Beste urrats bat aurrera begira

azala-O25

Berrikuntza guztiek berezkoa daukaten ziurgabetasun eta urduritasunarekin —baina baita emozioarekin ere— irten gara gaur, berrituta, zuen aurrera. Aldaketak gero eta maizago egiten diren garai eta teknologietan gabiltza, eta berria zaharra da, goiz harrapatzen ez bada. Tokitan daude, ez bakarrik denboraren adieran, gure webgunearen lehendabiziko bertsioak.

Azken hilabeteotan, gure etxeko lantalde batek pentsatu, eztabaidatu eta gauzatu du gaur denon esku jartzen dugun webgune berria. Egun askotako lana dago garai honetakoa izan nahi duen produktu honetan, baina ez da lan itxi eta betierekoa.

Webgune berriaren beta bertsioan zaude orain, aste batzuetan orain artekoarekin batera lan egingo duena. Bikoizketa hori gertatzen den bitartean, denon esku dago, zureetan batik bat, beta bertsioa erabiliz hobekuntzak proposatzea, iradokizunak egitea, kritikak helaraztea eta, azken finean, gure produktua hobetzen laguntzea. Eskertuko dizuegu —horretarako da beta bertsioa— denbora hartu eta proposamenak egitea.

Honen ondoren, luze gabe, webgunearen garapen teknologikoaren ondoriozko produktu berriak etorriko dira, webgunea sendotutakoan kaleratuko ditugunak.

Gaurko produktu berria —eta gure komunikazio taldeak egiten dituen beste guztiak— egin ahal izateko, funtsezkoa izan da BERRIAlagunek azken bi urteotan egin diguzuen ekarpena. Handia izan da ekarpen hori, eta handia izan delako eman digu berrikuntza egiteko aukera.

Zuengandik jasotzen duguna zuengana itzuliko genuela adierazi dugu askotan. Gaurko webgune berria da horren emaitza.

Gure herrian eta munduan zer gertatzen den azkar, argi eta era landuan jakinarazteko ahaleginean, beste urrats bat egin dugu gaur BERRIAn.

Erabili eta baliatu.

sinadura-martxelo

About

View all posts by

3 thoughts on “Beste urrats bat aurrera begira

  1. Kaixo! Itxura ona du webak, baina lehen botean dena oso handi dagoela iruditzen zait, handiegi akaso. Hasiera-orria irekitzean albiste bakarra (bi gehienez) ikusten da pantailan. Goiburua ere itzela duela iruditzen zait. Bertsio “zaharrekoa” hobeto ikusten dela iruditzen zait. Ez dakit handitasun horregatik izango denetz, baina orrialde beheko albisteetara iristeko eduki eta publizitate kaskada luzea pasatu behar duzu. Luzeegia nire ustez. Nire kasuan behekaldean egoten diren albisteak irakurtzen ditut lehenik (egunkaria atzetik hasten dudan antzera, goikoek zer dioten nahiko jakina denez Berrian soilik irakurtzen ahal ditudan behekaldeko bestelako albistetxoak ditut gogoko). Iruditzen zait informazio orokor horietan Berriako kazetarien luma ez da gehiegi bereizten beste hedabideetan topatzen ahal direnengandik. Horregatik, Berrian soilik irakurri daitezkeen albiste, erreportaje, bideo eta halakoek leku destakatuagoa beharko luketela uste dut.

    Hori lehen bistadizoan burura etorri zaidan ekarpen eraikitzailea. Onena opa dizuet urrats Berriarekin 😉

  2. Itxura aldetik oso polita. Hala ere gainetik pasatzerakoan azpimarra agertzea ez det gustoko.

    Berriketan atala beheko aldean uztea akats bat dela uste det. Bigarren blokean eskuineko zutabea txuria gelditzen da, behar bada toki aproposa da berriketan atala bertan txertatzeko. Nire uste apalean, #berriketan hizkia baliatuz, aukera eman beharko litzaieke twitter erabiltzaile guztiei zerbait jartzeko, eta ez orain dagoen bezala, izan ere berriako sare sozialean sartu behar da, izan ere denbora dexente galtzen baita, eta ekarpen gehiago jaso ahal izango ziren bide batez.

    Goiko aldean, logoaren eskuin aldean Eguraldiari tartea emango nioke.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude