna batera. Sabela bete eta baita ardoa gogoz edan ere, negar egiteko gogoa ito dugu gauaren zorabioan. Barre egin dugu, krudeltasunarekin intsumiso.

Gitarra atera du Arantxak, beste lagun batek. Tabernariak musika kendu eta beste mahaietan biziraun duten mozkorrei abixua pasa die: “dantza egin ezean, kalera!”. Eta kantatu eta dantzatu dugu, Silvio dantzatu daitekeen heinean. Malenkonia, batzuetan, mendeku gozoa da.

Eta Silvioren atzetik etorri da Mikel Laboa, “Oroitzen zaitudanean, ama” kantaren bigarren zatian zutik jarri eta oroimena bizi grinarekin parekatu dugu. Dzerminak adi entzun du, letra ulertu ezinik baina gure sentimendua argi irakurriz, ozen. Bihotza tatuatu diogu une horri, tamainako eragina baitu gugan Mikel Laboak. Momentu berezien hatsa da berea.

Atzera eginez gero ere hats horren baitako momentu ugari topatuko dut oroimenean gorderik, euskaraz ez dakitenak liluratzeko duen gaitasun hori barne… eta gurea, oso gurea sentitzen dugun zerbait, gurea sentitzen dugunon artean konpartitua den heinean berezia, intimoa. Laboa esperimentala miresten dugun aldiro, edo Laboa euskal kantagintzarekin belaunaldien arteko zubi, edo Laboa euskaraz mundu eta bide propioak dituzten hitzak jasotzeko duen abilezia, edo gertuko poesiaren komunikazio hori.

Laboaren besoetan kulunkatu zaizkigu beste behin unerik poetikoenak, esanak esan, bizitzarekin poesia egiteko kapazak garen heinean. Gauak aurrera egin du, atzoko oroitzapenak gaurkoekin uztartzen diren denborarik gabeko denboran.

Gabaren zuloan, sormena aterpe. Antzinako bihotz, beti gaurko.

2007-02-12

El libro negro, kritika bi

Deskuido batean film bera ikusi eta kritika bana egin dute Berria-ko bi zinema kritikariek. Batek filmaren eta zuzendariaren aldeko hautua egin du eta besteak kontrakoa. Paperezko lekurik ezean, blog honetan jarriko ditugu bi kritikak:

El libro negro

Herbehereak-Alemania-EB-Belgika, 2006. Zuz.: Paul Verhoeven. Akt.: Carice van Houten, Sebastian Koch, Thom Hoffman. 144 min.

Aretoak: Gasteiz (Florida, Y. Gorbeia), Bilbo (Zubiarte), Barakaldo (Max Ocio), Getxo (Lauren), Donostia (Principe), Errenteria (Niessen), Iruñea (Carlos III).

Paul Verhoevenen alde:

Klasikoen xarma

Xabier Martin

Paul Verhoevenek ez digu iruzur egin. Zinemagile petoa da, eta zinema petoa egin du, aspaldian atzean utzi diren garaietan ontzen zen horietakoa, gabeziak estaltzeko su festarik behar ez duena, istorioak beti aurrera bultzatzeko bertutea duena. Ez, Zwartboek ez da film biribila, baina zertarako behar du hori? Bere inperfekzioak erakartzen gaitu, bere txikitasunak handia egiten du, eta batez ere, hasieratik harrapatzen gaitu zinemak hain beste maite dituen intriga horietako batekin. Lehen ere espioitza alorrean tankerakoak ikusi ditugu, baina bost axola. Berriro ere ikusiko ditugu, gustatzen zaizkigulako II. Mundu Gerran girotutako istorioak, atsegin dugulako nazien uniformeek burmuinean berehala eragiten duten beldurra.

Dreamworksen eskura dauden efektu bereziekin soilik elikatzen diren ikusleek ez lukete film hau ikusi beharko. Finean, hau klasikoa baita, benetako gidoi batek elikatzen duen filma, pertsonaiek beharrezkoa duten gutxieneko sakontasuna erakusten duena.

