Berria.infoko blog komunitatea

Login

Gauzen hegoaldea

Txuma Murugarren

2008-11-01

Permalink Denetarik, 218 hitz  

FLORES UHARTEA

Sestaon egin dugun kontzertuan aspaldiko lagun bat ikusi dut. 86an egin genuen erakusketa baten esku-orria eman dit eta harrituta gelditu naiz horrelakorik oraindik gorde izanagatik. Kultur sustatzaile dabil, eta hizketan egon gara kontzertuaren ostean. Euskal Herrian formatu txikiak direla hobekien mugitzen direnak, esan dit. Banekien. Talde batean aritzetik bakarka aritzera doan pausuak badu zerikusia horrekin. Talde batek arazoak ditu gaur egun hainbat lekutan jotzeko, dela diru eskasiagatik, dela espazioagatik edo eskakizun teknikoengatik, taldeak nekez mugitzen den egitura astuna dauka. Bakarka gabiltzanok molda gaitezke aiseago. Gaur bi musikarirekin, bihar bostekin. Errepertorioa moldatu eskaintza birentzat eta aurrera. Bakarka aritzen hasten zarenean, heldutasun kontua dela irizten diote kazetari anitzek. Uste dut hori bigarren mailakoa dela. Heldutasun hori taldean arituz ere lor daiteke, ziur. Zerikusi handiagoa dauka zirkuituarekin. Nire lagunarekin hizketan, ekarri dugu gogora nola Flores uharteetan gizaki nano baten hezurdura topatu zuten. Teoria batzuen arabera, gizaki hori ez zen nanoa, alegia, ez zeukan inongo malformaziorik. Uharte batean bizi izateak dakartzan nolakotasunek behartuta urteetan txikituz joan zen gizakia omen zen. Borneo uharteetan, antza, bada elefante txiki bat irlak eman dezakeen janari urriarekin bizirauteko tamaina txikitu behar izan zuena. Eta bitxia da gai biren artean dauden antzekotasunak. Hemen, Euskal Herrian, nanizazio kultural bat ez ote den gertatzen ari galdetu diogu gure buruari lagunak eta biok, kontzertura hurbildutako hogei ikusleak ateratzen ari ziren bitartean.

2008-10-28

Permalink Denetarik, 182 hitz  

ETXEA II

Egia da batzuetan neurriz kanpo aritzen garela euskararen eta euskal kulturaren gaia hizpide denean. Minberegi jokatzen dugu, zauri gaizki sendatuaren gainean kolpatuko baligute bezala. Neuk ere, halaxe egin izan dut. Azkena, Kepa Junkerari aditu nion esaldi baten kariaz piztu zen nire haserrea, eta ez nuen birritan pentsatu zenbat aldiz esaten ditugun fortuna gutxiko esaldiak, nahi gabe, edo beste esanahi bat eman nahian, baina halaxe atera, bat bateko hizkuntzak hori daukalako, gaizki ulertuak. Egia ere bada, horrelako zerbait aditzean zuzenago dela esaldi horrekin hori esan nahi zen ala ez egiaztatzea. Eta nago bide okerretik hartu niola Kepari esaldia, eta kritika izan nahi zuena, iraingarri bilakatu zela zehaztasun faltagatik. Horrelakoetan zuzentzea da legezkoa, eta hori egin nahi dut honekin. Baina honi buruz hausnartzen, begitandu zait hasieran esaten nuena, atezuan ibiltzen garela euskal munduaz hitz egiten denean, eta hori sintoma txarra da. Ahul eta ezdeusa sentitzen garelako akaso? Litekeena da uste baino konplexu gehiago izatea, bestela ez genuke horren hertsi jokatuko, mesfidati eta bide ertzetik zelatan. Eskerrak lagun batek deitu eta ikusarazi egin didala. Etxea guztiona izateko guztiontzat behar lituzke ateak irekita. Segi dezagun barrura!

