‘Eppur si muove’

Azken urteetan orokortua dago ideia bat: pultsu nazionalaren ahuleziarena. Adibidez, Ernaik egina du diagnostikoa: nazio gatazka epizentro politikotik desagertuta, konfrontazio maila apalduta eta beste aldarrikapen batzuk indartuta, erlaxatze bat gertatu da ikuspegi nazionalari dagokionez. EAJk, berriz, Entzunez Eraiki prozesuaren ondorioetan jaso zuen bere helburuetako bat izan behar dela «etorkizuneko kontakizun bat» eraikitzea, euskal «proiektu nazionalarekiko atxikimendua» lortuko duena, «Euskal Herriaren kausa eta eraldaketa globalei erantzuteko gaitasuna uztartuko dituena». Alegia, gihar falta sumatzen da arlo horretan. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan autogobernuan jauzi bat egiteko saio antzuek eta Nafarroan arlo horretan dagoen immobilismo instituzionalak uste hori indartu baino ez du egiten.

Eppur, si muove. Eta, hala ere, mugitu egiten da. Bat-batean, Frantziako Tourra bezalako mundu mailako gertakari batek fokua, begiratzeko modua aldatzen du; aurreikuspenak gainditzen ditu, eta mundura zabaltzen ditu irudi gogoangarriak; jendetza bide bazterrean, ikurrina eskuan. Ez han-hemenka, baizik eta lasterketak zeharkatutako ibilbide luze-zabalean, hala Gasteizko abiapuntuan, nola Gangurenen gora, Donostiako helmugan edota Irun eta Hendaia arteko zubian. Pultsua motelago edo biziago izan, giharra hor zegoen, eta indarra erakusteko abagunea baliatu du instituzioek nahiz herri mugimenduak bultzatuta.

Zaila da errepideetan ikurrina haizatu duten herritarren kopurua kuantifikatzea, eta are zailagoa horietatik guztietatik motibazio politiko komun bat ezaugarritzea. Baina argi dago Tourraren aitzakiak sinkronizatu dituela gutxieneko gogo komun batzuk: mundu mailako ekitaldi batean, herri baten izatea bera aldarrikatzea.

«Herritarrak ere izango dira Euskal Herriaren erakusleak. Hori ere bada Tourra», zioen Ekain Rojok igandeko BERRIAn. Zer erakutsi dute? Zein izan da 40 urtean Euskal Herriak proiektatu duen irudi hegemonikoa? The Guardian-ek larunbatean argitaratutako artikulu batek bikain islatzen du hegemonia aldaketa: indarkeria partikularrak betetzen zuen Euskal Herria unibertsala 1992an, baina Flandriarekin eta Bretainiarekin alderatzen du gaur egun, Geoffrey Nicholson idazlearen hitz batzuk gogora ekarrita: «Lurraldeak, zeinetan jendea hasi den kirola erabiltzen beren identitate berezitua aitor dadin eskatzeko bitarteko gisa». Nazio markagintzaren garaian protagonista nagusia gastronomia den lurralde honetan, ez da lorpen makala Tourrak proiektatutako irudia ikur nazional bat —eta beraz, identitate nazional berezitu bat— izatea.

Atotxa, 1967

Abiatu da Frantziako Tourra Euskal Herritik, eta Gure Esku-k aukera baliatu du, ikurrinaren bidez, Euskal Herriaren naziotasuna nazioartera proiektatzen saiatzeko. Ikurrina aldarri; ez da berria, eta historikoki ikurrinak izan duen aldarrikapen zera horri buruzko erreportajea argitaratu du gaur BERRIAk.

Ikonikoak dira erreportajean jasotako irudietako batzuk, baina merezi du arreta pixka bat jartzea hain ezagunak ez diren istorio horiei. Atotxan 1967ko apirilaren 30ean gertatutakoa, kasu. Testuingurua: Realaren eta Sabadellen arteko partida, “Jeneralisimoaren” Kopako kanporaketa. Realak egun batzuk lehenago ziurtatu berri zuen hurrengo denboraldian lehen mailara itzuliko zela, eta, beraz, festa giroa zen nagusi Atotxan. Emaitza: Realak 0, Sabadellek 2.

Lehen zatian, ordea, bi ikurrina agertu ziren Atotxako zeruan. La Voz de España-ren orduko kronikak jasotzen du nola bi «bandera nazionalista» jausi ziren zelaira, kanpotik jaurtita. Hiru lerro eskas, azken parrafoan.

Zorionez, gertatutakoaren kronika osoagoa eta irudi bidezkoa jaso zuen Gudari aldizkariak. Astekaria 1961etik 1974 ingurura argitaratu zen, Caracasen, eta 1967ko maiatzaren 15ean argitaratu zuen bi aste lehenago Atotxan gertatutakoa.