Verhoeveni ez zioten jaramon handirik egin bere herrialdean. Gehiegi maitatzen zuen nonbait indarkeria, gehiegi sexua eta krudeltasuna. Flesh and blood (1985), hor dago, baita Total Recall (1990) eta Starship troppers (1997), Robocop (1987) ahantzi gabe. Herbehereetako enfant terrible-ak mendekua hartu du, eta jaioterriak ezkutatzeko duen sekretutxoren bat edo beste azaleratu du. Showgirls (1995) errukarriaz eta Basic instinct (1992) komertzialaz gain, gai baita gai serioei heltzeko, eta bat edo beste lotsagorritzeko ere bai, intriga erakargarri baten jantzian datorren salaketa eginez.

Naziei aurre egin zion erresistentzia ez zegoen nonbait bakarrik Frantzian. Nazien kolaboratzaileak hortaz, Europa osoan aurki zitezkeen, baita Herbehereetan ere. Are gehiago, hango herritar askok gustura hartu zituzten SSetako ofizialak. Baina hori ere nahiko ezaguna zen lehen ere.

Manikeismo txepeletik ihesi, kolore grisetan zipriztindutako pertsonaiak aurkezten ditu Verhoevenek. Larrua salbu uzteko bide askotatik jo daitekeela erakusten du, eta inor baino nazionalistagoa dena, hots herbeheretarragoa, lehen akaso ez zela horrela izan jakitera ematen du zinemagileak.

Baina, ez gehiegi nahastu zintak sakontasun handia duela pentsatuta. Behar duena besterik ez du. Gainerakoa ogibidea ederki ezagutzen duen zuzendariaren jardunak betetzen du. Erotismo ukituarekin, indarkeria pasadizo poetikoak balira bezala erakutsita.

Emakume gazte judu baten mendeku geldiezina da film hau, aita batek bere semea hil duen traidorea garbitzean sentitzen duen gazi-gozoa. Eta maitasunean zein gerran dena ez dela ematen duena garbi uzteko, zuzendariak azken mezu bat uzten du, protagonista filmaren hasieran eta bukaeran kibbutz israeldar batean kokatuz. Justiziaren alde borrokatu dena beste gerra bat hastera joan da, eta ez justiziaren izenean...

Paul Verhoevenen kontra:

Horia eta luzeegia

Urtzi Urkizu

Europara itzuli zaigu Paul Verhoeven (Amsterdam, 1938), Herbehereetara, nazien garaiko Mata-Hari baten istorioa kontatzeko. Itzulera gazi-gozoa izan da, eskasa. Turks fruits (1973) ausart hartatik urte eta film asko pasa dira. Poltsikoa ondo beteta izango du zuzendariak, Hollywooden Robocop (1987), Basic instinct (1992) eta Showgirls (1995) bezalako ekoizpenak sinatu eta gero. Europan egin izan diren film historikoak eta II. Mundu Gerraren erretratoak aintzat hartuta, Herbehereetako Mata-Hari baten ikuspegia hartzen du Verhoevenek. Ez du asmatzen, ordea, ikuslea bereganatzen.
Basic Instinct edo Showgirls ekoizpenen «morboan» erortzen da Carice van Houten aktoreak jokatutako pertsonaia juduaren gorabeherak kontatzerakoan. Ahalegintzen da Herbehereetako aktorea sinesgarritasuna ematen pertsonaiari, baina testuinguruak ez dio askorik laguntzen eta artifizialegia gelditzen da zenbait unetan bere agerpena.
Gidoia, gainera, ez da batere argia. Erresistentziako traidorearen bilaketan, ez da sinesgarria egiten istorioaren errebuelta. Are gehiago: II. Mundu Gerran kokatutako eszenak baino 80ko hamarkadako telesailen bat ekartzen dizkigute gogora: A taldearen eta McGuiverren arteko nahasketa bitxi bat dugu begi aurrean zenbait unetan.
Behar ez bezala luzatu egiten da, gainera, Zwartboek kaskar hau. Telebistaz larunbatetan eman ohi dituzten telesail labur horietako baten antza ere badu. Hor gelditu izan balitz konforme. Oscarretarako Atzerriko Flm Onenerako hautatua egotea gehiegitxo iruditzen zaigu, baina ez gaitu horrek hainbeste harritzen. Verhoeven gustukoa baitute Hollywooden, nahiz eta sexu eszenekin baten bat aztoratzen duen.
Bada film honetan sexu eszenaren bat edo beste, era berean. Soberan. Protagonistaren gorputza erakusketa baino ez da gehienetan aitzakia, modu sexistan. Nazi maitaleak, ordea, pistola baino ez du erakusten. Ia beti berdinetan dabiltza zinema zuzendariak.
Originaltasun handirik ez, beraz, gerrako zinta honetan.
Oroitu gara iaz garai honetan zinema aretoetara heldu zitzaigun Sophie Scholl: Die letzten Tage, Atzerriko Film Onenaren Oscarretarako izendatua hura ere. Duintasunez eta kontzientziaz betea zen Marc Rothemunden filma, eta arrosa zurien mugimenduko neska baten begietan jartzen zuen begia. Sakontasuna eta mamia bazuen, honako Zwartboek-ek baino hausnarketa interesgarriagoak egiten zituen bederen.
Baina kasu honetan Verhoeven dugu agintean. 2007an Knielen op een bed violen zinta zuzentzeko asmoa du, Jan Siebelinken eleberri batean oinarritua. Europan jarrai dezakeela dirudi. Ikus-entzuleak, aldiz, ez daude nazi garaiko Basic instinct-etarako, ezta Mata-Hari sinesgaitzetarako. Guregatik itzuli dadila Hollywoodera. Ez dugu faltan botako.

