Lau datu soziometrotik

Joan den astean, 73. soziometroa argitaratu zuen Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak. Independentzia nahiari buruzko datuak nagusitu ziren prentsan, baina txostenak baditu Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hauteslegoei buruzko datu interesgarriak. Proposamen gisa, hemen lau:

  1. Voxen politikotasuna:

Soziometroak herritarrei galdetu die zenbateraino dauden interesatuta politikagintzan, eta, alderdika bereizita, 2020ko hauteskundeetan Voxi botoa eman ziotenek azaltzen dute politikarekiko interes handiena: %73k daukate interes handia edo nahikoa. EH Bildukoen arteanm %66 dira interes handia edo nahikoa daukatenak; Elkarrekin Podemos-IUkoen artean, %58. Interes gutxi edo batere ez duten herritarren multzorik handienak Jaurlaritza osatzen duten bi alderdietan daude: EAJn (%58) eta PSE-EEn (%49).

Joera bera errepikatzen da herritarrari alderdi politiko batekiko gertutasunaz galdetzean: Vox da alderdi batekiko oso edo nahikoa hurbil sentitzen diren herritar gehien dituena (%61), hurrengotik oso urrun (EH Bildu, %39). Galdera horretan ere EAJk eta PSE-EEk dituzte gertutasun gutxien adierazten duten herritarren portzentajeak (%24 eta %22, hurrenez hurren).

2. EAJren nagusitasuna: herri / hiri ardatza

Sinpatia kontuekin jarraituta: Soziometroak herritarrei galdetu die, 0tik 10era, zenbaterainoko sinpatia eragiten dien alderdi bakoitzak, eta erantzuna eman dutenak udalerriaren tamainaka sailkatu ditu. Ondorioa: EAJk dauka puntuazio handiena (4,8), udalerriaren tamaina edozein dela ere, eta, gainera, puntuazio hori nahikoa homogeneoa da udalerri txikietan (4,7), ertainetan (4,7) nahiz hiriburuetan (4,8). Homogeneotasun hori Elkarrekin Podemos-IUren ezaugarria ere bada: 3,4 – 3,6 bitarteko sinpatia eragiten du udalerri txiki, ertain nahiz hiriburuetan.

EH Bilduk, ordea, alde nabarmena du udalerriaren tamainaren arabera: bere sinpatia maila 4,4koa da txikietan, baina 3,3ra murrizten da hiriburuetan. Desoreka txikiagoa daukate PPk eta PSE-EEk, baina kontrako norabidean.

3. EH Bildu: ikasleak eta langabeak

EAJren nagusitasun horrek beste neurgailu bat dauka; inkestari erantzun diotenen lan egoera. Jeltzaleak nagusi dira ordainpeko lanean ari direnen (4,6), etxeko lanean dihardutenen (5,4) eta, batez ere, pentsiodunen artean (5,5). Beste bi multzotan, ordea, EH Bilduk biltzen du sinpatia gehien: ikasleen (5,2) eta langabetuen (3,9) artean.

Indar subiranistari dagokionez, interesgarria da beste datu bat: esan liteke boto fidelizatuena duela. Oso konbentzituta ditu konbentzituak. EH Bilduk dauka puntuazio handiena bere 2020ko hautesleen artean (7,7); adibidez, EAJrekiko sinpatia 7,5ekoa da jeltzaleei botoa eman zietenen artean. Aitzitik, EH Bilduk sinpatia eskasa eragiten du gainerako alderdiei botoa eman zietenen artean, EP-IUko bozkatzaileak salbuetsita (4,8): 3,7koa jeltzaleen artean eta 2,5ekoa sozialisten artean. EAJk, aldiz, lau puntu baino gehiagoko balorazioa lortzen du alderdi guztien bozkatzaileen aldetik (Vox izan ezik). Hortaz, gaur-gaurkoz, EAJk errazago du gainerako alderdiei boto emaileak “kentzea” EH Bilduk baino.

4. PSE-EE: sinpatia handiagoa eskuinean

Adierazgarria da alderdi bakoitzak pizten dituen sinpatiei buruzko beste datu bat: PSE-EEren kasuan, harekiko estima handiagoa dute beren burua eskuinerago kokatzen dutenek ezkerrerago kokatzen dutenek baino. Alegia: beren burua ezkerrean kokatzen duten herritarrek 3,7 puntu ematen dizkiote PSE-EEri, baina beren burua eskuinerago dutenek, ordea, 4,9 puntuko sinpatia diete sozialistei.

