Berria.infoko blog komunitatea

Login

Mendiko behatokia

Pello Zabala

2014-03-10

Permalink laurdenka, 171 hitz  

Laurden koskan

Udaberrian sartu aurretik justu, ilargiaren bi ibilde neurrien koska azaldu nahi nuke. Abendu hasieran, han seinalatu nuen nola egun berean abiatu ziren ilgora eta ilberria. Baita ere, seinalatzen nuen nola handik sei hilabetera, udan alegia, bi koskak oso bestelako agertuko ziren: alegia, ilgora hastean, nola ilbetea egongo zen ilbeheraren azken egunean. Zergatik zen ere argitzen saiatu nintzen: nola ilgora-ilbeherek 13 bider igo ta jaisten zituzten gora-beherako pendizak; eta bien bitartean, ilberri-ilbeteek 12 aurpegi gizenaldi nahiz flakialdi. Eta, sei hilabetetik sei hilabetera, batak bestea erdibidean harrapatzen badu, argi egon leike, burua zentzatzea nahikoa, 3 hilabete inguruan, erdibidearen erdian, alegia, laurden koskan egongo dela. Eta halaxe da.

Herenegun genuen ilberritxoaren laurdenka: aurpegi erdia potolotzen hasi zen. Atzo goizean, berriz abiatu zen ilbehera. Gaur hor de goian, lehen behera pausotxoa emanik ilargi amandrea. Beheraka doan bitartean, gero eta beteagoa ikusiko dugu, gero eta matrail zuriagoa. Datorren igandean, ilbeherakoaren erdibidean, orduantxe iritxiko da ilbete biribil zuria osatzera. Beraz, giro dotorea iritsi zaigunean, ilargia betebidean dugu, alde batetik, baina atzotik martxoaren 23 igandera arte, ilbeherako lanak egiteko eta aprobetxatzeko eran.

2014-03-07

Permalink laurdenka, 228 hitz  

Orain hiru hilabete

Oraintxe 90 egun, iazko abenduko 3tik 16ra arte, bizpahiru egunek kale-ttiki bat egin bazuten ere, zeru garbiekiko egun ederrak eguzki betekoak izan genituen. Orduan, esan beharrik ez dago, eguna bere laburrenetan zebilen eta, oraingo aldean bi ordu ta erdi gutxiago zituen egunargiak. Orain berriz, goizetik ordubete eta arratsetik beste bi ordu eta 25 minutu harrapatu dituenean, -laister baikara egun ta gau hamabina ordukotan-, eguzki orduak atseginak eta gozagarriak bilaka dira.

Beste alderdi batetik begiratuta, bitxia da udazkenak bere azken pausoetan halako eguzki egunak eskaintzea, eta bestehorrenbeste, juxtu negu ofiziala amaitzean, ez hain ustekabean etorri zaigun antizikloi giro garbiko egun sorta oraintxe fortunatu zaigunak.

Halere, egun bakoitza ez dela loteria hutsa, -behin eta berriz aspaldi errepika nuen kontua-, baizik badakarrela aurrekoekin lotura eta ahaidegotxo bat gogoratzeko, ez daukagu azken hilabeteotako jardunari begiratu besterik: aipatu abendu hasierako egunak bazuten zeru garbiekiko lotura; hurrena, ez dago esanbehar handirik, neguak hegomendebalaren 31 eskutik zuela, 74 egunetako soka luzean ekarri digun haizeboladadun emana ta erasana; bazuten, bazutenez, haize ahaidego galanta; eta hegomendebala normalean laburki mendebaltzen den bezala, ihauteri igandeak hasi bazuen hasi, astelehen-astearte eta asteazken, mendebalari azken errebuelta lapurtar ikuttuz kiribildu zitzaionean, hara: lau egunen artean, oraingoan ere ahaidegorik bazuten bai, bikiak ziruditen eta… ba, lauen artean, ez zizkiguten ba, 148 litro bota??? Parentesko seinalatuegiak, ezta?

Eta, azken galdera: zenbateko ahaidegoa, zenbat anai-arreba segidoko, koska ttikikoak, ote dakartza ongietorria emanberri diogun antizikloiaren txapel gustagarri honen peko egunetan neurtuta…?

2014-02-28

Permalink NB maixialaria, 171 hitz  

Otsailtxo, otsailtxo!

- Zer egin ditek aurten hire aldameneko hilabete hanpurus biek…?

Urte gutxitan, oso banakakotan gerta ohi denez, aurtengo urtats eguna, eguerdian ilberri ttikia pizten hasten zela inaugura zitzaigun. Jakina, horrek zer esan nahi du? Urtarril amaierarako, 30 iñularrean juxtu, han zetorrela bigarren hilberrittoa. Eta otsailtxoak bere egun guztiak, 28ak ahaleginean luzatu arren, 8 orduren faltan gelditu behar izan duela, bihar goizeko ilberri ttikia ezin harrapatuz. Otsailtxo, oso gutxitan bezala, hara, ilberririk gabe, edo ilberri faltan fortunatu zaigu. Horregatik ote gaur agertu nahi izan digun eguraldi giro hain haserrea?...