2007-01-04

Harold Pinter

Harold Pinterren zenbait antzezlan euskaraz irakurtzeko aukera paregabea eskaintzen digu Elkarrek argitaratu berri duen “MAITALEA eta beste antzerki-lan batzuk” liburuak. Iñigo Errasti Aranbarrik izan du Pinter euskarara ekartzeko ardura eta aukera, 2005. urteko Jokin Zaitegi itzulpen sariaren bidez.

“Maitalea” (1963), “Lehengo denborak” (1971), “Alaska moduko bat” (1982), “Festa giroan” (1991) eta “Mendiko hizkuntza” (1988) dira bilduma honetan aurki daitezkeen antzezlanak. Pinterren lanaren bilakeran zutabe garrantzitsuak izan diren ezaugarrien isla ere badira antzezlan hauek: absurdua eta naturalismoaren arteko uztarketa, gatazka eta salaketa politikoak jasotzeko joera...

Konpromezu politikoaren isla azpimarragarria izan daiteke batez ere “Mendiko hizkuntza” antzezlana, denetan laburrena agian baina hizkera eta gaiaren tratamenduaren aldetik zuzenenetakoa. Antzezlan hau irakurtzen dutenei ziuraski ez zaizkie egingo arrotzak bertan agertzen diren gaiak: botere guneek hizkuntza gutxituekiko agertzen duten mezpretxua, tortura, presoen egoera, senideena... gaurkotasun handiko gaiak, zoritxarrez.

Bestela, absurdua eta naturalismoaren arteko uztarketari dagokionez, interesgarria iruditzen zait gaur egun antzerkigintzan nagusitzen diren joerei begira. Naturalismo hori agian muturrera eramanda aurki liteke taula gainera gutxitan iristen diren euskarazko antzerki testu askotan, eta absurdua ordea zenbaitetan taula gainera bai baina paperera iristen ez diren testu bakanetan. Hitzaren eta elkarrizketaren beharra behin eta berriz azpimarratzen dugun garaiotan (zentzuz hustu arte azpimarratu?) interesgarria iruditzen zait halaber absurduaren bidetik hitzen berauen erabilera, zentzua galtzeraino erabili eta berrerabili egiten diren heinean.

Ionesco eta Beckett bezalako autoreek hizkuntza mutur batera eramaten zuten, bere momentuan horrek zentzua bazuen ere, batzutan ikusle edo irakurlearekiko zubiak ia guztiz hausteraino. Pinterrek eskaintzen duena agian erdibide bat da? absurdua naturalismoarekin uztartzeak agian ekar lezake ikuslearen gogoa identifikazioa erasotuta baino haren barrura sartuta deuseztea?

