Eskozia, beste behin

2014an, triangulazio subiranista bat gertatu zen Euskal Herriaren ikuspegitik; Eskozian, Erresuma Batuko Gobernuarekin hala adostuta, Eskoziako Gobernuak independentzia erreferendum batera deitu zuen irailaren 18rako. Ezezkoak irabazi zuen, jakina denez: %55-45. Handik ia bi hilabetera, Katalunian kontsulta bat egin zuten bere etorkizun politikoaren inguruan; %37 inguruk hartu zuten parte, eta %80k eman zuten Katalunia estatu independente bat izatearen aldeko botoa. Euskal Herrian, ziklo mobilizatzaile subiranista bat abiatu berri zen, Gure Esku Dago-k urte hartako ekainerako antolatutako giza katean 150.000 pertsona inguru elkartuta.

Euskal Herrian, Nafarroan eztabaida zabaldu gabe eta Ipar Euskal Herrian Euskal Hirigune Elkargoa sortuta, estatus politikoari buruzko eztabaidak katramilatuta jarraitzen du Eusko Legebiltzarrean, azken urteetan pausoak eman badira ere. Baina ate subiranista ez zen itxi duela zazpi urte; jakina denez, Kataluniako Parlamentuan gehiengo izaten jarraitzen dute diputatu independentistek, eta ikusteko dago Espainiako Gobernuaren eta Generalitatearen arteko elkarrizketa mahaiak, 2010-2017 zikloko ondorioei erantzuteaz harago, zer adosteko gai den burujabetza gatazkari aterabide bat emateko.

Eskozian, berriz, eta paradoxikoki agian, 2014ko porrotak hauspotu egin zuen independentismoa, SNPk bere kidegoa biderkatuta eta, harrezkero, hauteskunde guztietan aise irabazita. Gero iritsi zen brexit-a, eskoziarren %63ren iritziaren kontra, eta ahalbidetu zuen bigarren erreferendumaren eskakizuna eztabaida politikoaren erdigunera mugitzea berriro.

Horretan dabiltza oraindik. Eztabaida hori zertan den eta nola bizi den ezagutzeko, Eskozian izan gara azken asteetan, IPI Nazioarteko Prentsa Institutuak eta Midas elkarteak sortutako NewsSpectrum diru-laguntza baliatuta eta The Herald egunkariko kideek hartuta eta lagunduta; Eskoziako Parlamentuan, alderdien (eta kazetaritza politikoaren) dinamikak bertatik bertara ezagutzeko, eta nagusiki Edinburgoko kaleetan, mugimendu independentistaren tenperatura neurtzeko: Eskoziako Gobernuak 2023 amaierarako iragarritako erreferenduma egingo al da? Zer aldagaik baldintzatzen dute data? Nola bizi du gizarte mugimenduak impasse momentu hau? Zer ikasi du eta zer aldatu da 2014ko porrotetik? Datozen egunetan argitaratuko ditugu asteotan entzun eta ikusitakoak; eragileek esandakoak eta lehen pertsonan bizitakoak.

Utzi erantzuna