Mendiaren legatua

Idoia Mendiak alderdiarentzako garai zailetan hartu zuen PSE-EEren lema: 2012an Jaurlaritza galdu ondoren, basamortuko zeharkaldi bat zeukan aurretik: sozialdemokraziaren hondamendi globala, PSOEren historiako emaitzarik kaskarrenak Espainian, EH Bildu saritu zuen ziklo berri bat Euskal Herrian, eta, 2014etik aurrera, Ahal Dugu: lehiakide berri bat Espainiako ezkerrean.

Ekaitz horren ondorio dira alderdiaren azken hamarkadako zenbakiak: Eusko Legebiltzarrean, PSE-EEren ibilbideko emaitzarik kaskarrenak azken bi hauteskundeetan, portzentajeetan nahiz eserlekuetan. Baita boto kopuruan ere: 1998az geroztik, alderdi sozialistaren zorua 220.052 bototan zegoen Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, eta 2009an, ezker abertzalearen sektore handiena legez kanporatuta eta Patxi Lopezek lehendakaritza eskuratzeko aukera izanda, 318.112 botorekin jo zuen sabaia. Iazko hauteskundeetan, emaitza horretatik ia 200.000 boto beherago ibili zen: 122.248.

Mendiaren legatuaren parte izango da tresna elektoral gisa PSE-EEk erakutsitako ezintasuna. Haatik, oraindik idazkari nagusi denak bertute handi bat erakutsi du: ekaitz horren erdian aterkia atera eta zaparradari eusten jakitea. Mendiak oinordetzan jaso zuen alderdia Jaurlaritzako, diputazioetako eta hiriburuetako gobernuetatik kanpo zegoen, eta EAJrekiko harremanak ere gaiztotuago zeuden, Patxi Lopezen agintaldiaren ondoren.

Mendiak idazkari nagusi kargua hartu eta hilabete batzuk geroago, ordea, sozialistak diputazioetan eta Jaurlaritzan ziren berriro, EAJrekin akordioa eginda. Ez zen apustu ziurra, gobernuetan aterpea bilatzearena: jakina da sarri gertatzen dela gobernu bateko bazkide handiak txikia irenstea. 2020eko hauteskundeetan, behintzat, uste hori ustel bihurtu zuen PSE-EEk, EAJk ordezkari gehiago bai, baina sozialistek ere lehen baino legebiltzarkide bat gehiago lortuta.

Eta, gobernutik, edo gobernu akordioen bidez, alderdi sozialistak eragiteko gaitasuna irabazi du; besteak beste, eta Eusko Legebiltzarrean 75 legebiltzarkidetik hamar izan arren, nahi duen puntuan daukalako autogobernuari buruzko eztabaida: hozkailuan. Ukaezina da sozialistek eztabaida hori baldintzatzeko daukaten gaitasuna, eta ahoan bilorik gabe aldarrikatzen zuen rol hori Mendiak gaur bertan, bere agurra iragartzeko hitzaldian: “Badakite, gu ez bagaude akordioan, beren proiektuak porrot egingo duela, duela bi hamarkada bezala. Ez da xantaia, ez da betoa; posizio politiko sendoa da”. Hori ere izango da Mendiaren legatua, agurra iragartzeko hitzaldiaren hamabi orrialdeetatik euskarari eskaini dion tartearekin batera: “Eskerrik asko”.