Eraginkortasuna mugikortasunean

Hirietan tokia irabazteko arazoa sakona da, alderdi anitzekoa; ibilgailuak hirietatik ateratzea eta espazio hori oinezkoei eta bizikletei ematea baino konplikatuagoa da.

Mugikortasunak irisgarritasun eta interkonexio azkarragoa izateko —eta, ondorioz, ekonomiaren balizko hobekuntza ziurtatzeko— agintarien azken hogei urteotako irtenbidea garraio azpiegitura erraldoi berriak egitea izan da. Baina galdera da: zein preziotan? Zein eraginkortasunekin? Bete al dira zehaztutako helburuak? Errealitatea burugogorra da oso, eta garapen iraunkorraren aldeko irizpideen aurkako norabidean doa.

Izan ere, AHT, herrialde tren, aldiriko, metro edo tranbia gehiago eginagatik, ibilgailu motordunak ez dira errepideetatik desagertuko; lehenengoaren azpiegiturek bigarrenak ordezkatzen ez badituzte, bederen. Baliabide bikoiztasun horrek trenaren azpiegiturak oso eraginkortasun txikia izatea dakar. Horrezaz gain, bigarrena bere hartan mantentzen da.

Saihesbide, ordainpeko autobide, autobide edo erradial gehiago eginagatik, ez da gutxituko errepideetako auto pilaketa arriskua. Begi bistakoa da askoz ere arinagoa dela zirkulazioa unean-unean, baina, bere hartan diraute azpiko arazoek: ez dute behera egin auto ofizialek, CO2 eta NOx isuriek, eragin akustikoek, energia gastuek eta istripuek. Galdera bera agertzen da berriro ere: eraginkorrak izan al dira azpiegitura horiek? Zenbat energia gastatu dute azpiegitura horiek egiteko? Zenbat diru publiko kostatzen da sare hori eraikitzea eta mantentzea? Emaitzak ez datoz bat inbertsioekin.

Ezbairik gabe, aurrera egin behar du gizarteak, eta aurrera egin behar horretan baliatu behar dira teknologia berriek eta azpiegitura adimentsuek eskaintzen dituzten baliabideak; baina, betiere, plangintza etikoa eta zentzua albora utzi gabe. Inaugurazioek eta erakundeen eta enpresa pribatuen arteko jauzi politikoek —lizitazioen, eraikuntza enpresen eta operadoreen arteko interes andanen— ekarri duten zentzuaren desberdina. Bihoa, zalantzarik gabeko babesa Europa iparraldeko eta erdiko herrialdeetan egiten diren plangintza estrategikoei eta elkarri lotutako azpiegitura eraginkorrei eta intermodalei.

Mugikortasun eta garraio eredu iraunkorragoaren aldeko trantsizioan, ez da ahaztu behar hori bazkatzeko erabiltzen den energia mota. Hor sartzen dira energia berriztagarriak, isurien kopurua jaisteko elementu nagusiak baitira. Mugikortasun elektrikoari ez dio mesederik egiten energia horren iturburua fosilak erretzea edo nuklearra izateak.

Alde horretatik, garraio operadorearen erantzukizuna da energia berriztagarria saltzen duen merkaturatze enpresa batekin kontratatzea elektrizitatea. Adibidez, Espainiako trenbide garraio operadore nagusiak edo Donostia-Tolosa autobus konpainiak. Bikoitza da enpresa horien erantzukizuna: ibilgailuak berritzeko unean ibilgailu eraginkorragoak jartzeaz gain —hibridoak, egun, eta elektrikoak, etorkizun hurbilean—, ibilgailuek kontsumitzen duten elektrizitatea energia berriztagarria merkaturatzen duen tokiko kooperatiba bati erostea.

Beste ildo bat litzateke ibilgailu pribatuen kopurua jaistea, Europa iparraldetik hegoaldera errotzen ari diren enpresen bitartez. Beste kudeaketa eredu berri batera joatea da xedea: ibilgailuaren alokairua, partekatzea edo multijabetza —Carsharing-Carpooling—. Jada badaude eskura zenbait egitasmo inguruan: Ibilkari, Ukanauto, Auzokar eta, azkena, Laguncar, Eusko Car Sharing elkartearekin doana —autoen partekatzea sustatu nahi du—. Mugikortasun arazoak alderdi anitz hartzen ditu, eta ez du konponbide bakarra, baina arestian aipatutako egitasmoek lagundu egiten dute ibilgailu kopurua jaisten, eta erabilera eraginkorragoa eta arrazionalagoa egiten.

Ibilgailu elektrikoa erabiltzeko apustua egin dutenei ere aipamen bat egin behar zaie, eraginkorrago gida dezaten eta akustikoki eta ingurumenean duten eragina jaits dezaten. Kontua ez da ibilgailu motorduna elektriko batez ordezkatzea. Kontua da, ibilgailu parkea berrituz doan heinean, eskura dauden iraunkortasun eta eraginkortasun irizpideen pean egitea; ahal den neurrian, jakina. Adibide moduan, errekuntza bidezko ibilgailua elektriko batez ordezkatu duen Iruñeko lehen taxi gidaria. Horrezaz gain, taxi horrek erabiltzen duen elektrizitatea energia berriztagarria merkaturatzen duen bertako kooperatiba bati erosten dio.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude