Berria.infoko blog komunitatea

Login

Inon izatekotan

Juan Luis Zabala

2015-04-01

Permalink Atala, 6 hitz  

Metaturismoa

Turistentzat turistak dira askotan ikuskizunik turistikoena.

2015-03-10

Permalink Atala, 250 hitz  

Tia Anita eta Londresko goilaratxoa

Martxoaren 8an hil zen, 101 urte zituela (gizarte zibilaren aitortza eta omena jaso eta urtebetera), Ana Alberdi Artetxe, gure etxean beti “Tia Anita” izendatua, nahiz eta etxeko inoren izeko ez izan. Gure aitona Inazio zenaren iloba zen, haren arrebaren alaba zehazki.

Ni jaio aurretik, edo ni koxkortu aurretik behintzat, Tia Anitak, artean gazte eta sasoiko zela, 30 urte eman zituen Londresen lanean, haraino halabeharrak eramana, ez apetak, gogoak edo plazerak. Garai hartan, 70eko hamarkadan, estranjeire (estranjeriara, atzerrira) ez zen nornahi noiznahi eta nolanahi joaten, eta niri lanak ematen zizkidan sinisteak Londresen bizi izandako eta han ingelesa ikasitako ahaide bat genuela familian; ez oso gertukoa ere, baina ahaide bat azken batean, gure familia Urola bailarako abizen zentro-eskaldunez esklusibitate osoz hornituan.

Oso gutxitan egon nintzen aurrez aurre Tia Anitarekin, eta ez daukat haren aurpegiaren akordu handirik. Baina nire ume garai osoan, eta gero ere urte askoan, Tia Anitak guri oparitutako ontzi txiki batetik hartzen genuen beti azukrea etxean, heldulekuaren goiko muturrean Londresen jatorrizko izena (London) eta ezkutua zituen goilaratxo batekin (honen antzekoa, baina askoz ere soilagoa). Goilaratxo haren kosmopolitismoa txokantea gertatzen zen inguruko guztiaren bertakotasun nabarmenaren ondoan (salbuespen bakarra Reader's Digest aldizkariaren ale bakan batzuk ziren).

Tia Anita aipatzen didaten bakoitzean goilaratxo hartaz gogoratzen naiz beti; baita orain hurrengoan ere, Tia Anita hil zela jakin nuenean. Goilaratxoaz gogoratzeaz gain, pentsatu nuen gustura zelatatuko nukeela zirrikitu batetik azukrea zerbitzatzeko kit txiki eta apain hura erosi zuen unea, Londresko denda batean I suppose, eta gustura jakingo nukeela zer kezka, asmo eta itxaropen zeuzkan buru-bihotzetan egun hartan.

2015-02-11

Permalink Atala, 45 hitz  

Ospearen zama

Askotan pentsatu izan dut norberari buruz sortzen diren askotariko uste oker saihetsezinak izango direla ezagun, mediatiko eta opetsu izatearen ondorio deseroso eta petralenak, mingarrienak ere bai askotan; inoiz edo behin dibertigarriak ere izan daitezkeen arren, eta eskrupulurik gabekoentzat arazorik gabeko probetxu iturri. (Ikus, 2013-10-03.)

2015-01-23

Permalink Atala, 133 hitz  

Ondo-ondoan, bestaldea

Haien aldamenean autoz pasatzen ari nintzela, errumaniarrak... barka, errumaniar jatorriko euskal herritar berriak ikusi ditut Astigarragako Ergobia auzoko Balta Txuria eta Balta Berdea txabola-auzoen esparruetatik irteten, erosketetarako gurditxo zahar zarpailak eskuetan, eguneroko lanari ekiteko prest: inguruko zaborrontziak miatu eta bazter mortuetan txatarra bildu. Inoiz baino kaltegabeago sentitu ditut lehen kolpean, otzan, etxeko. Denetara ohitzen omen gara, are gehiago entzuten direnak entzunda eta zabaltzen diren beldurrak zabalduta; are gehiago begi-belarriak azkenaldian hedabideetan etengabe agertzen ari zaizkigun ustezko jihadista ustez ezinago gaizto eta arriskutsuen eraginpean izan eta gero. Ez gara errumaniarren... barka, errumaniar jatorriko euskal herritar berrien beldur dagoeneko. Baina ezta haien adiskide ere, lagun, hurko, gertuko. Muturreko txirotasuna gure eguneroko paisaiaren parte guztiz ohiko, normal eta aseptiko bilakatu da, hortxe bertan, pare-parean, ondo-ondoan, inongo hesi fisikoren beharrik gabe profilaktikoki eta hermetikoki bereizitako bestalde batean.

2014-12-17

Permalink Atala, 52 hitz  

Argitaratu gabeko nobela bat beti poltsikoan

Nobela baten idazketa lana erabat amaitu arte aurrekoa ez argitaratzea erabaki zuen. Erabaki hori hartu zuenez geroztik, argitaratu gabeko nobela bat du beti poltsikoan gordetzen duen pendrive batean. Autoestimua zauriturik sentitzen duen bakoitzean, eskua patrikara eraman eta pendrivea oratzen du, mundua astindu behar duen sekretu harrigarri bat gordetzen duenaren poz harroa bereganatzeko.

:: Hurrengo orrialdea >>

Inon izatekotan

Nahiz eta 2006ko maiatzean jarri abian, blog hau, berez, 1984an hasi nuen ohar-koaderno edo egunkariaren jarraipentzat daukat. Koaderno horretako gogoeta, artikulu, ipuin, poema eta era guztietako apunterik ustez interesgarrienekin "Inon izatekotan" liburua osatu nuen (Susa, Zarautz, 2006). Blog hau sortu aurretik ohar-koadernoan idatzi nituen testu guztiak (liburutik kanpo utzitakoak barne) irakurri nahi dituenak beheko linkblogean dauzka, pdf formatoan, urtez urte sailkatuta.

| Hurrengoak >

Abendua 2018
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
          1 2
3 4 5 6 7 8 9
10 11 12 13 14 15 16
17 18 19 20 21 22 23
24 25 26 27 28 29 30
31

Bilaketa

Atalak


Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!