Berria.infoko blog komunitatea

Login

Konponbidearen talaia

Pello Urzelai

2014-01-12

Permalink Analisiak, 228 hitz  

Gainez eginda

Gainezka. Alferrikakoak izan dira konponbide osoaren aldeko giza itsasoari jarri nahi izan dizkioten langak. Gainetik pasatu ditu. Urtarrilaren 11ko mobilizazioak aspaldian egindako erraldoiena izan behar zuen, eta azkenean olatu urdina osatzerik ez bada egon, helburua bete da, eta aurreikuspenak gainditu ere.

Izan ere, Espainiako Barne Ministerioak Herriraren kontrako operazioa antolatu zuenean argi utzi baitzuen bere helburuetako bat urtarrilaren 11ko mobilizazio hori oztopatzea zela. Operazio haren beste helburu nagusia EPPK-ri trabak jartzea hasitako gogoetan eta haren urratsak baldintzatzea zen. Alferrikako saiakerak izan dira. Presoen eskubideen aldeko mugimenduak bizirik eta indartsu dirau, tantaz tanta antolatuta edo bestela. Eta EPPK-k tamaina handiko urratsak egin ditu. Borroka armatuaren borroka moldeari uko egin eta etxeratze prozesua gauzatzeko lege-baliabideak erabiltzea onartu ditu. Eragindako kaltearen ardura haien gain hartzearekin batera. Konponbiderako urrats handiak. Ordurarteko egoera aldatu eta urrats berriak ahalbidetu dituzten urratsak.

Alferrikakoak izan dira ere EPPKren apustua iluntzeko saiakera, eta Tantaz Tantaren deialdia debekatuz U11ko mobilizazioa trabatzeko saioa. Ezinean eta berandu dabiltza Espainiako indar polizial eta judizialak. Euskal gizartean dago gakoa. Alde bakarrez egiten ari diren urratsek bidea irekita, aurrera egiteko borondatea eta gogoa zabaldu eta indartzen ari dira, Espaniatik jarritako harresien gainetik. Deialdi bateratua, berez, ez da garai eta norabide berri baten abiapuntua (oraindik ez dago helduta), baina bai erakusten du bide hori —Espainiak ezarritako mugetatik aske— posible dela (gizartea azpitik sendo bultzatzen ari delako). Ekinez egingarria.

(2014ko urtarrilaren 12an argitaratua, Berrian)

2012-11-15

Permalink Analisiak, 364 hitz  

Gezurtatze susmagarria

Manuel Valls Frantziako Barne ministroaren gezurtamenaren ondoren, François Hollande presidentearena ere etorri da. Gobernuak eta lehendakaritzak ziurtatu dute ez dutela esku hartzerik izan Aurore Martinen atxiloketan, «ustekabeko kontrol» baten ondorioa izan zela eta ezarritako prozedura «automatikoa» zela. Baina azalpen hori auzitan dago, ez du inork sinesten, ezta François Fillon lehen ministro ohiak ere.

Aurore Martinen familiak bildu dituen datuak argigarriak dira: lau kontrol Aurore Martinek har zitzakeen ibilbide posibleetan, atxiloketa egindakoan kentzen direnak. Helburu bakarreko operazio izan zen, azaroaren 1ean Maule inguruan egindakoa. Zergatik ukatu egiten dute Barne ministroak eta presidenteak? Zerbait estali nahian ari direlako. Gertaeren sekuentzia aztertuta, bada posible hipotesi bat. Aurore Martin atxilotu baino lau egun lehenago, urriaren 28an, Frantziako Poliziak Izaskun Lesaka eta Joseba Iturbe ETAko ustezko kideak atxilotu zituen Lyonetik gertu. Egun berean, Manuel Valls Barne ministroari elkarrizketa bat egin zion El País egunkariak. Bi mezu nagusi eman zituen. Bata: «Espainiako Gobernuari jarraituko diogu erabakitzen duen guztian». Bigarrena: «Ez da egongo euskal administrazio egiturarik, ez dugu eztabaida hori ireki nahi». Ekintzek eta hitzek adierazten dute badutela ekintza batasun bat Espainiako eta Frantziako gobernuek, euskal aferari dagokionez. Bidasoaren bi aldeetan oztopoak eta galgak jartzeko nahi konpartitu bat antzematen da. Baina, sekuentziari so eginda, ondorioztatu ahal da atxiloketak gertatzeko unea Espainiako Gobernuaren hautua izan dela. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetatik astebetera, emaitzen gainean ur hotza bota beharra sentitu duelako, era horretan agenda markatzeko saio bat eginda. Horixe liteke Frantziako agintariek ezkutatu nahi luketena: Espainiaren interesen eta beharren arabera jokatu izana, alegia.

