Berria.infoko blog komunitatea

Login

Palestina

Brigadista baten lekukotasuna

2007-08-18

Permalink Guztiak, 187 hitz  

Banoa, baina bueltatuko naiz

Abuztuaren 17a (16.eguna)

Bizitza honetan guztiak omen du amaiera bat. Baita gure brigada honek ere. Gaur 16 egun hauetan bizitakoaren inguruko balorazioa egin dugu Palestinako gure ordezkariekin. Lehenik eta behin guregatik egin duten guztia eskertu diegu. Ez da erraza baldintza hauetan lan egitea, baina egitarau ezin interesgarriagoa prestatu digute. Hamaika gauza egin ditugu. 16 egun izan dira, gelditu gabe. Palestina osoa zeharkatu dugu, eta bertako errealitatea bertatik bertara ezagutzeko aukera eman digute.

Brigadari agur esateko ordua heldu da. Oraindik egun batzuk ditut aurretik, baina laister bueltatu behar dut Euskal Herrira. Hori bai, argi daukat berriz ere itzuliko naizela Palestinara. Bizitza osoa beharko nuke aste hauetan Palestinarrek eman diguten guztia itzultzeko; neure burua zorretan ikusten dut. Horregatik, besteak beste, badakit berandu baino lehen bueltatuko naizela.

Amaitzeko eskerrak emateko ordua. Eskerrak lerro hauek jarraitu dituzuen guztioi. Eskerrak Palestinako herriaren alde lan egiten duzuten guztioi. Eskerrak egunero hemendik bidalitako kronikak sarera igotzeaz arduratu den Idurreri. Eskerrak guregatik kezkatu diren senide eta lagunei. Eta, bereziki, eskerrak egun hauetan nire ondoan izan ditudan gainontzeko brigadako lagunei: Ane, Irati, Nekane, Patri, Iratxe, Lidon eta Aitor. Eta, azken agurra, noski, Palestinako herriari. Eskerrik asko, bihotz bihotzez.

2007-08-17

Permalink Guztiak, 159 hitz  

Ahaztutako herritarrak

Abuztuaren 16a (15. eguna)

Brigadako azken aurreko eguna arraroa izan zen niretzat.
Hotelean gelditu behar izan nintzen Jerusalemen, ohean,
sukar apur batekin. Dena den lasai, hobeto nago, eta bihar
prest egongo naiz azken egunerako, balorazio egunerako.

Gainontzeko lagunak Haifara joan ziren goizean. 48ko
lurraldeetara. Hots, 1948. urtean Israeleko estatua sortu
zenean bere lurrak osatzera pasa ziren lurraldeetara.
Haifako arabiar gehienek ihes egin behar izan zuten. Beraien
aurkako sarraskia beldurtzeko modukoa izan zen. Haifatik
ihes egindako errefuxiatu asko ezagutzeko aukera izan genuen
Nablus inguruko errefuxiatu guneetan.

Egun Haifako herritarren %20 inguru dira arabiarrak. Erraza
da jakitea zein den auzo arabiarra. Bertako bizilagunak
ahaztutako herritarrak dira udalarentzat. Apenas dago zabor
bilketarik, eta udalak ez du ia zerbitzurik eskaintzen.
Gainontzeko herritarrak bezala zergak ordaintzen dituzte,
noski. Baina ondoren ez dute sosik ikusten ez udaletik ez
Gobernutik. Komunitate oso bat desagertaraztea da helburua.

Pena izan zen ezin joatea, baina oraindik nire kontu egun
batzuk geldituko naizenez badut Haifara joateko asmoa.
Israelen 1.400.000 arabiar bizi dira. Ahaztutako 1.400.000
lagun.

Permalink Guztiak, 334 hitz  

Ezustekoa Gazan

Abuzturen 15a (14. eguna)

Egun lasaia izan behar zuen abuztuaren 15ak. Helburu nagusia Eretzeko pasagunetik ateratzea zen, Gazatik Jerusalemera etortzeko. Izugarria da Eretz. Aireportu bat dirudi. Lehenengo atetik azkenekora 500 bat metro egongo dira. Orotara 8 kontrol gune igaro behar dituzu. Gela batera sartu eta X izpiez eta guzti begiratzen zaituzte. Goitik behera. Okerrena motxilenaa da. Guztioi goitik behera miatu zizkiguten. Genuen guztia atera behar izan genuen, eta berriz ere motxila egin. Ez da txantxa, baina erabilitako kantzontziloak ere begiratzen dituzte.

