Berria.infoko blog komunitatea

Login

Konponbidearen talaia

Pello Urzelai

Mezua: Anoetatik haratago

2009-11-16

Permalink Analisiak, 499 hitz  

Anoetatik haratago

Bost urte igaro dira Anoetako belodromoan Batasunak Orain herria. Orain bakea proposamena aurkeztu zuenetik. Gatazka gainditzeko eta konponbide prozesu bat eraikitzeko ezker abertzaleak aurkezten zuen hirugarren proposamena zen. Aurrekoak -KAS alternatiba eta Alternatiba demokratikoa- ETAk aurkeztu zituen, baina Anoetako proposamena Batasunak egin zuen. Prozesu berri baten lehen harria jartzeko moduko ekitaldia izan zen Anoetakoa, prozesu itxura, berez, beranduago hartu baitzuen (su-etenarekin eta Loiolako elkarrizketekin). 2004ko azaroaren 14an plazaratutako proposamenaren atzean gatazka behin betiko gaindituko duen prozesu demokratiko bat abian jartzea zen. Bost urte geroago, Altsasun -1978an Herri Batasuna sortu zen herrian-, indarberriturik aurkeztu du orduko apustua ezker abertzaleak: prozesu demokratikoaren aldeko apustua berretsi du, argitasun osoz.

Altsasuko agiriak ezker abertzalearen oinarriak eta borondatea laburbiltzen ditu, prozesu demokratiko hori eraikitzeko lehen urrats gisa. Ezker abertzalearen dokumentu honetan badaude berritasunak, Fase politikoaren eta estrategiaren argipena izenburuko dokumentuaren ildo beretik. Batetik, beste eragileak zer egiteko prest dauden zain egon gabe jarduteko beharra jasotzen du, hau da, prozesu demokratikoa abiaraztea «ezker abertzalearen alde bakarreko erabakia da». Planteamendu horren atzean honako gogoeta hau dago: prozesua abiarazteko erabakia ezker abertzaleak bere kabuz hartzen duen erabakia da, askapen prozesuan jauzi bat egiteko modua emango duela sinetsita egiten den hautua. Beraz, ezin da egon beste inoren borondatearen edo eskaintzaren menpean. Ikuspegi horren arabera, ondorio guztiekin hartu beharreko erabakia da.

Atzoko agiriaren beste berritasun bat prozesu demokratikoaren garapenarekin lotutako dago. Prozesuaren ezaugarriak, Anoetako planteamenduaren ildotik marraztuta daude: prozesuaren erreferentzia bakarra «bide baketsu eta demokratikoetatik adierazitako herri borondatea da», akordioak lortzeko «baldintza berdinetan egin beharreko elkarrizketa politikoa izango da lanabes nagusia», prozesu demokratikoa «erabateko indarkeriarik gabe eta esku-sartzerik gabe garatu behar da, soilik bitarteko politikoak eta demokratikoak erabilita»... Horrez gain, orain arte adierazi gabeko aipamen bat dago Altsasuko agirian: euskal indar politikoen arteko elkarrizketa prozesua «Mitchell senatariaren printzipioen baitan» zuzendu behar dela aitortzea. Printzipio horien pean egin zen Ipar Irlandako elkarrizketa prozesua, Ostiral Santuko Akordioa ekarri zuena. Elkarrizketa prozesu batean, bitarteko bortitzen erabilpenari uko egin eta arbuiatzeko konpromisoa jasotzen dute Mitchellen printzipioek. Nazioarteko komunitatean saihestezinezko erreferentzia bihurtu dira, edozein elkarrizketa prozesu abiatzeko. Printzipio horien aipamena egiteak prozesu demokratikoaren aldeko apustua bururaino eramateko borondatea erakusten du.

Planteamendu horiek badituzte antzekotasunak Anoetako proposamenaren garaiarekin, baina baita ezberdintasunak ere. Orduan, prozesua egiteko baldintzak zeudela ondorioztatzeko oinarrietako bat Espainiako Gobernuaren konponbiderako borondatea zen (ETArekin hitzartutako konpromisoetan adierazia). Orain horrelakorik ez dago. Baina badago aurreko negoziazio prozesuan aurreratutakoa, adibidez, Loiolan eta Suitzan landutako edukiak. Eta badago ere bai indar metaketari lehentasuna emateko asmoa. Izan ere, oraingo ikuspegiaren arabera, prozesuaren garapenean eta bidean lortutako akordioak betearaztearen bermea herri atxikimendua, indar metaketa eta indar harremanen aldaketa dira.