EAJk ere sinpatia handiago biltzen du eskuinekoen artean (4,2 ezker, 6,0 eskuin), eta gauza bera gertatzen zaie PP+C’s-i eta Voxi. Kontrakoa, aldiz, EH Bilduri eta EP-IUri.

Demokratak eta biolentoak 2.0

Iraganera begiratzeko astea izan da iragandakoa; Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroaren inaugurazioa, Felipe Gonzalezek GALen izandako rola ikertzeari emandako ezezkoa, Txabi Etxebarrieta oroitzeko trabak. Hirurek, elementu batzuk komunean: biktimen kategorizazioa, batzuen aitortzarik eza eta, azken batean, ziklo armatuaren garaiko marko politikoetarako itzulera.

Historia latza dauka herri honek, eta saihestezina da iragana presente edukitea. Komenigarria ere bai. Besterik da 2021eko agenda politikoa zergatik dagoen ia monopolizatuta iraganari buruzko eztabaidekin; biktima batzuen egiarik eta aitortzarik ezarekin, indarkeriaren gaitzespenarekin, sektore jakin batzuei esleitutako gorroto mezuekin. Ez baitago orainari eta etorkizunari erantzuterik iraganeko orriak igarotzen ez diren bitartean. Biktima guztiek gutxienez egia eta aitortza ez duten bitartean.

Behin alderdi bateko kide batek emandako gomendioa izan zen: albiste bat irakurtzean, pentsatzeko albisteak nori egiten zion mesede, jakiteko nork filtratzen zuen informazio jakin bat medioetara. Ariketa bera egin liteke; pentsatzea nori egiten dion mesede memoria agendako lehen lerroko eztabaidagai izatea gaur egun.

Izan ere, Gasteizen zabaldu berri duten zentroak izan zezakeen bestelako inaugurazio bat. Bestelako eduki bat. Asteartea izan zitekeen herri honetan nozitu diren sufrikario anitzak gogoratzeko egun bat, biktima guztiak eroso sentiaraziko lituzkeen zentro batek ateak zabaldu dituela ospatzeko egun bat. Izan zezakeen izaera eraikitzailea, erreparatzailea.

Horren ordez, baina, Espainiako Gobernuak bultzatutako zentroak erabaki du garaipenaren museo bat egitea, pedagogia alde batera utzi eta errelatoaren garrantzia biktimen gainetik jartzea, demokraten eta biolentoen eskema betikotzen saiatzea eta kontakizun hori Gasteizen egitea, jakinik errelato horren ordezkaritza politikoa, gehienez, ez dela iristen Eusko Legebiltzarraren laurdenera. Beste behin, euskal gizartearen memoria Madrildik diktatzea.

Joxe Azurmendik, hain zuzen Demokratak eta biolentoak liburuan (1997), zera zioen: “Demokrazia baino lehen estatua da. Gero, zuzentasuna zertan datzan eta zertan ez, estatuak erabakitzen du”. Eta horixe egin du.

Eskozia eta sinkronia

ERCk eta Junts Per Catalunyak Kataluniako Gobernua osatzeko akordioa lortu zutenetik (eta lehenagotik) jakina da gehiengo independentista ispilu eskoziarrari begira dagoela, han bigarren independentzia erreferenduma nola mamitzen den eta Katalunian erreferendum adostuaren aukerak zein (barka erredundantzia) aukera dituen, batere baldin badu.

Iparrorratz eskoziarrak pizten duen interesaren bi adibide azken orduetan: ERCren Josep Irla fundazioak Eskoziako hauteskundeen ondorenaz eta ondorioez antolatutako mahai-inguru hau; eta, batez ere, CUPek Ara-ren erreportaje honetan esandakoa: bi erreferendumek denboran bat egitea nahi dutela eta, horretarako, jarraipen batzorde bat sortuko dutela eragile eskoziarrekin harreman zuzena izateko.

Sintonia eta sinkronia” sendotzeko beharra aipatzen zuen Gure Esku-k duela bi urte. Horixe gakoa; unea heltzean, hitzordu horretara euskal herritarrak (eta erakundeak) nola iritsiko garen.

