
Iraganera begiratzeko astea izan da iragandakoa; Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroaren inaugurazioa, Felipe Gonzalezek GALen izandako rola ikertzeari emandako ezezkoa, Txabi Etxebarrieta oroitzeko trabak. Hirurek, elementu batzuk komunean: biktimen kategorizazioa, batzuen aitortzarik eza eta, azken batean, ziklo armatuaren garaiko marko politikoetarako itzulera.
Historia latza dauka herri honek, eta saihestezina da iragana presente edukitea. Komenigarria ere bai. Besterik da 2021eko agenda politikoa zergatik dagoen ia monopolizatuta iraganari buruzko eztabaidekin; biktima batzuen egiarik eta aitortzarik ezarekin, indarkeriaren gaitzespenarekin, sektore jakin batzuei esleitutako gorroto mezuekin. Ez baitago orainari eta etorkizunari erantzuterik iraganeko orriak igarotzen ez diren bitartean. Biktima guztiek gutxienez egia eta aitortza ez duten bitartean.
Behin alderdi bateko kide batek emandako gomendioa izan zen: albiste bat irakurtzean, pentsatzeko albisteak nori egiten zion mesede, jakiteko nork filtratzen zuen informazio jakin bat medioetara. Ariketa bera egin liteke; pentsatzea nori egiten dion mesede memoria agendako lehen lerroko eztabaidagai izatea gaur egun.
Izan ere, Gasteizen zabaldu berri duten zentroak izan zezakeen bestelako inaugurazio bat. Bestelako eduki bat. Asteartea izan zitekeen herri honetan nozitu diren sufrikario anitzak gogoratzeko egun bat, biktima guztiak eroso sentiaraziko lituzkeen zentro batek ateak zabaldu dituela ospatzeko egun bat. Izan zezakeen izaera eraikitzailea, erreparatzailea.
Horren ordez, baina, Espainiako Gobernuak bultzatutako zentroak erabaki du garaipenaren museo bat egitea, pedagogia alde batera utzi eta errelatoaren garrantzia biktimen gainetik jartzea, demokraten eta biolentoen eskema betikotzen saiatzea eta kontakizun hori Gasteizen egitea, jakinik errelato horren ordezkaritza politikoa, gehienez, ez dela iristen Eusko Legebiltzarraren laurdenera. Beste behin, euskal gizartearen memoria Madrildik diktatzea.
Joxe Azurmendik, hain zuzen Demokratak eta biolentoak liburuan (1997), zera zioen: “Demokrazia baino lehen estatua da. Gero, zuzentasuna zertan datzan eta zertan ez, estatuak erabakitzen du”. Eta horixe egin du.
Gasteizen egindako monumentua garaileen obra da. Aspalditik zapaldua da Euskal Herria eta iragan mendeetan herriaren alde borrokatu zuten pertsonak deabrutu edo ahantzi erazi dituzte. Hau da herri zapaldu guztiek jasaten ari diren alienazio historikoa. ETA garaitua izan dela kontutan hartzen dute edo sinetsi arazi nahi dute, baina ETArekin eta ETAtik kanpo Euskal Herriaren alde borrokatu zituztenen gomuta ezabatu nahi dute. Begira dezaten benetako askatasuna lortzearen alde borrokatu zuten biktimen zerrenda. Begira bezate Baionan edo Frantzia eta Nafarroako edozein herritan dagoen oroimenaren momentuetan dauden biktimen zerrenda: alamaniar okupatzaileen izenak, zernahi izan ere haien errola ez da agertzen; begira bezate Algeriaren independentziaren alde borrokatu zutenen hildakoen zerrenda: hemen arnada frantsesren goimailako zein behemailako soladaduen izen deiturak ez dira agertzen, baizik eta Historiaren mementu batean terroristatzat joak izan zirenenak. Gasteizkiko desberdintasuna ? Oso sinplea da: Frantzia Alamaniarn okupaziotik askatu da. Argeriak , asko onartzen ez duen arren, bere independentzia lortu du. Biktima hitzak ez du esannahi berdina berjabetasuna eta oraindik menperatua den herrialde batean.