Berria.infoko blog komunitatea

Login

Txinpantze biluzia

Juan Ignacio Perez Iglesias

2010-07-14

Permalink Orokorra, 150 hitz  

Sexua eta matematika-trebetasunak

Normalean, neskek mutilek baino kalifikazio txarragoak eskuratzen dituzte matematikako ikasgaietan. Eta askok uste dute berezko ezaugarriak direla desberdintasun hori eragiten dutenak.

Baina hori ez omen dago hain argi. Evanstongo (Illinois, AEB) Northwestern Universityn jarduten den Paola Sapienza ikertzaileak erakutsi du desberdintasun hori ez dela sortzetikoa, ingurumenak eragindakoa baizik. Bere lan batean (Science, 320, 1164 or.) irakurri ahal izan dudanez, mutilen aldeko aldea txikiagoa da gizonezko eta andrazkoen arteko berdintasun maila garaiagoa duten gizarteetan. Hori horrela bada, orduan, hezkuntzarekin zerikusia duten eragileei dagokie desberdintasuna, eta ez jaiotzetiko datozenei.

Ondorio horretara heltzeko, 40 herritako neskek eta mutilek erdietsiriko matematikako notak aztertu ditu eta ikusi du batzuen eta besteen kalifikazioen arteko aldea gizon eta emakumeen arteko desberdintasun mailari dagokiola. Turkiak bezala sexu arteko desberdintasun handia duten herrietan gertatzen da mutilen aldeko desberdintasun handiena. Baina kontrakoa gertatzen da berdintasun maila garaia duten herrietan; hortaz, kasik ez dago desberdintasunik Suedia eta Norvegiako neskek eta mutilek lorturiko noten artean.

2010-07-06

Permalink Orokorra, 222 hitz  

Gizonezkoak baikorrago ote?

Izan ere, horixe ondoriozta liteke serotonina neurotransmisorea aipatu dudan bi artikuluetatik. Gizonezkoen eta andrazkoen arteko desberdintasunak aztertu nituen hirugarren artikuluan idatzi esan nuen bezala, emakumezkoek gizonezkoek baino serotoninaren sinapsi ondoko hartzaile gehiago baina neurotransmisorearen garraiatzaile gutxiago dute. Hori dela-eta, emakumeek astiroago birziklatzen dute erabilitako serotonina eta, horren ondorioz, serotoninaren gertutasuna mugatuta dago sinapsi aurreko neuronan. Hortaz, gertutasun apalago horri bide dagokio depresiorako emakumezkoek duten jokaera handiagoa.

“Nola dago botila, erdi hutsik ala erdi beterik ordea?” izenburuko artikuluan, bestalde, gizabanakoen arteko desberdintasun genetikoez aritu nintzen. Izan ere, lagunen arteko desberdintasunak daude serotoninaren garraiatzaileen aktibitate mailari dagokionez, eta jarduera maila garaiagoa denean, sinapsi aurreko neuronek serotonina gehiago dute eskura. Hortaz, jarrera baikorragoa dute jarduera garaiagoko garraiatzaileak dituzten lagunek, hau da, ikuspegi faboragarriei erreparatzeko jokaera handiagoa dute; hortik omen dator depresioa edukitzeko joera apalagoa izatea.

Bi artikuluetako informazioa batera aztertuz, gizonezkoak baikorragoak garela da nik atera dudan ondorioa. Eta gainera, ondorio bera ateratzen dut gizon eta emakumezkoekin aritzerakoan. Jakina, salbuespenik ere bada, baina uste dut emakumezkoek ikuspegi ezkorragoa izaten dutela, gauzak ilun ikusteko joera handiagoa dutela.

Uste dut desberdintasun horiek moldatze-balioa dutela gure espeziearen eboluzioaren testuinguruan. Beste egun baterako utziko dut gaiaren azterketa sakona, baina aurreratu dezaket arriskuak hartzeko gizonezkoek eta emakumezkoek duten joera-desberdintasunekin zerikusi handia duela baikorrago edo ezkorrago izate horrek, eta gure espezieko arrei eta emeei iraganean egokitu zaizkien zeregin desberdinen ondorio dela.

2010-06-27

Permalink Orokorra, 206 hitz  

Tripa hutsak entendimendu argia

Jatea maite dugunok bagenekien gutxi janez, - gose egonez apur batez-, oso astiro igarotzen dela denbora, astiroegi. Zientziak esana zigun, bestalde, goseak bizitza luzatzen duela, ugaztun zenbaiten bizitza behintzat. Barneratzen diren kaloriak murrizteak, beraz, bizitza luzeagoa omen dakar. Horrez gain, badirudi gose egoteak badituela bestelako abantailak ere, zeren goseak adineko animalien zenbait kognizio-trebetasun sustatzen baititu. Bada, Munsterreko (Alemania) Unibertsitateko ikerketa-talde batek jakin nahi zuen eragin hori gizakiengan ere gertatzen ote den ala ez, eta ikerketa-lan bat egin zuten horretarako.

Gehiegizko pisua zuten (baina obesoak ez ziren) 60 urteko gizabanakoen epe laburreko oroimena neurtu zuten eta taldeko heren bati eskatu zieten ohi baino gutxiago jan zezaten; ohiko janeurriak zituen kaloriak %30ean beheratzeko eskatu zieten horiei. Bada, azpitalde horretako kideen oroimen-proben emaitzak, besteenak baino %20 garaiagoak izan ziren 30 egunean janeurria hartu ondoren. Horrez gain, odoleko glukosa-kontzentrazioa eta intsulina-kontzentrazioa apalagoak izan ziren; dirudienez, eta aurreko ikerketek erakutsi duten bezala, garunaren funtzionamendu egokia lotuta dago glukosa eta intsulinaren kontzentrazio apalekin.

Agian horrexegatik diote tripa hutsak entendimendua argitzen duela. Ni, baina, ez nator bat horrekin, goseak niri ez baitit pentsatzen uzten.

Erreferentzia: A.V. Witte et al. (2009): Caloric restriction improves memory in elderly humans. Proceedings of the National Academy of Sciences, vol. 106, pp.: 1255-1260 (Proceedings of the National Academy of Sciences, DOI: 10.1073/pnas.0808587106)

2010-06-21

Permalink Orokorra, 269 hitz  

Krisialdien zorigaiztoko ondorioak

Europan, buru-hiltzeen eta hilketen kopuruak aldatuz doaz langabezia-tasaren aldaketen arabera denboran zehar. Horra datu zenbait: buru-hiltzeen kopurua %0’8 igotzen da langabezia-tasaren ehuneko puntu bateko igoera bakoitzeko, eta ber gauza gertatzen da hilketen kopuruan rekin. Zenbaki absolutuetan adierazirik, 310 hildako gehiago gertatzen dira Europa osoan buru-hiltzeen ondorioz eta 40 hildako gehiago erailketen ondorioz, beti ere langabezia-tasaren ehuneko puntu bateko igoera bakoitzeko. Balantza makabroaren beste aldean, auto istripuak daude. Errepideetan gertaturiko hiltzeek behera egiten dute langabezia goratzen denean, eta %1’39ko jaitsiera dagokio langabezia-tasaren puntu bateko igoerari; kopuru absolutuetan adierazita, 630 hildako gutxiago dira urteko.

Langabeziaren igoera, puntu batekoa izan beharrean hiru puntukoa bada, %4’45ekoa da suizidioen igoera (1.740 hildako gehiago) eta %28 igotzen dira alkohol gehiegi edatearen ondorioz gertatzen diren heriotzak (3.500 hildako gehiago).

Datu horiek adibideak baino ez dira eta ez dituzte barne hartzen heriotzen zio posible guztiak. Langabeziaren igoera, edozein kasutan ere, ez da mesedegarria, bere eragin garbia positiboa baita; hau da, 65 urtetik beherakoen heriotzen kopurua igo egiten da langabezia igotzen denean.

Bestalde, langabeziaren ondorioak ez dira berdinak herrietan zehar. Gizarte-babesa handia den herrietan, apalagoak izaten dira langabeziaren eraginak. Izan ere, enplegu-politika aktiboetan gastatzen denak oso eragin mesedegarria du: hiritar bakoitzeko 10 $-eko gastuak, esaterako, buru-hiltzeen tasaren %0’038ko jaitsiera dakar.

Joan den urteko uztailaren 8ko The Lancet aldizkariko argitalpen digitalean irakurritako artikulu batetik [doi:10.1016/S0140-6736(09)61124-7] hartu ditut datu horiek. Egileek (D. Stucker eta lankideak), 65 urtetik beherako lagunen hiltze-tasetan gizarte- eta ekonomia-baldintzek duten eragina aztertu zuten, eta horretarako, Europako Batasuneko 26 estatuetan 1970 eta 2007 bitartean jasotako zenbait datu (hiltze-tasak, BPG, enplegu eta Gizarte Segurantzako gastuak, besteak beste) erabili zituzten. “The public health effect of economic crises and alternative policy responses in Europe: an empirical analysis” da artikuluaren izenburua.

2010-06-16

Permalink Orokorra, 142 hitz  

Janaria prestatzea, giza eboluzioaren motore

Zientziaren Aurrerapenerako Elkarte Amerikarrak, “Giza jakien bilakaera” izeneko mintegia egin zuen joan den urtean, bere urteroko bilkuran. Janaria prestatzeak giza eboluzioan izan duen eragina izan zen mintegian gehien atera zen ideietako bat.

Prestatzen denean, -hau da, kuzinatzen denean-, errazago digeritzen eta asimilatzen da janaria; izan ere, beroa da digeritzeko erraztasun hori dakarrena. Lehen uste zuten gure garunaren tamaina handia landareetatik haragirako jaki-iragapenari zor zitzaiola, haragiak askoz ere energia-eduki handiagoa baitu. Orain, berriz, beste era batera hasi dira ulertzen garuna handitzean eragina duten faktoreen kontu hori. Jakiaren aldaketa garrantzizkoa izan bazen ere, garrantzi handiagokoa izan bide zen beroak eragindako digerigarritasun maila handi hori. Eta beroaren eragina, noski, kuzinatzeari dagokio.

Hortaz onartu beharko genuke giza ebolizioaren motore nagusietako bat dela janaria prestatzea, beroarekin prestaturiko elikagaiei esker lortu baitugu dugun garun handi eta ahaltsua.

Sukaldean aritzea maite duzuenok gogoan izan! Nik, noski, oso gogoan dut!

:: Hurrengo orrialdea >>

Txinpantze biluzia

"Gizasemea naiz; ezer ez zait arrotz gizon-emakumeengan” (“Homo sum, humani nihil a me alienum puto”, Publio Terencio Africano, k.a. 165)

| Hurrengoak >

Iraila 2018
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
          1 2
3 4 5 6 7 8 9
10 11 12 13 14 15 16
17 18 19 20 21 22 23
24 25 26 27 28 29 30

Bilaketa

Atalak


Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!