2008-10-27

Permalink Denetarik, 252 hitz  

INTSEKTUAK

Intsektu guztiak desagertzeak ustegabeko ondorioa ekarri zuen: behiek buztana galdu zuten. Eta ez bakarrik behiek buztana galdu. Batrazioek isil-isilik utzi zuten lakua, eta lakuen gaueko anfiteatro itxura finitu zen, sekulako, eta leku triste eta deprimenteak bilakatu ziren behialako aintzira biziak. Adituek zergatik ez zekitela, behiak, buztana galtzearekin batera, antzutu ziren, eta urte gutxiren buruan behi-azienda guztiak bukatuak ziren. Gauzak horrela, hainbat ofiziotan zebiltzan jende multzoak bere bizibidea galdu zuen. Unaiak, esne-saltzaileak, harakinak eta abarrak beste zereginetan hasi ziren. Esnea desagertuta, kafeak ez zuen ezerekin ezkontzen, eta lantegietan kafe-esnea hartzeko atsedenaldia legez kendu zuten, alperrikako denbora-galtzea zelakoan. Munduko langileriak, aisialdia eta kafeina debekatuta, greba basati bat antolatu zuen. Fabrikak gelditu ziren eta, haiekin batera, produkzioa, autoak, keak... Ozono geruzaren zuloa itxi egin zen berriz eta airea araztu zen inoiz ez bezala. Baina demaseko oxigenoak planetako giza-populazioaren birikak kolapsatu zituen eta lehen ardi, sator, untxi eta elefanteekin gertatu bezala, gizakia ere desagertu zen urte gutxitan. Baina, o, sorkuntzaren misterioak! O, alkimia jainkotiarra! O, FreudeschönerGötterfunken! Naturak galdutako bidea topatu zuen berriz, eta bizitza birloratu zen, eta aminoazidoak harmonikoki nahastu ziren intsektu berriak sortzeko; koleopteroak eta lepidopteroak, dimentsio edo hanka kopuru askotarikoak, eta zeru gardenean hegan hasi ziren, lore eztitsuenak xurgatuz, eta aldi berean, batrazio nagi eta jatunen aperitibo bilakatuz. Eta mutazio batek bestea dakarrela, sapiens gaitzizenez ezagutzen den ugaztun narrasa ere berriz ireki zituen begiak, eta politikoek, eta bankeroek, eta formula 1eko pilotuek, eta kolektibo higuingarri horren barruan intsektuak akabatzea otu zitzaion babo astakirtenak ere ikusi zuen berriz eguzki biribilaren argia. Zirkuluaren mugagabetasunean.

2008-10-25

Permalink Denetarik, 187 hitz  

ETXEA

Azken boladan, soka beretik datozkigu euskararen erreformatzaile eta sustatzaile berri guztiak. Lehenbizi Patxi Lopezen "euskara askatasunez" eta geroxeago "etxea" Kepa Junkerak antolatutako diskoa. Biek ala biek euskara modernizatu nahi dute, konplexuak kendu, unibertsalago eta maitatuago izan dadin. Zer gaizki egin dugun orain arte, antza aurrera zihoana egiatan atzera doala ikusi ere ez ikusteko. Euskal kultura arkaiko batekin ari ginen, eta gu konturatu gabe! Gure hizkuntza kristo guztiari inposatzen ibili gara azken urteotan, gaztelaniaren lekua bortxaz gureganatu, gaztelera txoko batera kondenatuta. Bai, ikusten da Euskal Herriko kaleetan hori horrela dela. Azken urte hauetan apenas ez baita entzuten gaztelerarik gurean, funtzionario guztiek euskara hutsean artatzen zaituzte, ertzainak moskeatu egiten dira gazteleraz hitz egiten badiezu. Bai, zenbat min egin duen hizkuntz politika erasotzaile honek! Hori askatasunari (gazteleraren askatasunari) dagokiola, eta modernitateaz, zer esaten didazue modernitateaz? Mundu honetan moderno izan behar baita derrigor, hori ez didazue ukatuko, behintzat! Eskerrak Kepa Junkera datorkigula konplexuak kentzera eta bidea erakustera. Izarra handiak ekarri ditu euskara "kriptiko" eta akonplexatuan abestera, eta Gorka Bereziartuak Argian esaten duen moduan: Etxe horretan (izar) horiek dira etxeko nagusi, behingoz eta aparteko zeremonia gisara, afalorduan morroiaren hizkuntzan ari badira ere.