Horrela dio kronikak: “Nahiz eta, adibidez, Donostiako Zinemaldian Soviet Batasuneko bandera “piperpoto” (sic) espainiarrarekin haizatu, euskal banderak debekatuta jarraitzen du. Hori horrela, EGIk erabaki zuen euskal bandera partidaren buruan egotea, eta lortu zuen (…). Bat-batean, EGIkoek —Aberri Egunean Gazteluko Plazan eginiko balentria errepikatuz—, bi suziri indartsu bota zituzten, ikurrina bana zintzilik zituztela, eta horiek poliki-poliki jaitsi ziren Atotxako zelai gainera, horietako bat katalanen areara jausita”. Kronikaren arabera, irribarrez hartu zuten ekintza Realeko jokalariek, eta Polizia zelaira irten zen ikurrina jasotzera, Antonio Rigo epaileak zer egin ez zekiela. Txaloak “gogoangarriak” izan ziren, eta bost lagun atxilotu zituzten, hain justu, txalo egiteagatik.

Zehazki, handik gertu zegoen San Antonio ospitaletik bota zituzten ikurrinak zeramatzaten suziriak, kronikek datua jasotzen ez badute ere. Mikel Irazusta donostiarrak parte hartu zuen orduko hartan, eta 2020an kontatu zion BERRIAri: «Porlanezko hodi bat egiten zen, eta pintura pote bat sartzen zen metxarekin. Soka hori bat jartzen genion, pospolo burua amaieran, eta hiru-lau minutu irauten zuen». «Oso zientifikoa dena», zioen, barrez: «Gero, ikurrina paraxut gisako batekin erortzen zen».

Testuinguru pixka bat. Hiru hilabete lehenago, 1967ko urtarrilaren 19an, Juantxo Amilibia, Iñaki Mujika Arregi, Elias Anton, Jose Cruz Orkolaga eta EGIko beste gazte batzuek kable bat jarri zuten orduan Uztailaren 18a izena zuen plazan, eta gauerdian, festa hastearekin batera, ikurrina eskegi zuten plazan, bertara joandako agintari frankisten aurrean. Iruñeko sanferminetako txupinazoaren unean 2013an ikurrin handi bat udaletxearen aurrean jarri zuten arrantzale bizardunen aurrekaria.

Euzko Gaztedi ikurrinaren aldeko ekintzak egiten ari zen azken urteetan. Ez soilik bandera ardatz: 1965ean, munduko pistako txirrindularitza txapelketa egin zuten Anoetako belodromoan, eta, txapelketa hasi aurretik, pintaketa handi bat egin zuten pista sortu berrian, Euskal Herriaren askatasuna aldarrikatzeko. Kontua da, 1967ko sansebastianetan lortutakoaren ondoren, taldetxo bat sartu zela EGIn, eta horiek jardun zuten ikurrinaren aldeko ekintzetan; Atotxakoaz gain, Txofreko zezen plazan ere bota zituzten.

ETA kanpainan

Aguilar de Campoon, Gasteiztik ia 200 kilometrora dagoen Espainiako herri batean, ez zegoen beste hizpiderik; hauteskundeetarako bi aste falta zirela, alderdi politiko guztien kartelak pintura gorriz estalita agertu ziren, eta herriko leku ugaritan, pintaketak ETAren siglekin. Pintaketek «era guztietako komentarioak eta zurrumurruak» eragin zituzten, tokiko prentsaren arabera, eta, gertatutakoa ulertu nahian, azaltzen zuen ohikoa zela euskal herritarrak herrian ikustea. 1977ko ekainaren 1a zen, eta ETA kanpainako hizpide bilakatu zen herri hartan.

46 urte geroago, ETAk bere jarduera armatua eten eta 12 urtera, ETA kanpainan sartu da. Sartu dute. EH Bilduren zerrendak eta ETAko kide ohiak dira gai nagusia Palentziako herri horretako kazetan, baita Madrilgo eskuineko hedabideetan ere, Espainiako debate politikoa koordenatu horietan mugitzen ari baita hauteskunde kanpainaren bezperan. Hiztegi zaharrari hautsa kenduta, gainera: «kutsatutako» hautagaiak, zilegitasunik gabeko zerrendak.

