Berriztagarriak bai baina…

Krisialdi energetikoa ez da horren nabarmena orain dagoen petrolioaren itxurazko ugaritasuna dela eta, baina ugaritasun hau itxurazkoa da, besterik ez. Azken urtean itxi diren petrolio hobien kopurua milaka zenbatu daitezke eta hobi berrien esplorazio eta ustiapenean egindako desinbertsioak oso handiak izaten ari dira azken bi urteetan. Fracking-ak agindutako petrolioaren iraultza ez da bete eta jadanik fracking-aren burbuila batez hitz egin dezakegu. Petrolio eskariak bere eskaintza berriro harrapatzen duenean, salneurriak goraka egingo dute oso azkar. Energia berriztagarriek hurrengo urteetan nabarmenagoa izango den krisialdi energetikoan lagundu dezakete.

Beste krisialdia ingurumenarena da, eta haren ondorio ezagunena, klima aldaketa. Azken 150 urteetan erretako erregai fosilen kontsumoak CO2aren kontzentrazioa lurrak inoiz izan dituen handienetara bidaltzen ari da. Hori lurra berotzen eta ozeanoak azidotzen ari da. Erregai fosilen erabilera mugatu eta jaisteko, energia berriztagarrien laguntza behar dugu.

Azkenik, aipatu behar da denok ezagutzen dugun krisialdi ekonomikoa. 2008tik jasaten ari garen krisialdi ekonomikoa sistemikoa dela esan dezakegu. Inoiz ez da egon horren krisialdi luzerik, eta argi dago ez dituela orain arte izan ditugun krisialdi ekonomikoen ezaugarriak. Gure sistema ekonomikoak etengabeko hazkundea eskatzen du, eta hori ezinezkoa da planeta mugatu batean.

Eredu ekonomikoa, gaur egungo gizartean hainbeste aurrerakuntza eta gizakion (parte baten) ongizatea ekarri duena bera izan da jasaten ari garen beste bi krisialdi nagusien sortzailea.

Sistemaren hazkundeak errekurtsoen kontsumoa neurrigabea sustatu du, eta gure energia beharrak mugagabe handituz. Horrek planetaren errekurtso material eta energetiko eskuragarrienak (merkeenak) agortu ditu, eta gure ingurumenean eragin sakonak izan ditu.

Hori dena kontuan izanda, ondoriozta dezakegu gure eredu ekonomikoak eragindako kontsumo sostengaezina dela gure gaur egungo egoerara ekarri gaituena.

Horri aurre egiteko ditugun irtenbideak ez dira errazak, baina orain da garaia zerbait egiteko. Norberak egin ditzakeen gauzen artean, lehenik eta behin, berriztagarrien erabilera bultzatzea litzateke, baina kontsumo jaitsiera eta efizientzi neurriekin batera. Horretarako pauso erraz bat gure etxean berriztagarria kontsumitzea izan daiteke. Gure eskualde geografikoa eta etxearen orientazioa eta egoera aztertuta, autokontsumorako egokia bada, panel fotoboltaikoak instalatzea plantea dezakegu. Gaur egun martxan dagoen legea ez da egokiena, baina epe luzerako inbertsio gisa hartu behar da.

Eta neurririk garrantzitsuena, dudarik gabe, gure energia beharrak jaistea eta aldi berean hurbiltasuneko ekonomia bat bultzatzea. Eredu ekonomikoaren eta energetikoaren aldaketa bat posible da, eta norberaren kontsumo ohituren aldaketarekin hasten da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude