Durangoko ispilu suitzarra

«Ados al zaude PERI 1 proiektua gelditzearekin eta irtenbide bideragarri baten azterketa abian jartzearekin, betiere, herritarren parte hartzea aintzat hartuta?». Galdera horri erantzun bat edo beste eman zioten igandean 7.077 durangarrek; botoa emateko aukera zutenetatik %28,57k. Kasu honetan, udal gobernuaren eta oposizioaren arteko lerroak marrazten du galdeketari balioa ematen diotenen eta balio hori ukatzen edo zuzenean mespretxatzen dutenen arteko arrakala. “Arrakastaz mintzo dira EH Bildu eta Ahal Dugu, galdeketa “fartsaz” PSE-EE, eta ez parte hartzera deitu du EAJk. Eta, emaitzez harago, atera daitezke ondorio batzuk kontsultatik:

Batetik, herritarrek aukera izan dutela herriarentzat garrantzia handikoa den proiektu baten inguruan iritzia emateko. Garrantzi handia, besteak beste, bere ondorioak legealdi batetik askoz harago doazelako. Herritarren parte hartze politikoa ez da mugatu hauteskundeetara, eta kanalak zabaldu dira demokrazia ordezkatzaile hori demokrazia zuzeneko tresnen bidez osatzeko. Gainera, galdeketaren aldeko sinadurak bildu dituen herri plataforma batek eta eskaera aintzat hartu duen udal batek ahalbidetu dute hori. Eta hori, jende gehiagok edo gutxiagok baliatu, osasuntsua da.

Puntu horretan, ordea, parte hartzea dago jomugan. “Abstentzio handiak (%72) erakusten du Durangok aurrera egin nahi duela erakundeen arteko adostasuna izan dezakeen proiektu bideragarri batekin”, zioen igande iluntzean Mireia Elkoroiribe EAJko zinegotziak. Baina parte hartze handiari edo txikiari buruzko eztabaida antzua da, eta, batez ere, ezin da eraman garaipen-porrot terminoetara. Hor aldagai asko sartzen direlako: gai batek sor dezakeen polarizazio maila, jokoan asko edo gutxi dagoelako pertzepzioa, udal taldeek eman eta kendu dioten zilegitasuna, herritarren politizazio maila, pandemia. Herritarrei hitza ematea da lehen pausoa, herritar askok isilik geratzea hobesten badute ere.

Parte hartze apalak ez du kontsulta bat indargabetzen, parte hartzeko mekanismoaren inguruan adostasuna baldin badago. Suitza adibide: iaz egindako erreferendumetatik bitan ozta-ozta gainditu zuten %40ko parte hartzea, 2019ko guztietan -hirutan- egon zen %50etik behera, eta 2018ko hamarretik zortzitan; horietatik bitan, parte hartzea ez zen %35era heldu. Emaitza zalantzan jarri gabe aplikatzen da erabakia.

Beraz, horrekin hirugarren ondorioetako bat da Suitzaren ikasgaia: proiektu edo politika jakin bati buruzko desadostasunen gainetik, parte hartze politikoa areagotzeko mekanismo bat adosteko beharra; prozedura bat definitzea, joko zelai bat, euskal instituzioek modu arautu batean galdeketak egin ahal izateko eta, bide batez, galdeketak alderdi baten edo bestearen agenda elikatzen duten tresnak izateari uzteko.

Duela bost urte, kazeta honetan bertan, Nicolas Schmitt Friburgoko Unibertsitateko ikerlariak zioen Suitzako sistemari egin zekiokeen kritika bakarra zela “gogoeta lan handia egitera behartzen dituela herritarrak, bozketa kopurua eta konplexutasuna aintzat hartuta”. Baina arazoa abantaila ere bada, kontuan hartuta galdeketa batek herritarra bultzatzen duela informatzera, iritzi bat sortzera eta, funtsean, gai publikoekiko interesa agertu behar izatera. Azken batean, politizatzera.

Utzi erantzuna