Hala ere Gaza sorpresaz betetako herrialdea da. Goizean goiz Gazako Giza Eskubideen Zentroko egoitzara joan ginen, lau egunez unero gure ondoan izan ditugun lagunak agurtzera. Sartu, eta lehen ezustekoa. "Nahi izanez gero, eguerdiko 13:00tan Gazako Lehen Ministro Ismail Haniyarekin duzute hitzordua". Ez genuen espero, ez. Elkarrizketa eskatuta egon arren, abuztuaren 13ko gertakari larriak direla eta uste genuen bertan behera geldituko zela guztia.

Hamaseko poliziaren bost kide hil ziren abuztuaren 13an Fataren inguruko familia boteretsu batekin izandako tiroketan. Lotan egon garen tokitik hurbil xamar gertatu zen guztia; etxetik primeran entzuten ziren tiro hotsak.

Gutxi izango dira Gazako Lehen Ministro eta Hamaseko buruzagiarekin bildu diren mendebaldetarrak. Beraz, ezin genuen aukera alferrik galdu. 13:00tan heldu ginen, eta bost minutuz itxaron gelan egon ginen. Ondoren pasatzeko agindua eman ziguten. Bere bulegoko atean genuen zain. Banan-banan agurtu eta bere bulegoan eseri ginen. Berarekin bere aholkularietako bat, Gobernuaren bozeramailea eta Komunikazio arduraduna.

Harritu egin ninduen bere jarrerak. Geure burua aurkeztu eta gero uste genuen Palestinako egoerari buruz hitz batzuk esango zituela. Ba, ez. Euskal Herriko egoera politikoari buruz galdetu zigun. Gaiak interesa pizten ziola behintzat erakutsi zigun.

Ondoren Gaza eta Palestinari buruz mintzatu zen. Ezustekorik ez. Politikoki zuzena, bere diskurtsoa entzulearen belarrietara moldatu zuen. Hots, mendebaldetik datozen pertsonen diskurtsora. Hainbat galdera egiteko aukera ere izan genuen. 13:45tan Gobernuko bozeramailea altxatu egin zen eta bilera bukatu egin behar zutela esan zigun, ondoren beste batzar bat zuelako.

Bukatzeko hainbat argazki atera genituen elkarrekin. Horiek Euskal Herrira bueltatzen naizenean igoko ditut sarera. Badaezpada ere, segurtasun kontuengatik. Ez ahaztu oraindik Tel Aviveko aireportua igaro behar dugula!

2007-08-15

Permalink Guztiak, 668 hitz  

Normaltasun anormala

Abuztuaren 14a (13.eguna)

Aurrekoan idatzi nuen Gazan egoera lasai dagoela. Eta hala da. Baina, noski, gauzak bere testuinguruan ulertu behar dira. Hemengo "lasaitasun" kontzeptuak ez du gurean duen adiera bera. Bart Israelek Gazaren hegoaldeari eraso dio, eta lau lagun hil ditu. Gu gauden tokitik 30 bat kilometrotara izan da erasoa, eta goizean izan dugu horren berri. Dena den, ohikoak dira hemen horrelako erasoak. Gazan albistea ez da erasoak egotea; albistea erasorik ez egotea da.

Gaur ere hainbat bilera izan ditugu, eta egoera hobeto ulertzeko hainbat ondorio atera ditugu. Goizean goiz Gazako Giza Eskubideen Zentroan izan gara. Bertako zuzendariak hartu gaitu, Raji Suranik. Egungo egoeraren irakurketa ezkorra egin du. Ez da harritzekoa. Beste egunetan idatzi dudan bezala Gaza kartzela handi bat da, lurrez, airez eta itsasoz inguratuta dagoen lur eremu txikia. Gazan bizi diren hiru lagunetik bi errefuxiatuak dira, eta nazioarteko laguntzatik bizi dira. Gazara sartzeko kontrol gune guztiak Israelek kontrolatzen dituenez, berak erabakitzen du zer, noiz eta nola sartzen den. Iragan urteko urtarrilean Hamasek hauteskundeak irabazi zituenetik laguntza horiek asko murriztu dira. Bestalde, ez dugu ahaztu behar Fata alderdiak kontrolatzen duen Palestinako Aginte Nazionalak ere boikota egiten diola Hamasen Gobernuari Gazan. Israelgo arduradunek argi esan diote PANeko presidente Mahmud Abbasi. "Hamasekin hitz egitera eseritzen bazara, jai daukazu. Ez dizugu emango zor dizugun dirua, eta zure diru kontuak blokeatuko ditugu". Horrek egoera gaiztotuko duela uste du Suranik.

Palestinarren barne gatazkak kalte handia egiten dio herritarrek askatasunaren alde hamarkada luzez daramaten borrokari. Ez da epe motzera ikusten barne gatazka hauek amaituko direnik, baina epe luzera baikor izateko arrazoirik ikusten du Suranik. Edo behintzat, hori sinestu nahi du.

