Berria.infoko blog komunitatea

Login

Inon izatekotan

Juan Luis Zabala

Mezua: Nire baserritartasuna

2010-03-07

Permalink Atala, 321 hitz  

Nire baserritartasuna

Kristau sinestuna ez izan arren kulturaz erabateko kristaua naizen modu berean, jaiotzez eta bizimoldez kalekume erabatekoa izan arren izaeraz baserritar peto-petoa ez ote naizen pentsatzen egoten naiz batzuetan.

Zertan baserritar? Izadiarekiko batasun mineral baten sentipen barnekoi ia mistikoan? Auzolanerako prestasun iturriko ura bezain berezkoan? Euskaltasun erraietatik ezin erauzizkoan? Ez. Horietatik zerbait izango da akaso nigan, baina, izatekotan ere, ondorioak baino ez dira. Beste oinarri eta ezaugarri batzuk ditu nire baserritartasunak.

Porrero eta junkie, okupa eta intsumiso, ekologista eta antikapitalista artean eman nuen, neurri handi batean, gaztaroa. Aldez aurreko inolako asmorik gabe, eta batzuetan are neure borondate arrazionalaren aurka ere, jenderik diskretuenarekin izaten nituen beti harremanik estuenak, gertutasunik handiena, elkar ulertzeko eta elkarrenganatzeko joera, nahiz eta jenderik espektakularrenak liluratu. Argi zegoen nahita ere ezin nintzela espektakularra izan.

Nire baserritartasunaren beste adierazpide nagusietako bat hainbat gauza, errealitate eta pertsonarekiko atxikimendu eta leialtasun ia-ia arrazoiz kanpokoa da. Ez da neurea bakarrik ezaugarri hori. Euskal kulturaren munduko jende askorengan aurkitu dut, eta nire lankide ia-ia guztiengan. Uste dut neure moduko baserritarrez inguratuta egon naizela beti hala Euskaldunon Egunkarian nola Berrian, eta gure baserritartasun hori gabe nekez izango zela inoiz euskarazko egunkaririk. Baserri handi bat zela, alegia, Euskaldunon Egunkaria, eta baserri handi bat dela, ezinbestean, Berria.

Ez nuke nire uste, susmo edo intuizio antropologiko apal hauek harrokeriatzat hartuak izaterik nahi. Baserritarra ez da baserritar ez dena baino gehiago edo gutxiago. Ni neu ere behin baino gehiagotan erabilia naiz baserritarra hitza zentzu peioratiboan, eta ez dakit gainera ez ote den hori baserritarren artean nahiko joera zabaldua, seguru asko baserritarregia izatea ez delako oso onuragarria, ez norberarentzat ez besterentzat. Oso izaera zentripetoa da, izan ere, baserritarrarena; eta argi dago horrek mugak ezartzen dituela, eta arriskuak ekartzen. Batzuetan inbidia handia izaten diet beren baserritartasun ezak ematen dien askatasuna baliatzen dakitenei. Bejondeiela!

Baina uste dut ni, sakonean behintzat, neuk jakin gabe ere, baserritarra izan naizela beti; eta aurrerantzean baserritar izatea beste erremediorik ez nukeela izango, seguru asko, nahi ezta ere.

Erantzunak:

Bidaltzailea: Erik [Bisitaria]
Nire lagun batek, Eddie Murphy-ren film batean esandakoa ( a ze etsenplua!), moldatu egin zuen behin: "Baserritik atera ditzazkezu, baina baserria eurengandik ez".
Permalink-a 2010-03-08 @ 16:07

Erantzun:

Zure eposta ez da orrialdean erakutsiko.
Zure URL-a erakutsiko da.
Onartutako XHTML etiketak: <p, ul, ol, li, dl, dt, dd, address, blockquote, ins, del, a, span, bdo, br, em, strong, dfn, code, samp, kdb, var, cite, abbr, acronym, q, sub, sup, tt, i, b, big, small>
URLs, email, AIM and ICQs will be converted automatically.
Aukerak:
 
(Lerro saltoak <br /> bihurtzen dira)
(Izena, eposta & url-arentzako cookiak finkatu)
authimage
Erantzuna bidaltzeko idatz ezazu goiko eremuan egiaztapen kodea; goiko aldean ageri den zenbakia, alegia. OHARRA: Zure erantzuna onartzen ez bada, orrialdea berriro kargatu eta kode berria sortu beharko duzu erantzuna bidali aurretik!

Inon izatekotan

Nahiz eta 2006ko maiatzean jarri abian, blog hau, berez, 1984an hasi nuen ohar-koaderno edo egunkariaren jarraipentzat daukat. Koaderno horretako gogoeta, artikulu, ipuin, poema eta era guztietako apunterik ustez interesgarrienekin "Inon izatekotan" liburua osatu nuen (Susa, Zarautz, 2006). Blog hau sortu aurretik ohar-koadernoan idatzi nituen testu guztiak (liburutik kanpo utzitakoak barne) irakurri nahi dituenak beheko linkblogean dauzka, pdf formatoan, urtez urte sailkatuta.

Urria 2019
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
  1 2 3 4 5 6
7 8 9 10 11 12 13
14 15 16 17 18 19 20
21 22 23 24 25 26 27
28 29 30 31      

Bilaketa

Atalak


Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!