Lau datu soziometrotik

Joan den astean, 73. soziometroa argitaratu zuen Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak. Independentzia nahiari buruzko datuak nagusitu ziren prentsan, baina txostenak baditu Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hauteslegoei buruzko datu interesgarriak. Proposamen gisa, hemen lau:

  1. Voxen politikotasuna:

Soziometroak herritarrei galdetu die zenbateraino dauden interesatuta politikagintzan, eta, alderdika bereizita, 2020ko hauteskundeetan Voxi botoa eman ziotenek azaltzen dute politikarekiko interes handiena: %73k daukate interes handia edo nahikoa. EH Bildukoen arteanm %66 dira interes handia edo nahikoa daukatenak; Elkarrekin Podemos-IUkoen artean, %58. Interes gutxi edo batere ez duten herritarren multzorik handienak Jaurlaritza osatzen duten bi alderdietan daude: EAJn (%58) eta PSE-EEn (%49).

Joera bera errepikatzen da herritarrari alderdi politiko batekiko gertutasunaz galdetzean: Vox da alderdi batekiko oso edo nahikoa hurbil sentitzen diren herritar gehien dituena (%61), hurrengotik oso urrun (EH Bildu, %39). Galdera horretan ere EAJk eta PSE-EEk dituzte gertutasun gutxien adierazten duten herritarren portzentajeak (%24 eta %22, hurrenez hurren).

2. EAJren nagusitasuna: herri / hiri ardatza

Sinpatia kontuekin jarraituta: Soziometroak herritarrei galdetu die, 0tik 10era, zenbaterainoko sinpatia eragiten dien alderdi bakoitzak, eta erantzuna eman dutenak udalerriaren tamainaka sailkatu ditu. Ondorioa: EAJk dauka puntuazio handiena (4,8), udalerriaren tamaina edozein dela ere, eta, gainera, puntuazio hori nahikoa homogeneoa da udalerri txikietan (4,7), ertainetan (4,7) nahiz hiriburuetan (4,8). Homogeneotasun hori Elkarrekin Podemos-IUren ezaugarria ere bada: 3,4 – 3,6 bitarteko sinpatia eragiten du udalerri txiki, ertain nahiz hiriburuetan.

EH Bilduk, ordea, alde nabarmena du udalerriaren tamainaren arabera: bere sinpatia maila 4,4koa da txikietan, baina 3,3ra murrizten da hiriburuetan. Desoreka txikiagoa daukate PPk eta PSE-EEk, baina kontrako norabidean.

3. EH Bildu: ikasleak eta langabeak

EAJren nagusitasun horrek beste neurgailu bat dauka; inkestari erantzun diotenen lan egoera. Jeltzaleak nagusi dira ordainpeko lanean ari direnen (4,6), etxeko lanean dihardutenen (5,4) eta, batez ere, pentsiodunen artean (5,5). Beste bi multzotan, ordea, EH Bilduk biltzen du sinpatia gehien: ikasleen (5,2) eta langabetuen (3,9) artean.

Indar subiranistari dagokionez, interesgarria da beste datu bat: esan liteke boto fidelizatuena duela. Oso konbentzituta ditu konbentzituak. EH Bilduk dauka puntuazio handiena bere 2020ko hautesleen artean (7,7); adibidez, EAJrekiko sinpatia 7,5ekoa da jeltzaleei botoa eman zietenen artean. Aitzitik, EH Bilduk sinpatia eskasa eragiten du gainerako alderdiei botoa eman zietenen artean, EP-IUko bozkatzaileak salbuetsita (4,8): 3,7koa jeltzaleen artean eta 2,5ekoa sozialisten artean. EAJk, aldiz, lau puntu baino gehiagoko balorazioa lortzen du alderdi guztien bozkatzaileen aldetik (Vox izan ezik). Hortaz, gaur-gaurkoz, EAJk errazago du gainerako alderdiei boto emaileak “kentzea” EH Bilduk baino.

4. PSE-EE: sinpatia handiagoa eskuinean

Adierazgarria da alderdi bakoitzak pizten dituen sinpatiei buruzko beste datu bat: PSE-EEren kasuan, harekiko estima handiagoa dute beren burua eskuinerago kokatzen dutenek ezkerrerago kokatzen dutenek baino. Alegia: beren burua ezkerrean kokatzen duten herritarrek 3,7 puntu ematen dizkiote PSE-EEri, baina beren burua eskuinerago dutenek, ordea, 4,9 puntuko sinpatia diete sozialistei.

EAJk ere sinpatia handiago biltzen du eskuinekoen artean (4,2 ezker, 6,0 eskuin), eta gauza bera gertatzen zaie PP+C’s-i eta Voxi. Kontrakoa, aldiz, EH Bilduri eta EP-IUri.

Utzi erantzuna