Baina ez da hor amaitzen ilberrien kontua. Bihar martxoan baikara. Eta martxo hogeitamaikeroak, urtarrilaren gisaberean, bihar hasierakoan eta 30ean izango baititu beste bi ilberritto ttikiak.

Ez naiz akordatzen nola den atsotitza, erranairu iparraldekoa; baina nago, berezi xamarra gerta ote ohi den bi ilberri dituen hilabetearen eguraldi adarretakoren bat edo beste. Ez dut berezitasun posiblerik seinala nahi, baina, tarteko hilabete gajo penatua inbiri-malkotan plako utziz, bi aldameneko ipurtaundiok, beren kolkorako bina negoziatuz aprobetxatzen direnean, zer esan…? Ez noa nire pentsamentuak azaltzera, lapurreta gehiegirekin akordatzen naiz eta…

2014-02-26

Permalink pentsumentala, 224 hitz  

Milioi jaioberri

Ahalketurik ta lotsaz lotuta uzten zaitu gure mundu xelebre honen abelerak. 15 urte beteberritan nobizio gaxterik ikasi genuen meditazionetan barruntatzen eta otoitzbidean barrua bete ahala sentimenduak neurtu eta kalibratzen. Ia 60 ordu daramat triste kolorea barrutik ezin haizatuz. Milioi haur hiltzen zaizkigu jaioberritan, eta ez gosez preseski, erditze eta erditzeondoko laguntza faltaz baino. Sorta bat, jaiotze ordua aurreratu zaielako; ia erdiak, jaiotzean emagin laguntzarik izan ez dutelako… gehienak bizirik genituzkeen, hala amak nola haurtxoak laguntza egokirik izan balute. Haurren sorrera horrenbeste inporta omen zaigunean, milioi jaioberri baztertuta hiltzen uzteko gauza gara? Buruak edo bihotzak, edo biek, pitzatu ederrik badu gizarte arin eta ustel honetan…

“Jaioberriaren lehen eguna da garrantzizkoa eta arriskuz betea, eta hara zenbat amatxok, beren etxean lurrean etzanik, inork lagundu barik, dakarten mundu trixte honetara beren umetxoa negar zotinetan…” dio David del Campok. “Kontakizun gehitxo jaso ditugu, negarrez kontatu diguten amatxo gajoengandik, zenbat kilometrotan ibili behar izan duten lagunduko dien emaginaren bila”.

Afrikako hainbat eskualdetan, jaioberrien erditatik gora, inoren laguntzarik gabe jaio ohi dira. Etiopian 10etatik batek bestek ez du lagunduko dionik. Afganistan kastigatuan bertan, 10 mila biztanleko emagin bakarra omen daukate, auskalo zenbat kilometrotan zehar. Kongo aldean eta beste herrialde batzutan, laguntza jaso duen amatxo gaxteak, hilabete mordoska bateko jatenetako beharko lukeena ordaindu behar izaten du: haretxen bularrak bai estimazioa, haurtxoa zotinka, asko ohartu gabe ere, gozatzen saiatzen denean…

Zer gehiago esan? Isiltzea hobe…

2014-02-24

Permalink pentsumentala, 152 hitz  

Bi aste pasa

- “Todos al suelo!”ka sartu zeneko urtemuga genian atzo, ezta?
- Bai, bai. Arma eskuan, bibotepeko doinu altuan, hura huan jendea lotsarazi ta makurtarazi beharra, hura!
- Ba, egun gutxin pausajean, hainbeste lots trixte pasarazi digutenik ez neok akordatzen aspaldi hontan… zuek bai, akaso?...

Elkarri begiratu, keinutxo bat egin eta zer esan ez dakigula hor ginen gaur gosarittikian…

- Aizue, ba goizeko albistegian entzuna honakoa: bi aste pasatxo direla Burgosko kartzelan hildako beste preso lagunarena... halaxe enteratu nauk, alajainena!
- Ez dek posible, motel!
- Jakina, Arkaitzena pasaberritan, lotsa gutxi nonbait eta…
- 22 urte besterik ez zituen gazte bat gorpu, aizue…?
- Ta dirudienez, duela 15 egun ta gehiago hilik...
- Bere buruaz beste egin omen dik… Donostiarra ote dan, edo… gertukoa.
- Baina hilabete t’erdi besterik ez duk bizkaitar gazte bat ere presondegi horretan bertan, Burgoskoan akaatu zela…
- Eaarra martxa, earra… urtarril ta otsail erdin… 3 gazte presondegitan akaatuak…!
- … … …
- … … …

:: Hurrengo orrialdea >>

Mendiko behatokia

Behatokian gustura nabil. Mendikoa da behatokia: izadi naturalean kokatua. Natural izatea lortu nahi, nonbait. Hontzaren begi bihurriak nahi ditut: ilunean dakitenak. Erreparatu ahala, ikusia jakin aurretik, azaleratu nahiko nizuke, denon aurrean ikasteko. Ondo ikasiak leku gutxi. Eta asko balio...

| Hurrengoak >

Urria 2018
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
1 2 3 4 5 6 7
8 9 10 11 12 13 14
15 16 17 18 19 20 21
22 23 24 25 26 27 28
29 30 31        

Bilaketa

Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!