Eguerdian Nazio Batuen Erakundeak Palestinako errefuxiatuentzako duen erakundearen (UNRWA) egoitzan izan gara. UNRWA 1950. urtean sortu zen, Palestinako milioika errefuxiatuen egoera latzari erantzuteko. Bertako langile askok lan zintzoa egiten dute, eta eskertzekoa da egiten dutena. Gordin azaldu digute zein den errefuxiatuen egoera, eta zer egiten duten jende horren egoera hobetzeko.

Baina, argi esango dut. Lotsagarria da Nazio Batuen Erakundeak Palestinako auzian duen jarrera. Argi daukat munduko arazoen konponbidea ez dela etorriko egungo Nazio Batuen Erakundetik, baina egun mundua nola dagoen ikusirik ezinbestekoa da gutxieneko arau batzuk errespetatzea, eta horiek Nazio Batuen Erakundearen ebazpenak edo erresoluzioak dira. Asko dira Israeli eragiten dioten NBEren ebazpenak. 181. ebazpenak etorkizuneko Palestinako Estatuaren mugak definitzen ditu; 194. ebazpenak Palestinako errefuxiatuak euren lurrera itzultzeko duten eskubidea zehazten du; 242. ebazpenak Israelek 1967ko gerran okupatuta lurretatik (Zisjordania eta Gaza) alde egin behar duela dio; 338. ebazpenak Ekialdeko Jerusalem Palestinako hiriburu gisa izendatzen du. Gehiago dira, guztiak ere garrantzitsuak, baina luze joko luke guztiak idaztea.

Israelek ez du bakar bat ere bete. Bakar bat ere. Eta inork ez du ezer egiten Israelek legea bete dezan. Beste herri batek legea betetzen ez duenean zigortu egiten dute. Ekonomikoki edo militarki. Eta, batzuetan, ekonomikoki eta militarki. Iragan urtean, Israelek Libano inbaditu zuenean Nazio Batuen Erakundeko lau langile hil zituen. Lau lagun horien hilketa dohainik atera zitzaion Israeli. Hori galdetu diot Adnan Abufasani, UNRWAko ordezkariari. Kasua gogor salatu zutela esan dit, baina desertuaren erdian oihukatzea bezala dela ere onartu dit.

Bazkalostean Fata alderdiko ordezkari batekin genuen hitzordua, baina, zoritxarrez, ezin izan du etorri. Trukean Gaza Hiriko portutik paseotxo bat emateko aukera izan dugu. Leku ederra da. Okupatutako lurralde bat ez balitz, munduko leku turistiko nagusienetakoa izango litzateke.

Eguna bukatzeko, Gazako Osasun ministroaren etxera joan gara, Hamas alderdikoa. Ia hiru ordu egon gara bere etxean solasean. Interesgarria izan da. Luze eta zabal mintzatu gara hamaika gaietaz. Nahi dugun guztia galdetzeko aukera izan dugu. Dena den, elkarrizketa nahi baino lehenago bukatu dugu. Arratsaldeko zortziak aldera, leherketa txiki bat entzun dugu, eta auzo osoan argia joan da. Berehala jakin dugu zergatia. Hamasek kontrolatzen duen poliziaren eta Gazako "familia boteretsu" baten arteko kideen artean tiroketa izan da, eta hiru polizia zaurituak izan dira. Egunen baten "familia" horien inguruan idatziko dut. Siziliako "familien" antza dute. Funtzionari "soilak" izanda Dubaien milaka milioitako negozioak dituzten familiak. Palestinako herriaren pobreziaren kontu bizi diren familiak. Okupazioaz negozio egiten duten familiak.

Lasai dago Gaza. Bonbardaketak, Israeleko armadaren sartu-irtenak, tiroketa batzuk, pobrezia izugarria, agintea lortzeko barne borrokak... Baina, gainontzean lasai dago. Zinez.

2007-08-14

Permalink Guztiak, 486 hitz  

Bost hausnarketa

Abuztuaren 13a (12. eguna)

Gazan igaro dugu eguna. Zenbait bilera izan ditugu, eta alor askotako jendearekin hitz egin dugu. Luze joko luke bilera guztiak laburtzeak, baina hainbat hausnarketa egingo ditut Gazako egoeraren inguruan.