Arnaldo Otegi, post scriptum

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusi karguan berretsi dute II. Kongresuan, eta, horren harira, elkarrizketa egin dio BERRIAk. Leku falta tarteko, galdera bat argitaratu den elkarrizketatik kanpo geratu zen; segidan galdera eta Otegiren erantzuna:

Espainiako Gobernuari akordioak betearazteko beharraz hitz egin duzu. ELAk proposatu dizue indarrak batzea zerga erreforma baten alde. ELAk eta EH Bilduk hitz bera erabili zenuten Maiatzaren 1ean: aldaketa. LABek greba orokorra jarri du mahai gainean. Espero daiteke mobilizazio sozialak beste protagonismo bat izango duela datozen hilabeteetan?

Hori dago jokalekuan. Lehenik eta behin, konpartitu beharko genuke egoeraren azterketa zorrotz bat, arinkeriarik gabe. Guretzat, estatuan sekulako talka dago kontraerreformaren eta kronifikazioaren artean, eta gero gaude gu, demokratizazioaren alde; ikusi ditugunak ez dira brometan hartzekoak. Espainiako Estatuan gauza bat gertatzen ari da: Espainia elebakarrak gero eta gehiago bozkatzen du eskuinerantz, eta nazio periferikoek, ezkerrerantz eta burujabetzarantz. Horrek nora eramaten gaitu? Talkara.

Testuinguru horretan, hitz egin behar da guztiaz, ez soilik zerga politikaz; hitz egin behar da egitasmo nazional bati buruz, nazio ikuspegiaz, nazio askatasunaz, proiektu nazionalaz. Eta horren inguruan indarrak bildu behar dira, gutxienekoak ere arriskuan daudelako.

EH Bilduk noiz ez ditu babestu mugimendu sindikalak planteatu dituen politika fiskalak? Zein alderdi egon da greba orokorretan? Gu beti egon gara hor. Orain, esaten duguna da: joka dezagun ardurarekin.

Euskal errepublikaren aldeko mozioak: 90 urte

Jakina da efemeridea, baina, urte borobila izanik, komeni gogoratzea; gaur-biharretan betetzen dira 90. urte udal ugaritan euskal errepublikaren aldeko aldarrikapenak egin zituztenetik. Euskal lurraldeen autoeterminazioari buruzko aldarrikapenek ahots propioa izan zuten Espainiako II. Errepublikak iraun zuen urteetan. 1931ko apirilaren 16an, gaurko egunez duela bederatzi hamarkada, Araman eta Altzagan udalbatza berriak apirilaren 16an eratu zituzten, Espainiako Errepublika aldarrikatu eta bi egunera. Eratzearekin batera, eskakizun zehatzak egin zituzten, Goierriko Hitza-k duela bost urte landutako erreportaje batek dakarrenez:

«Une historiko honetan, gure nazioaren askatasun politikoen erregimen suntsitzailea desagertu den honetan, Espainiako estatuaren berregituraketa berriaren aurrean, udal honek, nazio gisa Euskalerriari dagozkion eskubide naturalak eta historikoak baieztatu ondoren, Euskal Herriaren autodeterminazioaren lehenengo ekintza bezala Euskal Errepublika aldarrikatzea eskatzen du, gure arbasoek gozatu zuten bezala, gainontzeko Iberiar Errepublikekin konfederatua».

Hilaren 18an, berriz, Itsasondoko (Gipuzkoa) udalbatzak euskal errepublikaren aldeko mozio bat onartu zuen aho batez, “Euskal Herriaren autodeterminazio lehen ekintza gisa”. Mikel Aramendi ikerlariak aurkitu zuen dokumentua, 2010ean.

Itsasondokoa ez zen kasu bakana izan, eta egitasmoak Bizkaian izan zuen jatorria. Mundaka, Bermeo, Elorrio, Gernika eta Getxoko alkateek sustatutako manifestu baten jarraipena izan ziren Goierriko mozioak. Espainiako II. Errepublika aldarrikatu zuten egun berean, Francesc Maciak Kataluniako Errepublika proklamatu zuen “Federazio Iberiarraren barruan”, eta, Euskal Herrian, udalak biltzar batera deitu zituzten Gernikan, apirilaren 17rako. Jose Antonio Agirre Getxoko orduko alkate eta gerora Jaurlaritzako aurreneko lehendakari izandakoak jaso zuen bertan jasotakoa: 

“Gernikan, euskal udalek Batzar Nagusi zahar eta historikoak berrezarri izan nahi zituzten, aro guztietan errespetatua eta iragan mendean Espainiako Monarkia Konstituzionalak urratua izan zen subiranotasunaren gordailu”.

