Torturaren izen bereziak: Pindado

Publico egunkariak gaur argitaratutako grabazioak torturaren izen berezi batzuk azaleratzen ditu. Ezagunagoak dira protagonistak, Perote koronela eta Pedro Gomez-Nieto kapitaina, baina gutxiago elkarrizketan aipatzen den Jose Ramon Pindado Martinez guardia zibila. Gomez-Nietok elkarrizketan aitortzen duenez, hari eta Pindado Martinezi “ia bertan geratu” zitzaien AlbertoMartin Barrios Guardia Zibilaren kapitainaren bahiketa eta hilketan parte hartu zuen komandoko “herrialde burua”. Hortaz, grabazio horretan, bere burua tortura gelan kokatzen du Gomez-Nietok, Pindadorekin batera.

Pindado 1955an jaio zen, eta Andaluziatik Intxaurrondora bidali zuten. Kontuan hartuta Martin Barrios 1983ko urrian hil zutela eta Zabalza 1985eko azaroan atxilotu zutela, bi urteko tarte horretakoak dira Gomez-Nietok Pindado inplikatzen dituen torturak. Eta epe horretakoa da Pindadok jasotako Guardia Zibilaren Ordenaren Merituari dagokion domina, bereizgarri zuriduna; 1985eko uztailean eman zioten saria. Urte horietan, ohiko praktika zen gerora tortura kasuetan inplikatuta egon diren guardia zibilak dominekin saritzea.

Beste kasu batean ere nahastu zuten Pindado: Lutxi Urigoitiaren auzian. 1987ko uztailaren 23ko goizaldean hil zuten ETA militarreko kidea. Lehenengo tiroa jaso ondoren, lurrean zaurituta zegoela jo zioten heriotza eragin zion bigarrena, oso distantzia laburrera. Exekutatu egin zuten. Bertsio ofiziala indartze aldera, ordea, frogak faltsutu eta suntsitu zituztela onartu zuen CESIDek, eta hori Pindadok koordinatu zuela jaso zuen txosten batean. Pindadok berak aitortu zuen hilketaren ondoren etxebizitzara sartu zela, baina gezurtatu zuen berak Urigoitiari tiro egin edo frogak faltsutu zituela.

Pindado Zerbitzu Berezietako Unitatean aritu zen 1980-1988 artean. Urte horietan, tortura salaketengatik akusatu zuten, baina ez zuten inoiz zigortu. 1992an, ordea, atxilotu egin zuten, drogaren aurkako unitatean ari zela, konfidente batzuei drogarekin ordaintzea eta drogarekin trafikatzea egotzita. Baina ez zen edozein, El Pais-ek 1995eko irailaren 17an argitaratutako informazioen arabera: “Pindadoren figura, auzipetuen kolektiboaren barruan, begirune bereziarekin tratatu zuten Guardia Zibilean. Lerro artean, aipatzen zen ofizial horrek operazio antiterrorista delikatuen berri zeukala”. Artikulu horren arabera, Segurtasunerako Estatu Idazkariak bost milioi pezeta eman zizkion aske geratzeko bermea ordain zezan.

Gerora, abokatu lanetan aritu da.

Utzi erantzuna