Berria.infoko blog komunitatea

Login

Gauzen hegoaldea

Txuma Murugarren

2010-11-16

Permalink Denetarik, 52 hitz  

Informatika eta ondorioak

“Si seguimos haciendo lo mismo, seguiremos obteniendo los mismos resultados” zioen Albert Einsteinek, baina informatika ezagutuz gero ez dut uste iritzi berari eutsiko liokeenik. Izan ere, zuzenagoa iruditzen baitzait honako hau: "Gauza bera egiten jarraitzeko asmorik baduzu, apuntatu ongi zer gertatzen den aldi bakoitzean, eta nahi zenuena lortzen baduzu ez ukitu ezer".

2010-05-13

Permalink Denetarik, 55 hitz  

SANTUARI ESKATZEN

Existitzen ez den pertsona batekin hitz egiteagatik, badela eta zure ondoan dagoela sinesteagatik, eroetxe batean sar zaitzakete eta orohar guztiok ulertuko genuke hori, baina, eta hau Teleberrian ikusi dut, ez dakit zein katetan, Espainiako printzeak santu bati eskatzen badio krisia arintzea, inork ez du ezbaian jartzen bere osoan ote dagoen. Eta harritu egin naiz, zinez!

2010-03-10

Permalink Denetarik, 220 hitz  

HERRIAREN BEGI ZALATARIA

Herriari, poliziaren lana egin dezan, tartea eskaintzen zaionean, paranoia sustatzen hasten da. Jendeak zuhurrago jokatzen du, belarriak multiplikatuta, begiak zorrotzago, eta edonon topa dezake krimenaren zantzua. Herri honetan, non preso baten argazkia erakustea delitua den, erraz aurkituko dute salatariek euren "zibismoa" erakusteko abagunea, pagotxa da herri hau salatari amateurrentzat. Ziur naiz Eusko Jaurlaritzak abian jarri nahi duen web zerbitzu berriak arrakasta izango duena, hori bai, sektore konkretu baten barruan, legalitatearen barruan daudenen artean, esan nahi dut, Espainiako lege espainiarrenaren zaindari zuhurren artean. Zeren hemen ez gara ari benetako delituez, ez, hemen jokabidez, ideiez, areago estetikaz ari baikara, horiek ere salagarriak baitira, horiek hain zuzen ere. Auzokidea ezker abertzalearen orbitan dagoelako susmoa badaukat erraz aurkituko diot, lege espainiarraren hegalpean, zigorgarri den zerbait, eta hala ez bada, izorratu behintzat izorratuko dut. Eta adibidean ezker abertzaleko pertsona bat jarri dut, eta ez kasualitatez, izan ere web zerbitzu hau konstituzionalistek erabiltzeko pentsatuta baitago, hemen, kale borrokarako prest egotearen susmoa, terrorismoa goratzea, presoen argazkiak erakustea, auzoko "herrikoan" sartzea, konpainia txarrekin ibiltzea, eta abarrak salatuko baitira. Eta gogoan dut amatxik kontatzen zuena, garai batean gerra baten ostean, herriko zenbaitek salatzen zituztela beste batzuk, asmo ilunak tarteko, eta balizko salatari horien paranoia, tabula rasa eta manikeismoa beldurgarriak iruditzen bazaizkit ere, are beldurgarriago web zerbitzu horretatik erator daitekeen informazioarekin nola jokatuko den ez jakitea. Mucha policia poca diversion.

2009-04-08

Permalink Denetarik, 114 hitz  

Antisistema

Gaurko berrietako bat da agure bat hil dutela (dela) Ingalaterran eta bideo bat agertzen da non ikusten den nola poliziak, zakarki, bultzatzen duen lurrera. Handik gutxira, altxatu eta hil omen zen bihotzekoak jota. Ikertuko dute poliziaren bortizkeriagatik izan den. Honek izua altxatu omen du Ingalaterran, izan ere, denek aipatzen dute (norbait salbu egongo balitz bezala) ez zela "antisistema" bat, langile xume bat baino. Bigarren irakurketa batean, ondorioztatu daiteke "antisistemak" hiltzea ulergarria dela, eta hala balitz, poliziaren ekintza ondo dagoela eta ez dela ezer ikertu behar. Europa gero eta kontserbadoreago honetan (krisiarekin eskumaren eta urraketa sozialen areagotzea ikusiko dugu oraindik ere)joera beldurgarri bat zabaltzen ari da, gurekin zaude edo zureak egin du, dioen araua.

2009-04-05

Permalink Denetarik, 39 hitz  

Wikipedian

Wikipedian ikusi dut niri buruzko artikulua eta harriturik gelditu naiz: Txuma Murugarren (Errenteria, Gipuzkoa, 1964-) Gidoi hori, hor, jaiotze dataren atzean, zerbaiten esperoan dago, ziurtasun osoz aurreikusten du noizbait beste urte bat ere jarri beharko dela. Jaio denak.... Ai ama!

:: Hurrengo orrialdea >>

Gauzen hegoaldea

Begiaren lurralde apetatsuan gauzen kartografia ez da zientzia zurruna.

| Hurrengoak >

Maiatza 2018
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
  1 2 3 4 5 6
7 8 9 10 11 12 13
14 15 16 17 18 19 20
21 22 23 24 25 26 27
28 29 30 31      

Bilaketa

Atalak


Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!