Burujabetza gatazkak Europan (I)

Gaur hasi da Subiranotasun gatazkak Europan: konponbiderako oinarriak izeneko jardunaldiak Bilbon, Eusko Ikaskuntzak eta Ikerketa Katalanen Institutuak antolatuta eta beste zenbait elkartek lagunduta. Topaketen xedea izango da burujabetza gatazkak konpontzeko praktika onen kode baten lehen bertsio bat aurkeztea; ostiralean izango da hori. Gaur ekin diete hiru eguneko jardunaldiei (300 pertsonatik gora konektatuta), eta lehen saioan esandakoen laburpen bat da hau:

Kodea, konponbiderako “tresna”

Mario Zubiaga EHUko irakaslea eta Jaume Lopez UPFko irakaslea dira saioen koordinatzaile zientifikoak. Zubiagak azaldu du xedea dela “burujabetza gatazkei irtenbide demokratikoa emateko marko bat” proposatzea, eta egitasmoaren ardatzak xehatu ditu: bikaintasun akademikoa, metodologia parte hartzailea (Euskal Herriko nahiz nazioarteko 50 aditu ingururen ekarpenak jasota), erakundeen arteko lankidetza eta proiektuaren “irekitasuna” (“egitasmoa ez dago itxita”).

Adituen arteko lankidetza horren puntu komunak azaldu ditu Lopezek: burujabetza gatazkak egon badaudela, ez direla iraganeko kontua eta, beraz, konpondu egin behar direla; eta, horretan, laguntzen duela aitortzea ez direla estatuen “barne arazo bat”; hortaz, Europak “tresnak” behar dituela horiek konpontzeko. Tresna gisa proposatzeko ondu dute kodea.

Keating: autodeterminazioa eta Europa

Michael Keating Aberdeengo Unibertsitateko irakaslearen hitzaldiak eman die hasiera jardunaldiei, subiranotasun kontzeptuaz eta Europako Batasunaren testuinguruaz gogoeta eginez. Haren esanetan, estatuen subiranotasunaren “mitoa”, estatuaren beraren zilegitasuna subirano izatean oinarritzen dena, hautsi egin da, eta, horren aurrean, badira burujabetza ulertzeko ikuskera demokratikoak. Keatingen arabera, autodeterminazioaren ikuskera garaikide batean, eztabaida ez da hainbeste “objektua” (estatus politikoaren nolakotasuna) baizik eta “subjektua”: alegia, aitortza nazionala; Herrero de MiƱonen hitzetan, “izateko eskubidea”. Eta behin hori aitortuta hitz egin daiteke subjektu horrek har dezakeen formaz.

Bigarren partean, Europako testuingurura begira jarri da Keating. Gogora ekarri du duela hogei urte “baikortasun handia” zegoela estatuen burujabetza gainditzeko, baina gaur egun dezepzioa dagoela Europako Batasunak izandako bilakaerarekin. Izan ere, Kanadako Gorte Gorenak Quebecen auzian jokatutako rola txalotu du, “epaile” lana egin zuelako hango konstituzioa “interpretatuta”, ez hitzez hitz betearazita: “Erresuma Batuan horrelako epaile bat falta da, eta Europan ere ez dago. Ez dago Europan subiranotasun gatazken inguruko deliberazioa burutzeko eremu egokirik”.

Nazioarteko esperientzietatik irakaspenak

Jardunaldien lehen saioa amaitzeko, Coppieters Fundazioarekin elkarlanean prestatutako mahai-inguru bat osatu dute, eta parte hartu dute Davyth Hicks Europako Hizkuntz Berdintasunerako Sareko kideak, Maggie Lennon Eskoziako Women For Independence mugimenduko kideak, Antonia Luciani Korsikako Arritti aldizkariko kazetariak eta Anthoni Soares Ipar Irlandako CCCB zentroko kideak.

Hizkuntza gutxituen inguruan mintzatu da Hicks, eta nabarmendu du Hizkuntza Gutxituen Gutuna ez dela nahikoa izan hizkuntz eskubideak betearazteko. Kontrara, beharrezko jo ditu legeak, hizkuntz eskubideei loturikoak, eta garrantzia eman dio hizkuntz komisarioaren figurari ere, eskubideak betetzen diren behatzeko: “Hizkuntz diskriminazioa onartezina da eta gizarte anitzen elkarbizitza baketsua urratzen du”.

Maggie Lennon (Women For Independence)

Lennonek, berriz, Eskoziako 2014ko independentzia erreferendumean emakumeek eta Women For Independencek jokatutako rola gogorarazi du: “Aldaketa soziala aldarrikatzen da Eskozian, eta horrek atxikimendua sortzen du (…). Emakumeen mugimenduak eta oinarrizko gizarte mugimenduek indarrak bildu zituzten, herrialde guztian ibili ginen. Gu feministak garen heinean, badakigu edozein politikak eragina daukala guretzat, eta independentziak ere bai. Ibilbide horretan gure ahotsa kontuan hartzea nahi genuen”. Gaineratu du gizarte mugimendu “aktibo eta konprometituak”, bereziki mugimendu feminista, “aldaketa baketsuaren txapeldunak” direla gizarte inklusiboetan eta “entzuten ez diren ahotsak eztabaida publikora eramaten”.

Lucianik, berriz, hedabideek gatazken konponbideari eta bakegintzari egin diezaioketen ekarpenari errepasoa egin dio, “gatazken kudeaketa demokratikoan, gizartearen kohesioan eta bakearen eraikuntzan ezinbesteko funtzioa” betetzen dutelako: “Aniztasunaz egiten den komunikazioa hobetu egin behar da. Hedabideek ez badute ongi transmititzen gizartearen konplexutasuna edo ez badituzte gainerako eragile sozialak ongi ordezkatzen, distantzia soziala areagotzen da taldeen artean”.

Azkenik, Ipar Irlandaz eta Ostiral Santuko Akordioaz hausnartu du Soaresek: “Akordioak erakusten dizkigu instituzionalismo konpartitu baten aukerak, baina baita erreferendumen eta mugaz gaindiko akordioen potentzialtasuna ere”. Halere, hitzarmen nahiz legeetan “oreka” bilatzera deitu du “legearen literaltasunaren eta legeak esan nahi duenaren” artean: “Gatazkak ebaztea prozesu dinamikoa da, eta legearen espiritua jarraitu behar da sarri, ez literaltasuna. Lege perfekturik ez dago. Jabetze prozesu bat egon behar da”.

Utzi erantzuna