Valls ministroaren elkarrizketak eta Aurore Martinen atxiloketak sorrarazi dituen erreakzioei begiratuta, trabatzeko ahalegina antzua izan dela ikusten da. Berandu iritsi dira. Dagoeneko nahiko heldurik dago Ipar Euskal Herrian mamitzen ari den gogoeta: Bake giroak ez dauka bueltarik, bakebidean urrats gehiago behar dira, eta euskal nortasuna onartzeko bidean erantzun zehatzak behar dira. Konpromiso maila handia erakusten ari dira kolore guztietako eragileek. Kalera atera dira, aurre egin diote Pariseko nagusikeriari, ez diete etsi euren asmoei, eta, esate baterako, Baionako Foroari eutsi diote. Foroa bertatik sortua da, baina Euskal Herri osoko dimentsioa izango du. Aieteko Konferentziaren arrastotik, bake bidean konpromiso eta urrats berriak bideratzeko tresna izan daiteke, fase berri baterako jauzi egiteko ohola.

------------------------
Beste irakurketa bat: Eneko Bidegain, BlogBerri blogean: Hollande eta europar korporatismoa

2012-10-22

Permalink Analisiak, 392 hitz  

Lidergo erlatiboa

Garaipen argia lortu du EAJk Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, Iñigo Urkullu lehendakarigaiaren eskutik. Irabazlearen inguruko zalantzarik ez dute utzi emaitzek. Bigarrenari —EH Bilduri— atera dion aldea (106.576 boto, 6 aulki) esanguratsua da, lidergo politikoaren ikuspuntutik. EAJk lortutako emaitzekin (botoen % 34,64, 27 aulki) zilegitasun osoa du lehendakaritza hartzeko, nolabaiteko zentralitatea eskuratuta.

Sailkapena ere garrantzitsua da. EAJ izan da lehen indarra eta EH Bildu bigarren bilakatu da (botoen %, 25, 21 aulki) 2011ko udal eta foru hauteskundeetan gertatu bezala. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan aurrekari bakarra dago: 1980ko hauteskundeak, HB PSEren aurretik gelditu zenean. Hirugarren indarra PSE izan da (%19,14, 16 aulki) eta, urrutiago, laugarrena PP (11,74, 10 aulki).

Sailkapenarekin batera, beste datu garrantzitsua boto dentsitatea da, hau da, indar bakoitzaren pisu espezifikoa, eta multzo bakoitzarena. Indar abertzaleek espainolistek baino askoz sostengu gehiago lortu dute. Espainolistak batuta ere ez dira iristen %30era. PSEk, PPk eta UPDk 363.338 boto lortu dituzte, eta gainerakoek —EAJ, EH Bildu, Ezker Anitza eta EBk— 708.034, ia bikoitza. Datu honek berebiziko garrantzia du, erakusten duelako Espainiako estatu sistema sostengatzen duten alderdiek EAEn gutxiengo osatzen dutela. Beraz, argi gelditu da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan Espainiako estatu sistema auzitan dagoela, bideragarritasunik gabe, Kataluniaren antzera.

Gobernagarritasunaren ikuspuntutik, emaitzek erosotasuna eman diote EAJri gobernatzeko, bakarrik ere, hala nahi izanez gero. Zenbaki hauekin, ez dago kontra egin diezaiokeen aliantzarik (EH Bildu eta PSE ez dira 38ra iritsi). EAJk nahiko tartea du bakarrik gobernatzeko, eta ziurrenik aukera hori egingo du. Beste alderdi batzuetatik eskaintza goxoak jaso arren. Berez, nahiko gehiengo erlatiboa lortu du gutxiengoan gobernatzeko eta aukera hori baliatuko du.