2023ko udal hauteskundeetan ere ETAren mamua astinduz hasi da kanpaina; Madrilen bezala Galdakaon. Kontua ez baitira zerrendak edo webguneetako sailkapenak, baizik eta batzuk prest daudela iraganeko indarkeria eta hark eragindako oinazea azken tantaraino zukutzeko, gaiari ustezko errentagarritasun politikoa ateratzeko. Hitz egin daitekeelako memoriaz; areago, hitz egin delako —udaletan— oroimenaz, egiaz, aitortzaz, eta hori osasungarria ere izaten ari delako sarri; baina batzuek ez ote duten nahiago memoriaz polemizatu eta kategoria eta lerratze zaharrei eutsi, garai bateko hauteskunde emaitzen nostalgiaz.

Mobilizazioaren garrantziaz

Nola neurtu gizarte mugimendu baten arrakasta? Zer da garaipena, zer porrota? Literaturak ematen ditu irizpide batzuk. Bat, agerikoa, oinarrizkoa: testuinguru politikoak baldintzatzen du ekintza kolektiboaren eta horren ondorioen arteko harremana; ez da matematika. Bi: gizarte mugimenduek sorrarazten dituzten ondorioak ez direla mugatzen arrakasta edo porrot kontzeptuetara, eta, beraz, egokiagoa dela hitz egitea mugimenduen eraginez edo ondorioez; hiru: mugimendu sozialek esparru politikoan, kuturalean eta biografikoan eraginak dauzkatela eta, beraz, ondorio horiek ere mailakatu daitezkeela.

Esparru politikoko ondorioetan, adibidez, bi ardatz nabarmendu litezke: mugimendua eragile legitimo gisa onartzen den edo ez, eta politika publikoetan eragiteko gai den edo ez. Bistan denez, mugimendu baten lorpen gorena litzateke eragile legitimo gisa aitortua izan eta aldatu nahi duen politika publikoetan eragitea.

Espainiako Estatuko kartzeletan sakabanatuta zeuden motibazio politikoko azken euskal presoen aberriratzeak amaitutzat joko du 30 urte pasako urruntze politika bat, eta fase bat itxiko du euskal presoen eskubideen aldeko ekinaldi sozialaren ziklo luzean. Zentzu horretan, esan liteke presoen aldeko mugimenduak, eragile gisa aitortua izateaz gain, politika publikoetan eragitea lortu duela, hiru hamarkadako espetxe politika iraulita. Baina aldaketa ez da zerutik erori: haatik, elkar elikatzen duten mekanismo jakin batzuen aktibazioak ahalbidetu du urrunketaren amaiera. Batzuk nabarmentzearren:

Marko baten hedapena: zentzu komun baten orokortzea. Gizarte mugimenduen beste eragin esparruetako bat da balio, sinesmen, iritzi, identitate kolektibo eta abarretan aldaketak sortzeko daukan ahalmena; baita gatazka bat testuinguratzeko eta marko bat hedatzeko gaitasuna ere. «Zentzu komun» bat zabaltzekoa. Nolakoa marko eta kontakizun baten sinesgarritasuna, halakoa izango da gizarte mugimendu horren irismena bere sistema sozialean, bere gaitasuna sektore berrietara zabaltzeko eta aldarrikapen horri lotutako identitate kolektibo bat garatzeko ere.

Presoen aldeko manifestazioa Bilbon, 2005eko urtarrilaren 8an. JOSE SIMAL / EFE

Euskal gizartean, Euskal presoak Euskal Herrira izan da urteotan agenda politikoan nagusitu den aldarrikapenetako bat. Milaka balkoietako banderolez gain, urtarrileroko manifestazioetako pankartei erreparatu besterik ez dago: eslogan hori continuum bat izan da —2004, 2005, 2006, 2010, 2017…—, baina balio hori —urruntze politikaren bidegabekeria— are konpartituagoa izan da 2011n ETAk bere jarduera armatuaren amaiera iragarri eta gero. 2013tik Foro Sozialak eta 2014tik Sarek eginiko lanak azaltzen du gizalegezko espetxe politika baten beharra nola bilakatu den gehiengo politiko eta sindikalaren orube, eta, ez alferrik, azken urteetako manifestazio jendetsuetako batzuen leloek «giza eskubideen, konponbidearen eta bakearen alde» esaldia erantsi diote presoak Euskal Herriratzeko eskaerari, orube komun horren erakusgarri.

Aukeren atribuzioa. Aro aldaketa bat gertatu zen ETAk 2011ko urrian ziklo armatuaren bukaera iragarri zuenean. Horrek eta ondorengo armagabetze eta desegite prozesuak sinesmen bat azaleratu zuten: testuinguru berriak ahalbidetu behar zuela presoak Euskal Herriratzea, edo, bestela esanda, presoak urrun mantentzea zentzugabea zelako ideia indartu zitekeela. Berriro, aukera atribuzio horren argazkia Zabalburu eta Baiona dira: ETA 2018ko maiatzean desegin zenetik Orain presoak leloak protagonismoa hartu duelako eta, batez ere, Bilboko mobilizazioek jauzi kuantitatibo bat erakutsi dutelako espetxe politika berri baten alde. Garai berriaz jabetzeak ahalbidetu du Bilbokoak azken hamarkadako mobilizazio jendetsuenetakoak izatea, eta, aldi berean, Zabalburuko irudiak kristalizatu du aurrez aipaturiko «zentzu komun» hori.

Mobilizazioak herrietako plazetan, 2022ko urtarrilaren 8an; irudian, Gasteizkoa. ENDIKA PORTILLO / FOKU

2011-2017 aroan PPren gobernuak konponbide prozesuaren aurka izandako jarrera oldarkorrak —edota Frantziakoak Luhusoko 2016ko abenduko operaziora arte izandakoak— ere funtzionatu du mobilizazioa hauspotu duen bapateko irain gisa. Parisen Luhusokoak eta Madrilen 2018ko ekainean Espainiako Gobernua aldatu izanak eta horretarako espetxe politika berri baten aldeko indarren babesa behar izateak ateak zabaldu dizkio konponbidearen agendan pausoak eman ahal izateari.

Laburbilduz, presoen aldeko dinamikak erakutsi ditu baldintza batzuk politiketan eragiteko; agenda, kontakizuna, mobilizazioa, instituzioekiko eta alderdien sistemarekiko sarbidea, testuinguru politikoaren baliatzea. Txillardegik zioen bezala: horiekin, nekez, baina horiek gabe, ezinezko. Presoen aldeko dinamikak badauzka ikasgaiak eta zumeak hurrengo faserako.

EITB eta bizikidetza

Ion Parot espetxetik irten zen urriaren 13an, 32 urte giltzapetuta igaro eta gero. Zigor bera bete zuen Jakes Esnalek, hura ere irailean kartzelatik irten baino lehen. Besteak beste, Foro Sozial Iraunkorrak erabakia txalotu zuen: «positibotzat» jo zuen, horren aldeko adostasun «instituzional, politiko eta sozial handia» zegoelako eta «gizatasunez eta zentzuz hartutako erabakia» zelako. Foro Soziala bada nor: bere barnean biltzen ditu hamazazpi eragile, tartean ELA, LAB eta CCOO sindikatuak. Iparraldean, berriz, Ipar Euskal Herriko instituzio komunaren rola da espetxealdi luzeen aurkako jarrerak daukan adostasunaren adierazle bat. Horrela josi da “zentzu komun” bat gatazkaren ondorioen konponbidean: biktimen aitortza eta erreparazioa, batetik, eta gizalegezko espetxe politika bat, bestetik.

Biak, ordea, bateraezinak direla dekretatu du Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiak. 32 urteko espetxealdi bati buruzko bertsoak «Terrorismoaren Biktimei Aitorpena eta Erreparazioa egiteko Legearen printzipioen eta artikuluen aurka» doala, eta baita «EITBk Euskadiren bizikidetzan lagundu dezakeen eragile izateko hartu duen konpromisoaren aurka ere». Herri honetako eragile politiko eta sindikalen gehiengoa bat etor daiteke espetxealdi baten gehiegizko luzeran, baina ez esan hori kanta batean, hori aipatu besterik egiten ez duen bertso batek «biktimak zauritu eta haien mina berpiztu» dezakeelako. Ez dakigu biktimak zauritu dituen, baina Aldekoak erabaki du baietz —“nik neuk hartu nuen hura erretiratzeko erabakia”—.

Arzallusen bertsoarena adibidea da, baina galderak uzten ditu airean: zer eskumen du irrati telebista publikoko arduradunak bizikidetzari zentzu propio bat emateko eta elkarbizitza denaren edo ez denaren epaile bilakatzeko? Zilegi da hitz egitea espetxe politika bidegabeaz, hori biktimekiko eraso bat izan gabe? Zer bizikidetza eraikitzen da espetxe politikaren gehiegikeriak tabu edo ezkutatzeko gai bilakatuta? Pertsona bakarrari al dagokio hori erabakitzea? Zer aurrekari jartzen du Arzallusen bertsoa erretiratzeak? Zer egingo luke ETBk Bertso Txapelketa Nagusiko zuzenekoan, finalista batek Arzallusen bertsoa erreproduzitu edo antzeko bat kantatuko balu? Eta batez ere, zer neurri hartuko dira kamiseta, bertso edo dena delako batzuk modu prebentiboan ez isilarazteko?

Argi luzeak

Iazko abenduaren 13an izan zuten bileran, Pere Aragones Kataluniako Generalitateko presidenteak liburu bat oparitu zion Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariari; Cataluña-España, ¿Del conflicto al diálogo político? (Katalunia-Espainia, gatazkatik elkarrizketa politikora?). Kataluniako prozesu subiranistari buruzko gogoeta ugari daude bilduta, 2017ko urriaren 1eko erreferendumetik aurrera idatzitakoak, eta horien artean dago Albert Nogueraren bat. Nogueraren tesia zera da: estatu independente bat sortzeko, beharrezkoa dela botere politikoko ekintza bat —«iraultza bat, hauteskundeetako garaipen bat, erreferendum bat»— eta estatu berria eratzeko ekintza juridiko bat —konstituzio bat, nazioarteko eragileek onartutako independentzia deklarazio bat—. Nogueraren iritziz, Kataluniako prozesu subiranistak erakutsi du herrialde hori gai dela momentu politiko fundatzaile bat sortzeko, baina ez hori ekintza juridiko bilakatzeko.

Bereizketa interesgarria da Euskal Herriko testuinguru politikoari begiratzeko, eztabaida beste parametro batzuetan ematen bada ere. Ipar Euskal Herrian autogobernuari buruzko eztabaida Euskal Elkargoaren eskumenetan zentratuta egonda eta Nafarroan Foru Hobekuntzaren berrikusketa oraindik mahai gainean jartzeko dagoelarik, euskal estatu baten sorrerari bide emango liokeen erreferendum baten aldeko aldarrikapena Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan jokatzen ari da nagusiki.

Azken hamarkadako bilakaera argigarria da Nogueraren eskema ulertzeko; erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamika gai izan da une jakin batzuetan Euskal Herriaren burujabetzaren aldeko borondate politiko bat adierazteko: 2014ko maiatzaren 29an Eusko Legebiltzarrak autodeterminazioaren aldeko adierazpen bat onartuta, eta 2017ko uztailean estatus berriaren oinarri eta printzipioak ezarrita; lehena, Gure Esku Dago-k 150.000 bat herritarrez osatutako giza katea egin baino egun batzuk lehenago, eta bigarrena, dinamika berak 175.000 lagun inguruko giza katea egin eta aste gutxira. Baita lehenago ere: 1990eko otsailean Eusko Legebiltzarrak autodeterminazioaren aldeko adierazpen bat eginda, 2004ko abenduan Espainiarekiko «elkartasun askeko araubidea» jasotzen zuen estatutu proiektua onartuta eta, 2008ko urrian, estatus politikoari buruzko kontsultak egiteari bide ematen zion Kontsulta Legea onartuta.

Noski, horiek ez dira ekintza politiko fundatzaileak izan, baina guztiek erakusten dute euskal gizartearen nahi baten unean uneko kristalizazio bat. Gogo hori berresten duten datuak badira: erabakitzeko eskubidearen aldeko indar politikoen babesa handitu egin da Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetan, eta, aste honetako bertako datuei heltzeko, Naziometroaren laugarren neurketak aurrekoen joera berretsi du: hiru herritarretik bi daudela erabakitzeko eskubidearen alde, eta Euskal Autonomia Erkidegoan hamarretik ia zazpi direla aldekoak.

Eta, hala ere, euskal subiranismoak —ezta katalanak ere— ezin izan du borondate politiko hori ekintza juridiko batean gauzatu; Eusko Legebiltzarrari dagokionez, euskal estatuaz galdetzeko modua emango duen estatus politiko berri bat onartzeko. ETAren jarduera armatua amaitu osteko ziklo politikoan, 11 urte geroago, hori da oraindik ere euskal subiranismoaren erronka.

Bide horretan, ezinbestekoa da abagunea aintzat hartzea. 2014an, konfrontazio armatuaren zikloa gaindituta, Kataluniako eta Eskoziako galdeketa independentisten abaroan, 2012ko hauteskundeek sortutako indar korrelazioarekin eta PPren gobernuaren austeritate politikak eta eskubide murrizketak kontuan hartuta, euskal subiranismoak ulertu zuen garai egokia zela bestelako estatus baten alde ekiteko. 2017an, legebiltzarrean estatus politikoaren inguruko eztabaida zabalik zela eta Kataluniako erreferendumak sor zezakeen joko zelaia ikuskizun, azken urteetako mobilizazio jendetsuenetako bat egin zuen Gure Esku Dago-k. Sidney Tarrowren irakasgaiak ekarrita: aukera politikoen aldaketa nola, herritarren parte hartze kolektiboa hala.

Testuingurua bestelakoa da orain. Estatus politikoaren eztabaida kale itsuan sartuta, legealdi honetan bazter utzita, Jaurlaritzak berak gobernu programan gaiari buruzko erreferentziak ezabatuta eta Katalunian ere irtenbide argirik ezin sumatuta, herri mugimenduarentzat nekeza da 2010eko hamarkadako mobilizazio gaitasunari eustea. Are gehiago aktore politiko eta instituzionalen aldetik ez bada agendarik edo ortzi mugarik irudikatzen. Basamortua eskaintza desmobilizatzailea da. Eta, hala ere, gizarte mugimenduak bere praktika egokitu du, mobilizazio eredu berritzaileak sortzeko, [nazioarteko] aliantza berrietan sakontzeko, agenda publikoan eragiten saiatzeko. Ez alferrik, abagunea baliatu beharrean, «baldintzak sortzeko» asmoa azaldu zuen Josu Etxaburu Gure Esku-ko bozeramaileak BERRIA-n.

Gizarte mugimendua, hitzak berak dio, mugitu egin da; orainaldi lainotsuari argi luzeak jarri dizkio. Mobilizatu da, eta, horren aurretik, Eusko Legebiltzarrean eskaera batzuk erregistratu ditu. Alderdiei dei egin die. Eta agerian utzi ditu horiei luzatutako galderak, oro har subiranismo osora zabal daitezkeenak: zein da planteamendua burujabetza maila handiagoa lortzeko? Zein abagune izango da egokia eztabaida horri heltzeko? PSOEren gobernua eta haren aliantza sistema baliatu behar dira pausoak emateko, edo beste gobernu batek aukera hobeak emango ditu? Zein epe proposatzen diote subiranismoaren oinarri sozialari? Zein bidelagun dira beharrezkoak helburu horiek lortzeko? Eta, azkenik: inoiz aurrerapausorik emango bada, eman liteke gizarte mugimendu sendo bat atzean eduki gabe?

‘Baron Noir’ kongresuan

Azkenaldian sortutako serie politikoen artean mamitsuenetako bat da Baron Noir, esaldi gogoangarriz eta aipamen klasikoz josia. Seriean aipatzen da Sun Tzuren klasiko bat: «Aukeratu zure etsaiak, ez zure lagunak». Hori izaten ari da EH Bilduren egungo aliantza politikaren premisa azken urteetan, eta, neurri batean, horrek azaltzen du atzo Espainiako Kongresuan Ukrainako gerraren ondorio ekonomikoei aurre egiteko dekretuari emandako aldeko botoa: Sanchezen gobernua —gaur egungo aliantzen bidez— sostengatzeko beharra.

Atzo, dekretua onartu eta gutxira, Voxek hartu zuen hitza Espainiako Kongresuan, sekretu ofizialen batzordea osatzeko eztabaidan. Macarena Olona eskuin muturreko diputatuak, Andaluziako hauteskundeei begira jada, tonua are gehiago igo zuen: atxiloketa baten kontakizuna eginez, torturatuei iseka egin zien. Hori da PPren egungo bazkide nagusia, eta, beraz, gainerako alderdientzat galarazi beharreko gaitza; espioitzaren apologia eta torturaz barre egiten dutenei gobernabiderako atea ixtea.

Sanchezen inbestidura ahalbidetu zuen blokeak ez du erronka erraza; nola eutsi Sanchezen gobernuari, nola eutsi Sanchezek bere ezkerrera begiratzen jarraitzeari, txeke zuririk eman gabe; kalteak saihesteaz harago, garaipen batzuk lortuta. Rolen banaketa horretan, atzo EAJk eta EH Bilduk modua eman zuten gobernuak dekretua aurrera ateratzeko, Pegasus programaren bidezko espioitzaren auziak ordainagiri garestiagoa utzi baitu Katalunian Euskal Herrian baino. Haserrea ezezko botoaren bidez adierazi diote katalanek Sanchezi, baina gobernuak inbestidurako blokeari eutsi dio.

Gertatu zitekeelako beste modu batera; gobernuak, orain arteko babesak galduta, begiratu zezakeen eskuinera. Atzo, Enric Juliana La Vanguardia egunkari katalaneko kazetariak laburpen argigarria egin zuen sare sozialetan: «PPrentzako lurreratze pista gau osoan aritu dira asfaltatzen. Baina politika erreflexu kontu bat da. [PPko presidente Alberto] Nuñez Feijook zalantza egin du: abstentzioarekin, legealdia leherrarazi zezakeen Margarita Roblesen eskutik. Vox pisu astuna da eskuineko aldean. Bilduk ez du zalantzarik egin». Itzulpena: PP prest zegoen Sanchezen dekretuaren aurrean abstenitzeko eta, horrela, egungo aliantza sistema iraultzeko. Koalizio Handi tazito bati bide emateko. Ez zen ausartu, eskuin muturraren hazkundearen beldur.