Fase politikoaren eta estrategiaren argipena izeneko txostenean aurreko prozesuaz egiten den autokritikan, «izaera estrategikoko gogoeta» ez egin izana aipatzen da. Horrek ekarri zuen, azkenean, diseinua aldatu eta negoziazio prozesua Aljerko parametroetan kokatu izana. Une honetan, galdekizun da izaera estrategikoko gogoeta hori zertan den, hau da, noraino konpartitzen duen ETAk aipatutako ikuspegi hori. Atzoko argazkiak 50 urteko ibilbidearen ondarea ziklo berria indartzeko norabidean jartzeko asmoa islatzen du. Argazki gehiago falta dira.

AGIRIA: ALTSASUKO ADIERAZPENAProzesu demokratikorako lehen urratsa: oinarriak eta borondatea

Erantzunak:

Bidaltzailea: Anarkoindibidualista [Bisitaria]
Batasuna ez dago ezer exijitzeko egoeran. Errealitatetik at bizi dira aspalditik, beren egiarekin itsututa, postmodernitatearen aroan bizi garela konturatu gabe. Gizarte globalaren produktu garela ez da ahaztu behar.
Permalink-a 2009-11-16 @ 13:46
Bidaltzailea: Niko [Bisitaria]
"Anarko" edo "indibidualista" izatea, bai... baina agintarien eta artaldekoen gauza bera diozu!!
Permalink-a 2009-11-16 @ 16:34
Bidaltzailea: Niko [Bisitaria]
Egia da, argazki gehiago falta dira. Horrek ez dio garrantzia kentzen lehenari.
Baina beste argazkiak... nork nahi ditu? ETAk?¿? PSOEk?jaja PPk?JAJAJAJAJAJA
Gauzak aldatu direla nabaritzen da. Orain, geure indarkeria gure etsai handiena dela konturatzea espero dut.
Permalink-a 2009-11-16 @ 16:52
Bidaltzailea: Abertzale bat [Bisitaria]
Harrigarria eta salagarria da gainerako eragileek ezker abertzaleari baldintzak eskatzeko duten joera hori. Ez al dira ohartzen ezker abertzalearen apustuaren sakontasunaz? Gauza da asko jokoz kanpo harrapatu dituela, lekua ezin hartuz eta nahiago izaten dutela besteen teilatura pilota bota, pilota bera hartu baino. Ezker abertzaleak bere pilota bota du, besteen teilatura, baina bait berera ere. Horixe egin behar lukete guztiek ere, bai EAk, Aralarrek, PNVk... Eta mesedez, heldutasun eta seriotasuna erakutsi, iraganean ez bezala.
Permalink-a 2009-11-16 @ 17:10
Bidaltzailea: Furunda [Bisitaria]
Agiria ederra da, benetan. Bazen garaia!
Orain, duen garrantzi itzelarengatik, erantzungo al diogu denok behar duen moduan? PNV izango da giltzarri. Gaia hartzen badu eta gidaritza lana egin, portura iritsiko gara.
Baina ez dakit nik unea eta giroa egokienak diren alderdiak bide horretan jar daitezen. Egiatan diotsuet: akojono moment! Eta ez badiote enbidoari eusten, mugara iritsi garelako susmoa dut. Orduan?
Permalink-a 2009-11-16 @ 18:44
Bidaltzailea: neocon bat [Bisitaria] · http://neocon bat
"Harrigarria eta salagarria da gainerako eragileek ezker abertzaleari baldintzak eskatzeko duten joera hori",dio Abertzale bat-ek, zerk harritzen du ba? 900 hilketa justifikatu eta gero, zer lortu dute? Ezer ere ez. Pilota bota dutela beste eragileen teilatuetara dio, bada nik esaera hori baino hobea dela honakoa esango nuke: patata beroa zuen eskuetan duzue eta orain zuek konpondu. Beranduegi ostera, Ezker Abertzaleaz ez baita inor fido, gezur larregi...
Permalink-a 2009-11-17 @ 11:32
Bidaltzailea: Niko [Bisitaria]
Gezurrak? Ezker Abertzalekoak? Non bizi zara?
Entzun al dituzu haien esanak hala beste alderdikoek haien ahoan jarri dituztenak?
Permalink-a 2009-11-17 @ 12:46
Bidaltzailea: Ekain [Bisitaria]
Hemen garbi dagoena da exigentziak, bete beharrak...
denak ezker abertzalearen buru gainera botatzen direla.
Hau egin behar du, gaizki egin du, gezurteroak.
Bien bitartean besteak beste aldera begiratuz.
Dirudienez hemengo zenbait irakurle ere pentsamendu horretan daude.
Agian hemerotekara bisita egitea ere ez dago gaizki.
Eta hasi gatazka politikoari begira ezker abertzaleak zenbat proposamen, ahalegin egin dituen.
hemen exingentziekin hasi behar badugu ufff...ez dugu ezer aurreratuko.
Nire ustez konpromisoak behar dira hemen.
Baina ez soilik klase politikoarenak, herritarrenak ere bai

