Petrolioaren gorabeherak

Petrolioaren salneurria oso egonkorra izan da 1900etik 2005era arte, arrazoi politikoengatik 1970eko hamarkadan gertatutako bi krisialdiak kenduta. Baina 2005etik aurrera, bere salneurriak gorabehera asko izan ditu, eta salneurri askoz handiagoetan mugitu da oraingo jaitsiera arte.

2005. urtean ohiko petrolioaren produkzioa gehienekora ailegatu zen, eta ordutik jaisten ari da urtero. Gaur egun, petrolio produkzio gisa, ohiko petrolioa ez diren hainbat hidrokarburo likido ere sartzen dira (fracking-eko petrolioa, are bituminosoak, bioerregaiak, eta abar?), eta, horri esker ,produkzioa igoz joan da.

PREZIOA MERKEA BALDIN BADA, ZERGATIK EZ DUTE EKOIZPENA MURRIZTEN?

Hainbat hedabidetan diote gehiegizko petrolio eskaintza dagoela, eta horrek salneurria jaitsarazi duela. LPEE Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundea salneurri gerrate batean sartu omen da AEBetako fracking jatorrizko petrolio arinen aurka, fracking-ak porrot egiteko eta LPEEko petrolioak merkatu kuota ez galtzeko.

Hala ere, LPEEko herrialdeak arazoak izaten ari dira halako salneurri txikiekin (Saudi Arabiak 2015ean 89.000 milioi euroko defizita izan zuen, BPGaren %25etik gora, inoizko handiena), eta munduko petrolio enpresa guztiek izugarrizko galerak dituzte. Milaka langile kaleratu dira, eta ehunka petrolio-hobi ixten ari dira.

Oraintxe bertan, hidrokarburoak ustiatzen dituzten enpresek likidezia behar dute, batetik, akziodunei etekinak emateko, eta, bestetik, hidrokarburo garestiak ustiatzeko egindako inbertsioen zorren epeei aurre egiteko.

Likidezia hori lortzeko, gastuak murriztu behar izan dituzte, eta, tartean, hidrokarburo hobi berriak esploratzeko eta ustiatzeko inbertsioa izugarri jaitsi dute. Aldi berean, ezin dute produkzioa asko gutxitu, nahiz eta dirua galtzen aritu, petrolioa saldu egin behar dutelako likidezia izateko. Horren seinaleak: sektoreko enpresen porrotak (fracking eta are bituminosoak), fusioak (Shell eta BG, adibidez), Saudi Arabiako Aramco enpresa publikoa burtsara ateratzearen azterketa…

Nahiz eta ekonomialari gehienek ez aipatu, horren konbinazioak laster petrolioaren urritasun batera eramango du ezinbestean, eta are okerrago: petrolio hobi berriak bilatzeko eta abiarazteko prozesuan egindako desinbertsioak eta fracking enpresen porrotak (gaur egungo produkzioaren %10 da) erakusten dute gaur egungo produkzioa berreskuratzeko oztopoa.

Enpresa horien porrotak hidrokarburo mota horien bideragarritasun ekonomikoaren zailtasuna erakusten du. Horrek inbertsoreen ihesa ekarriko du, negozio mota hori jadanik ez delako izango zirudien bezain segurua. Ondorioz, inork ez du dirua sartuko han, eta ez da ustiatuko. Beraz, hurrengo urteetan petrolioaren produkzioa azkar batean jaitsiko dela baiezta dezakegu.

ZER ESATEN DUTE HEDABIDEEK?

Bada, ezer gutxi. Gehienek apustu egiten dute salneurriak apal mantenduko direla luze gabe (2,5 eta, kasu batzuetan, 10 urte), baina argi dago ez dutela ulertzen benetan zer gertatzen ari den. Petrolio enpresatan urtebete salneurri txikiekin egon diren ondorioak ikusita, zaila da pentsatzea 2,5 edo 10 urte iraun dezaketenik.

Petrolioa gaur egungo ekonomiaren motorra da; haren salneurriak ekonomiari eragiten dio zuzenean. Hazteko, petrolio (energia) merkea behar du ekonomiak.

Hurrengo urteetan, petrolioaren salneurria bereiziko duena haren aldakortasuna izango da. Ez da soilik esatea batzuetan jaitsi eta beste batzuetan igoko dela. Garai batzuetan, garestiegi egongo da, ekonomiari kalte egingo dio, eta krisialdia sortuko du; beste aldi batzuetan, merkeegi egongo da, eta petrolio enpresei kalte egingo die, eta produkzioa are gehiago murriztuko da. Gorabehera horiek etengabeak izango dira, eta nahiko azkarrak.

Zenbait adituk diote ziklo horiek hiruzpalau urtekoak izango direla, baina ziklo horiek geroz eta motzagoak izango dira. Salneurrien aldakortasun horrek gatazka geopolitikoen probalititatea handitzen du, baina ekonomistek pentsatzen dute salneurrien gerrak eta abar daudela. Ez dute ikusten benetan dagoena arazoa fisikoa dela. Ezin da petrolioa (energia) ekonomiak behar duen bezain merke ustiatu, eta hazkunde egonkor bat izateko adina ekoitzi.

Bost urtean salneurri merkeak aurreikusten dituzten adituek ez dute asmatuko. Salneurri apalak mantenduko dira gerrate bat edota petrolio sektoreko nahiko enpresek porrot egiten duten arte (bankuak ere tartean egongo dira, haiek finantzatu dituztelako proiektu asko). Hori gertatzean, eskaintza jaitsi egingo da, eta salneurriak berriz gorantz egingo du oso azkar, eta beste ziklo bati hasiera emango.

Hori guztia gertatzen den bitartean, gutxi jabetuko dira produkzio globala jaitsiz joango dela, eta, horren inguruan aipamena egiten badute, emango duten azalpena izango da krisialditik ateratakoan berriz igoko dela. Nolabait alderantzizko arrazonamendua egingo dute: hazkundea ez dagoenez, energia gutxiago kontsumitzen dela. Ordea, egin beharreko arrazonamendua justu alderantzizkoa da: energia gutxi dagoelako hazkunderik ez dagoela.

arne-hückelheim-pumpjacks
Petroleoa ateratzeko bonbak Lost Hills Oil Field, Kalifornian. Argazkia: Arne Hückelheim. CC-SA.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude