Estatusaren kartak jokatzen

Gaurko BERRIAn erreportaje bat argitaratu dugu EAEko estatus politikoari buruzko eztabaidaz. Laburpen (eta eranskin) gisa, gako batzuk:

  • Autogobernu Ponentzia. Aurreko legealdian, bi mugarri: estatus berriaren oinarri eta printzipioen inguruko akordioa (2018) eta adituen batzordeak aurkeztutako testu artikulatuak (2019). Zer segida izango du horrek?
  • EAJ: lantaldeari berrekin aurretik, sukalde lana behar da; zer tempo duen bakoitzak, zer adostasun egon daitezkeen… ponentziaren egitekoa zein izango den. EHB: arrazoizko epe bat itxarongo du, baina ez da luzamenduetan ibiliko; pausorik ez badago, testu propioa erregistratuko du. PSE-EP: orain ez da lehentasun bat, baina eztabaida zabaltzen bada, sartuko dira.
  • Begi bat Bartzelonan, bestea Madrilen. Bi aldagaik baldintzatu dezakete estatus politikoaren eztabaida, eta lau indarrak daude horiei begira: Espainiako aurrekontuak (horiek onartzeak PSOE-UP gobernuari emango liokeen 2-3 urterako egonkortasuna) eta Kataluniako hauteskundeak (epe ertainera, Madril-Bartzelona elkarrizketa mahaiak eman dezakeena).
  • Topagune posible bat: Argitasun Legea. Zeren inguruan eraiki daiteke akordio bat? Bi hitz Argitasun Legeaz (Quebeceko erreferendumak 25 urte beteko dituen honetan): 1. EAJren proposamenen mamian dago 2004tik; 2. EH Bilduren 2020-2021 Plan Politikoa: “Europako esparruan Argitasunari buruzko Legearen gaineko eztabaida bultzatzea, Estaturik gabeko nazioen borondatea demokratikoki bideratze ahalbidetuko duten kontsulta eta/edo erreferendumak legitimatuko dituena”. 3. Argitasun Lege baterako proposamena jaso zuen Elkarrekin Podemosek hauteskunde programan. Bonus track: akademiatik, proposamen berriak datoz arlo horretan. Gaur, Subiranotasun gatazkak Europan: konponbiderako oinarriak jardunaldien aurkezpena.

Utzi erantzuna