
Makroepaiketa eguna Espainiako Auzitegi Nazionalean. Goizeko bederatziak dira, eta pixkanaka jendea pilatzen ari da San Fernando de Henaresko Limite kalean (poesiarako aukera ematen du Auzitegi Nazionalaren egoitza dagoen kale izenak); kazetari gutxi batzuk hasieran, hautetsi politiko batzuk segidan, zazpi auzipetu eta haien senide eta abokatuak azkenean. Bizpahiru dozena lagun eguzkipean. Eskanerra pasatu, eta barrura.
13/13 sumarioko epaiketak lehen eguna du; abokatuek, fiskalak eta epaileek diotenaren zain, hitzaspertuan lasaitasun itxura ematen dute auzipetuek. Prozesioa barrutik omen doa, eta sumatzen da ezinegona aurpegi batzuetan. Akordio baterako apenas itxaropenik: fiskala ez dago aldarte horretan, eta herri akusazioek ere (AVT eta Dignidad y Justicia) gogorik (edo baimenik) ez.
Auziak 2010ko apirilaren 14ko Polizia operazio batean du jatorria. “Hamar lagun atxilotu ditu Guardia Zibilak, tartean hiru abokatu”, zioen biharamuneko BERRIAk. Ezker abertzaleak aurreratuta zeukan eztabaida estrategikoa, estrategia politiko-militarra alboratzen zuena, eta bi hilabete lehenago plazaratu zuen Zutik Euskal Herria ebazpena, 2010ko otsailaren 16an. Martxoaren 29an, atxiloketak baino hamasei egun legenago, Bruselako adierazpena aurkeztu zuten. Konponbide prozesua pausoak ematen ari zela iritsi zen operazioa.
Beste data seinalatu baten ondoren heldu ziren atxiloketak: Egunkaria auzia-ren absoluzio epaia heldu eta bi egunera. Sententziaren arabera, Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi eta Xabier Oleagak ez zuten deliturik egin, ez zuten ETArekin loturarik eduki, eta itxiera neurria Espainiako Konstituzioaren babesik gabea izan zen. Orduan, gaurkoan bezala, Dignidad y Justicia eta AVT ziren herri akusazioak: 12 eta 14 urte arteko kartzela zigorrak eskatu zituzten Egunkarikoentzat. Absoluzioaren ondoren, ez zuten helegiterik aurkeztu.
Gaur, Auzitegi Nazionaleko aretoan, atsedena amaitzear zela, AVTko abokatua BERRIA egunkariko zuzendariari gerturatu zaio. “Perdone, no se si se acuerda de mí”. 2010eko apirileko abokatu bera: Antonio Guerrero. Ezagutu dute elkar; abokatua ez zegoen ziur, baina “esan didate zu zinela” dio AVTkoak, kaleko jantzitako bi lagun seinalatuta. Agurtu dute elkar: “Pozten naiz ikusteaz”, dio AVTkoak.