Auskalo. Kuriosoa iruditzen zaidana zera da, egun bizi dugun gizarte burgestu eta kulturari dagokionez konforma erraza nagusi denean, aipatu autoreen lanak zaharkituak gelditzea jende askorentzat. Sekulako gaurkotasuna dutela iruditzen zait niri. Edo bitxia bada behintzat, absurdua ez hautatuta ere egungo gizarte ereduarekiko NOLABAIT posizionatzen den teatro edo antzerkirik ez sortzea. Sortzaileak ere gizarte eredu horretan harrapaturik daudelako agian?

Pinter euskaraz irakurri ahal izatea berri ona da edonola ere, liburu interesgarri eta gomendagarria, irakurle guztiz subjektibo honen aldetik.

2005. urtean jaso zuen Pinterrek Nobel saria. Ni ez naiz sariak jainkotzearen oso zalea, baina horrek Pinter euskaraz irakurtzeko aukera bermatu badu, gaitzerdi, edo are gehiago, primeran. Penaren bat gelditzen zait hala ere: Pinterrek ez du antzerki sail baten baitan aurkitu euskararako bidea. Salbuespen moduko bat da hortaz, liburu hau? Beste antzerkigileren batek Nobel saria irabazi arte ez dugu euskaraz antzerkirik irakurtzerik izango?

Hor daude bai, Artezek eskaintzen dituen ale bakanak, edo zenbait lehiaketei loturik argitaratzen diren liburu “ikusezinak”. Ez dago beste biderik? Merkatuak guztiz irentsiko du antzerkia euskaraz irakurtzeko aukera?

Bide batez, ez al da galtzen teatroaren arloan Euskal Herrian egiten denaren isla idatzia jasotzeko aukera?

Nik aurrez Pinter gaztelerazko bertsioan ezagutzen nuen, Hiru argitaletxeak kaleratua baitzuen (Nobel saria jaso baino lehen!!!) beste bilduma bat: “Polvo eres”, “Luz de luna”, “Tiempo de fiesta” eta “El lenguaje de la montaña” antzezlanak biltzen zituena.

Gogoeta luzeagoa eta sakonagoa mereziko luke gai honek. Beste batean agian. Oraingoz goza dezagun “Maitalea”k eskaintzen dizkigun testuez. On egin!

"Festa giroan", TERRYk, 178. Orrialdean:

“Kontua da ordaindu, ordaindu egiten dela, baina benetan balio duela. Gaur egun, hori oso-oso gauza bakana da. Gertakari erabat bakana da gaur egun ordaintzen duzunak benetan balio izatea ordaindutakoa.”

2006-05-16

Permalink Guztiak, 261 hitz  

GOAZ taldeak antolatuta antzerki astea

Lehenik eta behin eskerrik asko Kepa, eskerrik asko Lander, zuen erantzunengatik.

Ez dut zuek aipatutako lana ikusterik izan, baina zalantza izpirik gabe, Lipus edota Antzerkiola Imaginariokoak tartean daudenean, aukera asko dago (gutxienez) zer edo zer interesgarria izateko.

Barkaidazue zuek, edo blog honetara jo eta aurrerantzean erantzuteko prest daudenek, erantzuna berandu igortzegatik. Berria naiz honetan eta oraindik ez nago oso kokatuta. Baina ilusioa bai, tresna interesgarria izan daiteke blog bat, eta are gehiago arte eszenikoen baitan murgiltzeko zeharbideak komunikabideetan hain urriak direnean.

Aurrerantzean badut asmoa halaber atal gutxi batzu jartzeko. Oraingoz hemen duzue GOAZ Debako antzerki talde amateurrak prestatutako antzerki astearen egitaraua. Aintzat hartzeko etiketa, amateurra, espero dut hitz horrek bolg honetan zeresana ematea.

Aste horretan zehar badira gaur egun euskarazko antzerki amateurraren arloan gauza interesgarriak egiten ari diren taldeak, Mairu eta Zurriola ikastetxekoak kasu.

