Gruyère estatutua

Datorren hilabetean beteko dira 42 urte Euskal Autonomia Erkidegoko estatutua onartu zenetik. Jakina da hura adostu eta onartu zen testuingurua, estatutuaren beharrezkotasunari edota antzutasunari buruzko garai horretako arrazoiak. Baina, batez ere, gaur egun jakina da eredu estatutario horrek eman duena; zuloz beteriko autogobernu bat, Gruyere gazta bat bailitzan.

Hamarkadotan, askotarikoak izan baitira aitortutako autogobernuaren urraketak; LOAPA legea izan zen lehenbizi, guztientzako kafea orokortu zuena; gero etorri dira estatutua bete gabeko 42 urte, eta bitartean, Europako Batasunaren integrazio prozesu bat, estatuen boterea indartu duena baita autonomia erkidegoei dagozkien alorretan ere. Eta, batez ere, Espainiako botere exekutiboaren eta judizialaren ekinaldi bat egon da, Eusko Legebiltzarrak eta Nafarroako Parlamentuak onartutako legeak auzitara eramanez, judizialki baliogabetuz edo Madrilek euskal instituzioenak diren eskumenei buruz arautuz.

Zenbakietan: 1980-2018 artean euskal erakundeek 129 helegite edota eskumen gatazka aurkeztu zituzten Espainiako arauen aurka, eskumenak urratu zituztelakoan: 127 Jaurlaritzak eta bi Nafarroako Gobernuak. Madrilek, berriz, EAEko 56 legeren eta Nafarroako seiren kontra jo du. Gainera, euskal erakundeei dagozkien 50 eskumen baino gehiagok Espainiako Gobernuaren esku jarraitzen dute.

Urraketa horiek liburu batean jaso ditu orain Jaurlaritzak: Higadura isila. Urteotan lan mardula egin izan da autogobernuaren mugei buruzko diagnostikoa egiteko, eta hain zuzen horixe jasotzen dute liburuan bildutako txostenek: zenbakiez harago, Madrilen esku hartzeak euskal erakundeen gaitasuna murrizten duela eguneroko erabakiak hartzeko; besteak beste, hezkuntzan edota osasungintzan.

Hori horrela, interesgarria izango da ikustea liburuak zer ibilbide egiten duen, kontuan hartuta lana argitaratzen den momentua ere; teorian, estatus politiko berriari buruzko eztabaida berriro aktibatzekoa denean. Bi norabide posible ditu, gutxienez: porrot egin duen eredu baten frogagiri bihurtzea, eta, horrela, beste harreman eredu baterako akuilu bilakatzea; edo, oraindik ere, Gernikako Estatutua izan zitekeena (baina sekula izatera heldu ez dena) jartzea helburu gisa.

Utzi erantzuna