Berria.infoko blog komunitatea

Login

Inon izatekotan

Juan Luis Zabala

Mezua: Mundua euskaraz dago

2007-12-24

Permalink Atala, 422 hitz  

Mundua euskaraz dago

Euskadi Irratiko Amarauna magazineko asteroko bere tartean (8. probintzia), Joxe Aranzabalek adierazi du Koldo Izagirrek Mariasun Landa eta Xabier Silveira kritikatu dituela, Bazka aldizkari elektronikoan, "azken liburuak gaztelaniaz idatzi dituztelako". Labur izan beharrak gauzak hobeto adieraztea eragotzi dio, nire ustez, eta ezinegon erre bat utzi dit barruan Joxeren saioak.

Koldo Izagirre nekez egon daiteke Landak, Silveirak edo beste edozein euskal idazlek gaztelaniaz edo beste edozein erdaratan idaztearen eta argitaratzearen aurka. Berak ere, Izagirrek, idatzi eta argitaratu du erdarazko libururik (ez barne bake betean hala ere, hori egia da, gaztelaniaz idatzitako artikulu eta hitzaldien bildumari jarri zion izenburuak iradokitzen duenez: Incursiones en territorio enemigo, Pamiela, 1997).

Landaren nahiz Silveiraren kasuan, erdaraz idaztera bultzatu dituen motiboa zaio kezkagarri, nik ulertu eta sentitu dudanaren arabera behintzat, Izagirreri. Erdaraz bizi eta ezagutu izan zituzten kontuak, euskaraz kontatu edo islatu beharrean, bizi eta ezagutu zituzten hizkuntza berean kontatu edo islatzearen alde egin dute Landak eta Silveirak, eta euskal literaturak aspaldi gainditua duen ataka batean atzerapausoa sumatu du Izagirrek erabaki horretan; edo horixe sumarazi dit niri behintzat Izagirreren artikuluak. Landari eta Silveirari, euskal idazle gisa batari eta euskal idazlegai gisa besteari, anbizio falta ikusi die Izagirrek; edo horixe ikusiarazi dit niri behintzat Izagirreren artikukuak.

"Munduko leku guztietan egiten da euskaraz ez baina euskaraz bai euskal idazle bat hartaz idazten jartzen den orduko", laburbildu du Izagirrek, eta Ramon Saizarbitoria eta Jokin Muñozen lanak hautatu ditu adibidetzat. Baina beste adibide asko zituen aukeran. Beste eredu asko zituzten aukeran Landak eta Silveirak. Euskaraz sortutakoez gain, itzultzaileek munduko bazter guztietatik euskarara ekarritakoak, dozenaka, ehunka, kiloka…

Karikatura baten bidez ilustratzeko: euskal idazle guztiek Landak eta Silveirak jokatu duten bezala jokatuz gero, Garoa genuke XX. mendeko euskal nobelagintzaren gailurra, euskal nobela guztien ama, euskal nobela ia bakarra.

Idazle bakoitzaren hautu librea da, jakina, hizkuntza, eta zorterik onena opa diet hemendik Landa eta Silveiraren gaztelaniazko liburuei. Akabo ba! Auzi honetan, ordea, kontua ez da zein hizkuntza aukeratu den, euskara zergatik baztertu den baizik. Euskal literaturak azken 40 urteetan ireki duen ate zabal eder bat itxita balego bezala jokatu dute Landak eta Silveirak. Horrek sentiarazi dion mina transmititu dit niri Izagirreren artikuluak, min hori guztiz neureganatzeraino, min hori euskal literatura garaikideari atxikimendu pixka bat dion edonori sentiarazteko gisan.

Xabier Silveirak ere idatzi du gai honetaz (gai honetaz edo), Garan. Baina, egia esan, ez dut oso ondo ulertu zer dioen. Inork ikusi al ditu "zilarrezko lumak guda dantzan (…) ez dakit nork ez dakit zer espainolez idatzi duelako", Silveirak dioen moduan? Ba al daki inork zein bulegotan egiten duten lan Silveirak "euskararen banpiroak" deitzen dien horiek? Barkatu. Ez naiz ezertaz enteratu.

Inon izatekotan

Nahiz eta 2006ko maiatzean jarri abian, blog hau, berez, 1984an hasi nuen ohar-koaderno edo egunkariaren jarraipentzat daukat. Koaderno horretako gogoeta, artikulu, ipuin, poema eta era guztietako apunterik ustez interesgarrienekin "Inon izatekotan" liburua osatu nuen (Susa, Zarautz, 2006). Blog hau sortu aurretik ohar-koadernoan idatzi nituen testu guztiak (liburutik kanpo utzitakoak barne) irakurri nahi dituenak beheko linkblogean dauzka, pdf formatoan, urtez urte sailkatuta.

Iraila 2018
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
          1 2
3 4 5 6 7 8 9
10 11 12 13 14 15 16
17 18 19 20 21 22 23
24 25 26 27 28 29 30

Bilaketa

Atalak


Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!