Hemen doakizue, Antzerki Asteko egitaraua:
Maiatzaren 26tik ekainarean 4ra

Maiatzak 26: "ARNASA" GAitzerdi Teatroa, 19:30etan Foruen Plazan
Poesia, musika eta pintura ikuskizuna 22:30etan Andutz Biltokian

Maiatzak 27: " MATRONA UNI VIRO" "Gizon bakarraren emaztea" 22:30etan Zubeltzun

Maiatzak 28: "NIRE JOSTAILUAK KUTXAN", Urrup , 17:00etan Zubeltzun

Maiatzak 30: "MAITE ZAITUT" , Pirritx eta Porrotx. 17:00etan Frontoian

Maiatzak 31: ESKOLA ANTZERKIA: Xabier Munibe eskola antzerkia "Gaitzik kutsakorrena: Beldurra" , 10:00etan
"Arrotzak herrian" 11:00etan
"Matximan jauntxoa" Goaz aretoan

XX.ANTZERKI ASTEA: ERAKUSKETAREN ZABALTZEA, GOAZtar berrien sarrera ekitaldia. 19:30etan Erakusketa Gelan

Ekainak 2: "ERREGEA, SOLDADOA ETA BUFOIA" Mairu. 22:00etan Gaztetxean

Ekainak 3: "KAPOKOEKIN USO, ETXEKOEKIN ..." Goizeko Izarra, 22:30etan Zubeltzun.

Ekainak 4: "ALDAMIOAK, ZUHAITZAK, ZABORRA ETA BESTELAKO ETXEBIZITZAK"
Zurriola Antzerki Eskola, 19:30etan Zubeltzun.

Bereziki maiatzaren 31an egingo den "20 urte Antzerkia Eskaintzen" erakusketaren zabaltzera gonbidatzen zaituztegu, 19:30etan Debako Erakusketa Gelan egingo dena.

GOAZ Antzerki Taldea

2006-05-11

Permalink Guztiak, 197 hitz  

Txikira beti hordago

Orain gutxi "Txikira beti hordago" emanaldia ikusteko aukera izan dut. Bertol Arrietaren ipuin eta testuak, Xabi Etxaberen kitarra eta abestiak, Iñaki Olidenen soinua. Ikuskizun txikia, baina hordagoa botatzeko modukoa. Emanaldia ikusi nuen egun horretan, behintzat. Jende ugari taberna txikian (txikia hau ere!) eta harridura aurpegiak haien artean.

Bertol Arrietak emanaldian zehar behin eta berriz luzatzen zion galdera publikoari, ea zer den edo zer ez den ipuina, poesia, ipuin bat suerta al daitekeen poetikoa, zer da poetikoa (Jon Gerediagaren poema datorkit une honetan burura, "Fitola balba karpuki tui"n: Poetika (ceci n´est pas un poéme)). Gerora ere Arrietak aipatu zuen beraien ikuskizuna ez dela antzerkia, baina... teatrala bai agian? Izan ere hiru kideek bazuten eta normalean antzerkilariengan ikusten ohituagoak gauden ero punttua, ironia, umorea, eta batez ere beraiek publikoarekiko lortu zutena ordu betean zehar: gertutasun sentsazioa, magia, benetan zer edo zer eskaintzeko zutenaren sentsazioa.

Ikusi ditut noski, muntaia ikusgarriagoak, alderantzizko bidea eginez musika edo literatura makulu gisa darabilzkiten antzerki obrak, ikusi ditut taula gainean lotuagoak zeuden eskaintzak... baina niretzat garrantzitsuena dena, magia sentiarazi ez zidaten ikuskizunak ziren, eta horrelako emanaldi xume batek hori sentiarazten didanean ezin dut ekiditu harridurak harrapatua txaloetan erortzea.

to be continued

Eskuorri galdua

Poesia uneak, teatro momentuak, publikoon begietako artxibategia eguneratzeko ahalegina... Ezertarako balio ez duten gauzak dira beharrezkoenak.

Otsaila 2019
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
        1 2 3
4 5 6 7 8 9 10
11 12 13 14 15 16 17
18 19 20 21 22 23 24
25 26 27 28      

Bilaketa

Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!