Julianaren arabera, EH Bilduren mugimenduak zapuztu du jokaldia, baina PSOEren tentazioak agerikoak dira; Nafarroako Parlamentuari begiratu besterik ez dago. Navarra Sumako bi transfugek eragotzi zuten PSOE-UPN akordioak aurrera egitea, baina akordioa egon bazegoen. Ondoren etorri ziren Hitzarmen Ekonomikoari buruzko adostasuna eta, atzo, PAI. Urtebete falta da hauteskundeetarako, eta jokoa espazioak okupatzean datza; ezkerrak hartzen ez dituen aliantzak eskuinak hartuko ditu, bere mundu ikuskeraren mesedetan.

Ikusteko dago PSOEk eta PSNk nora begiratu nahi duten Nafarroako eta Espainiako legealdiak amaitzeko. Gehiengo egonkorrak zituzten, baina Nafarroan tentsioa gora doa, eta Espainian, lan erreformari buruzko bozketa eta atzokoa ozta-ozta gainditu ditu. Baron Noir-eko beste esaldi baten adibide praktikoa, agian: «Politikak jazzaren antza du. Nota bat gaizki joz gero, nota horixe jotzen segitu, eta hortxe izango duzu kultuko inprobisazio bat».

Koalizioa, alderdia, mugimendua

Sintesi bat irudikatu zuten Batasunak eta Eusko Alkartasunak Euskalduna jauregian 2010eko ekainaren 20an; bi familia politikoek estrategia politiko bat partekatzea ahalbidetzen zuen sintesi bat, alde batean eta bestean egon zitezkeen kontrakotasunen gainetik, akordioaren abantailak nagusitzen zitzaizkiona. EAJrekin koalizio gobernuak osatzetik zetorren EA azken hamarkadan, eta estrategia politiko-militarretik soilik politikora igarotzeko prozesuan zen ezker abertzalea; abiapuntuko posizio urrun horietatik heldu ziren bi familiak puntu komun batera, nork bere etxeko desadostasunak kudeatuta.

Lortu arte-ri —ezker abertzalearen eta EAren 2010eko hitzarmenari, ez larunbateko martxaren leloari— Euskal Herria Ezkerretik agiriak eman zion segida, Alternatiba batuta, eta Bildu sortu zen hurrena; 2011ko udal eta foru hauteskundeetan panorama politikoa astindu zuen koalizioa. Ezker subiranistaren batasuna, sei hilabete geroago Aralar batzean osatu zena.

Ezker abertzalearen eta EAren sintesi horren emaitza da hein batean EH Bildu, eta sintesi horrek oraindik ere estres testak bizi ditu. Koalizioak hamar urteko ibilbidea egin duelako, eta bide horretan norabide bat ere hartu duelako; alderdi formarekin eta politika instituzional jakin batekin. Kontua da jada testuingurua ez dela 2010ekoa, eta ETAren indarkeria alboratzeak zekarren pizgarri politikoa ez dela existitzen gaur egun. Eta, hor, 2010eko sintesiaren josturak daude proban.

Estrategia politiko-militarrari buruzko eztabaida gaindituta, ezker abertzaleak bere baitan du beste debate bat, Sorturen kongresuan aurkeztutako Lurrari Lotuz osoko zuzenketak adierazten duenez: EH Bilduk, aparatu elektoral gisa, zenbaterainoko zentraltasuna behar duen ezker independentistaren estrategia integral batean, eta, horrez gain, Sortuk zer rol jokatzen duen estrategia horretan. «Sortu ahultzen eta desegiten ari da EH Bilduren eta EH Bairen mesedetan, hirurak beharrezkoak direnean. Ahultze gradual horren ondorioz, Sortuk ezin du dagokion funtzio ideologiko-politikoa bete: askapen prozesuaren zuzendaritza estrategikoa», diote Lurrari Lotuz-en egileek. Asteburuko emaitzek adierazten dute Sortuko zuzendaritzak proposatutako norabideak kideen babes zabala duela, baina norabide horrekin kritiko direnen ahotsa entzuteko adina ozena dela.

Beste koordenatu politiko batzuetan bada ere, Eusko Alkartasunaren zuzendaritzarekin kritikoa den sektorearen argudio nagusietako bat ere horixe da: beren alderdia ahultzeko edo desegiteko arriskua. EAren barruan bizi den egoerak ere badu zerikusirik EH Bildu ulertzeko moduarekin: EAko kritikoek lehenetsitako alderdien koalizio klasikoa versus «koalizio forma, alderdi egitura eta mugimendu bokazioa» duen EH Bildu, bigarren kongresuan aurkeztu zuten bezala. Alderdien aniztasuna adierazten duen batasuna edo alderdiekiko kidegotik harago doan espazio politikoa, bestela esanda.

