Berria.infoko blog komunitatea

Login

Txinpantze biluzia

Juan Ignacio Perez Iglesias

Artxiboak: Maiatza 2010, 05

2010-05-05

Permalink Orokorra, 336 hitz  

Desleialtasunaz (I)

“Errare humanum est” izenburuko sarreran aritu nintzen diren errore mota biei buruz, I (negatibo faltsua) eta II (positibo faltsua) motako erroreei buruz hain zuzen ere. Bereizte hura ekarri nahi dut hona berriro ere, baina beste egoera bati aplikatuko diot, oraingo honetan bikotekidearen balizko desleialtasunaz inferentziak egiteari. Evolutionary Psychology aldizkarian argitaraturiko artikulu bat da hemen aztertuko dudana eta artikuluaren ondorioak laburtuko ditut horretarako.

Euren bikotekidea desleial izango zaiela pentsatzeko joera handiagoa dute gizonezkoek andrazkoek baino. Horixe da ikerketa horren ondorio nagusia. Bestalde, bitxi samarra da gizonezkoek euren etorkizuneko portaerari buruz duten iritzia ere. Izan ere, euren bikotekideei etorkizunean desleial izango ote zaien galdetzerakoan, horretarako aukera gehiago ikusten zituzten gizonezkoek emakumezkoek baino. Hau da, gizonezkoek askoz ere konfiantza gutxiago dute euren leialtasunean emakumezkoek eurenarenean baino. Eta bi erantzunak dira zentzu handikoak.

Orain emango ez ditudan (baina etorkizunean aztertuko ditudan) arrazoiengatik, zentzu handikoa da euren bikotekideari desleial izango zaiela pentsatzeko joera handiagoa edukitzea gizonezkoek emakumezkoek baino. Baina orain, hasieran azaldu dudana da interesatzen zaidana, hau da, euren bikotekidea desleial izango zaiela pentsatzeko gizonezkoen joera handiagoa. Ikerketa horretan gizonezkoen eta emakumezkoen susmoak noraino baieztatzen diren egiaztatu ez zen arren, I motako akatsa egiteko probabilitate gehiago dute gizonezkoek II motako akatsa baino; hau da, bere bikotekidea desleial izateko probabilitatea neurriz kanpo baloratzen dute.

Hortaz, desleialtasuna antzemateko gizonezkoek duten sistemak neurriz kanpo baloratzeko jokaera du ikertzaileen arabera. Izan ere, hautespen naturalaren ikuspuntutik, zentzu handikoa da zehartasun hori, gizonezkoak ezin baitaitezke seguru egon euren aitatasunaz, eta asko da kontu horretan jokoan dagoena. Azken batean, andrazko batek bere bikotekidea ez den gizon batekin sexu-harremanak dituenean, ugaltzeko aukera gal dezake bere bikotekidea den gizonezkoak, bereak ez diren kumeen hazkuntzarako baliabideak erabiltzen ari den bitartean. Hau da, bereak ez diren geneak aurrera ateratzeko baliabideak alferrik gastatzen egongo litzateke gizonezko hori. Hori dela eta, zentzu handikoa da bere bikotekidearen balizko desleialtasunaren probabilitateari neurriz kanpo balorea ematea, balizko desleialtasun hori antzematen eta ekiditen ahalegin handiagoa egingo baitu horrela.

Erreferentzia: A. T. Goetz et al (2009): “Sex differences in perceptions of infidelity: Men often assume the worst”. Evolutionary Psycology 7 (2): 253-263.

Txinpantze biluzia

"Gizasemea naiz; ezer ez zait arrotz gizon-emakumeengan” (“Homo sum, humani nihil a me alienum puto”, Publio Terencio Africano, k.a. 165)

Maiatza 2010
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
          1 2
3 4 5 6 7 8 9
10 11 12 13 14 15 16
17 18 19 20 21 22 23
24 25 26 27 28 29 30
31

Bilaketa

Atalak


Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!