Dena den, Iñigo Urkulluk lehendakarigaiak berak ere argi dauka adostasun zabalak lantzeko garaia dela. Krisi ekonomikoa eta bakegintza akordio zabal eta sakonen zain daude. Eginkizun honi ekiteko nolabaiteko lidergoa eskuratu du EAJk. Lidergoa bai, baina erlatiboa, ezinbestean beste indarrekin kontatu behar duelako, batez ere, bigarren indarrarekin, EH Bildurekin. Bi indar hauek dute garai berria kudeatzeko erantzukizun nagusia. Bien arteko elkarlana —instituzionala eta bestelakoa— beharrezkoa da aurrera egiteko. Krisi ekonomikoari aurre egiteko orduan, bakegintza sendotzeko orduan (estatuak mugiarazteko orduan), eta burujabetzaren bidean aurrera egiteko orduan.

Izan ere, hemendik aurrera herritarrek argiago barneratuko dute gehiengo nagusiaren nahia herri burujabea izatea dela, hau da, bertan erabaki ahal izatea oraina eta etorkizuna. Kataluniako eta Eskoziako prozesuek areagotu ahal dute sentimendu hori. Euskal Herrian pixkanaka antzeko gehiengo likido bat osatzen ari da independentziaren alde. Gizarte zibila norabide horretan benetan aktibatzen bada, agintari berriei nahi hori kudeatzea baino beste erremediorik ez zaie geldituko. Horretarako hoberena lidergo partekatua lantzea.

2012-10-20

Permalink Analisiak, 386 hitz  

Aurrerapauso ozenak eta isilak

Urtebete iragan da ETAk erabaki historiko hura hartu zuenetik. Urtebeteko ikuspegiak aukera ezin hobea ematen du ohartzeko benetan aro berri bat eraikitzen ari dela. Urte hau ez da alferrik pasatu, nahiz eta gertatu behar lukeen guztia ez gertatu. Aro berrirako agenda Aieteko Adierazpenak zehaztu zuen: gatazkaren ondorioei irtenbidea ematea, biktima guztiak onartzea, laguntza eta erreparazioa ematea eta elkarrizketa politikoa abiatzea —gatazkaren erro politikoei heldu, elkarbizitzarako oinarri berriak finkatu eta bake iraunkor eta justua bermatzeko—. Ordutik hona, agenda horrek aurrera egin ez dezan ahalegin handia egin dute Espainiako Gobernuak, PPk eta estatuko hainbat agintarik. Espainiako Gobernuak uko egin dio ETArekin elkarrizketa teknikoak hasteari, eta presoen auzia blokeatu du. Alderdi sozialistak, Aieteko bilkuran egon arren, ez du inola ere bultzatu nazioarteko izen oneko sei buruzagiek proposatutako agenda, eta memoriaren aldarrikapena aitzakia hartuta jarrera defentsiboa garatu du hauteskundeen itzala gainetik kendu ezinik. Sortu legezko bilakatu ondoren, alderdi sozialistak eta, bereziki, Patxi Lopez lehendakariak aukera ezin hobea izan du alderdien arteko elkarrizketa sustatzeko, baina ez du erabili, beldurrez, PPren presioaren beldur, EH Bildu hauspotzeko beldur.

Espainiako eta Frantziako estatuen status quo-aren zaindariek jarritako oztopoen gainetik Aieteko agendan aurrerapen garrantzitsuak gertatu dira azken urte honetan. Agian, ez hainbeste begi-bistan, baina gertatu gertatu dira. Gatazkaren ondorioen atalean, nazioarteko eragileak ez dira geldirik egon, eta ETA ere ez. Lana aurreratu dute estatuak esertzen direnerako, eta aldebakarreko pausoak emateari begira ere bai. Presoen gaian, euskal gizarteak bere egin ditu oinarrizko aldarrikapenak, eta horrek eutsiezin bilakatu du Espainiako Gobernuaren jarrera. 197/2006 doktrinaren kontra Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Ines del Rio presoaren kasuan kaleratutako epaiak mugarri bat jarri du espetxe politika aldatzeko bidean. Biktimen atalean ere, aurrerapauso nabarmenak eman dira, batez ere, gizarte mailan. Bereziki alde ezberdinetako zenbait biktimak pauso ausartak eman dituzte elkar ulertuta eta elkarri onartuta bestearen oinazea.