Jose Antonio Agirre  (1936): Entre la libertad y la revolución: 1930-1935: la verdad de un lustro en el País Vasco.

Errepublikako behin-behineko gobernuak, ordea, militarrak bidali zituen Bizkaiko herrira, topaketa galaraztera, “zuzenbidean eta historian sortutako askatasunerako euskal nahiari aurre egiteko”.

Guardia Zibilek eta armadak bidea moztuta, Gernikako juntetxean egitekoak ziren ekitaldia bertan behera utzi zuten antolatzaileek, baina, herriko sarreran batuta, bertan izenpetu zuten manifestua, eskatuz “Euskal Errepublika aldarrika eta onar dadila, eta haren konstituzioa eta legeak atzerapen gehiago barik gara daitezela, Bizkaia bertan sartuko delarik, herriek euren burua erabakimen askez artezteko duten eskubide ezin besterenduzkoa betez”. Horrez gain, sei ondorio onartu zituzten; besteak beste, “Espainiako Errepublika Federalari lotutako euskal gobernu errepublikar bat osatzeko Bizkaiko udalen borondatea adieraztea” eta “autodeterminazio printzipioarekiko errespetua biltzea”.

Hirschmann, erreakzioaren erretorikak eta autogobernua

Bizirik balego, joan den astean 106 urte beteko zituzkeen Albert O. Hirschmann ekonomistak. Haren obra oparoaren artean bada liburu bat, lehen aldiz argitaratu zenetik 30 urte beteko dituena aurten: The Rhetoric of Reaction: Perversity, Futility, Jeopardy (Erreakzioaren erretorika: maltzurtasuna, hutsaltasuna, arriskua).

Tesia sinplea da: aldaketa sozialen aurka egiten duten indarrek hiru erretorika nagusi erabiltzen dituzte aldaketa horien aurkako argudioak emateko. Bat, maltzurtasuna: ekintza edo aldaketa jakin batek ondorio maltzurrak eragingo dituela, bilatzen denaren kontrakoa lortuta; bi, hutsaltasunarena: eman nahi den pausoak ez du ezertarako balio, ordena sozialaren egiturazko ezaugarri batzuk aldatu nahi dituelarik, hutsalak edo ez eraginkorrak izatera kondenatuta daudelako; eta hiru, arriskua: ezarri nahi diren aldaketek arriskuan jarriko dituztela aurrez lortutakoak, edota erreforma baten balizko kostua handiegia dela lehenagoko lorpenak arriskuan jartzeko.

Ekonomialari alemaniarrak hiru erreakzio historikotan antzeman zituen diskurtso horiek: lehena, Frantziako Iraultzan eta, oro har, eskubide zibilen eta legearekiko berdintasunaren aldeko mugimenduaren aurrean; bigarrena, sufragio unibertsalaren aurkako mugimenduan; eta hirugarrena, ongizate estatuaren kritikoen eta hura ahultzearen aldekoen artean.

Diskurtsook, Hirschmannen beraren hitzetan, horiekin parekatu daitezkeen kontrako argudioak sortzen dituzte aldaketa soziala sustatzen duten indarren artean. Alegia: ekintza jakin bat ez egiteak edo bultzatzeak eragingo dituela ondorio maltzurrak; martxan dauden indar historikoek bultzatzen dutela aldaketa eta, beraz, hutsala dela horiei erresistentzia egitea; eta, azkenik, lehengo eta oraingo aldaketek elkar elikatzen dutela, aurrekoak arriskuan jarri beharrean.

