Rikardo Arregi Saria jaso ondorengo hitzaldia

ni

Agintariok, epaimahaikideok, antolatzaileok, ofiziokideok zein bertaratutako kideok, EGUERDI ON.

Alegiazko ariketa batean, gaurkoan niri dagokidan partearen kronika idatzi beharko banu, idatziko nuke gainontzeko saridunak zorionduz hasi dudala saria jaso ondorengo hitzaldia. Idatziko nuke aipatu dudala Ainara Gorostitzu izan dela ni gaur hona iritsi izanaren errudun nagusia, berak eman zizkidala hegoak, berak barneratu ninduela bertsolaritzaren abentura honetan, doinurik eta neurririk gabe, eta egun kazetari gisa izan dezakedan formatik ertz interesgarrienetakoak, seguruenik, berarengandik ibilian ikasitakoak direla. Segituko nuke idatziz Gorostitzuren jarraian Mikel Lizarralde eta Juan Luis Zabala goraipatu ditudala pazientzia handiko maisuak eta bidelagunak biak. Honakoa gehituta bukatuko nuke lehen paragrafoa: “Badugula joera kazetari eredugarriak kanpoan bilatzekoa, baina etxean baditugula eredugarri askoak. Niretzat, aipatutako hiru horiek badira”.

Datorren paragrafoaren aurretik tartekia jarriko nuke: Barkamena eta aitortza

Alegiazko kronika honetan, hauxe aitortu dudala idatziko nuke: Kakotxak irekita: “Barkamena eskatu nahi dut, entrega epea gainean zelarik, erredakzioan zegokionari, bukatzen ari nintzela jakinarazten nionean, inoiz gutxitan ari nintzelako bukatzen”. Kakotxak itxita, erantsiko nioke testuen zain Mikel Lizarralderekin eta Juan Luis Zabalarekin batera, Igor Susaeta, Gorka Erostarbe eta Elixabet Epelde izaten zirela erredakzioan. Entrega epea gainean ala igarota. Eta eurek orrazten eta fintzen zituztela testuak, eta badagokiela aitortza hori. Sinadura bakarraren letra lodia, konpartitu ahala, argaltzen jarraituz, kronikari gaineratuko nioke Jon Ordoñez, Lara Madinabeita, Amagoia Mujika eta Jon Olano arduratu zirela gehienetan edukiak Berria.infon egoki argitara zitezen. Edukiok argazkiz janzteko ardura, ostera, Argazki Presseko argazkilariek izan zuten. Beste hiru izen ere erantsiko nituzke, gehiagoren beharrez, baina izen zerrenda luzeegia idazteko beldurrez. Txapelketan zehar beroa ematen ibili zitzaidan Amagoia Ibanena, eta orrikide izan nituenena: Josu Goikoetxearena eta Gorka Azkaraterena, iritzi trukeengatik eta elkarrenganako babesarengatik. Bigarren paragrafo hau biribilduko nuke kronikan jasoz goratu nahi izan dudala Berria Taldeko langile guztien ahalegina eta lana, eta, aipamen berezi batekin bukatu dudala Berriari eskainitako atala: “Berriaz ari naizenez, eta kazetaritzak elkartu gaituenez, Berriako langileen atsekabearekin bat egin nahi nuke duela ia hilabete zendu zen Aitor Renteria kazetaria oroituta”.

Bigarren tartekia: Ulertuko dutelakoan

Honako hauxe adierazi dudala sartuko nuke alegiazko kronikan, aipu gisa: Berria hazi ninduen kabia izanik, lehen hitzak eskaini izana ulertuko dutelakoan, Hamaika Telebistako, Bizkaia Irratiko eta Radio Vitoriako arduradunei eskertu nahi nieke itsuan, hedabideotarako nire gaitasunak ezagutu gabe, nigan izan zuten konfidantza. Eta hedabideotako langileei eskertu nahi nieke egindako harrera, izandako pazientzia eta ofizioaz erakutsitakoa. Bidenabar, bateko zein besteko saiootan esker hitzen truk parte hartu dutenek egindako ekarpena eskertu nahi nuke. Aipu hori bukatuta, eta hedabideekin izandako harremanenak ixteko, kronikan jasoko nuke eskertu nahi izan dudala txapelketan kazetarien mahaian izan ziren kazetarien laguntza eta laguntasuna.

Hirugarren tartekia: Hamaikatxotan deituta ere

Azpimarratuko nuke bertsolariei hamaika aldiz deitu beharra izan nienetan ere, hamaika aldiz adeitsu eta beti baiezkoarekin erantzun zidatela, txapelketa gozotik zein gazitik joan. Zera ondorioztatuko nuke: bertsolariekin lan egitea erraza izan zela, eta izan dela iragan zazpi urteetan. Horri lotuta, esan hau ere idatziko nuke jarraian: Erraztasunez aritu naizenez, nahitaez aipatu behar Bertsozale Elkarteak eta, bereziki, Txapelketako komunikazio taldeak eta Xenpelar Dokumentazio Zentroak eskainitako laguntza adeitsua eta etengabea. Bereziki, Esti Esteibarrek, Gontzal Agotek eta Oihana Aranburuk eskainitako laguntza hori.

Kronikari azken paragrafoa idatzi aurretik, zatidura labur bat gehituko nioke, adieraziko dudan honekin. Hitzez hitz, eta Galdera izenburupean.

Galdera sortzen didalako Erakunde publikoek Herri Ekimeneko hedabideak behar adina eta behar moduan ez babesteak. Eta galdera da: Herri Ekimeneko Hedabideek ardura publikoz betetzen duten kazetaritzaren funtzio publikoa aintzat hartuta; Nolako herritarrak nahi dituzte Agintari Politikoek? Euskaldunak nahi ote dituzten izan liteke lehen erantzuna, eta jarrai lezakete galderak erantzun ditzakeen izkin guztiak erantzuten. Zintzoki eta erantzukizun publikotik. Kezka aspaldikoa denez, dagoeneko ondorioztatu dugu aurrera egiteko jarrera ez dela nahikoa, hedabideok une oro ari direlako baliabideak muturreraino eramaten -txapelketan, kasu-, une oro ari direlako berritzen, gizartearen abiadara egokitzen. Besteak beste, Herri ekimeneko hedabideak behar eta beharko ditugu etorkizunean euskal kulturaz izenondorik gabe ari gaitezen. Nahi badugu, bederen.

Eta alegiazko kronika honen azken paragrafoa ezagutzeko zorterik ez duzuenekin osatuko nuke. Abizenak konpartitzen ditudanekin hasita: Eli Akizu Gastañaga, Juanita Akizu Gastañaga, Uxue Zamalloa Akizu, Maider Zamalloa Akizu, Igor Etxabe Lete, Maddi Etxabe Zamalloa eta beste asko, asko baikara abizenak konpartitzen ditugunak. Eta horiekin batera, txapelketan lagundu zidaten lagunak, lagunak, lagunminak eta minagoak. Poztu nau, zuek ere poztu izanak.

Ez dut titularra bukaerarako utzi ohi, baina… Eskerrik asko handi bat jarriko nioke. Hori guztia irakurleen, entzuleen, ikus-entzuleen eta sare sozialetako jarraitzaileen argazki erraldoi batekin.

Horixe, eskerrik asko handi bat.

Uda on, saiatu behintzat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude