Basotik berotu

Basoetako biomasarekin berotzen dira Berako bortz eraikin publiko, berotze zentro bakarretik.

Nafarroako iparraldeko herri gehienetan bezala, Beran ere basoak izan dira udal ekonomiaren zutabe nagusia. Baso azalera handiena publikoa edo komunala izan da, eta udalak arduratu izan dira horiek kudeatzeaz, Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuaren begiradapean. Hamarkadetan, basoen ustiapena diru iturri garrantzitsua izan da, eta, ondorioz, landaketa eta ustiapen politiketan errentagarritasun ekonomikoa gailendu da, bertze hainbat irizpide baino gehiago. Horren lekuko dira, oraindik, hain zabalduak dauden insignis pinua eta haziera azkarreko bertzelako zuhaitzak.

Azkeneko hamabortz urteetan, baina, joera aldatu egin da, arrazoi desberdinak tarteko. Nagusia, baso ustiapenak izan duen krisialdia, Europa ekialdetik ekarritako egurragatik, batez ere. Horrezaz gain, zenbait espezietan izandako gaixotasun eta izurriteek eta udal politiketan bertako espezieen aldeko apustua egiten hasi izanak basoen ustiapen politika aldarazi du. Oraindik ere alderdi ekonomikoak pisu handia duen arren, bertzelako erabilera eta ereduen beharra agerian gelditu da.

Basoa saltzeko zailtasunei aurre egiteko, Nafarroako Gobernuak berak udalerrietako salmenta bateratuak bultzatu izan ditu, udal horientzako irtenbide bila. Alderdi ekonomikoa kezka iturri handia izan bada ere, ez da bakarra izan. Oihana ateratzea diru iturri ez baizik gastu bihurtu da anitzetan; mantentzeko arazoak sortu dira; eta egurrari erabilpena emateko zailtasunak izan dira.

Alternatiba bilatze horretan, hainbat udalek biomasara bideratu dute euren oihanen ustiapena. Energia berriztagarrien hobian ikusi dute aukera. Lehengaia saltzeaz gain, udal instalazioetan biomasa galdarak jarri dituzte hainbat udalek tokiko egurrarekin udal eraikinak berotzeko, eta, hala, petrolio eta gasarekiko dependentzia murriztu eta euren energia sortu dute.

Berako Udalarena da horren adibide. 2014ko urtarrilean estreinatu zuen bortz eraikin publikorentzako eraikitako berotze zentroa. Toki Ona kiroldegia eta izen bereko institutua; Mukixu haur eskola; Ricardo Baroja ikastetxe publikoa eta Labiaga ikastola 200 metro eskasean daude, elkarren ondoan. Berritze premia larriak zituzten instalazioek, 20 edota 30 urtetik goiti baitzituzten, gasolioz hornitutakoak guztiak, gasez hornitutako bat izan ezik.

Basoen ustiapenean aspaldiko urteetan izandako arazoentzat irtenbide egokia zen biomasa galdara jartzea. Aitzinetik, 2013an, herriko etxea zaharberritzerakoan, pellet galdara paratu zuen.

Proiektua gautzeko bidea ez da erraza izan. 400.000 euro inguruko inbertsioa izan da, eta, institutuaren jabetza Nafarroako Gobernuarena izaki, horrekin hitzarmena sinatu zuen, zegokion instalazioaren zatia bere gain har zezan. Berako Udalak kudeatzen du instalazioa, eta energia saldu egiten dio gobernuari.

Behin proiektua abian jarrita, bertako basoetako egurra erabiltzeko erronka du orain udalak. Nafarroako mendietako pelleta eta ezpala erosten du, gaur-gaurkoz, Berako Udalak, baina bere basoekin hornitzeko adina izanen luke. Horretarako, baina, oihanen kudeaketa ereduan bertze urrats bat egin beharko du, eta loteak enkantean atera beharrean, bere galdararako prestatu beharko ditu, egurra atera, ezpalak egin, lehortu eta galdarara garraiatzeko. Horrelako udalerriek prozesu osoa egiteko dituzten zailtasunak ikusirik, Cederna-Garalur Nafarroako iparraldeko garapen agentziak azterketa egin zuen iaz, udal elkarteen bidez kudeatzeko biomasaren prozesu guztia, tokian tokiko enpresekin lankidetzan. Bertako energia garbia eta berriztagarria sortzeaz gain, lanpostuak sortzeko bidea emanen luke horrek. Azterketa egin ondotik, bideragarritasuna aztertu eta abian jarri beharko da horrelako esperientziaren bat, zikloa erabat ixteko.

Eredua aldatzeko beharra

Aspalditik dabil Berako Udala energia murrizteko bidean. Udal eraikinen eraginkortasuna hobetzeko, hainbat neurri hartu izan ditu —leihoak, berokuntza sistemak, ur eta argindar kontsumoak murrizteko sistemak…—, eta Europako hainbat proiektu mugaz gaindikotan parte aktiboa izan du, Nafarroa, Gipuzkoa eta Lapurdiko bertze erakunde publiko batzuekin batera —Sud’eau eta Bidur, bertzeak bertze—, uraren kudeaketa eredua eta ibaiertzak hobetzera bideratuak, bertzeak bertze. Baina 2013ko maiatzean, bertzelako energia eredu baten aldeko konpromiso irmoa hartu zuen, aho batez, udalak.

Goienerreko bazkide egiten lehenbiziko udala izateaz gain, 2020rako CO2 isurketak %20 jaisteko konpromisoa hartu zuen, udal eraikinetan eta argiztapen publikoan energia eraginkortasuna epe berean %20 hobetzekoa, eta energia eskariaren %20, gutxienez, energia berriztagarrien bidez betetzekoa. Kopuru horiek guztiak erraz gaindituko ditu urtea bukatzerako, jarritako epea baino bost urte lehenago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude