Burujabetzaren fronteak

Euskal Herriak burujabetzaren bidean eman ditzakeen pausoak gutxienez hiru frontetan daude jokoan:

  • Instituzionalean, ikuskizun dago Araba, Bizkai eta Gipuzkoako estatus politikoaren eztabaidak zer norabide hartuko duen. Hala esplikatu genuen atzo BERRIAn. Nafarroan, ez da halako eztabaidarik oraingoz parlamentuan.
  • Sozialean, Hamaika Gara egitasmoa sinadurak biltzen ari da etorkizun politikoa erreferendum bidez erabaki ahal izatearen alde. Larunbat honetan bertan du hitzordu garrantzitsu bat, Durangon (eta herriz herri) egingo duen ekitaldi politiko-kulturalaren bidez.
  • Atzo, berriz, Eusko Ikaskuntzak burujabetza auziak konpontzeko praktika onei buruzko jardunaldiak aurkeztu zituen. Ekarpen akademiko mamitsua, Euskal Herria abiapuntu duena baina nazioartea partaide eta hartzaile duena.

Sukalde lana dago jardunaldien nahiz bertan aurkeztuko den praktika onen kodearen atzean. Ikusi besterik ez dago parte hartzaileen argazkia: erakundeen arloan, Eusko Ikaskuntza – Kataluniako Ikerketen Institutua antolatzaile, Jaurlaritzaren Herri Ardulararitzaren Euskal Erakundea eta Kataluniako Generalitatea parte hartzaile, eta atzean, 13 fundazio: Coppieters, Galiza Sempre, Sabino Arana, Iratzar, Soberania i Justicia, Manu Robles Arangiz, Ipar Hegoa… Kodea osatzeko, berriz, 60 ekarpenetik gorako lankidetza sare bat, nazioartekoak eta, horietako batzuk, beren alorrean lehen mailakoak (Qvortrup, Della Porta…). Bilboko jardunaldiez haragoko bizitza izango du proiektuak.

Utzi erantzuna