Elkarrizketa politikoari dagokionez, Hego Euskal Herrian urrats nabarmenik ez da egon, baina alderdien arteko komunikazio kanalak irekita egon dira, eta baliteke Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak pasatu bezain laster hastea mugimenduak. Ipar Euskal Herrian elkarrizketa sakonak izan dira, eta lurralde elkargoaren inguruko emaitzak begi-bistan daude. Arlo horretan ere, baliteke gizartea alderdien aurretik aritzea, bi pauso harago. Biharko hauteskundeetako emaitzek argi utziko dute nolako jauzia eman den urte honetan. Dena azkartuko da. Eta ondorioen korapiloa askatzeko bidean blokeoak aurrera jarraitzen badu, nazio auzia azkartuko da, aro berrian iraganeko eustormak hauskorragoak direlako.
Aieteko Adierazpena

2012-09-23

Permalink Hauteskundeak, 244 hitz  

Lehendakarigai herritarra

Laura Mintegi EH Bilduren lehendakarigaia izan da Euskadi Pregunta saio bereziaren lehen gonbidatua. Saioaren formatoak muga batzuk izan arren (berriro galdetzeko aukera eza, adibidez), interesgarria izan da herritar soilek egiten dituzten galderak ezagutzeko. Hiru minutuko erantzunetan, ez zegoen beta handirik gaietan sakontzeko, baina bai ikusteko hautagaiak nola heltzen zion herritarraren kezkari. Horretan datza programaren gakoa, galdegilearen eta galdekatuaren arteko harreman horretan, alegia.

Laura Mintegi ongi murgildu da programaren dinamikan. Ahalegin handia egin du galderak entzuteko, eta herritar bakoitzaren galdera eta kezkari erantzuteko. Bakoitzarekin konektatzeko saioa nabaria izan da, era naturalean, atsegintasunez. Herritarrengandik hurbil agertu da, baita haien kezkengandik ere. Erantzun batzuetan oso zehatza izan ez bada (esate baterako, Donostiako metroari buruz, edo ikerketa bultzatzeko neurriei buruz) askotan sumatu da erantzunak galdegilearen gustukoak izan zitezkeela. Batzutan, sintonia nabarmena izan da.

Saio osoan erakutsitako jarrera bestelakoa izan da. Hau da, bestelako lehedakarigaitzat hartzeko moduko jarrera. Besteetatik diferente. Eskarmentu eta curriculum politikorik ezean, espazio hori garrantzitsua da Laura Mintegirentzat, eta ezin hobeto baliatu du aukera dohai hori agertzeko eta indartzeko: lehendakarigai herritarra, herritarrengandik gertukoa. Gainera, pentsamolde argi batekin, ezkerrekoa. Agian idealista samar, baina lehendakarigai batentzat ez da gutxietsi beharreko ezaugarria.

Saioaren dinamikaren eraginez, bi gai garrantzitsutan Laura Mintegiren diskurtsoa motz gelditu da. Bakearen gaian, Aieteko Adierazpenaren erreferentzia (lapsusa barne) eskas gelditu da. Independentziari dagokionez, aukera horren defentsa argia egitea, eta, Kataluniako egoera aintzat hartuta, lehendakari bati dagokion eginkizuna aipatzea faltan nabaritu ditut. Gainerako lehendakarigaiekin batera egingo diren eztabaidetan eta elkarrizketan gai horiei hobeto heltzeko aukera izango du.

Laura Mintegi

:: Hurrengo orrialdea >>

Konponbidearen talaia

Euskal Herrian konponbidea jorratzeko garaia delakoan, bidaldi horren lekuko izan nahi du bitakora kaiera honek. Albisteak, gogoetak, zertzeladak, hemeroteka, erreferentziak, eztabaidarako aukera, kolaborazioak… Leiho bat zabal-zabalik, konponbide iraunkor eta justuaren itxaropenez. Jokoan dagoenaren garrantzia kontuan izanik, erantzukizunez, begirunez eta zintzotasunez jokatzeko konpromisoa du blog honek.

| Hurrengoak >

Apirila 2019
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
1 2 3 4 5 6 7
8 9 10 11 12 13 14
15 16 17 18 19 20 21
22 23 24 25 26 27 28
29 30          

Bilaketa

Atalak

Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!