Hirschmann, erreakzioaren erretorikak eta autogobernua

Bizirik balego, joan den astean 106 urte beteko zituzkeen Albert O. Hirschmann ekonomistak. Haren obra oparoaren artean bada liburu bat, lehen aldiz argitaratu zenetik 30 urte beteko dituena aurten: The Rhetoric of Reaction: Perversity, Futility, Jeopardy (Erreakzioaren erretorika: maltzurtasuna, hutsaltasuna, arriskua).

Tesia sinplea da: aldaketa sozialen aurka egiten duten indarrek hiru erretorika nagusi erabiltzen dituzte aldaketa horien aurkako argudioak emateko. Bat, maltzurtasuna: ekintza edo aldaketa jakin batek ondorio maltzurrak eragingo dituela, bilatzen denaren kontrakoa lortuta; bi, hutsaltasunarena: eman nahi den pausoak ez du ezertarako balio, ordena sozialaren egiturazko ezaugarri batzuk aldatu nahi dituelarik, hutsalak edo ez eraginkorrak izatera kondenatuta daudelako; eta hiru, arriskua: ezarri nahi diren aldaketek arriskuan jarriko dituztela aurrez lortutakoak, edota erreforma baten balizko kostua handiegia dela lehenagoko lorpenak arriskuan jartzeko.

Ekonomialari alemaniarrak hiru erreakzio historikotan antzeman zituen diskurtso horiek: lehena, Frantziako Iraultzan eta, oro har, eskubide zibilen eta legearekiko berdintasunaren aldeko mugimenduaren aurrean; bigarrena, sufragio unibertsalaren aurkako mugimenduan; eta hirugarrena, ongizate estatuaren kritikoen eta hura ahultzearen aldekoen artean.

Diskurtsook, Hirschmannen beraren hitzetan, horiekin parekatu daitezkeen kontrako argudioak sortzen dituzte aldaketa soziala sustatzen duten indarren artean. Alegia: ekintza jakin bat ez egiteak edo bultzatzeak eragingo dituela ondorio maltzurrak; martxan dauden indar historikoek bultzatzen dutela aldaketa eta, beraz, hutsala dela horiei erresistentzia egitea; eta, azkenik, lehengo eta oraingo aldaketek elkar elikatzen dutela, aurrekoak arriskuan jarri beharrean.

Hirschmannen ereduak askotariko garai, gai eta testuinguruetarako balio du, eta ohikoa da euskal politikagintzan ere horrelako argudioak entzutea. Eta, eremu horretan, seguraski autogobernuari eta erabakitzeko eskubidearen aitortzari buruzko erreakzioak ezkontzen dira ondoen. Unionismoan, ondorio maltzurren itzulpena elkarbizitzari egingo litzaiokeen ustezko kaltea da, besteak beste Eneko Anduezak (PSE) atzo bertan El Diario Vasco-n aditzera eman zuenez: “[EAJn] konturatu behar dira Kataluniako ispiluak esaten digunaz; alderdi nazionalistak beren obsesioekin tematzen direnean, kale itsuetan sartzen garela eta gizartea tentsionatu besterik ez dutela egiten”. Are gehiago: “Erabakitzeko eskubideak arazoak baino ez lituzke eragingo”. Erretorika bera konpartitu du gaur bertan Carlos Iturgaizek (PP): estatus berriaren oinarri eta printzipioek “zentzugabekeriaren, oinazearen eta konfrontazioaren bide katalanera” daramate.

Horientzat, Katalunia litzateke hutsaltasunaren (eta arriskuaren) adierazle garbiena: erabakitzeko eskubidea legeztatzeko saioak alferrik dira, eta, Espainiako Konstituzioaren 155. artikuluak frogatzen duenez, mezua argia da: kontuz orain arte lortutako autogobernu maila ez galtzearekin. Eta horixe da Jaurlaritzako eta EAJko sektore nagusiak zipriztindu dituen beldurraren errelatoa, gaur egungo praktika politikoa gidatzen ari dena.

Utzi erantzuna