Hirschmannen ereduak askotariko garai, gai eta testuinguruetarako balio du, eta ohikoa da euskal politikagintzan ere horrelako argudioak entzutea. Eta, eremu horretan, seguraski autogobernuari eta erabakitzeko eskubidearen aitortzari buruzko erreakzioak ezkontzen dira ondoen. Unionismoan, ondorio maltzurren itzulpena elkarbizitzari egingo litzaiokeen ustezko kaltea da, besteak beste Eneko Anduezak (PSE) atzo bertan El Diario Vasco-n aditzera eman zuenez: “[EAJn] konturatu behar dira Kataluniako ispiluak esaten digunaz; alderdi nazionalistak beren obsesioekin tematzen direnean, kale itsuetan sartzen garela eta gizartea tentsionatu besterik ez dutela egiten”. Are gehiago: “Erabakitzeko eskubideak arazoak baino ez lituzke eragingo”. Erretorika bera konpartitu du gaur bertan Carlos Iturgaizek (PP): estatus berriaren oinarri eta printzipioek “zentzugabekeriaren, oinazearen eta konfrontazioaren bide katalanera” daramate.

Horientzat, Katalunia litzateke hutsaltasunaren (eta arriskuaren) adierazle garbiena: erabakitzeko eskubidea legeztatzeko saioak alferrik dira, eta, Espainiako Konstituzioaren 155. artikuluak frogatzen duenez, mezua argia da: kontuz orain arte lortutako autogobernu maila ez galtzearekin. Eta horixe da Jaurlaritzako eta EAJko sektore nagusiak zipriztindu dituen beldurraren errelatoa, gaur egungo praktika politikoa gidatzen ari dena.

Durangoko ispilu suitzarra

«Ados al zaude PERI 1 proiektua gelditzearekin eta irtenbide bideragarri baten azterketa abian jartzearekin, betiere, herritarren parte hartzea aintzat hartuta?». Galdera horri erantzun bat edo beste eman zioten igandean 7.077 durangarrek; botoa emateko aukera zutenetatik %28,57k. Kasu honetan, udal gobernuaren eta oposizioaren arteko lerroak marrazten du galdeketari balioa ematen diotenen eta balio hori ukatzen edo zuzenean mespretxatzen dutenen arteko arrakala. “Arrakastaz mintzo dira EH Bildu eta Ahal Dugu, galdeketa “fartsaz” PSE-EE, eta ez parte hartzera deitu du EAJk. Eta, emaitzez harago, atera daitezke ondorio batzuk kontsultatik:

Batetik, herritarrek aukera izan dutela herriarentzat garrantzia handikoa den proiektu baten inguruan iritzia emateko. Garrantzi handia, besteak beste, bere ondorioak legealdi batetik askoz harago doazelako. Herritarren parte hartze politikoa ez da mugatu hauteskundeetara, eta kanalak zabaldu dira demokrazia ordezkatzaile hori demokrazia zuzeneko tresnen bidez osatzeko. Gainera, galdeketaren aldeko sinadurak bildu dituen herri plataforma batek eta eskaera aintzat hartu duen udal batek ahalbidetu dute hori. Eta hori, jende gehiagok edo gutxiagok baliatu, osasuntsua da.

Puntu horretan, ordea, parte hartzea dago jomugan. “Abstentzio handiak (%72) erakusten du Durangok aurrera egin nahi duela erakundeen arteko adostasuna izan dezakeen proiektu bideragarri batekin”, zioen igande iluntzean Mireia Elkoroiribe EAJko zinegotziak. Baina parte hartze handiari edo txikiari buruzko eztabaida antzua da, eta, batez ere, ezin da eraman garaipen-porrot terminoetara. Hor aldagai asko sartzen direlako: gai batek sor dezakeen polarizazio maila, jokoan asko edo gutxi dagoelako pertzepzioa, udal taldeek eman eta kendu dioten zilegitasuna, herritarren politizazio maila, pandemia. Herritarrei hitza ematea da lehen pausoa, herritar askok isilik geratzea hobesten badute ere.

Parte hartze apalak ez du kontsulta bat indargabetzen, parte hartzeko mekanismoaren inguruan adostasuna baldin badago. Suitza adibide: iaz egindako erreferendumetatik bitan ozta-ozta gainditu zuten %40ko parte hartzea, 2019ko guztietan -hirutan- egon zen %50etik behera, eta 2018ko hamarretik zortzitan; horietatik bitan, parte hartzea ez zen %35era heldu. Emaitza zalantzan jarri gabe aplikatzen da erabakia.