2008-10-14

Permalink Denetarik, 328 hitz  

HIRIA

Lagun batek kontatu zidan hiri hura leku atsegina iruditu zitzaiola. Bazituela gauza gogoangarri ugari, zenbait gauza egiteke baziren ere, eta bertako jendea atseginez mintzatzen zitzaiola behin pixka bat ezagutu ondoren. Hasieran, agian, hotz samar jokatzen zuten, baina ezagutzea zen kontua, hiria bezala. Eta laguntzen du bertako giroa patxadaz arnasteak, bertako tenperatura, eguraldiaren nondik norakoak, alegia, egunerokotasunean hain gozo edo gorrotagarri egiten zaizkigun gauza txiki guzti horiek, benetan nolakoak garen adierazten dituzten ñimiñokeria guzti horiek. Ezagututa baloratzen ikasten dugu. Eta denbora pixka bat emanda edozein kaleren berri eman genezake ezbairik gabe, horretarako denbora ematen baldin badiogu hiriari. Azken urteotan hiriak beste itxura bat hartua zuela, esaten zidan, modernoa eta garai berrietara egokitua, tradizioa aintzat hartzen zuelako, besteak beste. Beste lagun bat, hiri berean egon zen, arratsalde batez, izan ere bere hegaldiak hantxe egiten baitzuen geldialdia eguerdian eta hurrengo goizera arte ez baitzuen beste hegazkinik hartzerik. Berak kontatu zidan kaleak zikin zeudela, jendeak oihuka hitz egiten zuela, haserre antzera, trafikoa jasanezina zela, denek batera jotzen zutela klaxona. Etxeak arrakalatuta, pintura aspaldi higatua. Kaleak ilunak zirela esan zidan, arratsaldeko 6etatik aurrera ez zegoela bertan paseatzerik. Hangoen itxura beldurgarriaren berri ere eman zidan: denek lapur edo zerbait okerrago ematen dute, aizu! Ez zela batere modernoa eta demokrazia eta libertatea ez zirela existitzen. Hiri hori salbatzera joan behar zela iruditu zitzaion, egindakoak ez zuela balio, zerbait berri eta distirant egin behar zela hiri zahar hartan. Kale bakar baten izen ez zuen ezagutzen, ordea, ezta non zegoen tren geltokia ere. Nolatan izan zitekeen, pentsatu nuen, hiri bera? Lehenengo lagunak, han urte pare bat emanda, eman zidan irudiak ez zeukan zerikusirik arratsalde bat pasatu zuen lagunarenarekin. Bigarren honek hiria ez zuela ezagutzen xedatu nuen, eta miratuta gelditu nintzen nolako ausardiaz mintzatzen zen ezagutzen ez zuen hiriaz, eta nolako errespetu falta. Hala ere, badakit, inguruan ziren lagun batzuek sinetsi egin ziotela, eta pena eman zidan.
Hiriak, noski, euskara du izena. Arratsalde bat bertan eman zuenaren izena gordetzen dut. Jakingo duzue, ziur aski, nor izan zen.

<< Aurreko orrialdea :: Hurrengo orrialdea >>

Gauzen hegoaldea

Begiaren lurralde apetatsuan gauzen kartografia ez da zientzia zurruna.

< Aurrekoak | Hurrengoak >

Apirila 2019
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
1 2 3 4 5 6 7
8 9 10 11 12 13 14
15 16 17 18 19 20 21
22 23 24 25 26 27 28
29 30          

Bilaketa

Atalak


Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!