1.-"Bi buru dituen gorputz bat". Zaila da jakitea nork agintzen duen. Aginte bikoitza dagoela esan liteke. Hamasek Gazako ministerioak hartu zituen ekainean, baina ministerio horiek Ramallaren esku daudenez, hots, Fataren esku, ez du ia ezer egiteko aukerarik. Esaterako. Hamasek Gazan Osasun Ministerioa du bere gain. Demagun dirua bideratu nahi duela ospitale baten hobekuntzak egiteko. Gazan Osasun Ministerioaren kontrola izan arren ezingo du sosik bideratu, baldin eta Palestinako Aginte Nazionalak diru hori ematen ez badio. Izan ere, palestinarren diru sarrerak Ramallatik kontrolatzen ditu PANek. Hau da, Fatak. Azken finean Hamasek Gazako kontrola du, baina ez du inolako politikarik garatzeko aukerarik dirurik bideratzen ez badiote.

2.-Hamasek garbi eta demokratikoki irabazi zituen 2006ko hauteskundeak, eta nazioarteak hori onartu beharko luke, emaitzak gustukoak ez izan arren.

3.-Gazako herritarren egoera ekonomiko latza okertu egin da azken urtean. Izan ere, boikot bikoitza jasaten dute hemengo herritarrek 2006ko urtarrilean Hamasek hauteskundeak irabazi zituenetik. Lehendabizikoa Israelena eta nazioarteko komunitatearena. Bigarrena Fata alderdiak kontrolatzen duen Palestinako Aginte Nazionalarena.

4.-Egun Palestinan dagoen zatiketa Israelen mesederako da. Hamasek Gazaren kontrola du, baina ezin du programa politikorik garatu, jasaten ari den blokeo bikoitzagatik. Egoera honek min izugarria egiten dio Palestinako herriari eta askatasunaren alde daraman borrokari.

5.-Hamasen garaipena atzerakada nabarmena izan da emakumeen eskubideentzako. Islamizazio prozesua nabarmena da, eta oso-oso gutxi dira zapirik gabe kalera ateratzen diren emakumeak. Gaza 365 kilometro koadroko kartzela bat da. Lurrez muga guztiak Israelek kontrolatzen ditu. Airez ezin da Gazara sartu edo hemendik atera. Eta itsasoz soilik 6 milia daude palestinarren kontrolpean. Lurralde honek urteak daramatza bakartuta, gazatarrak euren lurretik atera ezin direlako. Historikoki ezkerrekoak eta aurrerakoiak ziren emakume asko orain zapia buruan dutela ateratzen dira kalera. 70. hamarkadan emakume gehienak zapirik gabe ibiltzen ziren hemen. Egun ez da %1era heltzen.

Zapiarena emakumeen eskubideak jasaten ari diren atzerakadaren adierazgarri bat besterik ez da. Prozesu honek baditu hainbat urte, eta Fatarekin ere gertatzen zen. Hamasek azkartu egin du prozesua. Zapia eramaten ez duen emakume gutxienetako baten etxean izan gara arratsaldean kafea hartzen. Palestinako Askapenerako Herri Fronteko zuzendaritzako kidea da Marian doktorea, eta gai hau izan dugu hizpide denbora luzez. Apur bat etsituta ikusi dugu, baina baikor izan behar garela uste du. Okupazioak guzti honetan duen ardura salatu nahi izan du. "Okupazioa dela eta gutxi dira Gazan semerik galdu ez duten emakumeak. Egoera gogor asko daude hemengo emakumeen artean, eta askorentzat gizartetik ihes egiteko modu bat da goitik behera estaltzea. Ikusezin bihurtu nahi dute. Gatazka amaitu eta guztia konpontzen denean errazagoa izango da guztiontzat. Urteak daramagu isolaturik, eta hori ez da ona". Hori bai, gogor salatu du ere Hamasek emakumeen eskubideen inguruan duten jarrera. "Ez dut zapirik eramaten, eta ez dut arazorik. Emakume ezaguna naiz, Palestinaren askatasunaren alde militatzen dut jaio nintzenetik, eta egia da Hamasek errespatzen nauela naizena naizelako, baina bakarrik sentitzen naiz borroka honetan".

:: Hurrengo orrialdea >>

Palestina

Gorka Quevedo naiz, eta iaz bezala abuztuaren lehenetik Palestinako lurretan nabil Komite Internazionalisten brigada batean. Beraz, Palestina bertatik bertara ezagutzeko aukera dudan bigarren aldia da. Helburu bikoitza dugu. Batetik Palest inako herritarrei elkartasuna adieraztea; bestetik, komunikabide handiek inoiz gutxitan zabaltzen duten informazioa eskaintzea irakurleari gatazkaren beste ikuspegi bat emateko. Blog honetan Palestinan bizitakoa islatzen saiatuko naiz aurten ere.

| Hurrengoak >

Urria 2020
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
      1 2 3 4
5 6 7 8 9 10 11
12 13 14 15 16 17 18
19 20 21 22 23 24 25
26 27 28 29 30 31  

Bilaketa

Atalak


Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!