Mugimendu gisa, hauteskundeetako emaitzez eta instituziogintzaz harago, EH Bilduk asteburu honetan bertan erakutsi du aldarrikapen batzuk egituratzeko —«nazio feminista, sozialista, burujabea, ekologista, parekidea»— eta horien inguruan mobilizatzeko —40.000 lagunetik gora elkartzeko— gaitasuna. Baina, antolaketa ereduari dagokionez, ikusteko dago EAren barruan bi ildoen arteko sintesi komunik posible den, eta horretarako borondaterik badagoen; bi EAk bakarrean kabitzen ote diren, edo irtenbide posible bakarra zatiketa den. Eta, bide batez, EH Bilduren josturak zenbaterainoko malguak diren, Sorturen eta EAren (eta, noski, Alternatibaren) barruan diren ikuspegi ideologiko eta organizatibo guztiek elkarrekin bizitzeko.

Ziur aski, aniztasun horrek eman dio EH Bilduri bere alderdi fundatzaileez haragoko hautesleengana iristeko aukera, baina, aldi berean, soilik alderdi horiek gainditzen dituen proposamen politiko batek -eta hori islatzen duen egituraketa batek— lor dezake ezkerreko subiranismoaren mugimendura gero eta jende gehiago biltzea.

Eskozia: bilduma bat

Azken asteetan, Eskoziako independentzia prozesuari begira egon gara BERRIAn. Bilduma gisa, honakoak izan dira gaiari buruz landutakoak:

Horrez gain, Jim Sillarsi eginiko elkarrizketa argitaratu dute Kataluniako Vilaweb atarian ere.

Eskozia, beste behin

2014an, triangulazio subiranista bat gertatu zen Euskal Herriaren ikuspegitik; Eskozian, Erresuma Batuko Gobernuarekin hala adostuta, Eskoziako Gobernuak independentzia erreferendum batera deitu zuen irailaren 18rako. Ezezkoak irabazi zuen, jakina denez: %55-45. Handik ia bi hilabetera, Katalunian kontsulta bat egin zuten bere etorkizun politikoaren inguruan; %37 inguruk hartu zuten parte, eta %80k eman zuten Katalunia estatu independente bat izatearen aldeko botoa. Euskal Herrian, ziklo mobilizatzaile subiranista bat abiatu berri zen, Gure Esku Dago-k urte hartako ekainerako antolatutako giza katean 150.000 pertsona inguru elkartuta.

Euskal Herrian, Nafarroan eztabaida zabaldu gabe eta Ipar Euskal Herrian Euskal Hirigune Elkargoa sortuta, estatus politikoari buruzko eztabaidak katramilatuta jarraitzen du Eusko Legebiltzarrean, azken urteetan pausoak eman badira ere. Baina ate subiranista ez zen itxi duela zazpi urte; jakina denez, Kataluniako Parlamentuan gehiengo izaten jarraitzen dute diputatu independentistek, eta ikusteko dago Espainiako Gobernuaren eta Generalitatearen arteko elkarrizketa mahaiak, 2010-2017 zikloko ondorioei erantzuteaz harago, zer adosteko gai den burujabetza gatazkari aterabide bat emateko.

Eskozian, berriz, eta paradoxikoki agian, 2014ko porrotak hauspotu egin zuen independentismoa, SNPk bere kidegoa biderkatuta eta, harrezkero, hauteskunde guztietan aise irabazita. Gero iritsi zen brexit-a, eskoziarren %63ren iritziaren kontra, eta ahalbidetu zuen bigarren erreferendumaren eskakizuna eztabaida politikoaren erdigunera mugitzea berriro.

Horretan dabiltza oraindik. Eztabaida hori zertan den eta nola bizi den ezagutzeko, Eskozian izan gara azken asteetan, IPI Nazioarteko Prentsa Institutuak eta Midas elkarteak sortutako NewsSpectrum diru-laguntza baliatuta eta The Herald egunkariko kideek hartuta eta lagunduta; Eskoziako Parlamentuan, alderdien (eta kazetaritza politikoaren) dinamikak bertatik bertara ezagutzeko, eta nagusiki Edinburgoko kaleetan, mugimendu independentistaren tenperatura neurtzeko: Eskoziako Gobernuak 2023 amaierarako iragarritako erreferenduma egingo al da? Zer aldagaik baldintzatzen dute data? Nola bizi du gizarte mugimenduak impasse momentu hau? Zer ikasi du eta zer aldatu da 2014ko porrotetik? Datozen egunetan argitaratuko ditugu asteotan entzun eta ikusitakoak; eragileek esandakoak eta lehen pertsonan bizitakoak.