Beraz, horrekin hirugarren ondorioetako bat da Suitzaren ikasgaia: proiektu edo politika jakin bati buruzko desadostasunen gainetik, parte hartze politikoa areagotzeko mekanismo bat adosteko beharra; prozedura bat definitzea, joko zelai bat, euskal instituzioek modu arautu batean galdeketak egin ahal izateko eta, bide batez, galdeketak alderdi baten edo bestearen agenda elikatzen duten tresnak izateari uzteko.

Duela bost urte, kazeta honetan bertan, Nicolas Schmitt Friburgoko Unibertsitateko ikerlariak zioen Suitzako sistemari egin zekiokeen kritika bakarra zela “gogoeta lan handia egitera behartzen dituela herritarrak, bozketa kopurua eta konplexutasuna aintzat hartuta”. Baina arazoa abantaila ere bada, kontuan hartuta galdeketa batek herritarra bultzatzen duela informatzera, iritzi bat sortzera eta, funtsean, gai publikoekiko interesa agertu behar izatera. Azken batean, politizatzera.

Torturaren izen bereziak: Pindado

Publico egunkariak gaur argitaratutako grabazioak torturaren izen berezi batzuk azaleratzen ditu. Ezagunagoak dira protagonistak, Perote koronela eta Pedro Gomez-Nieto kapitaina, baina gutxiago elkarrizketan aipatzen den Jose Ramon Pindado Martinez guardia zibila. Gomez-Nietok elkarrizketan aitortzen duenez, hari eta Pindado Martinezi “ia bertan geratu” zitzaien AlbertoMartin Barrios Guardia Zibilaren kapitainaren bahiketa eta hilketan parte hartu zuen komandoko “herrialde burua”. Hortaz, grabazio horretan, bere burua tortura gelan kokatzen du Gomez-Nietok, Pindadorekin batera.

Pindado 1955an jaio zen, eta Andaluziatik Intxaurrondora bidali zuten. Kontuan hartuta Martin Barrios 1983ko urrian hil zutela eta Zabalza 1985eko azaroan atxilotu zutela, bi urteko tarte horretakoak dira Gomez-Nietok Pindado inplikatzen dituen torturak. Eta epe horretakoa da Pindadok jasotako Guardia Zibilaren Ordenaren Merituari dagokion domina, bereizgarri zuriduna; 1985eko uztailean eman zioten saria. Urte horietan, ohiko praktika zen gerora tortura kasuetan inplikatuta egon diren guardia zibilak dominekin saritzea.

Beste kasu batean ere nahastu zuten Pindado: Lutxi Urigoitiaren auzian. 1987ko uztailaren 23ko goizaldean hil zuten ETA militarreko kidea. Lehenengo tiroa jaso ondoren, lurrean zaurituta zegoela jo zioten heriotza eragin zion bigarrena, oso distantzia laburrera. Exekutatu egin zuten. Bertsio ofiziala indartze aldera, ordea, frogak faltsutu eta suntsitu zituztela onartu zuen CESIDek, eta hori Pindadok koordinatu zuela jaso zuen txosten batean. Pindadok berak aitortu zuen hilketaren ondoren etxebizitzara sartu zela, baina gezurtatu zuen berak Urigoitiari tiro egin edo frogak faltsutu zituela.

Pindado Zerbitzu Berezietako Unitatean aritu zen 1980-1988 artean. Urte horietan, tortura salaketengatik akusatu zuten, baina ez zuten inoiz zigortu. 1992an, ordea, atxilotu egin zuten, drogaren aurkako unitatean ari zela, konfidente batzuei drogarekin ordaintzea eta drogarekin trafikatzea egotzita. Baina ez zen edozein, El Pais-ek 1995eko irailaren 17an argitaratutako informazioen arabera: “Pindadoren figura, auzipetuen kolektiboaren barruan, begirune bereziarekin tratatu zuten Guardia Zibilean. Lerro artean, aipatzen zen ofizial horrek operazio antiterrorista delikatuen berri zeukala”. Artikulu horren arabera, Segurtasunerako Estatu Idazkariak bost milioi pezeta eman zizkion aske geratzeko bermea ordain zezan.

Gerora, abokatu lanetan aritu da.

