Euskal errepublikaren aldeko mozioak: 90 urte

Jakina da efemeridea, baina, urte borobila izanik, komeni gogoratzea; gaur-biharretan betetzen dira 90. urte udal ugaritan euskal errepublikaren aldeko aldarrikapenak egin zituztenetik. Euskal lurraldeen autoeterminazioari buruzko aldarrikapenek ahots propioa izan zuten Espainiako II. Errepublikak iraun zuen urteetan. 1931ko apirilaren 16an, gaurko egunez duela bederatzi hamarkada, Araman eta Altzagan udalbatza berriak apirilaren 16an eratu zituzten, Espainiako Errepublika aldarrikatu eta bi egunera. Eratzearekin batera, eskakizun zehatzak egin zituzten, Goierriko Hitza-k duela bost urte landutako erreportaje batek dakarrenez:

«Une historiko honetan, gure nazioaren askatasun politikoen erregimen suntsitzailea desagertu den honetan, Espainiako estatuaren berregituraketa berriaren aurrean, udal honek, nazio gisa Euskalerriari dagozkion eskubide naturalak eta historikoak baieztatu ondoren, Euskal Herriaren autodeterminazioaren lehenengo ekintza bezala Euskal Errepublika aldarrikatzea eskatzen du, gure arbasoek gozatu zuten bezala, gainontzeko Iberiar Errepublikekin konfederatua».

Hilaren 18an, berriz, Itsasondoko (Gipuzkoa) udalbatzak euskal errepublikaren aldeko mozio bat onartu zuen aho batez, “Euskal Herriaren autodeterminazio lehen ekintza gisa”. Mikel Aramendi ikerlariak aurkitu zuen dokumentua, 2010ean.

Itsasondokoa ez zen kasu bakana izan, eta egitasmoak Bizkaian izan zuen jatorria. Mundaka, Bermeo, Elorrio, Gernika eta Getxoko alkateek sustatutako manifestu baten jarraipena izan ziren Goierriko mozioak. Espainiako II. Errepublika aldarrikatu zuten egun berean, Francesc Maciak Kataluniako Errepublika proklamatu zuen “Federazio Iberiarraren barruan”, eta, Euskal Herrian, udalak biltzar batera deitu zituzten Gernikan, apirilaren 17rako. Jose Antonio Agirre Getxoko orduko alkate eta gerora Jaurlaritzako aurreneko lehendakari izandakoak jaso zuen bertan jasotakoa: 

“Gernikan, euskal udalek Batzar Nagusi zahar eta historikoak berrezarri izan nahi zituzten, aro guztietan errespetatua eta iragan mendean Espainiako Monarkia Konstituzionalak urratua izan zen subiranotasunaren gordailu”.

Jose Antonio Agirre  (1936): Entre la libertad y la revolución: 1930-1935: la verdad de un lustro en el País Vasco.

Errepublikako behin-behineko gobernuak, ordea, militarrak bidali zituen Bizkaiko herrira, topaketa galaraztera, “zuzenbidean eta historian sortutako askatasunerako euskal nahiari aurre egiteko”.

Guardia Zibilek eta armadak bidea moztuta, Gernikako juntetxean egitekoak ziren ekitaldia bertan behera utzi zuten antolatzaileek, baina, herriko sarreran batuta, bertan izenpetu zuten manifestua, eskatuz “Euskal Errepublika aldarrika eta onar dadila, eta haren konstituzioa eta legeak atzerapen gehiago barik gara daitezela, Bizkaia bertan sartuko delarik, herriek euren burua erabakimen askez artezteko duten eskubide ezin besterenduzkoa betez”. Horrez gain, sei ondorio onartu zituzten; besteak beste, “Espainiako Errepublika Federalari lotutako euskal gobernu errepublikar bat osatzeko Bizkaiko udalen borondatea adieraztea” eta “autodeterminazio printzipioarekiko errespetua biltzea”.