Permalink-a 2009-11-17 @ 13:07
Bidaltzailea: neocon bat [Bisitaria]
Gezurrak, bai, eta lodiak gainera. Zenbat aldiz entzun ditugu "bide baketsu eta demokratikoak soilik" bezalako hitz potoloak. Anoetan bertan ere bai orain bost urte; eta gero T4, Uria... hitz potoloak zaborrontzira orduan. Eta orain horregaitik inor ez da fido, oihartzun gutxiago ezin izan du eduki azken proposamen honek!! Urzelai, Iriarte eta enparauek ikusiko dituzte puntu interesgarriak proposamenean, baina beste guztiok gauza bakarra itxaroten dugu, eta Altsasuko proposamena ez da nahikoa. Ez garelako fido, ezker abertzaleak ez baitu hitza betetzen!
Permalink-a 2009-11-17 @ 13:15
Bidaltzailea: Patxo [Bisitaria]
Ezker Abertzalea berandu dabil. XI. mendean sartuta ez digu bada agintzen bide demokratiko eta baketsuetan barna ahaleginduko dela?
Txalo jo behar ote dugu?
Kultura politiko sektarioan eta erasokorrean (beste guztiekiko) murgilduta bizi da E.A. oraindik.
Ekin diezaion bideari behingoz, eta eman diezagun bakea eta errespetua, baldin eta horretarako gauza bada, ikuskizun dago eta.
Nik neuk ez diot Ezker Abertzaleari ezer eskatzen. Hori bai, esan bezala orain arte erakutsi ez duen errespetua exijitzen diot.
Zorte on eta eman bakea!
Permalink-a 2009-11-17 @ 15:36

Erantzun:

Zure eposta ez da orrialdean erakutsiko.
Zure URL-a erakutsiko da.
Onartutako XHTML etiketak: <p, ul, ol, li, dl, dt, dd, address, blockquote, ins, del, a, span, bdo, br, em, strong, dfn, code, samp, kdb, var, cite, abbr, acronym, q, sub, sup, tt, i, b, big, small>
URLs, email, AIM and ICQs will be converted automatically.
Aukerak:
 
(Lerro saltoak <br /> bihurtzen dira)
(Izena, eposta & url-arentzako cookiak finkatu)
authimage
Erantzuna bidaltzeko idatz ezazu goiko eremuan egiaztapen kodea; goiko aldean ageri den zenbakia, alegia. OHARRA: Zure erantzuna onartzen ez bada, orrialdea berriro kargatu eta kode berria sortu beharko duzu erantzuna bidali aurretik!

Konponbidearen talaia

Euskal Herrian konponbidea jorratzeko garaia delakoan, bidaldi horren lekuko izan nahi du bitakora kaiera honek. Albisteak, gogoetak, zertzeladak, hemeroteka, erreferentziak, eztabaidarako aukera, kolaborazioak… Leiho bat zabal-zabalik, konponbide iraunkor eta justuaren itxaropenez. Jokoan dagoenaren garrantzia kontuan izanik, erantzukizunez, begirunez eta zintzotasunez jokatzeko konpromisoa du blog honek.

Otsaila 2020
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
          1 2
3 4 5 6 7 8 9
10 11 12 13 14 15 16
17 18 19 20 21 22 23
24 25 26 27 28 29  

Bilaketa

Atalak

Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!