
Azken urteetan orokortua dago ideia bat: pultsu nazionalaren ahuleziarena. Adibidez, Ernaik egina du diagnostikoa: nazio gatazka epizentro politikotik desagertuta, konfrontazio maila apalduta eta beste aldarrikapen batzuk indartuta, erlaxatze bat gertatu da ikuspegi nazionalari dagokionez. EAJk, berriz, Entzunez Eraiki prozesuaren ondorioetan jaso zuen bere helburuetako bat izan behar dela «etorkizuneko kontakizun bat» eraikitzea, euskal «proiektu nazionalarekiko atxikimendua» lortuko duena, «Euskal Herriaren kausa eta eraldaketa globalei erantzuteko gaitasuna uztartuko dituena». Alegia, gihar falta sumatzen da arlo horretan. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan autogobernuan jauzi bat egiteko saio antzuek eta Nafarroan arlo horretan dagoen immobilismo instituzionalak uste hori indartu baino ez du egiten.
Eppur, si muove. Eta, hala ere, mugitu egiten da. Bat-batean, Frantziako Tourra bezalako mundu mailako gertakari batek fokua, begiratzeko modua aldatzen du; aurreikuspenak gainditzen ditu, eta mundura zabaltzen ditu irudi gogoangarriak; jendetza bide bazterrean, ikurrina eskuan. Ez han-hemenka, baizik eta lasterketak zeharkatutako ibilbide luze-zabalean, hala Gasteizko abiapuntuan, nola Gangurenen gora, Donostiako helmugan edota Irun eta Hendaia arteko zubian. Pultsua motelago edo biziago izan, giharra hor zegoen, eta indarra erakusteko abagunea baliatu du instituzioek nahiz herri mugimenduak bultzatuta.
Zaila da errepideetan ikurrina haizatu duten herritarren kopurua kuantifikatzea, eta are zailagoa horietatik guztietatik motibazio politiko komun bat ezaugarritzea. Baina argi dago Tourraren aitzakiak sinkronizatu dituela gutxieneko gogo komun batzuk: mundu mailako ekitaldi batean, herri baten izatea bera aldarrikatzea.
«Herritarrak ere izango dira Euskal Herriaren erakusleak. Hori ere bada Tourra», zioen Ekain Rojok igandeko BERRIAn. Zer erakutsi dute? Zein izan da 40 urtean Euskal Herriak proiektatu duen irudi hegemonikoa? The Guardian-ek larunbatean argitaratutako artikulu batek bikain islatzen du hegemonia aldaketa: indarkeria partikularrak betetzen zuen Euskal Herria unibertsala 1992an, baina Flandriarekin eta Bretainiarekin alderatzen du gaur egun, Geoffrey Nicholson idazlearen hitz batzuk gogora ekarrita: «Lurraldeak, zeinetan jendea hasi den kirola erabiltzen beren identitate berezitua aitor dadin eskatzeko bitarteko gisa». Nazio markagintzaren garaian protagonista nagusia gastronomia den lurralde honetan, ez da lorpen makala Tourrak proiektatutako irudia ikur nazional bat —eta beraz, identitate nazional berezitu bat— izatea.