Berria.infoko blog komunitatea

Login

Mendiko behatokia

Pello Zabala

Artxiboak: Urria 2008, 01

2008-10-01

Permalink arotenplea, 485 hitz  

Urriko ilberriarenak

Urriko ilberrin, elurre Aizkorrin,
Urriko elurra, bost hilabeteko elurra,
Urriko ilberrian elurra ageri bada, zazpi ilberritan ikusiko da,
San Miel ilberriko elurre, neguko ta maiatzerainoko elurre.

Banaka hartu eta, igoal ez dizute gauza handirik esaten. Dozenerdi bat urtetan nola egiazta izan ahal dudan hauen ekarria, niretzat dozena liburutatik baino gehiago ikasi dut erranairu zuzen hauetatik. Ez daukate ezertxo ere asmaturik. Ez eta ezer alferrik landurik. Ikusi dutena, bakoitzak bere aldetik esan: hori besterik ez, baina ‘hori dena’ daukate. Atsotitzen estiloan, asko bihurritu gabe, baina igurtzi pare bat eman eta gero…

Lauak uztartu eta… udazken-negutako dozenerdi pasa hilabeterako eguraldi jokaera uzten dizute pronto aurrean eta eskura. Hala gertatuko den? Ez urtero. Esaten dutena da, hala gertatu izan dela. Baldintza bat hala badator, zalea dela gero sokatik trailan halaxe hilberri mordoska ekartzen. Nik esaten dizudana da, urte dezentetan halaxe gertatu dela. Eta egundoko poza jaso dudala atsotitz hauen ziurtapenarekin: ilargia dagoelako tartean… Hirutan ‘ilberria’ aipatzen baita.

Urriko ilberriin, elurre Aizkorriin, Aita Julian Alustizari jaso nion, berak Mutiloan entzunda. Urbia eta beste inguru hauetan sarri entzuten den atsotitza. Hantxe gainean baitira Aizkorri eta Aitxuriko gailurrak, askotan txuritzen direnak.

Badu urriak beste esaera zahar bat kontuan hartzeko modukoa eta aurrekoari beste kontu berri jakingarria eransten diona: Urriko ilberrian elurra ageri bada, zazpi ilberritan ikusiko da.
Ageri bada’, hara hor baldintza. Eta noizko data den ere, espreski seinalatuta: ‘urriko ilberrian’, eta zer agertu ere, argi esana: ‘elurra’. Ez du esaten urtero agertuko denik: aurreko esaeratik, halaxe pentsa zitekeena. Hemen, ‘ageri bada’ esaten da. Badakielako aroak ilberri epel belaxkak ekartzen ere, eta udazken nahiz negu, batere elur gabekoak ematen. Baina, hori bai: baieztapen ausart bat uzten digu: ‘zazpi ilberritan ikusiko da’ (elurra). Non? Nondik ikusi? Noraino ikusi? Ez du zehazten.

Tokian tokiko talaiatik, aurki, hor daukagu bigarren atsotitza, ‘bost hilabeteko elurra’ agintzen duena. Kosta aldetik begiratuta, agian, bostekin konformatu behar, edo ezta hori ere. Barrualdeko mendi ingurutik badiozu, zazpi edo zortzi, ziur… Nolanahi, ‘zazpi hilabetetan mendi gailurretan baietz azaldu txuria’, hori da esaldi sorta honen erronka. Ondo pentsatuz, 7 hilabetez, urte erdia bertan, jontxo! ez da gero bromatako esana eta ausardia. Baina, beste ñabardura nahi nuke azpimarra, berau baita askozaz zehatzena:‘zazpi ilberritan’ dioena. Horrek data ere bertatik zehazten baitizu: 7 hilabetekoa, eta zein egun inguru ere seinalatua utzi dizu!!

Ilberriaren jiran, egun batzuk aurretik edo ondorengoetatik, baina bere koska hortxe kamusten duela adierazten du, gure asaba zaharrek erreparoz behin eta berriz ikusi eta egiazta duten esaera bilbatu horrek, ‘zazpi ilberritan’, alegia.

Berdintsu seinalatu nahi du sanmieletako laugarren esaldi horrek ere: San Miel ilberriko elurre, neguko ta maiatzerainoko elurre. Urrian azken samarrean izan beharrez, San Migel inguruan tokatzen baita batzutan. Sanmieletakoa ere, urrikotzat jotzen du esaera honek, ondorio ber bera ateratzen baitu, eta maiatzerainoxe luzatuz gainera. Ez zazpi bakarrik, maiatzeraino! Baina, beti, ilberri dontsu, neguko ataka zabaltzen duen horri begira, noski! Ez dira urte asko, hau holaxe bete zela: sanmieletan elur xafla juxtua Aizkorrin, eta hurrena, beste 8 hilberriz, maiatzekoan azkena… Harrapazak ilberri ttikia!!

Mendiko behatokia

Behatokian gustura nabil. Mendikoa da behatokia: izadi naturalean kokatua. Natural izatea lortu nahi, nonbait. Hontzaren begi bihurriak nahi ditut: ilunean dakitenak. Erreparatu ahala, ikusia jakin aurretik, azaleratu nahiko nizuke, denon aurrean ikasteko. Ondo ikasiak leku gutxi. Eta asko balio...

Urria 2008
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
    1 2 3 4 5
6 7 8 9 10 11 12
13 14 15 16 17 18 19
20 21 22 23 24 25 26
27 28 29 30 31    

Bilaketa

Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!