Proiektuak eta abaguneak

Kataluniako hauteskundeen emaitzen inguruko analisi bat argitaratu dugu gaurko BERRIAn (osorik irakurgai, hemen). Hauxe pasarte bat, Katalunia-Espainia elkarrizketa mahaiaz eta euskal ordezkarien etxekolanez.

“Funtsean, auzia Moufferen terminoetan azalduta, erronka nagusia izango da, bi proiektu antagonikoren artean (hala errepublika katalana / Espainiaren batasuna, nola erabakitzeko eskubidea / estatuaren subiranotasun banaezina), nola bideratu harreman agonistiko bat ERC eta PSC arerioen artean, lehia eta negoziaziorako lankidetza uztartuta. Eta zer edukirekin bete mahai gainean adostu daitekeen adierazle huts nagusia: kontsulta.

Eta Euskal Herritik? Espainiak bere lurralde antolaketa modu arrakastatsuan definitzeko ezintasunaren isla da Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldearen ez atzera ez aurrera egoera; zain, Katalunian zer gertatuko, horrek Espainian zer aukera irekiko, Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako estatus berri bat adostu ahal izateko. Lan batzuk eginak daude, jokalekua argitu ahala baliagarriak izan daitezkeenak, baina mahai gainean dago dilema: nola aintzat hartu testuinguruak eman dezakeen abagunea, norbere egitasmo nazionala testuinguru horren mende eraiki gabe. Abaguneak proiektua definitu, edo proiektuak abagunea baldintzatu. Agian, gizarte mugimenduen logika presenteago izan beharko lukete alderdi eta instituzioek: testuinguruaren eragina ukatu gabe, ez uko egin horretan eragin nahiari”.

Illa eta ‘bandwagon efektua’

Psikologiak eta marketinak aztertu izan dute bandwagon edo arraste efektua: herritar batek gizartearen portaerei jarraitzeko joera, modari men egitekoa. Politika zientzietan ere sarri erabilitako kontzeptua da, azaltzeko nola herritar askok botoa ematen dioten hauteskundeak irabazteko aukera duen hautagaiari, arrazoi horrexegatik. Kontrakoa litzateke underdog efektua: galtzailearekiko atxikimendua edo indar handia lortzeko aukerarik apenas ez daukan alderdiak sortzen duen sinpatia.

Bandwagon efektua sortzeko, pieza garrantzitsuak dira inkestak. Horiek egiten dute unean uneko boto asmoen argazkia, baina argazki horretan ere eragiten dute ezinbestean: balizko garaileak identifikatzen dituzte inkestek, eta, beraz, mezu bat bidaltzen diote hautesleari; zein izan daitekeen apustu irabazlearen karta, zenbaterainoko lehia dagoen…

Egun gutxi falta dira Kataluniako Parlamenturako hauteskundeak egiteko, eta azken egunetan argitaratutako inkesta ugarik argi adierazten dute PSC dela unionismoaren bandwagon efektua: Illa efektua esan zaionari zenbakiak jarri dizkiote inkestek, eta argi utzi dute ministro ohia dela independentismoak gobernatzeari uzteko apustu garailea; PSCrekiko filia handiagoa edo txikiagoa izan, antiindependentismoa mobilizatzeko herraminta nagusia. 2017an, Ciudadanosek bete zuen rol hori, eta, unionismoaren eskaintza politikoa hain dibertsifikatua dagoen garai honetan, Illa da estatu operazioa; Voxek ere esana du prest dagoela Illa presidente izateko botoak emateko, eta El Periodicoren inkesta baten arabera, Ciudadanosen eta PPren boto emaileek nahiago dute PSCko hautagaia izatea presidente, eurek babestutako alderdietakoak baino. Eta D’Hont arauak, hauteskunde sistema proportzionaletan erabili arren, saritu egiten du lehen indarra. Horra erreferentzia argi baten garrantzia.

Inkestek erakusten dute beste aldagai bat: independentismoaren arteko lehia hain dagoela parekatua, ezin dela argi identifikatu karta irabazlerik. Horrek zer eragingo du: aukera independentisten barruan dudatan egon daitekeen hautesleria dudatan geratzea eta botoa sakabanatzea, edo bi karta garaileren aukera elikatuta, bi hautesleria guztiz mobilizatuta edukitzea? Igandean ikusiko da hori, emaitzak egunean bertan jakinarazten badituzte.